65. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

162/2009 FORU AGINDUA, 2009ko apirilaren 20koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako barneko araubidea eta prozedura arauak onesten dituena.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak dioen moduan eta ematen dizkion eskumenak dituela, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kirol justiziaren gaietarako organo gorena da.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Kirol Diziplina arautzen dituena, arau orokorrak, Nafarroako kirol federazioek delegaturik dituzten eginkizun publikoak eta arbitraje jarduera ezartzen ditu, hori guztia Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen esparruan. Arau orokorrez, diziplina antolaketaz eta diziplina prozedurez ere badihardu, Nafarroako Foru Komunitateko kirol diziplinaren esparruan.

Esparru horretan zehatz-mehatz arautu behar dira Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako barneko araubidea eta prozedura arauak, batez ere kontuan hartzen badugu orain arte indarra izan duen foru agindua 48/2003 Foru Dekretua eta are 15/2001 Foru Legea bera baino lehenagokoa dela. Horregatik beharrezkoa da sortzen diren auzi guztiak kirol arauen esparru berriari eta arloko xedapen orokorrei egokitzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak eta goian aipatutako 48/2003 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako barneko araubidea eta prozedura arauak onestea, foru agindu honen eranskineko erregelamenduaren arabera.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek eta idazkariak bilkuretara joateagatik kobratuko dituzten dietak oraingoak berak izanen dira, garai bateko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 13ko 783/1999 Ebazpenaren bidez onetsi zituenak, hain zuzen ere. Hori guztia, deusetan galarazi gabe Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako barneko araubideari eta prozedura arauei buruzko Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoa. Erregelamendu hori foru agindu honen eranskinean dago.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru agindu honek indarra hartzean Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean tramitatzen ari diren espedienteen tramitazioan indarrean segituko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak abenduaren 11ko 78/1998 Foru Aginduan ezarri zituen arauek (1999ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 1ekoa).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, foru agindu honen maila berekoak edo beheragokoak eta hemen ezarritakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak indargabetu egiten dira. Bereziki, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak 1998ko abenduaren 11n emandako 78/1998 Foru Agindua.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 20an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako
barneko araubideari eta prozedura arauei buruzko Erregelamendua

I. KAPITULUA

Barneko araubidea

1. artikulua. Kideen eskubideak.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek eskubide hauek dituzte:

a) Bilkurak egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez, deialdia jasotzea, bilkurako gaien zerrendarekin eta gaiei buruz behar dituzten argibideekin.

Deialdia presakoa dela adierazten bada, epea hogeita lau ordukoa izanen da.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.

d) Eskaerak eta galderak egitea, batzordeko kideak diren aldetik dituzten eskubideak baliatuz.

e) Esleitutako eginkizunak betetzeko behar dituzten informazioak, agiriak eta prestakuntza jasotzea, behar beste denbora lehenago.

f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea ordezkatzea, batzordeko buruak ordezkaritza eskuordetzen badie eta gainerako kideek hori onartzen badute.

g) Beren hitzaldi edo proposamenak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkuren aktan osorik jasotzeko eskatzea, baldin eta hitzaldiaren testu zehatza aurkezten badute, berehala edo batzordeko buruak ezartzen duen zentzuzko epean.

h) Batzordeko kide izateak dakarkien beste edozein eskubide.

2. artikulua. Kideen betebeharrak.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek betebehar hauek dituzte:

a) Beren eginkizunetan askatasun eta inpartzialtasunez aritzea.

b) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkuretara joatea eta eskatzen zaizkien txostenak egitea. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkuretara joaterik edo eskatutako txostenak egiterik ez badute, bidezko arrazoiak tarteko, hala adierazi beharko diote idazkariari behar beste denbora lehenago, batzordeko buruak behar diren neurriak har ditzan organoaren eraketa edo batzordeari dagozkion eginkizunen garapena bermatzeko.

c) Espedienteren batean bateraezintasun edo abstentziorako arrazoiren bat baldin badute, hala jakinaraztea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruari. Bateraezintasun edo abstentziorako arrazoia duena batzordeburua denean, berak jarri beharko du jakinean Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea, behar bezala eratutako osoko bilkura batean, bertan erabakia har dadin.

d) Ematen zaizkien agiri edo espedienteak arretaz zaintzea eta isilpean gordetzea haien edukia eta bilkuretako eztabaidak.

e) Batzordeko kide izateak dakarkien beste edozein betebehar.

