II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
AZAGRA
Ordenantza. Behin betiko onespena
Azagrako Udalak, 2008ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantza. Hori 2009ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 26an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azagran, 2009ko apirilaren 27an.-Alkatea, María Antonia Berisa Sánchez.
UDAL ORDENANTZA, ARRISKUGARRI GERTA DAITEZKEEN ZAKURRAK ETA BERTZELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Azagrako udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.
2. artikulua. Definizioa.
Animalia arriskugarritzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:
1.-Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.
2.-Arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, Mallorcako hozkaria, Kanarietako hozkaria, mastin napoliarra, bullmastiff, doberman eta tosa japoniarra eta, oro har, arraza horien aurretikoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituzten animalia guztiak, baita haien gurutzamenduetakoak ere.
3.-Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.
4.-Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.
Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute eskura, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.
3. artikulua. Lizentzia.
1.-Ordenantza honetan oinarriturik, animalia arriskugarrien artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, bortz eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.
2.-Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:
a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.
c) Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osoki bete bada.
d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.
e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.
f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.
3.-Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Azagrako udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Azagran egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hilabetez bederen Azagran egon behar badu.
Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Azagrako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.
4.-Lizentziak lau urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.
Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.
4. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.
Arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:
a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.
b) Ordenantza honetako 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.
c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.
d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.
e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, gehienez ere eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.
f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.
g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.
h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.
i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Azagrara ekartzen bada, mugarik gabe edo hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.
j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.
Betebehar horiek betetzeko epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.
5. artikulua. Erregistroa.
Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Azagrako Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:
a) Animaliaren espeziea.
b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.
c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.
d) Sexua.
e) Jaioteguna.
f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.
g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.
h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.
i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarri bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.
j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.
k) Eraso kasuak.
l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.
Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.
6. artikulua. Segurtasun neurriak.
1.-Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.
2.-Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:
a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.
b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.
c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.
7. artikulua. Bertze arau batzuk.
1.-Ordenantza honetako 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:
a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.
b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bortz metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.
2.-Zakur bat edo bertze edozein animalia bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan arintzen bada, paseatzen duenaren ardura izanen da hura istanteko garbitzea.
3.-Debeku da arriskugarri gerta daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia tokietara edo jostalekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.
4.-Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.
5.-Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.
8. artikulua. Arau-hausteak
Abenduaren 24ko 50/99 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:
1.-Arriskugarritzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adin txikiko batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.
2.-Eginean edo ez eginean, arriskugarri gerta daitekeen animaliari bide ematea eraso egiteko pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte egiteko bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
3.-Azagrako Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.
4.-Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 legearen aurkako arau-haustetzat.
Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.
9. artikulua. Zehapenak
50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 30 eurotik 600 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
-Arau-hauste arinek 30etik 100 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen.
-Arau-hauste larriek, 1001etik 300 eurora bitarteko isuna.
-Arau-hauste oso larriek, 301etik 600 eurora bitarteko isuna.
Erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
-Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.
-Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
-Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.
Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
10. artikulua. Prozedura
1.-Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari jarraituko zaio.
2.-Udal honetako alkateari edo, gaia bertze baten esku utzi badu, bertze horri dagokio zehapen espedienteak abiatzeko eskumena, ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteetan.
Alkateari dagokio ebazteko eskumena arau-hauste arin eta larrietan, eta Osoko Bilkurari, arau-hauste oso larrietan.
11. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatuaren arabera, aditzera ematen da:
Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.
Fitxategia eginen da Azagrako Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien betebeharrak. Fitxategia Azagrako Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.
Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.
Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.
Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskugarria edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.
Xedapen iragankorra
Bakarra.-Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.
Azken xedapenak
Lehenbizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Bigarrena.-Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.
Iragarkiaren kodea: L0914942