Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 15a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
163/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deusezten lagunduz.
Berdintasunerako erakunde publikoaren lan esparrua Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planean (2006-2010) dago bildurik. Dokumentu horrek, 8. arloan, "Emakumeen jabekuntza eta parte-hartze sozial eta politikoa" izenekoan, lan helburu hauek finkatzen ditu: emakumeek arlo sozialean, politikoan eta sindikalean parte hartzeak egiazko berdintasuna lortzeko duen garrantziaren zabalkundea egin eta Nafarroako gizartea sentsibilizatzearen beharra; emakumeek Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publiko eta sindikaletan duten presentzia eta parte-hartzea sustatzea eta Nafarroako elkarteetan duten presentzia eta parte-hartzea sustazea. Bestalde, Aukera Berdintasunerako I. Plan horrek, 6. arloan, "Herrietako emakumeak" izenekoan, ondoko helburuak agertzen ditu: Nafarroako herrietako emakumeen egoerari buruzko informazioa zabaldu eta Nafarroako gizartea egoera horretaz sentsibilizatzea, emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea herrietako erakunde politiko, sindikal, profesional eta sozialetan, eta emakumeen laneratzea bultzatzea eta herrietako garapen ekonomikoari egiten dizkioten ekarpenak aitortzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean ageri diren oinarriei jarraikiz.
2. 145.400,00 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Emakume elkarteentzako eta bestelako entitateentzako transferentziak" izeneko 94000 930001 4819 232200 kontu-sailetik.
3. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko apirilaren 23an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eman beharreko diru-laguntzen araubidea ezartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bizitzaren edozein arlotan bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.
Gizartearen eta herritarren arloan emakume eta gizonen arteko genero berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko ematen dira diru-laguntza hauek.
2. oinarria. Entitate onuradunak.
Deialdi honetara aurkezten ahalko dira emakumeen elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateak, dagokion erregistroan inskribatuak, indarrean den legeriarekin bat eratuak, nortasun juridikoa izan eta Nafarroako Foru Komunitatean jarduten dutenak, baldin eta beren estatutuetan berariaz agertzen badute emakumeen egoera hobetzeko konpromisoa, edo emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasunerantz jotzekoa, bizitzako arlo guztietan.
3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta horiek gauzatzeko epea.
1. Diru-laguntza 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 11ra bitarte eginen diren proiektuei emanen zaie.
2. Laguntza jaso dezaketen proiektuak.
2.1. Emakumeen elkarteen mugimendua dinamizatzeko, akuilatzeko eta bultzatzeko proiektuak.
2.2. Emakumeen eta emakumeen elkartze mugimenduaren jabekuntza bultzatzen duten proiektuak.
2.3. Emakumeak entitate sozial eta polikoetako kudeaketan eta zuzendaritzan egotea eta horietan parte hartzea sustatzeko eta finkatzeko proiektuak.
2.4. Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikerketa, sentsibilizazio eta zabalkunde proiektuak, emakumeen eskubideen sustapena eta defentsaren aldekoak eta erreferentzia eta emakumeen genealogiak sortzekoak.
2.5. Prestakuntza proiektuak (prestakuntza ekintzak, lantegiak, gogoetarako eta eztabaidarako taldeak, betiere generoaren ikuspegitik).
2.6. Emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko eta hori desagertzeko proiektuak.
2.7. Tokian-tokian eta emakumeen eskubideen aldeko nazioarteko borrokan bereziak diren egunak direla-eta aldarrikatzeko eta Nafarroako gizartea sentsibilizatzeko proiektuak.
2.8. Emakumeen elkarteen arteko truke, lankidetza eta biltzeko proiektuak.
3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua.
Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du eta 6.4 oinarriko irizpideen arabera baloratuko da.
Hala izanik ere, 3. oinarriaren 2.8 atalean aipatzen diren emakumeen elkarteen arteko truke, lankidetza eta biltzeko proiektu bat aurten gauzatzen duten entitateek hori bigarren proiektu gisa ere aurkezten ahalko dute.
4. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.
Diru-laguntzak ondoko gastuak finantzatzeko erabiliko dira soilik:
4.1. Zuzeneko gastuak:
a) Aholkularitza teknikoaren gastuak (hizlarien ordainsariak, joan-etorriak, dietak, ostatua hartzea; eta enpresen kontratazioa).
Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horrek ziurtatu beharko du berdintasun politiken arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzearen erantzule zuzenak.
b) Diruz laguntzen diren jardueren edizio, komunikazio eta publizitate gastuak.
c) Baliabide teknikoak: jarduera egiteko materiala, aretoaren alokairua, proiektoreak, pantailak eta bestelako material informatikoa (proiektatzekoa nahiz bideokonferentziakoa) alokatzea.
d) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean, mendekotasuna duten pertsonei arreta egitetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak edo mendekotasuna dutenak zaintzea).
e) Emakumeen elkarteen arteko topaketa batean parte hartuz gero, topaketa eginen den herrira bidaiatzeak ekarriko duen gastua.