3. artikulua. Batzordeko burua.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruak eginkizun hauek ditu, organo horretako kide gisa dagozkion eginkizunez gain:

a) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ordezkaria izatea, oro har.

b) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkuretarako deialdiak egitea erabakitzea eta aztergaien zerrendak finkatzea.

c) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Bere sinaduraz ikus-onestea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakien ziurtagiriak, aktak eta sinatu beharreko gainerako agiriak.

f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak edo txostenak prestatuko dituzten txostengileak izendatzea, baita diziplina espedientea instruituko duen kidea ere, hala behar denean. Txostengileak txandaka izendatuko dira, lana batzordeko kide guztien artean ongi banatu dadin.

g) Deialdi edo gairen bat presakoa dela adieraztea.

h) Izendatutako ordezkoei dei egitea, salbuespenez, titularra gaixorik edo kanpoan dagoenean edo titularra kargutik luzarorako aldentzen duen beste edozein arrazoirengatik.

i) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideren batek prozedura batean bateraezintasun edo abstentzio arrazoiren bat duenean, espedientean inola ere esku ez hartzeko agintzea.

j) Prozeduran interesa dutenek Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideren bat errekusatzen badute, errekusazioa ebaztea, egokitzat jotzen dituen txosten eta egiaztapenak egin ondoren.

k) Txostenak egitea (nahitaezkoak eta ez lotesleak) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideei kargua kendu edo eteteko prozeduretan, arauz kanpoko jarduketa nabarmenak behin eta berriz egiteagatik, kirol legeriaren esparruan arau-hauste larriak egiteagatik edo eginkizun publikoetan aritzea eragozten dieten arrazoiengatik.

l) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ordena eta gobernua zaintzea, haren eskumeneko gaiei buruzko arau eta xedapenak betetzea eta betearaztea, eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide guztiek beren betebeharrak ongi bete ditzaten arduratzea.

m) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko burua izateak dakarzkion gainerako eginkizunak.

2. Kargu uztea, absentzia, gaixotasuna edo legezko bestelako arrazoiak gertatuz gero, batzordeko buruaren lekuan buruordea jarriko da, edo, hura ere falta bada, eta bereziki batzordeko buruorde ohikoa agertzen ez den kasuetan, batzordeko kide titularren artean hierarkiako maila edo antzinatasun handiena duena edo zaharrena dena, hurrenkera horretan. Hierarkia eta antzinatasuna organo horri buruzkoak izanen dira.

4. artikulua. Idazkaria.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak eginkizun hauek ditu:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

b) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkuretarako deia egitea eta gainerako kideei hitzorduak jartzea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Onetsi diren aholkularitza, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Kudeaketak eta kontrolak egitea, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideei txandaka ponentziak eta txostenak esleitzeko, eta izendatutako txostengileak aurkezpena epean egiteko.

g) Espedienteen laburpen zehatz eta osoak egitea, txosten eta jarduketa guztiak bilduz, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek horien berri jakin dezaten.

h) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen zigilua, espedienteak, jarduketak eta bere ardurapeko dokumentuak kontserbatu eta zaintzea eta haien isilpekotasuna gordetzea.

i) Gutun ofizialak eta horien erregistroa eramatea.

j) Sarrera eta irteera liburuak eta batzordeko buruaren aginduz irekitzen diren beste guztiak eramatea.

k) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari behar duen laguntza ematea organo horren eskumeneko gaietan, batez ere informazio zerbitzuan, artxibo zerbitzuan eta liburutegian.

l) Espedienteen tramitazio egoerari buruzko informazioa ematea hala eskatzen duten interesdunei, eta jendeari arreta emateko eginkizunetan aritzea.

m) Federazioetako hauteskundeei buruz eta prozedura bereziaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako zehapenei buruz aurkezten diren errekurtsoak tramitatzeko onartzea.

n) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkari izateak dakarzkion gainerako eginkizunak.

