63. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

660/2009 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak emana, nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileei baimena emateko lehiaketa publikoaren deialdia onesten duena, Txile, Bolivia, Txina, Filipinak, Errusia eta Bulgaria herrialdeetarako.

Uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuaren bidez nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileentzako baimena arautu zen. 9. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak (Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak irailaren 3an emandako 125/2007 Foru Dekretuaren arabera) erabakitzen ahalko du ea komeni den entitate horiei estatu batzuetan baimena ematea.

Halaber, uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen du baimen horiek deialdi publikoen xede izanen direla, lehiaketaren bidez.

Ikusirik Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuaren txostena, non adierazten baita nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateei baimena emateko beste deialdi bat egin beharra dagoela lehiaketa publikoaren bidez.

Txosten juridikoa ikusirik.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileei baimena emateko lehiaketa publikoaren deialdia, Txile, Bolivia, Txina, Filipinak, Errusia eta Bulgaria herrialdeetarako, I. eta II. eranskinetako oinarriei jarraikiz.

2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuari, Nazioarteko Adopzioaren Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Iruñean, 2009ko apirilaren 20an.-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da baimenak ematea nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileei, Txileko, Boliviako, Txinako, Filipinetako, Errusiako eta Bulgariako adingabeei dagokienez bitartekotza lanak egin ditzaten, baita Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak adieraziriko jarduerak egiteko ere.

a) Iraunaldia: baimena urtebeterako emanen da, eta beste hainbeste luzatuko da esan gabe, gehienez bost urte osatu arte, non eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak espresuki ukatzen ez duen edo delako nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileak luzapenari uko egiten ez dion, bi kasuetan epeburua baino gutxienez hiru hilabete lehenago.

b) Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak herri jakin baterako entitate lankideari ematen dion baimenak ez du indar hartuko harik eta entitate horrek herri hartako erakunde eskudunen ebazpen formal baten edo bestelako agiri baliodun baten bidez han aritzeko baimena hartzen ez duen arte.

c) Entitate eskatzaileak konpromiso hau hartuko du: zein herritarako baimena hartu, herrialde horren baimena lortuko duela urtebeteko epean, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimenerako ebazpena ematen duenetik hasita. Salbuespenez epe hori luzatzen ahalko da, sei hilabete gehiago emanez.

d) Baimenak ondorioak ditu eta indarra izanen du balioaldi osoan (bost urte arte), Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena ematen duenetik hasita (alegia, nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileei baimena ematen dien ebazpena, herrialde jakin batean bitartekotza lanak egiteko).

e) Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak, kasuan kasuko alde biko espedientea tramitatu ondoren, indarrik gabe uzten ahalko du baimena, aldi baterako edo behin betikoz, hein batean edo oso-osorik, uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuaren 13. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

f) Helburuak: deialdi honetako baimena legez eraturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateei emanen zaie, adingabeen babesa helburutzat ezarria badute estatutuetan, Espainiako legeek agintzen dutenaren arabera eta Haurraren Eskubideen Konbentzioko eta kasurako diren beste nazioarteko arauekin bat, Nafarroan adingabeen inguruan eskatzen zaizkien bitartekotza lanak egin ahal ditzaten Txilen, Bolivian, Txinan, Filipinetan, Errusian eta Bulgarian.

g) Ondorioak: lankide den entitatearen baimena Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak zer estatutarako ematen dion eta horretarako bakarrik izanen da, betiere estatu haietako agintariek baimendu badute.

e) Gehienez ere baimen bat emanen da herrialde bakoitzeko.

2. Parte-hartzaileen betebeharrak.

1. Baimena lortu nahi dutenek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea, legez eratua eta behar diren erregistroetan inskribatua.

b) Adingabeen babesa helburu bakartzat izatea edo helburu hori bere estatutuetan edukitzea, Espainiako legeek agintzen dutenaren arabera eta Haurraren Eskubideen Konbentzioko eta kasurako diren beste nazioarteko arauekin bat.

c) Orain arteko jokabidea zuzena eta egokia izatea estatutuetako helburuak betetzeko egindako jardueretan.

d) Bere gain hartu behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasuna izatea.

e) Aurkezten duten ekintza proiektuan modu sinesgarrian bermatzea begiratuko direla nazioarteko adopzioaren printzipioak eta arauak, bai eta haurraren jatorriko herriaren administrazioko nahiz auzitegiko organoen behar bezalako esku-hartzea ere.

