II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak
LIZARRA
Deialdia, Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko
Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrak 2009ko apirilaren 30ean hartutako erabakiaren bidez, honako deialdia onetsi da: Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia; oinarriak, hauexek:
OINARRIAK
1.-Xedea:
1.1. Aditzera ematen da deialdia eginen dela Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eta mantentze lanetako eginkizunak izanen dituen eskolazaina izateko lanpostu huts bat betetzeko lekualdatze lehiaketaren bidez:
1.2. Izendatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:
-Eskolazaintzari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan; horien artean sartzen dira atezaintzaz eta berogailuaz arduratzea.
-Ateak ireki eta ixtea, langileen sartu-irtenak kontrolatzea bide informatiko edo eskuzkoen bidez, eta langileei kasu egitea.
-Ikastetxeko telefono-guneaz eta faxaz arduratzea, eta baita erosgai eta paketeak kontrolatu, jaso eta entregatzeaz ere.
-Informatika, elektrizitate, igeltserotza eta bertze lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.
-Iturgintza, elektrizitate, zurgintzako lantxoak egitea, altzariak paratzea, pintura, lorezaintzako mantentze lanak etab.
-Solairuetako argiak kontrolatu eta itzaltzea, leihoak ixtea etab.
-Kasu berezietan, eraikinaren kanpo aldea txukuntzea.
-Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.
-Botikinaz arduratzea, eta istripua izandako haurrei laguntzeko lanetan aritzea.
-Fotokopiak eta koadernatze txikiak egitea, erakunde eta enpresetara joatea etab.
-Ikasleen oporraldian, beste zeregin batzuk, ikasturtean ezin egin direnak.
-Lanpostuari dagozkion gainerako eginkizun guztiak, eta bereziki ikastetxeko Zuzendaritzak agintzen dizkionak, lanpostuaren mailaren eta kategoriaren barnean betiere. Haien artean, haurrak garbitzea eta, inoiz arropaz aldatzea, haiek bere kabuz egiterik ez dutenean.
1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta Udalaren organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute behar horien arabera. Nolanahi ere, arau orokorra da lanaldia zatitua izanen dela, eta bermatu beharko da ikastetxean gutxienez ere eskolazain bat egonen dela beti.
Urteko oporrak bat etorriko dira ikastetxeko ikasleen oporrekin, eta bermatuko da betiere ikastetxean eskolazain bat egotea, gutxienez.
2.-Lanpostu hutsen kopurua handitzea.
Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituz.
Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak hauek izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainia eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.
Lehiatzaileren batek lehiaketa honetan lanpostua erdietsi eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, izendapenean izen berria hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.
3.-Aplikatu beharreko arauak.
Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauek, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduak, eta deialdiaren oinarriek.
4.-Betebeharrak.
Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:
a) Lizarrako Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) D maila edo taldekoa izatea.
Nahitaezko eszedentzian edo lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute, halaber, lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.
5.-Ordainsariak.
Lekualdatze lehiaketa honen bidez lanpostua betetzen duenak indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten lansariak jasoko ditu.
6.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute Lizarrako Udaleko erregistro orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.
b) Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala kautoturik.
7.-Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Lizarrako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartarazten da hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lizarrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Izangaietan inor bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzirik, Lizarrako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
8.-Epaimahaiko kideak.
Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaian hauek izanen dira:
Mahaiburua: María Begoña Ganuza Bernaola, Lizarrako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Hezkuntza zinegotzia
Mahaikideak:
1. Lizarrako Udaleko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
2. Mahaikide idazkaria: Marta Pernaut Ojer, Lizarrako Udaleko aholkulari-letratua.
Ordezkoa: Puy Barbarin Elcarte, Lizarrako Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen arauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.
Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu lehiaketako atal guztietan, edo batzuetan lagundu dezaten. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.
Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.
9.-Lekualdatze lehiaketa nola eginen den.
Lekualdatze lehiaketan honakoak baloratuko dira:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez 25 puntu.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.
c) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez 25 puntu.
d) Txosten psikoteknikoa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatuko duena: gehienez 25 puntu.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probra praktikoa eta txosten psikoteknikoa egiteko tokia, eguna eta ordua.