2. Kargu uztea, absentzia, gaixotasuna edo legezko bestelako arrazoiak gertatuz gero, idazkariaren lekuan arituko da, batzordeko kide titularren artean, hierarkiako maila edo antzinatasun txikiena duena edo gazteena dena, hurrenkera horretan.

5. artikulua. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideei kargua aldi baterako etetea edo kentzea.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide batek ageriko jarduketa irregularrak behin eta berriz egiten baditu, bere karguko betebeharretan huts eginez, edo kirol gaietan edo kirol diziplinaren arloan arau-hauste larriak egiteagatik zehapena jasotzen badu, edo funtzio publikoan aritzea galarazten dion kausaren bat baldin badu, kargutik kentzea edo kargua etetea erabakitzen ahalko da.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide bati kargua aldi baterako edo behin betiko kentzea Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularrak erabaki beharko du, ondoko prozedura betez:

a) Kargua eteteko edo behin betiko kentzeko prozedura hasteko proposamena Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak eginen du, behar bezala eraturik. Proposamenarekin batera, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruak txostena aurkeztuko du. Bertan azalduko da zergatik proposatzen den kargua eteteko edo kentzeko prozedura hastea, eta batzordeko buruak jakingarritzat jotzen dituen gainerako inguruabar edo datuak erantsiko dira.

b) Kargua eten edo kentzeko kausan dagoen kideari hamar eguneko entzunaldia emanen zaio, betiere, egokitzat jotzen dituen alegazioak, dokumentuak eta frogak aurkez ditzan.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularrak, espedientea eragin duten egintzen larritasuna kontuan hartuz, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideari kargua aldi baterako etetea edo kargua kentzea erabakiko du.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularraren ebazpenaren kontra errekurtso arrunta aurkeztu ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko araudiari jarraituz.

6. artikulua. Bilkurak.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak bilkura arrunta eginen du hilero, lehenbiziko asteartean, eta bilkura berezia, berriz, batzordeko buruaren aginduz deialdia egiten den guztietan.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea lehenbiziko deialdian behar bezala eratutzat joko da, bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez, gutxienez lau kide agertzen badira. Batzordeburu eta idazkari titularrak agertu ezean, erregelamendu honen 3.2 eta 4.2 artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako moduan ordeztuko dira.

Bigarren deialdian, ordu erdi geroago, gutxienez hiru batzordekide bildu beharko dira bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartu ahal izateko. Batzordeburu eta idazkari titularrak agertu ezean, erregelamendu honen 3.2 eta 4.2 artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako moduan ordeztuko dira.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, behar bezala eraturik, aztertu beharreko gaietan adituak diren pertsonei bilkuretara joateko eskatu ahalko die, nor bere arloan aritzeko, hizpidearekin baina botorik gabe.

7. artikulua. Erabakiak.

1. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen ezer, non eta organo kolegiatuko kide guztiak bilkuran ez diren eta delako gaia ez den urgente deklaratzen gehiengoak hala boto emanik.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira. Bozkatzeko sistemak boto zuzen, pertsonal eta delegaezinaren printzipioei jarraituko die.

3. Gehiengoaren erabakiarekin bat ez datozen kideek boto partikularra eman ahalko dute idatziz, batzordeko buruak ezartzen duen zentzuzko epean, eta boto hori onetsitako ebazpen edo txostenaren testuari erantsiko zaio.

8. artikulua. Aktak.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak bilkuretako aktak eginen ditu. Bilkurara joan direnen zerrenda, bilkurako aztergaiak, bilkura non eta noiz egin den, eztabaidetako puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukia jasoko dira aktetan.

2. Batzordeko kideren batek eskatuz gero, aktan, halaber, hartu den erabakiaren kontrako botoa edo abstentzioa ere jasoko da, eta bai haren arrazoia edo aldeko botoaren azalpena ere.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen hitzaldiak edo proposamenak osorik jasoko dira aktan edo aktaren eranskinetan, haiek berariaz hala eskatu eta bilkuran bertan, edo batzordeko buruak ezartzen duen zentzuzko epean, hitzaldiaren testu zehatza aurkezten badute. Inguruabar hori aktan jasoko da.