f) Behar diren baliabide materialak izatea beren eginkizunak egiteko, eta jendearentzako harrera eta atentzio bulego bat izatea.

g) Diziplinarteko talde bat izatea, zeinaren dedikazioa, kokapena eta erabilgarritasuna proportzionala izanen den nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileak Nafarroan duen jarduera bolumenarekin. Talde horrek, gutxienez, zuzenbidean lizentziadun bat, psikologo bat eta gizarte langile bat izanen ditu, beren lanbidean trebeak, haur, nerabe eta familiekiko ekintza sozialean esperientziadunak, eta nazioarteko adopzioaren gaietan ongi jantziak.

h) Beren prestakuntza eta esperientziagatik nazioarteko adopzioaren gaietan jantzitako pertsonek zuzentzea eta administratzea.

i) Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea eta baimena atzerriko zein herrialdetarako eskatzen den, hartan ordezkariak izatea.

j) Bere estatutuetan zehaztea zer printzipio eta oinarriren arabera zilegi izanen duen adopziorako eskatzaileei jasanaraztea Nazioarteko Adopziorako Entitate Laguntzaileak egindako izapideen gastuak.

k) Frogatzea, azterlan ekonomiko baten bidez, zer gastu eta kostu zuzeneko sortzen diren nazioarteko adopzioaren espedientea administrazioan tramitatu beharretik, bai Nafarroan bai jatorriko herrian, eta zer gastu sortzen diren Entitateko langileen ordainsariengatik eta mantentze eta azpiegitura kostuengatik, irabazpide bidegaberik ez dela bermatzeko (espedienteak tramitatzeko zuzeneko eta zeharkako gastuak).

l) Entitate laguntzaileak ez badu helburu bakar nazioarteko adopzio prozesuetan bitarteko aritzea, bitarteko lan horrek entitatearen aurrekontu orokorraren barrenean aparteko aurrekontua izanen du eta berariazko egitura.

ll) Aurreko letrak aipatzen duen kasuan, gainera, aparteko kudeaketa eta berariazko azpiegitura beharko dira bitartekotza lanerako, organo bakoitzak dituen eginkizunak eta erantzukizunak zehaztuta.

m) Horri dagokionez, entitateek kaudimendunak izan beharko dute eta hori erabakitzeko oraingo egoera ekonomikoa baloratuko da. Urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte, azken urteko Kontabilitate Plan Orokorrak ezartzen duenari jarraikiz eginak, definizioari, edukiari eta abarrekoei dagokienez.

2. Eskakizun horiek guztiak baimenak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

3. Dokumentazioa eta epea.

1. Interesdunek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dituzte beren bitartekotza proiektuak, Iruñeko González Tablas kalean, zk.g., edo legez gaitutako beste edozein erregistrotan, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari zuzendurik, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epean. Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo notario batek edo Administrazioak berak konpultsatuak:

a) Entitatea sortzeko edo aldatzeko eskritura, eta haren estatutuak edo fundazio akta eta dagokion erregistro ofizialean inskribaturik egotearen frogagiria.

b) Notario-ahalordea, entitate laguntzailearen izenean eskaera sinatu duen pertsonaren alde emana eta ahaldun horren nortasun agiri nazionala.

c) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

d) Entitatea bere zerga eta gizarte eginbeharretan eguneratua dagoelako frogagiria, gehienez sei hilabete lehenago emana.

e) Zuzendaritza organoek duten osaeraren frogagiria, eta entitate laguntzailean lanean arituko diren langileena, eta horrekin batera haien nortasun agiri nazionalen eta erakunde ofizial eskudunak emandako eskola tituluen fotokopia konpultsatua, bai eta nazioarteko adopzio gaietan duten esperientziaren frogagiria ere.

f) Beren eginkizunak burutzeko dituzten baliabide materialen eta ondarezkoen zerrenda xehakatua.

g) Ekintza programak, egin asmo diren jarduerak deskribatuta eta programaren metodologia zehaztuta. Bertan, ordezkari horrek asignazioa baino lehen, asignazio denboran eta ondoren ere egin dituen ekintza guztiak sartuko dira, administrazio eta auzitegi arlo guztietan, eta horien artean bereizi eginen dira zein izan diren eskatzaileei laguntzekoak, jatorriko herrian egon direnean, eta zein izan diren eginkizunak delegatzearen ondorioz egindakoak. Adierazi beharko da ordezkaria zein eskualdetan arituko den eta argi zehaztuko zein instituzio publiko edo pribaturekin eginen duen lan.

