Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 22a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak
859/2009 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan barrutiko fakultatibo espezialista, OOLTko pediatra eta psikiatra izateko lanpostuak, 1.1 oinarrian adierazten direnak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan barrutiko fakultatibo espezialista, OOLTko pediatra eta psikiatra izateko lanpostuak, 1.1 oinarrian adierazten direnak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da, honako arau hauei jarraikiz:
1.-Arau orokorrak.
Deialdi honetako oinarriak eta ereduak web orri honetan kontsultatu eta eskuratzen ahal dira: www.navarra.es, ''Zerbitzuen katalogoa'' ''Enplegu publikoa'' epigrafeak.
Hona hemen deialdi hau gobernatzen duten arauak: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuen betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta A mailako osasun-langileen (A.1 eta A.2 estamentuak) lanpostuak hornitzeko prozeduretan aplikatuko diren baremoak arautzen dituen urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua; uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretua, zeinak agertzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako zein lanpostu diren euskaraz jakin beharrekoak eta zer jakite maila behar duten; eta zehazten baitu zein lanpostutan hartu behar den euskaraz jakitea beste batzuen arteko merezimendu gisa, eta gainerako arau osagarriak.
1.1. Deialdi honen xedea da barrutiko fakultatibo espezialisten, OOLTko pediatren eta psikiatren lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostu horiek, I. eranskinean aipatzen direnak, hutsik geldituko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 1ean emandako 687/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketaren ondorioz. Aldez aurretik kendu dira eszedentzian daudenek, behin-behineko atxikipenean itzulitakoek edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste erakunde autonomo edo departamentuetakoek betetzen dituzten lanpostuak eta lekualdatze nazionaleko lehiatzaileei esleitzen zaizkienak.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira lanpostuen kopurua, destinoak eta plantillako zenbakiak; hain zuzen, aipatu lekualdatzea burututa ateratzen direnak izanen dira.
Espezialitate bakoitzeko lanpostuak betetzeko prozedura banakakoa izanen da, eta deialdi honen arabera eginen da.
1.2. Lanpostu bat Analisi Klinikoetako Barrutiko fakultatibo izateko lanposturako erreserbaturik dago. Hori ezgaitasunak dituzten pertsonendako txandako izangaiek beteko dute. Gainerako lanpostu hutsak halako lanpostuak betetzeko ordena honi segituz banatuko dira:
a) Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandatik, Nafarroako edozein administrazio publikotako plantillako langile finkoendako hautapen prozesu murriztutik alegia, beste kategoria batekoak izanik deialdiko lanpostuaren maila-talde berekoak edo baxuagokoak badira, betiere barne igoerari buruz azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 12. artikuluan eta indarreko hitzarmen kolektiboan ezarritakoari jarraikiz.
b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekitik.
I. eranskinean lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera zehazten da, espezialitate bakoitzerako, aurretik egindako deialdiak kontuan harturik. Lanpostu bakar bat iragartzen bada eta hori barne-igoeraren bidez bete behar baldin bada, hori hala izanik ere deialdiko txanda igoeran parte hartu nahi duten izangaiek aukera izanen dute txanda irekian parte hartu eta lehiatzeko.
1.3. Txanda murriztuko lanpostuak edo ezgaitasuna duten pertsonendako gordetakoak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, igoera txandan eta/edo ezgaitasuna dutenendako txandan lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsetarako aukera izanen dute, aipatu txandara aurkeztu direnekin lehia hertsian, lortutako azken puntuazioari jarraituz.
Igoera txandako izangaiak eta ezgaitasuna dutenendako txandakoak, deialdi honen 2.1.2 eta 2.1.3 oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, txanda irekian besterik gabe onartuko dira, betiere txanda horretan parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte eta kontrakorik espresuki adierazten ez bada.
1.4. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako nominadun funtzionario bihurtuko dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
1.5. Deialdiko lanpostuak A maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Fakultatibo espezialista" estamentuan eta "I. eranskinean azaltzen diren" espezialitateetan sailkaturik daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena, eranskina). Lanpostuetako ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.
