60. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

39/2009 FORU DEKRETUA, apirilaren 27koa, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua, urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuak onetsi zuena, aldatzen duena.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarriak, 2009-2012 aldirako Toki Azpiegituren Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legean ezarritako xedapen askeko funtsen helburuak zabaldu zituen, diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko erabili ahal daitezen, gerakin hori sortu denean kapital-eragiketen ondoriozko finantzaketarik ezagatik eta pasibo finantzarioen amortizazioagatik. Hori egiteko, erregelamenduz ezarriko den moduan eta prozedurari jarraikiz jokatuko da.

Toki Administrazioko Departamentuak foru dekretu baten proiektua aurkeztu du, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren hirugarren titulua, erabaki askeko jarduketak egiteko ekarpenetan bete behar diren arauei buruzkoa, aldatzeko.

Dekretu proiektua Toki Araubideko Foru Batzordearen gogoetaren mende jarri da eta hark aldeko txostena eman du.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 27an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren hirugarren titulua aldatzea. Erregelamendu hori urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuak onetsi zuen.

2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren hirugarren titulua aldatzea onetsi da. Erregelamendu hori urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuak onetsi zuen. Horrela geldituko da:

HIRUGARREN TITULUA

Erabaki askea

53. artikulua. Ekarpenen helburua.

Toki entitate onuradunek, 2009-2012 aldirako Toki Inberstioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen II. eranskinean zenbaturik dauden erabaki askeko ekarpenak, honetarako erabiltzen ahalko dituzte:

a) Toki eskumenekoak diren inbertsioak egiteko, 16/2008 Foru Legearen 5. eta 13. artikuluetan ezarritako irizpide eta beharkizunei jarraikiz.

b) Diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko, gerakin hori sortu denean kapital-eragiketen ondoriozko finantzaketarik ezagatik, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

c) Aurrekontu izaera duten pasibo finantzarioak amortizatzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

54. artikulua. Inbertsioak egiteko ekarpenak jasotzeko arauak.

53. artikuluaren a) atalean ezarritako erabaki askeko ekarpenak jasoko dituzten toki entitateek arau hauek bete beharko dituzte:

1. Inbertsioen planaren jarduketei lotutako edo Toki Administrazioko Departamentuak, beste departamentu batzuek edo beste edozein administrazio publikok diruz lagundutako erabaki askeko inbertsioek, horiek laguntzen ez dituztenek, egokitzapen txostena beharko dute eta, txostenik ezean, haien berrespena, aipatutako foru legearen 13. C) artikuluaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

2. Toki Inbertsioen Planean sartzen diren, erabaki askeko ekarpenen bidez finantzatuko diren eta, horiek oinarri hartuta, erregelamendu honen 44. artikuluan ezarritako gehieneko diru ekarpena aitortu baino lehen bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa lortu duten inbertsioak dituzten toki entitateek ezin izanen dute helburua aldatu, inbertsioak aurreztu, uko egin edo baztertu ezean.

3. Erabaki askeko funtsak ordainduko dira, entitate eskatzaileak hurrengo aldeak frogatzen dituzten agiriak aurkezten baldin baditu:

a) Egindako jarduketari edo jarduketei buruz eman diren fakturen deskribapen xehatua eta kopia eginbidetuak eta, hala badagokio, fakturak 16/2008 Foru Legearen 5.1 artikuluaren lehenengo paragrafoan bildutako irizpideetara moldatzen direla egiaztatzeko eskaera.

b) Deskribatutako jarduketa edo jarduketak planak iraun duen bitartean eta araudi aplikagarrian ezarritako aurreikuspenen arabera gauzatu dela edo direla adierazten duen egiaztagiria.

4. Toki Administrazioko Departamentuak eskatutako erabaki askeko ekarpenak ordainduko dizkio entitate eskatzaile bakoitzari, arauak eta aurreko artikuluetan bildutako gainerako irizpideak betetzen direla egiaztatu ondoren.

