59. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1516/2009 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Ekainaren 5eko TAS 1622/2007 Aginduaren bidez, enplegu autonomoa sustatzeko programarako diru-laguntzak emateko arauak ezarri ziren. Agindu horren lehen xedapen gehigarriaren arabera, autonomia erkidegoak (eta ondorio horietarako Nafarroako Foru Komunitatea haietako bat da), baldin eta eskualdaturik badu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egin duen kudeaketa, lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan, bai eta horretarako programa osagarrien arloan ere, bertan ezarritakoa egokituko du bere antolaketaren berezitasunetara eta beren lurraldean aplikatzekoa den araudira.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, urriaren 26ko 3080/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautzen ditu. Diru-laguntza horiek kudeatzen metatutako esperientzia ikusirik, egokitzat jo da moldaketaren bat egitea, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan harturik. Aldaketa horiei esker, bateragarriago bihurtuko dira kudeaketa administratiboaren eskaerak eta finantza entitateen jarduera modu berriak; horrela, erraztasun eta zorroztasun handiagoak lortuko dira espedienteen tramitazioan.

Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 6an egindako bilkuran erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea, diru-laguntzak eman ditzan enplegu autonomoa sustatzeko, banaka ebaluatuta.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 2009ko gastuen aurrekontuko "EP EGF Nafarroa CCI inbertsioetarako autonomoentzako diru-laguntzak" izeneko 881001 84100 7709 241100 kontu-sailetik finantzatuko dira langile autonomoak beren gain hasteko edo beren kontura lan egiteko diru-laguntzak. 2009rako gastuen aurrekontuko "EP EGF Nafarroa CCI 2007ES052PO009 kredituen hobarietarako autonomoentzako diru-laguntzak" izeneko 881001 84100 7709 241102 kontu-sailetik pagatuko da diru-laguntza finantzarioa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Xedea.

Ekainaren 5eko TAS 1622/2007 Aginduaren xedea martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretua garatu eta betearaztea da. Errege dekretu horren bidez, enpleguaren eta lan bidezko prestakuntzaren arloan diru-laguntza batzuk zuzenean emateko modua arautu zen, enplegu autonomoa sustatzeko programa bat ezartzeko. Horren helburua langabeak langile autonomo bihurtu edo beren kontura lanean hastea da.

Ebazpen honen xedea da TAS agindu horretan xedatutakoa egokitzea Nafarroako Foru Komunitatearen berezko antolaketaren berezitasunetara eta haren lurraldean aplikatzekoa den araudira.

2. oinarria.-Onuradunak.

Langabeak izaten ahalko dira programa honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradun, baldin eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta badaude kasuan kasuko enplegu zerbitzu publikoan, betiere Nafarroako Foru Komunitatean langile autonomo hasten direnean, edo beren kontura lan egiten, eta Gizarte Segurantzako autonomoen araubidean kidetzen direnean, edo lanbide elkargoetako mutualitatean.

3. oinarria.~Diru-laguntzak.

2. oinarrian aipatzen diren baldintzak biltzen dituztenek diru-laguntza hauek kobratzeko eskubidea izanen dute:

a) Diru-laguntza, langile autonomo bihurtzeagatik edo beren kontura lanean hasteagatik.

b) Diru-laguntza finantzarioa: diru-laguntza horren xedea da enpresa sortu eta abian jartzeko inbertsioak finantzatzeko maileguen interesak gutxitzea.

c) Laguntza teknikorako diru-laguntza: horren xedea da enpresa abiarazten den bitartean hein batean finantzatzea behar diren kanpoko zerbitzuen kontratazioa, enpresaren jardueraren garapena hobetzeko eta bideragarritasun, antolaketa, merkaturatze, diagnosi edo antzeko azterlanak egiteko.

d) Prestakuntzarako diru-laguntza: horren xedea da enpresaren zuzendaritza eta kudeaketari eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriei loturiko ikastaroak hein batean finantzatzea, langile autonomoen prestakuntza beharrak finantzatzeko, enpresa abiarazten den bitartean.