1.6. Izendatutako izangaiek destinoa duten herrian bertan bizi beharra dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.
1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
1.8. Izendatutako izangaiek erabateko dedikazioz lan eginen dute, hau da, prestasun osoz, erabateko dedikazioz eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe, ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
Horrez gain, guardiak eginen dituzte, lanpostuan bertan egon beharrekoak eta/edo lanpostuz kanpokoak, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.
Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Laguntza Espezializatuko fakultatiboek batera emanen dituzte Osasun Barrutiko populazioari osasun laguntza jarraitua bermatzeko ezartzen diren zerbitzuak.
1.9. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.
1.10. Barrutiko fakultatibo espezialisten lanpostua lortzen duena destinoko ospitaleari lotuta geldituko da organikoki. Halaber, ospitale horri dagokion Osasun Barrutiari edo Anbulatorioei edo Ospitalez kanpoko laguntza zentroei funtzionalki atxikia geldituko da eta atxikipen funtzional horren ondoriozko lanak eginen ditu, betiere zentroko edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzak ematen dituen arau eta jarraibideak betez.
1.11. Euskarari buruz indarra duen Legean aipatzen den eremu euskaldunean aritzeko lanpostuak eskuratzen dituztenek, uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan zehazten direnak, euskaraz jakitea nahitaezko baldintza dutenak, hain zuzen ere, gero nahitaez euskaraz jakin beharreko lanpostuak betetzeko deialdietan hartzen ahalko dute parte bakarrik.
2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.
b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Medikuntza eta Kirurgiako lizentzia eta I. eranskinean aipatzen den espezialitateko titulua edo baliokidea edukitzea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Analisi Klinikoetako fakultatibo espezialistaren kasuan, Medikuntza eta Kirurgiako lizentzia, Farmaziako lizentzia, Kimikako lizentzia, Biokimikako lizentzia edo Biologiako lizentzia eta I. eranskinean adierazitako espezialitatekoa izatea.
Biokimika Klinikoko fakultatibo espezialistaren kasuan, Medikuntza eta Kirurgiako lizentzia, Farmaziako lizentzia, Kimikako lizentzia, Biokimikako lizentzia edo Biologiako lizentzia eta I. eranskinean adierazitako espezialitatekoa izatea.
Ospitale Farmaziako fakultatibo espezialistaren kasuan, Farmaziako lizentzia eta I. eranskinean adierazitako espezialitatekoa izatea.
Immunologiako fakultatibo espezialistaren kasuan, Medikuntza eta Kirurgiako lizentzia, Farmaziako lizentzia, Biokimikako lizentzia, Biologiako lizentzia eta I. eranskinean adierazitako espezialitatekoa izatea.
Mikrobiologiako eta Parasitologiako fakultatibo espezialistaren kasuan, Medikuntza eta Kirurgiako lizentzia, Farmaziako lizentzia, Kimikako lizentzia, Biokimikako lizentzia edo Biologiako lizentzia eta I. eranskinean adierazitako espezialitatekoa izatea.
Erradiofisika Hospitalarioko fakultatibo espezialistaren kasuan, Fisikako lizentzia izatea edo zientzia eta teknologia arloko dizplinetan goragoko unibertsitate titulu bat, ofizialki aitortua, eta I. eranksinean aipatzen den espezialitatekoa.
Genetika Medikoaren Zerbitzurako fakultatibo espezialistaren kasuan, Medikuntza eta Kirurgiako, Farmaziako, Kimikako, Biokimikako edo Biologia eta edozein osasun espezialitateko lizentzia izatea.
Dietetika eta Nutrizio Atalerako fakultatibo espezialista izateko, osasun arloko fakultatiboen lanpostuetan aritzeko gaitasuna ematen duen eta urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen I. eranskinean aipatzen den edozein titulazio eta espezialitate izatea.