Udal edo kontzeju batek baino gehiagok batera sustatutako erabaki askeko inbertsioei dagokienez, horrek eragindako ekarpenak ordainduko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitako egiaztapenak egin ondoren, entitate sustatzaileek osoko bilkuretan horretarako hartu dituzten erabakietan bildutako baldintzen arabera.

5. Legez eta erregelamenduz ezarririko betekizunak eta prozedura betetzen ez dituzten erabaki askeko jarduketak ordaintzeko eskaerak ukatuko dira, Toki Administrazioko Departamentuaren ebazpen baten bidez, espedientea tramitatu ondoren. Gero, hamabost eguneko entzunaldia emanen zaio toki entitate interesdunari eta espedientea abiarazi zuen organoak berak espedientearen behin betiko ebazpena emanen du.

55. artikulua. Gerakin negatiboa finantzatzeko ekarpenak jasotzeko arauak, gerakina sortu denean kapital-eragiketen ondoriozko finantzaketarik ezagatik.

53. artikuluaren b) atalean ezarritako erabaki askeko ekarpenak jasoko dituzten toki entitateek arau hauek bete beharko dituzte:

1. Eskaerarekin batera defizita egiaztatzen duen kontu-hartzailearen txostena aurkeztu beharko da, irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren 103. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskaera igorri baino lehen, Toki Administrazioko Departamentuan eskaera egin aurreko urteko ekitaldiari dagozkion onetsitako kontuek aurkeztuak beharko dute edo, hala dagokionean, onetsitako aurrekontuaren likidazio espedientea gehi eskaera egin aurreko urteko abenduaren 31ko finantza-pasiboen zerrenda, ezarritako eredu ofizialari jarraikiz eginak.

3. Espedientea tramitatu bitartean, Toki Administrazioko Departamentuak toki entitate eskatzaileari eskatzen ahalko dio eskaturiko kontzeptuari dagokion ekarpena finkatzeko beharrezko den agiri oro.

4. Toki Administrazioko Departamentuak, aurkezturiko agiriak aztertuta, txosten tekniko justifikatzailea eginen du eta txosten horri dagokion behin betiko ordainketa tramitatuko du.

56. artikulua. Aurrekontu izaera duten pasibo finantzarioak amortizatzeko ekarpenak jasotzeko arauak.

53. artikuluaren c) atalean ezarritako erabaki askeko ekarpenak jasoko dituzten toki entitateek arau hauek bete beharko dituzte:

1. Finantza entitateekin epe luzera hitzartutako aurrekontu izaerako eragiketetan jatorria duten pasibo finantzarioak amortizatzeko erabiliko da eskaturiko zenbatekoa.

2. Eskaera igorri baino lehen, Toki Administrazioko Departamentuan eskaera egin aurreko urteko ekitaldiari dagozkion onetsitako kontuek aurkeztuak beharko dute edo, hala dagokionean, onetsitako aurrekontuaren likidazio espedientea gehi eskaera egin aurreko urteko abenduaren 31ko finantza-pasiboen zerrenda, ezarritako eredu ofizialari jarraikiz eginak.

3. Toki Administrazioko Departamentuak, artikulu honetan ezarritako arauak eta gainerako irizpideak betetzen direla egiaztaturik, eskaturiko erabaki askeko ekarpena ordainduko du. Aurrerakintzat jotzen den ordainketa hurrengo arau honetan ezarritakoa betetzeak baldintzatuko du.

4. Ekarpenak jasotzen dituztenetik bi hilabeteko epearen barruan, toki entitate onuradunek idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, bertan erabaki askeko ekarpenaz aitortutako eta ordaindutako betebeharren zenbatekoa agertuta.

5. Toki entitate eskatzaileak betebeharrak betetzen ez baditu, erabaki askeko ekarpena itzuli beharko du. Kopurua transferentzia arrunten funtsari dagokion zenbatekotik kenduko da behin betiko deuseztatu arte.

Behin jasotako kopurua itzulita, eskaera berriak egiten ahalko dira zenbateko erabilgarriarengatik, beti ere eskaerak, erabaki askeko jarduketetarako ezarritako epearen barruan aurkezten badira.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F0914596