4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Emandako diru-laguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %20 erabiltzen ahalko da gehienez zeharkako gastu hauek ordaintzeko: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa.
5. Diruz lagundu ez daitezkeen proiektuak.
5.1. Proiektu hauek deialdi honen eremutik kanpo geldituko dira:
a) Nafarroako Gobernuko beste departamentu eta erakunde autonomoetan aurreikusitako berariazko deialdien xede diren jarduerak.
b) Diseinuan, martxan jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia bere egiten ez duten proiektuak.
Berdintasunerako Institutuak deialdi honetako entitate onuradunen esku paratzen du laguntza eta aholkularitzako doako zerbitzua, diruz lagun daitezkeen proiektuak egiteko edo haiek gauzatzetik hel daitezkeen bestelako gaiak konpontzeko.
c) Aisia edo jolas-josteta jarduerak.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak berezkoak dituen programa eta jarduerak, besteak beste, legezko aferei buruzko saio informatiboak, hauek Institutuari dohainik eskatzen ahal baitzaizkio.
e) Informatikako eta teknologia berrietako prestakuntza.
g) Entitate batek beste entitate batzuei eskaintzeko diren zerbitzuak edo bestelako ekintzak finantzatzeko direnak.
4. oinarria. Agiriak, eta eskaerak non eta noiz aurkeztu.
1. Entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsatutako fotokopien bidez:
a) Eskabidea. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak espresuki diseinatutako eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.
Diru-laguntzaren aurrerakin bat eskatu nahi duten entitateek funtsak aurretiaz behar dituztela frogatuko dute, aipatutako ereduaren dagokion atalean.
b) Nortasunaren egiaztagiriak eta, hala behar bada, estatutuak, dagokion erregistroko izen-ematea eta identifikazio fiskaleko txartela.
c) Estatutuetako behar den artikuluaren edo artikuluen fotokopia, non azalduko baita entitateak duen konpromisoa bizitzaren arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko.
d) Entitatea zerga-beharkizunetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean dagoela adierazten duen ziurtapen gaurkotua.
e) Nafarroako Foru Administrazioarekin inolako kontzepturengatik zorrik ez duela adierazten duen ziurtapen gaurkotua.
f) Entitatearen ordezkariak sinatutako aitorpena, ordezkaritza organoa osatzen dutenen identitatea ematen duena.
g) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.
Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek frogatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala.
2. Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko erregistroan, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketan, ezarritako prozeduretako edozeinen bidez.
Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.
3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, entitateari eskaera eginen zaio, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera.
5. oinarria. Balorazioa.
1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da.
2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak entitate eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta bestetik unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoa den ala ez, dagokion txostena tarteko.
3. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
4. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak baloratzeko irizpideak.
4.1. Proiektuarekin lotutako irizpideak (70 puntu bitarte):
a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea (60 puntu bitarte):
-Proposamenaren kalitate teknikoa (genero ikuspegia prozesu osoan; helburuen, neurrien, aurreikusitako denboraren, baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen arteko koherentzia; proiektuaren lotura bestelako programa eta jarduketekiko; etab.).
-Proiektuaren egokitzapena udalerri edo lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera.
-Jarduketek lurraldean izanen duten eragina.
b) Programatutako jardueraren berrikuntza (5 puntu bitarte).
c) Elkarlana emakumeen beste elkarteekin (5 puntu bitarte).
Aurkeztutako proiektuetan entitate eskatzaileak emakumeen beste elkarteekin elkarlanean aritzea baloratuko da.
4.2. Entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (30 puntu bitarte):
a) Emakumeen elkartea izatea (20 puntu).
b) Elkarte edo entitatearen kokapen geografikoa (10 puntu bitarte).
Puntuazio handiagoa emanen zaie biztanle gutxien duten herrietako entitateek sustatu eta kudeatzen dituzten proiektuei.
c) Emakumeen elkartea ez denean, entitateak, bere lanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz duen konpromisoa (20 puntu bitarte):
-Entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun arloan duen esperientzia (10 puntu bitarte).
-Diruz laguntzen den programak irabazi-asmorik gabeko entitatea gauzatzen ari den beste programekin duen lotura (5 puntu bitarte).
-Aukera-berdintasuneko agentea plantillan izatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan prestakuntza eta esperientzia frogaturik dituena. Proiektuaren erantzule zuzenak izanen dira agente hauek (5 puntu).
4.3. Proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte diru-laguntza jasotzeko.
6. oinarria. Zenbatekoak finkatzea.
Entitateei dagozkien diru-kopuruak balorazioan lortutako puntuazioaren arabera lehenetsiz banatuko dira eta aurrekontuko diru-izendapenak mugatuko ditu.
a) Diruz laguntzen ahal diren 3.000 euro arteko proiektuak. Eskatutakoaren %100 emanen zaie, betiere balorazioan gutxienez 60 puntu lortu badituzte.
b) Diruz laguntzen ahal diren 18.000 euro arteko proiektuak. Diruz lagunduko dira portzentaje hauek kontuan harturik:
-Proiektuetako gastuen %100, baldin eta balorazio irizpideen arabera 80tik 100era arteko puntuazioa lortzen badute.