h) Plan ekonomikoa, faseka xehatua, diru-sarreren eta gastuen gainekoa, argi adieraziz zer diru kopuru kobratuko zaizkien adopzio eskatzaileei prozesuak irauten duen denbora guztian. Proposamen ekonomiko horrek zehaztu beharko du zer gastu eta kostu zuzeneko sortzen diren adingabearen jatorriko estatuan eta Espainian tramitatu beharretik eta zein sortzen diren entitatearen mantentze, azpiegitura eta langile gastuetatik, entitateak adoptatzaileei egiten dizkien zerbitzu guztiengatik, bai jatorriko estatuan bai Espainian eta Nafarroako Foru Komunitatean.

i) Azken ekitaldian onetsitako kontuak eta 2009koa ixtean aurreikusten dena.

j) Entitateak helburu gehiago dituen kasuetan, nazioarteko adopzioetan bitarteko lanetan aritzen diren pertsonen eta entitatearen zuzendari lanetan aritzen direnen arteko bateraezintasun deklarazioa.

k) Jatorriko herrialdeak nazioarteko adopzio gaietan bitarteko aritzeko baimendutako entitatea izatearen frogagiria, edo, horrelakorik ez badu, zinpeko aitorpena, urtebeteko epean baimena eskatzen den herrialdearen baimena eskuratzeko konpromisoarekin. Epe hori, salbuespenez, 18 hilabete arte luzatzen ahalko da.

2. Baimena eskuratzen duen entitatea, erregistraturik ez badago, 15 egun balioduneko epean erregistratu beharko da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Gizarte zerbitzuen entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan.

3. Bitartekotza proiektua deialdi honen II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideei lotu beharko zaie.

4. Balorazio irizpide objektiboak.

1. Baimenerako kontuan hartuko diren balorazio irizpideak honako hauek dira:

a) Entitatearen eta haren kideen esperientzia, kokapena eta ibilbidea adopzioaren arloan: 15 puntu bitarte.

b) Baliabide materialak: 10 puntu bitarte.

c) Giza baliabideak: 15 puntu bitarte.

d) Planteamendu ekonomikoa: 25 puntu bitarte.

e) Proiektua jatorriko herrialdean: 35 puntu bitarte.

2. Baztertuko dira gutxienez esleitutako puntuen erdiak lortzen ez dituzten entitateak.

5. Instrukzio organoa.

Organo batek onartu, kalifikatu eta baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Ana Isabel Lete Laurenz andrea, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Pilar García García andrea, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: José Luis Martínez Martínez jauna, psikologoa, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Nazioarteko Adopzioaren Bulegoko burua.

-Ordezkoa: Oscar Pina González jauna, Nazioarteko Adopzioaren Bulegoari atxikitako psikologoa.

-Mahaikidea: Cristina Zalguizuri Soto andrea, Nazioarteko Adopzioaren Bulegoari atxikitako gizarte langilea.

-Ordezkoa: Lourdes Ongay Adot andrea, Nazioarteko Adopzioaren Bulegoari atxikitako gizarte langilea.

-Mahaikide idazkaria: María Alba Fernández García andrea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoko APTa.

-Ordezkoa: Carlos Arana Aicua jauna, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

6. Baimena ematea.

Baimena deialdiko 4. oinarrian aipatzen diren irizpide objektiboak baloratu baino lehen emanen da. Hala ere, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak eskubidea izanen du deialdiaren xede den baimena eman gabe uzteko.

Aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituen betebehar guztiak egiaztatu ondoren emanen du baimena Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak, entitate laguntzaileak adierazirik ados dagoela baimenaren baldintza guztiekin.

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du baimenerako ebazpena, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da eskaera ez dela onartu.

7. Entitate laguntzaileen betebeharrak.

Entitate laguntzaileak, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman ondoren, uztailaren 22ko 168/2003 Foru Dekretuaren 14. eta 15. artikuluetan aipatzen diren betebeharrak izanen ditu. Horiek betetzen ez baditu, baimena garaia baino lehen kentzen ahalko zaio.

8. Kontrola eta ikuskatzea.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari dagokio nazioarteko adopzioaren gaietan baimena duten entitate laguntzaileek eginiko bitarteko lanak kontrolatu eta ikuskatzea.

