II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.3. BESTELAKO XEDAPENAK
2.3.5. Beste batzuk
ARTZIBAR
Nagoreko SR sektoreko Konpentsazio Batzordearen estatutuak. Behin betiko onespena
Artzibarko Udalak, 2009ko martxoaren 26an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
"Udalak 2008ko irailaren 25eko osoko bilkuran erabakita, hasiera batean onetsi zen Nagoreko SR sektoreko Konpentsazio Batzordearen estatutuen proiektua, Ignacio Cortés Martinicorenak eta Javier Martínez Eslavak aurkeztua, lehenbizikoak Itoitz-Nafarroako Ubidea fundazioaren izenean eta haren ordezkari gisa, eta bigarrenak Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta haren ordezkari gisa. Espedientea jendaurrean eduki da hogei egun baliodunean (Diario de Navarran, Diario de Noticiasen eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean) eta jakinarazi zaie sustatzaileei eta, banan-banan, jarduketa sistemak ukituriko erregistroko jabe guztiei.
Epe horretan alegazio idazki bat jaso da espedientearen eta hasierako onespenaren gainean. Hona hemen:
1 zenbakiduna.-2008ko urriaren 21eko idazkia, 118. sarrera, 2008ko urriaren 31koa, Isabel Elizondo Larrañetak aurkeztua; hartan adierazten du ezen, 1999ko urriaren 18ko datarekin eta adiskidetasunezko elkar hartzearen aktaren bidez, desjabetu zitzaiola katastroko 28. lurzatiaren atal bat, Itoizko urtegiaren proiektuaren barnean. Ezen, bai Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko udalez gaindiko plan sektorialean, Nafarroako Gobernuak onetsi baitzuen, bai Nagoreko S.R, sektorerako Plan Partzialean, Artzibarko Udalak onetsi baitzuen, sartzen dela lurzatia desjabetua aprobetxamenduetarako eskubidea duten lurren artean. Ezen, 2006ko irailaren 22anNafarroako Gobernuari eskatu ziola lurzati hori itzultzeko, baina idazkia egin orduko ente horrek ez duela eskaeraren gainean iritzirik azaldu; hori dela-eta, demanda paratu da, administrazioarekiko auzien 566/07 prozeduran; hura Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko Salan segitzen ari dira eta epai zain dago. Ezen Artzibarko Udalak, 2008ko irailaren 25ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zituela Nagoreko SR sektoreko Konpentsazio Batzordearen estatutuak eta oinarriak, eta hasierako idazkian, bertzeak bertze Nafarroako Gobernuak sinatu baitzuen, 21. poligonoko 28. lurzati hori sartzen zela Nafarroako Gobernua haren titularra balitz bezala, ebatzi gabe dagoen prozedura dagoelarik, alegazioetan bada ere, eta haren itzulera eskatu delarik. Eta eskatzen du birzatiketa proiektuan deklara dadila 21. poligonoko 28. lurzatia Isabel Elizondo Larrañetarena dela edo, subsidiarioki, haren titulartasuna dudazkoa dela edo auzipean dela, harik eta Nafarroako Gobernuak berak egin zaion itzulera eskaeraren gainean iritzia azaltzen duen arte eta legean aurreikusten diren errekurtso guztiak erabiltzen diren arte, gatazka behin betikoz ebatzi arteino, Hirigintzako Kudeaketaren gaineko Erregelamenduaren 103.4 artikuluan aurreikusiaren babespean (3288/1978 Errege Dekretua, abuztuaren 25ekoa).
Udalaren hirigintzako aholkulari Nasursak alegazio honen gaineko txostena egin du, U052/08 espediente zenbakia duena eta 2009ko martxoaren 9ko data. Txostena kontrakoa da. Honela dio 3. atalean (Egoeraren azterketa eta kontuak hartzekoak):
a) Udalari Konpentsazio Batzordearen estatutuen proiektua aurkeztu dioten jabeak sektorearen azalera osoaren %35 baino gehiagoren ordezkari dira:
Itoitz-Nafarroako Ubidea fundazioa: 11.818,58 m².
Foru Komunitatea: 15.738,57 m².
Guztira: 27.557,15 m².
Sektorearen azalera: 64.680,00 m².
35%: 22.638,00 m².
Foru Komunitatearenak diren lurzatien zenbaketan auzipean den lurzatiaren azalera kenduz gero, zenbatekoa 11.818,58 gabe 7.396,43 m²-era etortzen da, eta ordezkatutako azalera osoa, berriz, 27.557,15 gabe, 23.135 m² egiten du guztira, erran nahi baita 22.638 m² baino gehiago.