-Proiektuetako gastuen %90, baldin eta balorazio irizpideen arabera 75etik 89ra arteko puntuazioa lortzen badute.
-Proiektuetako gastuen %80, baldin eta balorazio irizpideen arabera 60tik 74ra arteko puntuazioa lortzen badute.
7. oinarria. Ebazpena.
1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.
2. Emateko ebazpenean ondokoak agertuko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz, arrazoiak zehaztuz, bai eta aurrekontuko diru-izendapen faltagatik ezetsi direnak ere.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
3. Eskaera lehen aldiz egiten duten entitate onuradunek transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jaso nahi badute.
8. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.
1. Salbuespenez, aurkeztutako proiektuan jasotako jardueraren bat ezin egin bada, entitate interesdunak Nafarroako Berdintasunerako Institutuari beste jarduera alternatibo bat proposatzen ahalko dio, diruz lagundutako zenbatekorako egokien jotakoa.
2. Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera baino gutxienez 20 egun lehenago.
3. Hori ere oinarrietan ezarritako irizpideen arabera baloratuko da, eta epe eta baldintza berberetan justifikatu beharko da.
4. Jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.
b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.
5. Dena dela, instrukzio organoak baloratu eta erabakiko du aldaketei eta horietarako arrazoiei buruz, tramitera onartzeko edo ez onartzeko.
6. Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariazko ebazpen bidez baimendu edo ukatuko du zuzendari kudeatzaileak, eta, hala bada, egoki diren moldaketa ekonomikoak eginen dira.
9. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.
Dena dela, ereduan diru-laguntzaren aurrerakina eskatzeko atala betetzen duten entitateen kasuan, diru-laguntza emateko ebazpenean erabakiko da onetsitako diru-laguntzaren %50 aurretik ordaintzea, elkartearen helburuak betetzeko funtsak behar dituela justifikatzen badu eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimentzen badu. Gainerako 50a diruz laguntzen den proiektua bukatutakoan ordainduko da, proiektua egin izanaren memoria eta gastuaren frogagiriak aurkeztu eta gero.
2. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek ondoko dokumentazio hau aurkeztu behar dute 2009ko abenduaren 18a baino lehen:
-Jardueren memoria, prestaturiko ereduaren araberakoa (memoria eredua). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eta/edo Internet bidez jasotzen ahalko da, www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian.
Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horrek ziurtatu beharko du berdintasun politiken arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzearen erantzule zuzenak.
-Gastuen frogagirien zerrenda (gastuak eredua).
Aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa justifikatu beharko da.
Gastuak justifikatzeko kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak diru-laguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Jatorrizko fakturen bidez frogatuko dira, eta frogatzeko balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
-Aholkularitza, laguntza teknikoa edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du haien hautapena eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela.
-Diruz lagundutako proiektuen finantziazioan entitateak berak parte hartu badu, edo beste diru-laguntza bat jaso badu, justifikazioarekin batera, diruz lagundutako proiektuan erabilitako funts horien zenbatekoa, jatorria eta xedea adierazi beharko dira.
3. Justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoak badira gastuak, hau da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontua baino txikiagoak, horri dagokion partea itzuliko da edo, bestela, bidezko den diru-kopurua kenduko da diru-laguntzaren bigarren pagamendutik.
4. Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe geldituko dela ulertuko da, eta 12. oinarrian ezarritakoa aplikatu ahal izanen zaio.
10. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdian arautzen diren diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen diru-laguntzekin, proiektu edo inbertsioaren gastuaren %100 gainditzen ez badute. Gaindituz gero, soberakina itzuli beharko da.
11. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Deialdiaren xedea bete, eta diruz lagundutako proiektua gauzatzea.
b) 2009ko abenduaren 11a baino lehen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari justifikatzea betekizunak eta baldintzak bete direla; orobat, hari frogatzea diruz lagundutako proiektua egin eta diru-laguntzaren xedea bete dela.
Proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, justifikazioa aurkezteko epea luzatzen ahalko da, betiere toki entitateak eskaera idatzia eta arrazoizkoa egiten badu, dagokion epea amaitu baino lehen eta Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak onespen txostena eman ondotik.
c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.
e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.
f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.
g) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da, honela:
Nafarroako Gobernuaren 2009ko logotipo ofiziala.
Testuan: Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du.
Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutura betebehar horren froga dokumentala bidaliko da.
12. oinarria. Ordaindutakoa itzuli beharra.
1. Jarduerak burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.
Edonola ere, epea ez da 6 egun baliodunetik gora luzatuko.
13. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
14. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezkoa izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
15. oinarria. Ordezko arautegia.
Oinarrietan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.
Iragarkiaren kodea: F0914717
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