9. Errekurtsoak.

Ebazpen honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileak lehiaketa publikoan baloratzeko irizpideak

Puntuazioa, osotara: 100 puntu

1.-ENTITATEAREN ESPERIENTZIA: 15 PUNTU

-Adin txikikoen babes arloan, nazioan, 5 urtetik gora.

Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.

-Babes arloan, nazioartean, hiru urtetik gora. Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.

-Herrialderako beste erkidego batzuetan baimena duena: bai, 0,5; lehiaketan esleitua, 5 puntu bitarte; ez, 0 puntu.

-Federazio eta elkarte nazional edo nazioartekoetan parte hartzea,

Bai, 0,5 puntu elkarte bakoitzeko, gehienez puntu bat. Ez, 0 puntu.

-Nazioarteko adopziorako entitate laguntzailearen helburuak bat datoz Hagako Itunarekin. Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.

-Nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileak gai horiei buruzko prestakuntza jarduerak eskaintzen dizkie bere profesionalei. Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.

-Badu printzipio etikoen gutuna (adingabearen interesa, agintarien kontrola, etab.) Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.

-Zabalkunde jarduerak egiten ditu: adingabeen babesari edota nazioarteko adopzioari buruzko erakusketak, material grafiko eta ikus-entzunezkoen argitalpena.

Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.

-Entitatea bere kalitate plana garatzen ari da.

Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.

2.-BALIABIDE MATERIALAK, 10 PUNTU

-Erregistro, artxibo eta abarreko sistema egokiak ditu jarduerarako, datuen babesa bermatzen dutenak.

Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.

-Lehiatzen den erkidegoko espediente kopururako egokia den arreta proiektua aurkeztu du.

Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.

-Familiei zuzendutako informazio, prestakuntza eta laguntza programa modu egokian deskribatua dago: helburuak, edukiak, xedeak, ordutegia, material grafikoa eta ikus-entzunezkoa.

Bai, 3 puntu bitarte; ez, 0 puntu

3.-GIZA BALIABIDEAK, 15 PUNTU

-Nafarroako Foru Komunitatean esku hartzen duen taldeko kide bakoitzaren eginkizunak eta lanak definitzen ditu.

Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.

-Nafarroan esku hartzen duten teknikarien %75ek, gutxienez, nazioarteko adopzioan 18 hilabetetik gorako esperientzia dute, eta taldeko kide guztiek gutxienez hamabi hilabeteko esperientzia dute.

Bai, 10 puntu; ez, 0 puntu.

4.-PLANTEAMENDU EKONOMIKOA, 25 PUNTU

-Kudeaketa gastuak gutxienez 20 kontzeptutan xehakaturik daude, eta bereizten dira sarrerak eta gastuak, jatorriko herrialdea eta Espainia, betiere prozesuko faseekin bat.

Bai, 10 puntu; ez, 0 puntu.

-Erabiltzaileari zerbitzuak hautatzeko aukera eskaintzen diote.

Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.

-Baldintzak bete ezean, erantzukizun zibila eta hartutako diru kopurua itzuliko dela bermatzen da.

Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.

-Eskaintza ekonomikoa baloratzean nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileetatik eskaintza merkeena aurkezten duenak lortuko du puntu gehien, eta alderantzizko proportzionaltasunaren printzipioarekin jaitsiko da puntuazioa.

Gehienez ere 5 puntu.

5.-NAZIOARTEKO ADOPZIORAKO JARDUKETA PROIEKTUA, 35 PUNTU

-Jarduketa plana fase hauetan garatzen da: adopzioaren aurreko fasea; argibideak eta prestakuntza; esleipenaren aurrekoa; herrialdean bertan eskatzaileari laguntzea eta esleipena, adingabea bere familiarengana iristea eta adingabearen egokitzapenaren jarraipena egitea;

Bai, 10 puntu bitarte; ez, 0 puntu

-Jatorriko herrialdeko berariazko tramiteak deskribatzen ditu: alderdi legalak, espedientearen aurkezpena, harrera, sententziak, jakinarazpenak, erregistroa, agintari eskudunak.

Bai, 10 puntu; ez, 0 puntu.

-Entitatearen ordezkaria jatorriko herrialdean gaituta egotearen frogagiria aurkezten du.

Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.

-Jatorriko herrialdeko baimenaren agiria aurkezten du.

Bai, 10 puntu; ez, 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F0914061