Titulua atzerrian lortuz gero, homologaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoendako adierazitakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioak, estatutupeko langileak edo lan-kontratudun finkoak izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa eta beste kategoria batekoa izatea.
c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta administrazio publikoetan gutxienez ere bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.
2.1.3. Ezgaitasuna dutenendako txandako izangaiek, txanda irekikoendako ezarritako baldintzez gain, %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutela frogatu beharko dute.
2.1.4. Uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan aipatzen diren eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, behar den euskara maila frogatzea.
2.2. Betiere, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.
3.-Eskabideak eta agiriak.
3.1. Eskaerak aurkezteko tokiak:
a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. -31008), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta zerbitzuko funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.
b) Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orriaren bidez. Eskatzailearen sinadura elektronikoa beharko da.
3.2. Eskabide eredua.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak deialdi honetan (II. eranskina, Interneten ere eskuragarri) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
3.3. Azterketa egiteko eskubideak ordaintzea.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskaerak aurkezteko epean, 40 euro ordaindu beharko dituzte espedientea ireki eta azterketa egiteko eskubideengatik.
Azterketa egiteko eskubideak Interneten bidez ordainduko dira, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es orrian, "Zerbitzuak" eta "Enplegu Publikoa" epigrafeetan, prozedura hauetariko bat erabiliz:
a) Ordainketa gutuna bete eta inprimatzea. Ordaintzeko, web orrian argitaraturiko zerrendan ageri den entitate laguntzaile batera jo beharko da.
b) Telematika bidez osatu eta pagatzea, azalduriko jarraibideei jarraituz. Sinadura digitala behar da.
Tasatik salbuetsirik daude:
a) %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutenak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu aurretik hilabete batez gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribatuta egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetean. Paragrafo honetan xedatutakoa honela egiaztatu beharko da:
-Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.
-Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez duela. Horren eredua Erregistro bulegoan hartzen ahalko da, edo deialdi honen 1. oinarrian adierazitako Interneteko helbidetik jaso.
Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inola ere aldatuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak
Igoera txandako parte-hartzaileek:
a) Nafarroako Foru Komunitatekoek edo haren erakunde autonomoetakoek titulazioaren jatorrizko agiria eta notarioak edo administrazioak konpultsaturiko kopiak aurkeztu beharko dituzte bakarrik.
b) Nafarroako Foru Komunitatea ez beste administrazio publiko bateko langile finkoek edo Nafarroako Foru Komunitatera transferituriko Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikiriko langile finkoek, gainera, deialdiaren 2.1.2 oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.
Ezgaitasuna dutenendako txanda murriztuko parte-hartzaileek:
Ezgaitasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz.
3.5. Eremu euskaldunean aritzeko lanpostuak (euskaraz jakin beharra daukatenak) aukeratuz gero, ziurtagiriak merezimenduekin batera aurkeztuko dira eta eskabidearekin batera. Izangaiak eskatzen zaion hizkuntza maila duela frogatzen duten berariazko probak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egin beharrekoak, gaindituz ziurtatu beharko da edo 1. jakite maila frogatuz. Maila hori hizkuntza eskola ofizial batean lau ikasmaila edo Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu direla frogatuz ziurtatzen da.
3.6. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak gainerako beharkizunak deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epe eta moduan frogatu beharko ditu dokumentu bidez.
3.7. Ezgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako ezgaitasuna duten eta zein egokitzapen behar den. (Ezgaitasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz).
3.8. Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina da.
4.-Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.
4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenean inplizituki jasoko da.
4.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.
4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.-Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Patronatuko burua: Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, medikuntza arloarekin zerikusia duena.
Ordezko mahaiburua: Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, medikuntza arloarekin zerikusia duena.
Mahaikidea: espezialitate horretako fakultatibo bat, espezialitate horretako batzorde nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.
Ordezko mahaikidea: espezialitate horretako fakultatibo bat, espezialitate horretako batzorde nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.
Mahaikidea: espezialitate horretako fakultatibo bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharrekoa.
Ordezko mahaikidea: espezialitate horretako fakultatibo bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharrekoa.
Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Ordezko mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Batzordekide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo zerbitzuburu bat.
Ordezko mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo zerbitzuburu bat.
Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
5.2. Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.
6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.
6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenbizi oposizioaldia, eta, gero, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2009ko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den. Beharrezkoa bada, behar den garaian, epaimahaiak hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldian ariketa bakarra egonen da, honako proba hauek osatua:
a.1.) Proba bat, teoriko-praktikoa, idatziz egin eta, gero, jendaurrean irakurri beharrekoa, epaimahaiak eginen dituen galderekin osatua. Proba bera izanen da izangai guztiendako eta galderek deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia izanen dute. Epaimahaiak probak hasi aitzin jakinaraziko du zenbat galdera izanen diren, zenbat denbora behar den erantzuteko eta zenbat puntu emanen zaizkion gehienez ere bakoitzari.
a.2.) Epaimahaiak jarritako zenbait kasu praktiko egitea; idatziz egin eta, gero, jendaurrean irakurriko dira. Proba bera izanen da izangai guztiendako, eta kasuek deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia izanen dute. Epaimahaiak probak hasi aitzin jakinaraziko du zenbat kasu izanen diren, zenbat denbora behar den erantzuteko eta zenbat puntu emanen zaizkion gehienez ere bakoitzari.
Epaimahaiak zozketaz erabakiko du irakurtzeko ordena.
Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondoren.
6.3.2. Hauxe da oposizioaldiaren balorazioa:
a.1) probak 30 puntu balio ditu. Puntuazio altuena (30 puntu) probaren balorazioan kalifikazio handiena lortzen duen izangaiari emanen zaio. Gainerako izangaiei proportzioan dagokien puntuazioa jarriko zaie. Bazterturik geldituko dira 30 puntuetatik gutxienez 15 lortzen ez dituztenak.
a.2.) probak 30 puntu balio ditu, gehienez ere. Baztertuta geldituko dira gutxienez 15 eskuratzen ez dituzten izangaiak.
6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.
Ariketa egitera azaltzen ez diren izangaiak edo epaimahaiak ezarritako egunean idazlanak irakurtzera azaltzen ez direnak oposizioalditik baztertuko dira.
6.3.4. Hautaprobetan, eskaeran azaldutakoaren araberako egokitzapenak eginen dira, elbarritasuna dutenendako.
6.3.5. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean edo proba egin den tokian, hura gainditu duten izangaien zerrenda eta erdietsitako kalifikazioak.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaldia abiatuko dute oposizioa gainditzen duten izangaiekin.
Oposizioa gainditzen duten izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte eta agiri bidez frogatu, epaimahaiak oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratu eta hamabost eguneko epean. Horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztuko dituzte, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak, deialdian ezarritako baremoarekin bat. Merezimendu horiek argitara emanen den autobaremaziorako agirian adieraziko dira.
6.4.2. Izangaiek aurkeztu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira lehiaketaldian, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (III. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu lortzen ahalko dira.
6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "I. eranskinean agertzen diren" espezialitateetan sailkaturik daudela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:
-Lantokia.
-Estamentua eta/edo espezialitatea.
-Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.
-Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin badira, honako hau erantsi:
a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia,
b) edo, bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.
Enpresa pribatuetan eginiko zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Lan bizitzari buruzko txostena errazago eskuratzearren, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak telefono zerbitzu bat jarri du martxan, 901502050 zenbakiarekin, txosten hori eskatzeko.
6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiek dituzten merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
6.4.6. Euskaraz dakitela proben bidez frogatu nahi duten izangaiei proba horiek egiteko tokia, eguna eta ordua adieraziko zaizkie, behar den denborarekin.
6.4.7. Lehiaketaldia bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean.
6.4.8. Izangaiek aurkeztutako jatorrizko agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, hiru hilabeteko epean, izendapena jakinarazi ondoren bi hilabete pasaturik, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.
7.-Azken puntuazioa.
Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.
Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuazioarik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, puntuazio osorik handiena duen izangaia lehenetsiko da, deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean ezarririko hurrenkerari jarraituz.
8.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazioko organo eskudunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Proposatutako izangaiek, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa, Sarrera eta Barne Igoerarako Zerbitzuan:
8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Titulazioaren jatorrizko agiria, edo haren kopia, notario edo administrazio bidez konpultsatua.
c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.
d) Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarririko kasuetan.
8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko edozein administrazioren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:
a) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak luzaturiko txostena, aurreko atalean ezarririko baldintza beretan.
b) 3.4.b) oinarrian aipatzen diren izangaiek, funtzionarioak, estatutupeko langileak edo lan kontratudun finkoak direla frogatzen duten agiriak eta haien egoera administratiboa eta espediente pertsonaleko gainerako inguruabarrak frogatzen dituztenak.
8.3. Eskaeran %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, ezgaitasun horrek deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.
8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean ekartzen ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea baztertu gabe.
8.5. Aurreko atalean azaldutakoa gertatzen bada, Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
9.-Lanpostu hutsak hautatzea.
9.1. Administrazioko organo eskudunak esleituko du destinoko lantokia, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, deialdiaren xede diren lanpostuetan sartzen ahal diren eta probak gainditu dituzten izangaien eskaeren arabera, lanpostu horiek lortzeko oinarri horietan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte, hautapen probetan lorturiko hurrenkerari jarraituz.
100eko 33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonek, edozein txandaren bidez sarrera deialdi batean lanpostu bat lortzen badute, lanpostuak aukeratzerakoan lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aldean. Gero, igoera txandatik parte hartzen duten langileek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekiaren bidez lortzen duten langileek.
Ezgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobeki egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertutakoan.
Euskarari buruzko Foru Legeak definitutako Eremu Euskaldunean dauden lanpostuetarako lehiatuz gero (uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuak zehazten ditu), eta horiek lortzeko euskaraz behar adina badakitela frogatu behar dute, ezinbestekoa izanen da hori frogatzea. Hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, izan arren, eremu euskalduneko lanpostuak hautatzen ez badituzte aurreko lerroaldean onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.
9.2. Destinoko lantokia aukeratzeko prozedura hauxe izanen da:
1. Aukeratu baino lehen, aukeratu behar duten izangaien zerrenda argitaratuko da. Halaber, aukeratu beharreko ikastetxeen (edo, bestela, lanpostuen) zerrenda jarriko da izangaien eskura.
Zerrenda horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzu zentraletako iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren web orrian paratuko dira.
2. Partaideek bertara agertuz aurkeztuko dituzte beren eskaerak eta, horretarako, eskabidea osatuko dute, non eskaintzen diren destinoak lehentasun hurrenkeraren arabera adierazi beharko baitira. Eskabidea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzu zentraletako erregistroan hartu edo Nafarroako Gobernuaren web orritik jaisten ahalko da.
3. Eskabidea 15 eguneko epean aurkeztu beharko da, aukeratu behar duten izangaien zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, deialdi honetako 3. oinarrian aipatzen den edozein erregistrotan.
4. Dei egin duen organoak hautatuko du eta emaitza Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzu zentraletako iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko du.
9.3. Epe horretan aukeratzen ez duten izangaiek, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu, eskubide guztiak galduko dituzte oposizio-lehiaketaren xedeko lanpostuetan jarduteko. Horrelakorik gertatuz gero, 8. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
10.-Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazioko organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu ebazpen bidez, barrutiko fakultatibo espezialista, OOLTko pediatra eta psikiatra, lanpostuetan jardun dezaten.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 8. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiaren 8. oinarriak agintzen duen moduan.
Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
10.6. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.
11.-Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.
Barrutiko fakultatibo espezialistak, OOLTko pediatra eta psikiatra, aldi baterako kontratatzeko zerrendak horiek prestatzeko garaian indarra duen hitzarmenean xedaturikoarekin bat prestatuko dira. Hitzarmen horren bidez, Osasun Administrazioak eta sindikatuek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko langileak hautatzeko moduari buruz izenpeturiko ituna onetsi zen.