4. oinarria.~Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta ebazpen honetan aipatzen diren bestelakoak bete beharko dituzte.

Gainera, bereziki, gutxienez ere hiru urtez diru-laguntza edo laguntza kobratzeko oinarria izanen den jarduera egin beharko dute, eta Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean kideturik egon eta diru-laguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak mantendu. Bete ezik, salbu eta onuradunak ezin izan duela bestela jokatu frogatzen duenean, kobratutako diru-laguntzak itzuli beharko dira, hiru urteak bete arte falta den denborari dagokion proportzioan.

5. oinarria.-Esleitzeko prozedura.

Ministerioaren agindu horretan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazio araubidean tramitatuko da, martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera.

6. oinarria.~Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren laguntzak bateraezinak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Zehazki, 3. oinarriko a) eta b) letretan aipatzen direnak bateraezinak izanen dira inbertsio berengatik eman daitezkeen laguntza edo diru-laguntzekin.

Ematen den diru-laguntzak ez du behin ere onuradunaren jardueraren kostua baino gehiago eginen, ez bakarrik ez beste diru-laguntza batzuk jasota, hala nola Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuek emandakoak edo beste entitate publiko zein pribatu batzuek emandakoak.

7. oinarria.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Eskuarki, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte, 2. oinarriak aipatzen direnez gain eta oinarri arautzaile hauetan diru-laguntza mota bakoitzerako aurreikusten diren berariazko betebeharrez gain:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian, beren konturako araubide berezian edo lanbide elkargoko mutualitatean kidetzea. Ulertuko da kidetzen diren egunean hasten direla lanean. Halaber, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta hartu beharko dute.

Ondasun erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituztenean izaten ahalko dira onuradun langile autonomoak edo beren konturakoak, baldin eta diru-laguntzak nork bere izenean eskatzen badituzte. Merkataritza sozietateetako, kooperatibetako eta lan sozietateetako bazkideak eta autonomo laguntzaileak bazterturik egonen dira. Halaber, lanean hasi baino lehenagoko hiru urteetan, autonomo gisa edo beren kontura, jarduera bera edo antzekoa egin duten langileak ere baztertuko dira.

b) Jarduera hasten den egunean langabea izatea eta enplegu zerbitzu publikoetan inskribaturik egotea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.

2. Ezgaitasunak dituzten langileentzako diru-laguntzen kasuan, aurreko ataleko baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako ezintasuna aitorturik daukatenak izanen dira onuradunak, Ezgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta orotariko sarbideei buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 1.2 artikuluan xedaturikoarekin bat.

3. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

8. oinarria.-Diru-laguntzen zenbatekoak eta emateko baldintzak.

1. Diru-laguntza, langile autonomo bihurtzeagatik edo beren kontura lanean hasteagatik.

a) Diru-laguntzak zenbateko hauetakoak izanen dira:

1-5.000 euro, langabeentzat, oro har.

2-6.000 euro, 30 urteko edo hortik beherako langabe gazteentzat.

3-7.000 euro, emakume langabeentzat.

4-8.000 euro, ezgaitasunak dituzten langabeentzat.

5-10.000 euro, ezgaitasunak dituzten emakume langabeentzat.

Genero indarkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuan, 3. eta 5. puntuetako kopuruei %10 gehituko zaie.

b) Diru-laguntza hau kobratu ahal izateko, onuradunak langabea izan beharko du, eta etenik gabe kasuan kasuko enplegu zerbitzu publikoko bulegoan inskribaturik egon, gutxienez ere Gizarte Segurantzako Araubide Berezian kidetu baino hiru hilabete lehenagotik. Baldintza hori ez zaie eskatzen ezintasunak dituztenei eta genero indarkeriaren biktimak izan diren biktimei.