4. Aktaren edukiarekin bat ez datozen kideek boto partikularra egin ahalko dute, idatziz, batzordeko buruak ezartzen duen zentzuzko epean. Boto partikularra aktaren testuari erantsiko zaio.

5. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Horrelako ziurtagirietan egoera horren berri jaso beharko da.

9. artikulua. Bitartekoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak behar adina laguntza tekniko eta materiala emanen dio Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari, honek dagozkion eginkizunak modu egokian bete ditzan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak egoitza iraunkorra emanen dio batzordeari.

10. artikulua. Erregistroa.

1. Interesdunek Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari zuzentzen dizkioten idazki edo agiriak Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko erregistroetan edo erkidego horretako edozein erregistro ofizialetan aurkeztu ahal izanen dira, administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko legerian ezarritakoari jarraituz.

2. Kirol Justiziako Batzordearen erregistroan jasoko dira Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak beste organo batzuei edo partikularrei zuzentzen dizkien idazki eta agirien irteerak.

11. artikulua. Dietak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioa atxikia duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek eta idazkariak batzordearen bilkuretara joateagatik kobratu beharreko dietak onetsiko dira.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek eta idazkariak batzordeko egoitzatik kanpora egin beharreko irtenaldietan, garraio, otordu eta ostatu gastuen ordainak jasoko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langile guztientzat onetsitakoen adinakoak.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkuretara joateagatik kobratzen diren dietak bi urtean behin eguneratuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularraren ebazpenen bidez. Unean uneko Kontsumorako Prezioen Indizearen araberako aldaketa aplikatuko da.

12. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen araubide juridikoa eta funtzionamendua ondoko arau hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio: uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Nafarroako Kirolari buruzkoa; martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Kirol Diziplina arautzen dituena; abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

II. KAPITULUA

Aholku eginkizunetan aritzeko prozedura

13. artikulua. Kontsultak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak kontsultak egin ahalko dizkio Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari.

2. Kontsulten gaiak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen eskumenekoak izanen dira, eta bereziki garrantzitsuak kirol jardueraren garapenerako.

3. Nafarroako kirol jarduerari eragiten dioten xedapenen proiektuak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari igorri behar zaizkio, proiektua jendaurrean jartzea erabakitzen den guztietan.

4. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak zilegi izanen du kontsultak atzera botatzea, betiere arrazoiak azalduz, honelako gaiak aurkezten zaizkionean: kirol jarduerarako behar adinako garrantzirik ez duten gaiak; batzordearen eskumenekoak ez direnak; Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea dagoeneko aztertzen ari den gaiak, edo haren irizpena jaso dutenak; batzordearen askatasunari eragiten ahal dioten gaiak.

14. artikulua. Eskabidea.

Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularrak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruari zuzenduko dio kontsulta eskatzeko idazkia. Txosten arrazoitua eta Kirol Administrazioak kontsultaren gaiari buruz duen dokumentazioa erantsiko ditu.

15. artikulua. Eztabaida eta erabakia.

1. Batzordeak, kontsulta eskaera jaso eta berehala, berariaz deituta eginen duen bilkuran, hura onartzea edo ez onartzea erabakiko du, eta aurkezturiko kontsultari buruz eztabaidatuko du.

2. Txosten-proposamena egiteko ardura txandako txostengileari esleituko zaio. Txostengileak hamabost egun balioduneko epean egin beharko du proposamena.

3. Aparteko kasuetan, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak hogeita hamar egun baliodunera luzatu ahal izanen du epe hori, ebazpen arrazoituaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularrari jakinaraziko zaio.

4. Txosten-proposamena jaso ondoren, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko gainerako kideei erakutsiko zaie eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen osoko bilkurarako deia eginen da, txostengilearen proposamena eztabaidatzeko eta eskatutako kontsultari erantzuten dion txostenaren testua onesteko.

5. Egindako txostenak edo adierazpenak ez dira lotesleak izanen Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioarendako.

16. artikulua. Txostenen forma.