12.-Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. 1 eta 2. c) artikuluan xedaturikoarekin bat.
Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 3. artikuluekin bat.
Iruñean, 2009ko maiatzaren 7an.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.
I. ERANSKINA
Deialdiko barrutiko fakultatibo espezialista izateko lanpostu hutsak:
Lanpostuak merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdiaren ondoriozko prozesua bukatu ez denez, honako lanpostu hauen kopurua, destinoak, betetzeko hurrenkera eta plantillako zenbakiak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean adieraziko dira:
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Alergologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Analisi Klinikoetakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Anatomia Patologikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Anatomia Patologikokoa, Zitopatologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Anestesiologia eta Erreanimaziokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Angiologia eta Kirurgia Baskularrekoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Digestio Aparatukoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Biokimika Klinikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Kardiologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Kirurgia Orokorrekoa eta Digestio Aparatukoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Masailezurreko Kirurgiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Traumatologia eta Kirurgia Ortopedikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Kirurgia Pedriatikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Kirurgia Plastikoko eta Konpontzailekoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Dermatologia Mediko-Kirurgikokoa eta Benereologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Dietetika eta Nutrizio Atalekoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Endokrinologia eta Nutriziokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Ospitale Farmaziakoa
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Genetika Medikoaren Zerbitzurako.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Geriatriakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Hematologia eta Hemoterapiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Immunologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Medikuntza Intentsibokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Barne Medikuntzakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Medikuntza Nuklearrekoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialita, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Medikuntza Fisiko eta Errehabilitaziokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Mikrobiologia eta Parasitologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Nefrologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Pneumologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Neurofisiologia Klinikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Neurologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Obstetrizia eta Ginekologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo epezialista, Oftalmologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Onkologia Medikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Onkologia Erradioterapikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Otorrinolaringologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Pedriatiakoa eta haren berariazko barrutietakoa eta OOLTko pediatra (lekualdatze lehiaketaren ondoriozko lanpostuen arabera).
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Psikiatriakoa eta Psikiatra. (Lekualdatze lehiaketaren ondoriozko lanpostuen arabera).
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Erradiodiagnostikokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Erradiofisika Hospitalariokoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Erreumatologiakoa.
-Barrutiko fakultatibo espezialista, Urologiakoa.
II. ERANSKINA
Eskaera
......................... jaunak/andreak, adin nagusikoak; nortasun agiri nazionalaren zenbakia (edo horren baliokidea den nortasun agiriarena): ..........., jaioteguna: ..........., jaioterria: ............., nazionalitatea: ................, oraingo helbidea: .............., herria: ................, probintzia: ......................, posta kodea: ................., etxeko telefonoa: ..............................., harremanetarako telefonoa: ...............................
Honako hau azaltzen dut:
-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .............. izateko ..... lanpostu betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, aipatu txandan (deialdia ......(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)an):
- Txanda irekia
- Igoera txanda
- Erreserbako txanda, ezgaitasuna dutenendako:
-Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean, deialdi honetako oinarrietan eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen ditudala. Betebehar horiek agiri bidez frogatuko dira, deialdian ezarririko epean eta moduan.
- Hautapen prozesurako, ondoko agirian zehazten den egokitzapena eskatzen dudala. (%33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna dutenendako).
- Eskatzen dudala euskarazko probetara aurkeztea (bidezko denean bakarrik).
( ........) Eskabide honi erantsitako orri kopurua.
Horrenbestez:
Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.
Iruñean, 200.........(e)ko .............aren ............(e)an.
Sinadura
III. ERANSKINA
1. atala. Egindako zerbitzuak. Honako hauek baloratuko dira:
1. Deialdiko lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan administrazio publikoetako zentroetan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu urte bakoitzeko.
2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak: 0,6 puntu urte bakoitzeko.