Beraz, Konpentsazio Batzordearen estatutuen proiektua aurkeztu duten jabeak sektorearen azalera osoaren %35 baino gehiagoren ordezkari dira beti.
b) Udalak, alegazioak erantzutean edo estatutuak onestean, eskumenik ez du titulartasuna nori dagokion erabakitzeko, izan ere hori auzitan dauden alderdiek trenkatu behar duten afera da, edo bertzenaz auzitegiek, adosten ez badira.
c) Titulartasuna dudazkoa dela edo auzipean dela deklaratzeko aukeraz, udalez gaindiko plan sektoriala denez, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko lituzke eskubide eta interesen ordezkaritza eta lurzatiaren azaleraren zenbatekoa kenduko litzaioke egungo jabearen (Nafarroako Gobernua) partaidetza kuotatik.
Ez dakigu alegatzaileak itzuleraren prozedura tramitatu duen, ez baita hark aipatzen duen errekurtsoaren nondik norako zehatzen berri; beraz, komenigarria litzateke alegazioa Nafarroako Gobernuari igortzea, entzute tramitean, zehaztu dezan auziaren ardatza jabetza kontuak diren eta haien emaitzak ukitzen ahal ote duen lurzatiaren titulartasuna, eta hala bada jabetza auzipekotzat har dezan. Hala egiten bada, birzatiketa proiektuan Udala lurzati horren ordezkari ariko da.
Orobat, 4. atalaren bukaeran, honako hau proposatu dio Udalari:
1.-Ezestea aurkeztutako alegazioa, lurzatiaren titulartasunak ez baitio eragiten estatutuen behin betiko onespenari, izan ere proiektua aurkezten duten jabeek, Artzibarko 21. poligonoko 28. lurzatia kendu ondoan, sektorearen azaleraren %35 baino gehiagoren ordezkari dira beti.
2.-Alegazioa Nafarroako Gobernuari igortzea, entzute tramitean, zehaztu dezan auziaren ardatza jabetza kontuak diren eta haien emaitzak ukitzen ahal ote duen lurzatiaren titulartasuna, eta hala bada jabetza auzipekotzat har dezan.
Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 161. eta ondoko artikuluetan aginduarekin bat, Udalbatzak, gehiengoa alde zegoela (4 boto alde eta 3 abstentzio), erabaki du:
1. Alegazioen gainean Nasursak 2009ko martxoaren 9an luzatu duen txostena onestea eta, horri jarraikiz, ezestea Isabel Elizondo Larrañetak aurkeztutako alegazioa, lurzatiarem titulartasunak ez baitio eragiten estatutuen behin betiko onespenari, izan ere proiektua aurkezten duten jabeek, Artzibarko 21. poligonoko 28. lurzatia kendu ondoan, sektorearen azaleraren %35 baino gehiagoren ordezkari dira beti.
2.-Alegazioa Nafarroako Gobernuari igortzea, zehaztu dezan auziaren ardatza jabetza kontuak diren eta haien emaitzak ukitzen ahal ote duen lurzatiaren titulartasuna, eta hala bada jabetza auzipekotzat har dezan. Hala egiten bada, birzatiketa proiektuan Udala lurzati horren ordezkari ariko da.
3. Behin betikoz onestea Nagoreko SR sektoreko Konpentsazio Batzordearen estatutuen proiektua, Ignacio Cortés Martinicorenak eta Javier Martínez Eslavak aurkeztua, lehenbizikoak Itoitz-Nafarroako Ubidea fundazioaren izenean eta haren ordezkari gisa, eta bigarrenak Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta haren ordezkari gisa.
4. Jarduketa eremuan sarturik dauden lurren jabeei aditzera ematea ezen behin betiko onespen honek dakarrela jabe guztiak bertzerik gabe sartzea konpentsazio sisteman eta hemendik aitzina Batzordearen eta ari den Administrazioaren erabakiek lotetsirik geldituko direla.
5. Errekerimendu egitea aiparu jabeei Konpentsazio Batzordea era dezaten, hiru hilabeteko epean erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, eskritura publikoaren bidez eratu ere, eta aditzera ematea berariei ezen, eratzen den puntutik, Konpentsazio Batzordeak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna izanen duela.
6. Alkatea izendatzea, Udaleko ordezkari izan dadin Konpentsazio Batzordean, hark bertze baten esku uzten ahal badu ere.
7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta banan-banan jakinaraztea ukituriko jabe guztiei, bertzeak bertze alegazio egileari, eta zehaztea haren kontra zer errekurtso den bidezko."
Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,
-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,
-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Artzibarren, 2009ko apirilaren 24an.-Alkatea, José Ignacio Videgáin Ibarra.
Iragarkiaren kodea: L0914954