1. Egindako kontsultei erantzuteko txostenen goiburuan, txostena non eta zein egunetan egin den, aurrekariak, ohar juridikoak eta ondorioa agertuko dira.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak txostenaren testua onesteko egindako bilkuran izan diren batzordekide guztiek sinatuko dute txostena.

III. KAPITULUA

Berrikuspen eginkizunetan aritzeko prozedura

1. ATALA

Xedapen orokorrak

17. artikulua. Errekurtsoaren edukia

1. Martxoaren 10eko 48/2009 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen den errekurtsoa Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari zuzenduriko idazki baten bidez jarriko da. Hona hemen idazkiaren gutxieneko edukia:

a) Errekurtsogilearen eta, ordezkaririk badu, ordezkariaren identifikazioa, eta jakinarazpenetarako tokia.

b) Errekurtsoa jartzen zaion egintza eta horren aurka egiteko arrazoia, egokitzat jotzen diren alegazio, arrazoibide edo manuak barne, eta batzordeari egiten zaion eskaera zehatza.

c) Errekurtsoa jarri den tokia eta eguna, eta errekurtsogilearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Errekurtsoa jartzeko idazkian zilegi izanen da frogak onartzeko eta gauzatzeko eskatzea eta inpugnaturiko egintza eteteko eskaera arrazoitua egitea.

18. artikulua. Etetea.

1. Errekurtsoa aurkezteak ez du etenik ekarriko inpugnaturiko egintzaren betearazpenean.

2. Aurreko idatz-zatian xedaturikoa gorabehera, errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak, ofizioz edo errekurtsogileak hala eskatuta, zilegi izanen du inpugnaturiko egintzaren betearazpena etetea, behar bezala arrazoituriko alderaketa egin ondoren etete horrek interes publikoarentzat edo hirugarrenentzat ekarriko lukeen kaltearen eta errekurrituriko egintzaren berehalako eraginkortasunaren ondorioz errekurtsogileari sortzen zaion kaltearen artean.

19. artikulua. Behin-behineko edo kautelazko neurriak.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, ofizioz edo alderdi interesdunen batek eskaturik, espedientea tramitatu bitartean, egokitzat jotzen dituen behin-behineko edo kautelazko neurriak hartu ahal izanen ditu, gero eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.

2. Behin-behineko edo kautelazko neurriek bere horretan iraunen dute harik eta batzordeak haiek ezeztatzea erabaki arte edo, errekurtsoa ebaztearekin batera, indarrik gabe gelditu arte.

20. artikulua. Frogabideak.

1. Errekurtsoa tramitatzea onartuz gero, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, espedientea ikusirik, errekurtsogileak eskatutako frogak onartu eta gauzatzea erabakiko du, edo, bidegabekoak edo alferrikakoak iruditzen bazaizkio, ez ditu onartuko.

2. Betiere, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, ofizioz, errekurtsoa ebazteko beharrezkoak edo garrantzi handikoak iruditzen zaizkion frogak gauzatzea erabaki ahal izanen du.

3. Baldin eta, errekurtsogileak eskaturiko frogak gauzatzeko, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak bere gain hartu behar ez dituen gastuak egin behar badira, batzordeak aurrerakina eskatu ahal izanen du, froga gauzatu ondoren eginen den behin betiko likidazioaren kontura.

21. artikulua. Ebazpena.

1. Errekurtsoaren ebazpenean, errekurtsogilearen asmoak guztiz edo zati batean baietsiko dira, edo ezetsi eginen dira, edo errekurtsoa ez dela onartzen adieraziko da.

2. Formazko akatsen bat dela-eta errekurtsoaren muinari buruz ebazterik ez dagoela irizten bazaio, prozeduran atzera egiteko aginduko da, akatsa egin zen unera itzultzeko.

3. Errekurtsoan aurkezten diren auzi guztiak erabakiko dira ebazpenean, bai formazkoak bai funtsezkoak, horrela xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak.

4. Ebazpena errekurtsogileak egin dituen eskaeren araberakoa izanen da eta ezin izanen da inoiz haren hasierako egoera larriagotu.