3. Edozein administrazio publikotan beste estamentu batean egindako zerbitzuak: 0,15 puntu urte bakoitzeko.
4. Lehiaketaren kategoria berean, osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,47 puntu urte bakoitzeko.
Aurreko azpiataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko.
Atal honetan ez da aintzat hartuko 2.2 atalean adierazitako denbora; egoiliar gisa egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuari dagokion atalean baizik ez dira kontuan hartuko.
Zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak, egoera hori deklaratu zenean izangaiak zuen lanpostuan emandakoak bailiran kontatuko dira.
Atal honetako puntuazioa 17 puntu artekoa izanen da.
Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 463/2001 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.
2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:
Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko:
1. Unibertsitateko prestakuntza:
1.1. Lizentzia gradua bikain notarekin edo aparteko sariarekin, edo ikerketarako nahikotasuna: puntu 1.
1.2. Doktore gradua: 2,5 puntu (Cum Laude: 0,5 puntu gehiago).
2. Prestakuntza espezializatua:
Egonaldia osorik egina izatea, BAME programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoendako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 5 puntu.
3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate-zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza ekintzetan parte hartu izana: 0,025 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo baliokidearengatik (10 ikastorduko). Prestakuntzako ekintzaren ziurtagirian ikastorduen kopururik azaldu ezean, hura kreditu batekoa balitz bezala baloratuko da, eta ikasturte bateko iraupena agertzen bada, 12 kreditukoa balitz bezala. Guztira, gehienez ere 2,5 puntu.
Erakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintzak bete gabe ere, Administrazioak agindu edo homologatu dituen prestakuntza ekintzak baloratu eginen dira, bai eta sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen ondorioz antolatuak ere.
BAME espezialitate programan egindako ikastorduak ez dira kontuan hartuko atal honetan.
4. Kongresu eta jardunaldietan aurkeztutako txostenak eta komunikazioak:
Nazioartekoa. Lehen hiru sinatzaileek: 0,20 puntu. Gainerakoek: 0,05 puntu.
Espainiakoa. Lehen hiru sinatzaileek: 0,10 puntu. Gainerakoek: 0,025 puntu.
Autonomia erkidegokoa. Lehen hiru sinatzaileek: 0,05 puntu. Gainerakoek: 0,0125 puntu.
Guztira, gehienez ere 4 puntu.
5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak. Nazioartekoak badira: 2 puntu; Estatukoak edo autonomia erkidegoetakoak badira: puntu 1; gehienez 3,5 puntu.
6. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileek 0,2 puntu; gainerakoek: 0,05 puntu; 3 puntu gehienez.
7. Liburuak argitaratzea edo horietan laguntzaile gisa aritzea. Egile nagusia bada: 0,4 puntu; laguntzailea bada: 0,2 puntu. Gehienez ere 2 puntu.
8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: 1,6 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzari ezarri den gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.
9. Irakasle lana sektore publikoko edo unibertsitarioko prestakuntza ekintzetan: 0,3 puntu 10 orduko irakastaldiagatik edo kreditu akademiko bakoitzarengatik. Gehienez ere, 3 puntu.
10. Prestakuntzako beka edo egonaldiak: 0,2 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
11. Sektore publikoan ofizialki eratutako organo zientifiko-teknikoetan, kontsultakoetan edo aholku-emaileetan, gutxienez urtebetez parte hartu izana: 0,2 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu.
Ikerketa lan beraren komunikazioa, txostena eta argitalpena bateragarriak izanen dira.
Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaikuntzarik ematen ez duten titulazio ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.
Atal honetako puntuazioa 19,8 puntu artekoa izanen da.
3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:
Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik lor daitekeen gehieneko puntuazioa baino %10 gehiago ematen ahalko da gehienez euskaraz jakiteagatik.
Eremu mistoko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik lor daitekeen gehieneko puntuazioa baino %5 gehiago ematen ahalko da gehienez euskaraz jakiteagatik.
Bi kasu horietan, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntza eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: F0915311
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
