65. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 6an hartua, Azpirozko Kontzejuaren izena aldatzea xedatzen duena. Hemendik aurrera Azpirotz-Lezaeta izanen da.

Ikusi da Azpirozko Kontzejuak Nafarroako Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu baitio kontzeju horren izena aldatu eta Azpirotz-Lezaeta izena emateko onespenaren tramitazioa egin dezala.

Aurrekariak:

Azpirozko Kontzejuak, 2009ko otsailaren 3an, Nafarroako Gobernuari igorri zion kontzeju horren izen ofiziala aldatu eta Azpirotz-Lezaeta izena emateko tramitatutako espediente administratiboa.

Aipatu espedientean honako hauek ageri dira: Kontzejuko Batzarrak 2008ko abuztuaren 21ean hartutako erabakia, izen aldaketa hori jendaurrean jarri zuena hilabetez; erabaki horrek 2008ko irailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean izandako argitalpena; eta Kontzejuko Batzarrak 2008ko abenduaren 18ko bilkuran emandako onespena.

Zuzenbideko oinarriak:

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 37.3 artikuluak xedatzen du kontzejuen izenak aldatzeko udalentzat ezarritako arauei jarraituko zaiela.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 21.1 artikuluak hauxe ezartzen du izen aldaketei buruz: "ezin da udal baten izena aldatu, hartu nahi den izen berria lehendik dagoen beste baten berdina bada edo zerbitzu publikoen antolamenduan nahasketak sor baditzake."

Toki Administrazioko Departamentuko idazkari tekniko nagusiak espedientean egiaztatutakoaren arabera, Nafarroako toki entitateen erregistroan ez dago inolako entitaterik inskribaturik orain ezarri nahi den izenarekin.

1845ean Diputazioak Azpirotz-Lezaeta Larraun ibarretik bereiztea onartu zuen, beste herri batzuen artean, baina atzera egin zuen laster eta, hala, 1846an ibarrak batasuna berreskuratu zuen. Diputazioaren erabaki hark erakusten du proposatu den izenak (Azpirotz-Lezaeta) oinarri historikoa duela eta erabili izan dela, Azpirozko Kontzejuko bizigune bat baita Lezaeta.

Izena aldatzeko prozedurari dagokionez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak dio "udalerrien izenak aldatzeko Udalek hartutako erabakia beharko dela, hilabetez gutxienez jendaurrean egon eta gero". Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik suertatzen ez bada".

Horrenbestez, horretarako lege oztoporik ez baitago, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, izena aldatzeko onespena ematea.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Nagusiari igorriko zaio, toki entitateen erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren toki entitateen erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: "udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea." Hortaz, bidezkoa da onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Azpirozko Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera, kontzeju hori Azpirotz-Lezaeta izanen da.

2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Nagusiari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren toki entitateen erregistroan inskriba dezan, eta, halaber, Toki Administrazioko Departamentuko Nafarroako toki entitateen erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Azpirozko Kontzejuari jakinaraztea.

Iruñean, 2009ko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0915638