c) Diru-laguntza hau kobratu ahal izateko, onuradunak diru-laguntzaren xede den jarduera ezartzeko behar diren aktibo finko materialetan edo softwarean inbertitu beharko du, gutxienez ere 12.000 euro (BEZa kanpo). Inbertsio horien faktura eta ordainketa datak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eta hasi ondorengo hiru hilabete bitarte izanen da. Ezgaitasunak dituzten pertsonen eta genero indarkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuetan, inbertsioaren zenbatekoa txikiagoa izaten ahalko da, eta diru-laguntza inbertsio justifikatuaren %100ekoa izanen da gehienez, ezarririk dagoen gehieneko zenbatekoa gainditzen ez bada.

Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, soilik industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:

-Fitxa teknikoan adierazirik daukaten sailkapen kodea 03, 04, 06, 10 edo 31z hasitako ibilgailu guztiak, salbu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ustez, gorabehera bereziengatik, bestela irizten ahal bada.

-Bidaiarien zerbitzu publikorako diren auto taximetrodunak.

-Gaixoak edo istripuak izandako pertsonak eramateko autoak.

d) Jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeetan aurkeztu beharko da diru-laguntzaren eskaera.

2. Diru-laguntza finantzarioa.

Diru-laguntza hori mailegua ematen duen kreditu entitate publiko edo pribatuak ezarritako interesen 4 puntu bitarteko murrizketaren adinakoa izanen da, indarraldiko lehenbiziko 6 urteetan, eta dena batera pagatuko da. Zenbatekoa kalkulatuko da diru-laguntza hark dirauen urte bakoitzean sortuko bailitzan, balizko ezaldia barne.

a) Diru-laguntzek muga hauek izanen dituzte:

1-5.000 euro, langabeentzat, oro har.

2-6.000 euro, 30 urteko edo hortik beherako langabe gazteentzat.

3-7.000 euro, emakume langabeentzat.

4-8.000 euro, ezgaitasunak dituzten langabeentzat.

5-10.000 euro, ezgaitasunak dituzten emakume langabeentzat.

Genero indarkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuan, 3. eta 5. puntuetako kopuruei %10 gehituko zaie.

b) Maileguak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik hasi eta ondorengo hiru hilabeteetan formalizatu beharko dira. Diru-laguntza jaso ahal izateko, maileguek baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Interes tasa dagokion finantza entitateak adieraziko du, eta inola ere ezin izanen dira eman diruz lagundutako maileguak, baldin eta interes tasa handiagoa bada eragiketa honen emaitza baino: 1,75 puntuko diferentzia gehitzea kontratuaren edo polizaren egunaren aurreko 7 egun naturaletako edozeini dagokion urte baterako Euribor tasari.

-Edonola ere, emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez ditu onuradunen interes tasak ehuneko 0,5etik behera jaitsiko.

-Diru-laguntzaren eskatzailea izanen da maileguaren titular bakarra.

c) Diru-laguntza hau kobratzeko, onuradunak diru-laguntzaren xede den jarduera ezartzeko behar diren aktibo finko materialetan edo softwarean inbertitu beharko du, gutxienez ere 5.000 euro (BEZa kanpo). Inbertsio horien faktura eta ordainketa datak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eta hasi ondorengo hiru hilabete bitarte izanen da. Eskatzen den maileguaren zenbatekoa ere gutxienez 5.000 eurokoa izanen da. Ezgaitasunak dituzten pertsonen eta genero indarkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuetan, inbertsioaren zenbatekoa txikiagoa izaten ahalko da.

Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, industria edo merkataritzarako ibilgailuak izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:

-Fitxa teknikoan adierazirik daukaten sailkapen kodea 03, 04, 06, 10 edo 31z hasitako ibilgailu guztiak, salbu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ustez, gorabehera bereziengatik, bestela irizten ahal bada.

-Bidaiarien zerbitzu publikorako diren auto taximetrodunak.