5. Dena den, eta deusetan ukatu gabe berariazko ebazpena emateko betebeharra, errekurtsoa jartzen denetik hiru hilabete igarotzen badira ebazpenik eman gabe, errekurtsoa ezetsi dela ulertu ahalko da.

22. artikulua. Ebazpena argitzeko txostena.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, ofizioz edo interesdunak eskaturik, emandako ebazpena argitu ahal izanen du. Interesdunak bi eguneko epea izanen du ebazpena argitzeko eskatzeko.

2. Ebazpena argitzeko txostena bost eguneko epean jakinarazi behar zaio interesdunari, haren eskaera jasotzen denetik hasita.

23. artikulua. Ebazpena eta erabakia jakinaraztea.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenen testu osoa jakinaraziko zaie errekurtsogileari eta gainerako interesdunei.

2. Ebazpenaren testu osoa jakinaraziko zaie, hura igorriz, Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioari eta Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioan kirolaren arloko eskumenak dituen unitate organikoari.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakia, federazioetako hauteskundeei buruzko errekurtsoetan eta prozedura bereziaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako zehapenen kontrakoetan, Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioari, errekurtsogileari eta gainerako interesdunei jakinaraziko zaie.

24. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

1. Banakako jakinarazpenaz gain, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoen ebazpenen jakinarazpen publikoa egitea erabaki ahal izanen du. Betiere pertsonen ohorea eta intimitatea errespetatuko dira.

2. Jakinarazpen publikoa toki hauetan egin ahalko da: Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen egoitzako iragarki oholean, Nafarroako kirol federazioen egoitzetako iragarki oholetan, eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen web atarian.

25. artikulua. Ebazpen eta erabakiak betearaztea.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpen eta erabakiek administrazio bidea agortzen dute, eta Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioaren bitartez betearaziko dira, federazioak arduratuko baitira erabakiak zorrotz eta egiaz bete daitezen.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak federazioetako hauteskundeei buruzko errekurtsoetan eta prozedura bereziaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako zehapenen kontrakoetan ematen dituen ebazpenak jakinarazi eta berehala bete beharrekoak dira. Beraz, Nafarroako kirol federazioek berehala betearaziko dituzte.

Haien aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izanen da, 2 hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

2. Nafarroako kirol federazioek Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpen eta erabakien betearazpenaren berri eman behar diote batzordeari.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpen edo erabakiak betearazten ez dituenari kirol arloko erantzukizuna eskatu ahal izanen zaio indarra duen kirol araudiaren esparruan.

26. artikulua. Urgentziazko tramitazioa.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, interes publikoko arrazoiengatik, ofizioz edo interesdunak eskaturik, urgentziazko tramitazioaren prozedura aplikatzea erabaki ahal izanen du. Horren bitartez, epeak erdira murriztuko dira.

2. ATALA

Funtzio publikoetan egindakoa berrikusteko prozedura

27. artikulua. Espedientea eskatzea.

1. Kirol federazioek (edo haiek egiten dituzten funtzio publikoetan, oro har, delegazio bidez diharduten beste kirol entitate batzuek) hartutako erabakien kontrako errekurtsoa jasorik, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak kasuan kasuko federazioari edo beste kirol entitateari eskatuko dio espedientearen kopia konpultsatu bat bidaltzeko, osoa eta ordenatua, hamar eguneko epean. Kirol federazio edo entitate horretako buruaren txostena erantsiko da. Bertan azalduko dira aurrekariak eta errekurtsoaren balorazioa.

Errekurtsoa zuzenean aurkezten bazaio egintza eman zuen organoari, hark Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari igorri beharko dio errekurtsoa hamar eguneko epean, espedientearen kopia konpultsatua erantsita, osoa eta ordenatua. Kasuan kasuko kirol federazio edo entitateko buruaren txostena ere erantsiko da. Bertan azalduko dira aurrekariak eta errekurtsoaren balorazioa.

2. Federaziotik espedientea jaso ondoren, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak espedientea eta errekurtsoa Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko titularrari igorriko dizkio, eta txosten bat eskatuko dio, aurrekariak eta errekurtsoaren balorazioa bilduko dituena, bai eta errekurtsoari dagokion administrazio espedientearen kopia konpultsatua ere.