Proba praktikoa eta txosten psikoteknikoa egin aurretik, epaimahaiak oinarri honetako a) eta b) ataletan aipatzen diren elementuak baloratuko ditu. Atal hauen puntuazioa ez da baztergarria izanen. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahalko ditu haiei buruzko azalpenak eta datu osagarriak.
Oinarri honetako a) eta b) ataletan aipatzen direnak (merezimenduak) alegatu eta justifikatuz gero, epaimahaiak dagokien kalifikazio eta puntuazioa emanen du, eransten den baremoaren arabera.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Oinarri honetako a) eta b) ataletan aipatzen direnen kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak argitara emanen ditu Lizarrako Udalaren iragarki oholean lortutako puntuazioak, eta bost eguneko epea ezarriko du interesdunek haien balorazioaren gainean zuzenbidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.
Proba praktikoa baztergarria izanen da eta 12,5 puntu beharko dira hura gainditzeko. Dei bakarrean eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Kanpo geldituko dira agertzen ez direnak. Proba hau plika sistemaren bidez eginen da. Plikak jendaurrean irekiko dira eta Lizarrako Udalaren iragarki oholean iragarriko da. Plikak ireki ondoren, epaimahaiak iragarki ohol horretan argitaratuko ditu bai kalifikazioak bai gainditu dutenen izangaien zerrenda. Izangai horiek txosten teknikoaren proba egin beharko dute, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatuko baitu.
Puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, proba praktikoan puntuaziorik altuena atera dutenen alde hautsiko dira. Hala ere, berdinketak segitzen badu, hasteko eta bat, txosten psikoteknikoan puntuaziorik altuena atera duenaren alde eginen da eta, bigarrenez, administrazio publikoetan zerbitzu ematen antzinatasunik handiena duen horren alde; eta hori eginda ere, berdinketa hausten ez bada, lehiatzailerik zaharrenaren alde .
10.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.
Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Lizarrako Udaleko iragarki oholean, eta alkateari igorriko dio lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.
11.-Lanpostu hutsak hautatzea.
Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, alkate udalburuak hartarako deituko duen ekitaldian.
Behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
12.-Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.
Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.
13.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Lizarran, 2009ko maiatzaren 7an.-Alkatea, María Begoña Ganuza Bernaola.
1. ERANSKINA
Eskabide eredua
Honako deialdian parte hartzeko eskaera: deialdia, Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu bat, mantentze lanetako eginkizunak izanen dituena, lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, .... zk.ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, .........(e)ko .......ren .... (e)an.
1. Datu pertsonalak.
Deiturak eta izena:
Jaiotze eguna eta tokia:
NANa:
Helbidea: ............................................................ P.K.:
Etxeko telefonoa: ........................... Lantokiko telefonoa:
2. Datu administratiboak.
a) Oinarrizko lanpostuan duen administrazio egoera:
Lanpostua:
Zein maila edo taldetakoa den:
- Lizarrako Udaleko funtzionarioa.
- Jardunean.
- Zerbitzu berezietan.
- Eszedentzia berezian.
- borondatezko eszedentzian.
- Nahitaezko eszedentzian.
(X batez markatu behar den kontzeptua)
b) Lanlekua:
Alorra edo erakunde autonomoa:
c) Orain zein lanpostutan ari den (oinarrizkoa ez bada):
Alorra edo erakunde autonomoa:
3. Sinatzen dudan honek adierazten dut, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.
4. Eskatutako agiriak eta alegaturiko merezimenduen ziurtagiriak eransten ditudala.
Horrenbertzez,
Eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuen.
Lizarran, 2009ko .............aren ............(e)an.
(Sinadura)
LIZARRAKO UDALEKO ANDRE ALKATEA.
2. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
1.-Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berdinean edo gisako batean egindako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko.
2.-Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berdinean edo gisako batean egindako zerbitzuak: 0,75 puntu urte bakoitzeko.
3.-Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez bertze lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.
4.-Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bertze lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,20 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. a) atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.
3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.
1.-Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenetan, parte hartzea: Puntu bat, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 25 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola orduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.
2.-Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen.
3.-Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, betiere bete beharreko eginkizunekin zerikusia badute: gehienez ere, puntu bat. Epaimahaiak baloratuko du, haien iraupenaren arabera.
Oharrak b) atal osorako:
1. idatz-zati honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.
2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 25 puntukoa da, gehienez.
Iragarkiaren kodea: L0915270