-Gaixoak edo istripuak izandako pertsonak eramateko autoak.

d) Diru-laguntza aldi bakar batean ordainduko da, eta, interesdunak, diru-laguntza eman eta 3 hilabeteko epean, maileguaren printzipala amortizatzeko erabili duela frogatu beharko du.

e) Maileguaren interes tasa finkoa edo aldakorra izanen da. Diru-laguntza kalkulatzeko kreditu entitateak mailegua ematean finkatzen duena hartuko da erreferentziatzat.

f) Diru-laguntza finantzarioaren eskaera Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko da, jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan.

3. Laguntza teknikorako diru-laguntza.

a) Diru-laguntza honen zenbatekoa emandako zerbitzuen kostuaren %75ekoa izanen da, 2.000 euro bitarte.

b) Diru-laguntza hori dena batera emanen da. Edonola ere, onuradunak hartutako laguntza teknikoko zerbitzu guztiak izanen dira diru-laguntzen xede, baldin eta jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik hasi eta hurrengo hiru hilabete bitarte burutu badira oso-osorik, aurreko a) letran ezarritako gehieneko muga arte.

c) Diru-laguntzaren eskaerak jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeetan aurkeztu beharko dira.

d) Honako hauek eman beharko dituzte laguntza teknikoko zerbitzuak:

1. Sektore arteko langile autonomoen elkarteek, kasuan kasuko lurraldean behar adina zabaldurik daudenek.

2. Bestelako pertsona juridiko edo fisikoek, kaudimen profesionala bermatzen dutenek.

4. Prestakuntzarako diru-laguntza.

a) Diru-laguntza honen zenbatekoa harturiko ikastaroen kostuaren %75ekoa izanen da, 3.000 euro bitarte.

b) Diru-laguntza hori dena batera emanen da. Edonola ere, onuradunak harturiko prestakuntza ekintza guztiak izanen dira diru-laguntzen xede, baldin eta jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik hasi eta hurrengo hiru hilabete bitarte burutu badira oso-osorik, aurreko a) letran ezarririko gehieneko muga arte.

c) Diru-laguntzaren eskaerak jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeetan aurkeztu beharko dira.

d) Honako hauek eman beharko dute prestakuntza:

-Sektore arteko langile autonomoen elkarteek, kasuan kasuko lurraldean behar adina zabaldurik daudenek.

-Bestelako pertsona juridiko edo fisikoek, kaudimen profesionala bermatzen dutenek.

5. Betiere, 60 euroko zenbatekora iristen ez diren laguntzak ezetsi eginen dira.

9. oinarria.-Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

1. Prozedura alde batek eskaturik hasiko da, interesdunak Nafarroako Enplegu Zerbitzura eskaera igorriko du eta entitate horretako erregistroan aurkeztuko da. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein modutan aurkezten ahalko da. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio.

2. Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, jatorrizkoen edo fotokopia konpultsatuen bidez:

a) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak eginak dauzkala frogatzen duen agiria.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarri debekuetan ez dagoela frogatzea. Onuradunaren erantzukizuneko aitorpenaren bidez eginen da.

d) Helburu bererako lortu edo eskaturiko diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpena. Halaber, eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Orobat, "de minimis" araubidearen barnean dauden adieraziko da.

e) Bidezko bada, lanbide elkargo baten ziurtagiria, bertako kidea dela frogatzen duena eta lanean ari denentz adierazten duena, eta lanbide elkargoko mutualitatearen ziurtagiria, bertan altan zenbat aldiz egon den adierazten duena.

f) Langilearen alta, Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, kasuan kasuko araubide berezian, edo kasuan kasuko lanbide elkargoko mutualitatean.

g) Alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

h) Lanean hasteko diru-laguntzaren eta diru-laguntza finantzarioaren kasuetan:

-Enpresa proiektuaren oroitidazkia. Eginen den jarduera, finantza plana eta egitekoak diren inbertsioen plana jasoko ditu.