28. artikulua. Onarpena.

1. Behin espedientea osaturik dagoela, txandako txostengileari emanen zaio, aurkeztutako errekurtsoarekin batera. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen hurrengo bilkuran txostengileak errekurtsoa onartzea edo ez onartzea eta, kasua denean, betearazpena etetea edo ez etetea proposatuko du.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoa onartzea edo ez onartzea eta, kasua denean, betearazpena etetea edo ez etetea erabakiko du.

29. artikulua. Alegazioak.

Errekurtsoa tramitatzeko onartuz gero, interesdunen eskura jarriko da, hamar eguneko epean alegazioak egin ahal ditzaten.

30. artikulua. Eztabaida eta erabakia.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoaz eztabaidatu eta bidezko deritzon erabakia hartuko du, horretarako eginen duen bilkuran.

2. Batzordeak hobeto erabakitzeko eginbideak eginen ditu, hala behar denean.

3. Txandako txostengileak idatziko du ebazpena eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariari emanen dio hamalau eguneko epean, organoak ebazpena eman eta biharamunetik hasita.

4. Txostengileak edota Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak, egokitzat jotzen badute, batzordea biltzeko eskatu ahal izanen dute, ebazpena nola dagoen idatzita azter dezan.

3. ATALA

Berrikusteko prozedura, federazioetako hauteskundeen arloan

31. artikulua. Izaera.

Berrikusteko prozedura, kirol federazioen gobernu eta ordezkaritza organoetarako hauteskundeen arloan, prozedura sumarioa eta kognizio mugatukoa da, eta errekurritzen ahal diren egintzei lotua, Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuei buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen arauekin bat.

32. artikulua. Espedientea eskatzea.

1. Kirol federazioen gobernu eta ordezkaritza organoetarako hauteskundeen arloan federazioen hauteskunde batzordeak emandako ebazpenen kontrako errekurtsoa jaso ondoren, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak federazioari eskatuko dio espedientearen kopia konpultsatu bat bidaltzeko, osoa eta ordenatua, hiru eguneko epean.

33. artikulua. Onarpena.

1. Federazioaren espedientea osaturik, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak errekurtsoa onartzea edo ez onartzea erabakiko du.

2. Kasu korapilatsu edo apartekoetan, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak zilegi izanen du Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bilkurarako deialdia eskatzea errekurtsoa onartu ala ez erabakitzeko.

3. Errekurtsogileak inpugnaturiko egintza eteteko eskatu badu edo Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariari komenigarria iruditzen bazaio errekurritutako egintza etetea, idazkariak batzordea biltzeko eskatuko du, inpugnaturiko egintza eten behar den ala ez erabakitzeko.

34. artikulua. Alegazioak.

Errekurtsoa tramitatzeko onartuz gero, interesdunen eskura jarriko da, hiru eguneko epean alegazioak egin ahal ditzaten.

35. artikulua. Eztabaida eta erabakia.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoaz eztabaidatu eta bidezko deritzon erabakia hartuko du, horretarako eginen duen bilkuran.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak hobeto erabakitzeko eginbideak eginen ditu, hala behar denean.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakia Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioari, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta interesdunei jakinaraziko zaie bi eguneko epean, batzordeak erabakia hartu eta biharamunetik hasita. Erabakia jakinarazi eta berehala bete beharrekoa izanen da. Haren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izanen da, 2 hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

4. Txandako txostengileak idatziko du ebazpena eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariari emanen dio zazpi eguneko epean, organoak ebazpena eman eta biharamunetik hasita.

5. Txostengileak edota Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak, egokitzat jotzen badute, batzordea biltzeko eskatu ahal izanen dute, ebazpena nola dagoen idatzita azter dezan.

4. ATALA

Prozedura arruntaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako
zehapenak berrikusteko prozedura

36. artikulua. Espedientea eskatzea.

Prozedura arruntaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako ebazpenen kontrako errekurtsoa jasorik, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak kasuan kasuko federazioari eskatuko dio espedientearen kopia konpultsatu bat bidaltzeko, osoa eta ordenatua, hamar eguneko epean.