-Egiazki pagaturiko fakturen jatorrizko agiria eta kopia eta frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak aurkeztuko dira, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, fakturen eta ordainketen arteko trazabilitatea egiaztatzeko aukera ematen duten bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartzen ordainagiritzat.

-Bigarren eskuko ondasunen kasuan, peritu independente batek luzaturiko ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da ekipamenduen prezioa ez dela merkatuko balioa edo antzeko ekipamendu berri baten kostua baino handiagoa, eragiketarako behar diren ezaugarri teknikoak dauzkatela eta aplikatzekoak diren arauak betetzen dituztela. Halaber, saltzailearen aitorpen bat ere erantsiko da, non egiaztatuko baitu ez direla diruz lagundu aurreko 10 urteetan, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, edo aurreko 7 urteetan, gainerako ondasunen kasuan.

i) Diru-laguntza finantzarioaren kasuan, maileguaren kontratua edo poliza, eta, laguntza eman zenetik hiru hilabete pasatu baino lehen, emandako zenbatekoa maileguaren printzipala amortizatzeko erabili dela frogatzen duen dokumentazioa.

j) Laguntza teknikorako eta prestatakuntzaren diru-laguntzen kasuetan:

-Egindako jardueren oroitidazkia (jarduerak egin dituen entitateari buruzko oroitidazki deskribatzailea; kaudimen profesionala, edukia eta jarduerak egin ziren datak frogatuko dira).

-Egiaz ordaindutako faktura jatorrizkoak eta kopiak, edo frogatako baliokideak diren kontabilitateko beste dokumentu batzuk, kontratuak edo egiaz egin diren gastuen bestelako frogagiri batzuk. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, fakturen eta ordainketen arteko trazabilitatea egiaztatzeko aukera ematen duten bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartzen ordainagiritzat.

k) Bidezko bada, ezgaitasunak dituen pertsona dela frogatzea, 7.2 oinarrian xedatu bezala.

l) Bidezko bada, genero indarkeriaren biktima dela frogatzea, babes aginduaren bidez edo Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez.

m) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak erabakiko du diru-laguntzak eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertzen ahalko da aurkezturiko eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsia izan dela.

Ebazpenak ez dio bide administratiboari bukaerarik emanen. Horregatik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. oinarria.~Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza kobratu baino lehen, onuradunak frogatu beharko du ezarririko baldintzak betetzen dituela eta diru-laguntza hartzeko oinarria izan den jarduketa burutu duela.

Onuradunak ez du diru-laguntza kobratzen ahalko ez baditu zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak pagatu.

11. oinarria.~Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera lortu badira, diru-laguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

12. oinarria.~Diru-laguntzak itzultzea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobraturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da eta berandutza interesak pagatu, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Betebeharrak hein batean betetzen ez badira, organo eskudunak erabakiko du zenbat diru itzuli behar duen onuradunak, justifikaturiko kostuen eta frogaturiko jarduketen arabera proportzionaltasun irizpideari jarraituz, 4. oinarrian xedaturikoaren arabera.

3. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat burutuko da.

13. oinarria.-Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzeagatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikaturiko arau-hausteren bat atzemanez gero, foru lege horretan ezarririk dagoen prozedurari ekinen zaio.

14. oinarria.-Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzea.

3.a) eta 3.b) oinarrietan aipatzen diren laguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko 3. helburuko eragiketa programaren arabera.

15. oinarria.-"De minimis" araubidea.

Laguntza hauek "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

16. oinarria.-Indarrean dauden prozedurak.

Indarrean sartu eta ondoren hasten diren diru-laguntzetarako prozeduretan aplikatzekoa izanen da ebazpen honetan xedatutakoa. Lehenago hasi diren prozedurei hasmentan indarrean zegoen araudia aplikatuko zaie.

17. oinarria.-Aplikatu beharreko arauak.

Ebazpen honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Enpleguaren eta lan bidezko prestakuntzaren arloko diru-laguntza batzuk zuzenean emateko modua arautzen duen martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretua izanen dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0914546