37. artikulua. Onarpena.

1. Behin espedientea osaturik dagoela, txandako txostengileari emanen zaio, aurkeztutako errekurtsoarekin batera. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen hurrengo bilkuran txostengileak errekurtsoa onartzea edo ez onartzea eta, kasua denean, betearazpena etetea edo ez etetea proposatuko du.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoa onartzea edo ez onartzea eta, kasua denean, betearazpena etetea edo ez etetea erabakiko du.

38. artikulua. Alegazioak.

Errekurtsoa tramitatzeko onartuz gero, interesdunen eskura jarriko da, hamar eguneko epean alegazioak egin ahal ditzaten.

39. artikulua. Eztabaida eta erabakia.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoaz eztabaidatu eta bidezko deritzon erabakia hartuko du, horretarako eginen duen bilkuran.

2. Batzordeak hobeto erabakitzeko eginbideak eginen ditu, hala behar denean.

3. Txandako txostengileak idatziko du ebazpena eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariari emanen dio hamalau eguneko epean, organoak ebazpena eman eta biharamunetik hasita.

4. Txostengileak edota Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak, egokitzat jotzen badute, batzordea biltzeko eskatu ahal izanen dute, ebazpena nola dagoen idatzita azter dezan.

5. ATALA

Prozedura bereziaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako
zehapenak berrikusteko prozedura

40. artikulua. Izaera.

Prozedura bereziaren bidez tramitaturiko kirol diziplinako zehapenak berrikusteko prozedura sumarioa eta kognizio mugatukoa da, eta errekurritzen ahal diren egintzei lotua, Nafarroako kirol lehiaketa ofizialen nondik norakoari buruz Foru Komunitateko Administrazioak dituen arauekin bat.

41. artikulua. Espedientea eskatzea.

1. Errekurtsoa jaso ondoren, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak federazioari eskatuko dio espedientearen kopia konpultsatu bat bidaltzeko, osoa eta ordenatua, hiru eguneko epean.

42. artikulua. Onarpena.

1. Federazioaren espedientea jasorik, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak hura onartzea edo ez onartzea erabakiko du.

2. Kasu korapilatsu edo apartekoetan, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak zilegi izanen du batzordearen bilera eskatzea errekurtsoa onartu ala ez erabakitzeko.

3. Errekurtsogileak inpugnaturiko egintza eteteko eskatu badu edo Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariari komenigarria iruditzen bazaio errekurritutako egintza etetea, idazkariak batzordea biltzeko eskatuko du, inpugnaturiko egintza eten behar den ala ez erabakitzeko.

43. artikulua. Alegazioak.

Errekurtsoa tramitatzeko onartuz gero, interesdunen eskura jarriko da, hiru eguneko epean alegazioak egin ahal ditzaten.

44. artikulua. Eztabaida eta erabakia.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak errekurtsoaz eztabaidatu eta bidezko deritzon erabakia hartuko du, horretarako eginen duen bilkuran.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak hobeto erabakitzeko eginbideak eginen ditu, hala behar denean.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakia Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioari, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta interesdunei jakinaraziko zaie bi eguneko epean, batzordeak erabakia hartu eta biharamunetik hasita. Erabakia jakinarazi eta berehala bete beharrekoa izanen da. Haren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izanen da, 2 hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

4. Txandako txostengileak idatziko du ebazpena eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariari emanen dio zazpi eguneko epean, organoak ebazpena eman eta biharamunetik hasita.

5. Txostengileak edota Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak, egokitzat jotzen badute, batzordea biltzeko eskatu ahal izanen dute, ebazpena nola dagoen idatzita azter dezan.

IV. KAPITULUA

Arbitrajean jarduteko prozedura

45. artikulua. Arbitrajearen arloko prozedura.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak kirol gaietako arbitrajean jarduteko erabiliko duen prozedura ondoko arau hauetan ezarritakoa izanen da: martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea arautzen duena, eta abenduaren 23ko 60/2003 Legea, arbitrajeari buruzkoa, edo gai horri buruzko lege indarduna, eta hura garatzen duten xedapenak.

Iragarkiaren kodea: F0915075