Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 15a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
230/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, oinarri arautzaileak ezartzen dituena arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioen laguntzetarako, Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Arrantza Funtsaren esparruan, 2007-2013 aldirako, eta 2009. urterako laguntzen deialdia onesten dituena.
Kontseiluak 2006ko uztailaren 27an emandako Europako Arrantza Funtsari buruzko 1198/2006 EE Erregelamenduan zehazten da Batasunaren babes esparrua, garapen iraunkorra izan dezaten arrantza sektoreak, arrantza eremuek eta barne arrantzak. Horretaz gain, esparru bat eratzen du arrantza sektoreko eta akuikulturako esku-hartze egiturazkoak gauzatzeko, Europar Batasuneko estatu kideen lurraldean, eta zehazten du zenbateko parte-hartze finantzarioa izanen duten Batasunak (Europako Arrantza Funtsaren bidez), estatu kideak eta onuradun pribatuek.
Kontseiluak 2006ko uztailaren 27an emandako Europako Arrantza Funtsari buruzko 1198/2006 EE Erregelamenduan zenbait neurri jaso dira sustapenerako. Horien artetik, gogoan izanik sektoreak zer ezaugarri dituen Nafarroako Foru Komunitatean, badirudi bidezkoa dela arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeari eta merkaturatzeari buruzko neurriak hartzea, kontuan harturik, horretarako, Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiz 2007ko abenduaren 13an onetsitako 2007-2013 Eragiketa Programako edukia (erabaki horren bidez Europar Batasunak esku-hartzeko Europako Arrantza Funtsaren programa eragilea onetsi zen, Espainiarako, 2007-2013 programazioaldirako).
Neurri horrek barnean hartzen ditu Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoko jarraibideak, batez ere helburu estrategiko hauei buruzkoak: 21 "Ekoizteko baldintzak hobetzea, Nafarroako produktuak merkatuetan hobeki kokatzeko" eta 22 "Nafarroako produktuetarako negozio perspektibak eta baldintzak sortzea".
Orain, programan ezarritako laguntzak prestatu behar dira, zehaztutako helburuak eraginkortasunez lortzeko, eta sektoreko egoera eta arrantzako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Onestea arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioen laguntzetarako oinarri arautzaileak, Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Arrantza Funtsaren esparruan, 2007-2013 aldirako, bai eta 2009. urterako laguntzen deialdia ere.
2. Foru Agindu hau 2009ko laguntzen deialdian aplikatzeak sortzen dituen gastuak honako hauen kargura eginen dira:
-Nafarroako Gobernuaren ekarpenei dagokien zatia, 2009ko ekitaldian, "Nekazaritza industrializatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko diru-laguntzak (NGP-LGENF)" izeneko 721000-72210-7701-413102 kontu-sailaren kargura, 490.000 euroko gastua baimenduta; eta 2010. eta 2011. urteetako ekitaldietan, aurrekoaren baliokidea den eta horretarako sortuko den kontu-sailaren kargura, 300.000 euro urte bakoitzeko.
-Europako Arrantza Funtsaren ekarpenei dagokien zatia, 2009ko ekitaldian, "Europako Arrantza Funtsaren laguntzak" izeneko 721000-72210-7701-413103 kontu-sailaren kargura, 122.500 euroko gastua baimenduta; eta 2010. eta 2011. urteetako ekitaldietan, aurrekoaren baliokidea den eta horretarako sortuko den kontu-sailaren kargura, 75.000 euro urte bakoitzeko.
3. Onuradunei 2009., 2010. eta 2011. urteetan ordainduko zaie, %45, %27,5 eta %27,5, hurrenez hurren, deusetan galarazi gabe hamalaugarren oinarrian ezarritakoa, ordainketak aurreratzeari nahiz atzeratzeari buruz, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera.
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2009ko apirilaren 29an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
I. eranskina
Oinarri arautzaileak, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioen laguntzetarako, Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Arrantza Funtsaren esparruan, 2007-2013 aldirako.
Lehenbizikoa.-Xedea.
Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioen laguntzetarako, Europako Arrantza Funtsari buruzko 1198/2006 EE Erregelamenduaren 34. eta 35. artikuluen esparruan (Kontseiluak 2006ko uztailaren 27an emana).
Bigarrena.-Onuradunak.
2.1 Karga finantzarioa bere gain hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, baldin eta diru-laguntzaren xede diren inbertsio eta gastuen azkeneko arduradunak badira, bideragarritasun ekonomikoa frogatu dezaketen eta ezaugarri hauek betetzen dituzten enpresetan:
a) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emaniko 2003/361 EE Gomendioko definizioen arabera: lanean 250 lagun baino gutxiago dituzten enpresak eta urteko negozio bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez dutenak, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutena.
b) Aurreko kategorian ez dauden enpresak, 750 langile baino gutxiago dituztenak edo negozio bolumena 200 milioi eurotik beherakoa dutenak.
2.2 Laguntza ez zaie emanen krisian dauden enpresei, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideetan ezarritako definizioari jarraikiz.
2.3 Enpresei ez zaie laguntza emanen baldin eta laguntzak berreskuratzeko prozedura baten xede badira edo izan badira, ekoizpen jarduera bat estatu kide batetik beste estatu kide batera eramatearen ondorioz.
Hirugarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.
1. Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak finantzatzera bideratuko dira foru agindu honetan jasotako laguntzak, betiere beren bideragarritasuna frogatzen bada, inbertsio plan baten barnean badaude eta arrantza sektoreko enplegu iraunkorra sustatzeko erabiltzen badira batez ere.
2. Inbertsioek honako lorpen hauetakoren bat edo zenbait izanen dute helburu:
a) Lan baldintzak hobetzea.
b) Baldintza higienikoei eta osasun publikoko baldintzei edo produktuen kalitateari jarripena egitea eta hobetzea.
c) Oso merkatu espezializatuetarako kalitate handiko produktuak ekoiztea.
d) Ingurumenean izaten den eragin kaltegarria murriztea.
e) Hobeki erabiltzea gutxi aprobetxatutako espezieak, azpiproduktuak eta hondakinak.
f) Produktu berriak ekoiztea edo merkaturatzea, teknologia berriak aplikatzea edo produkziorako metodo berritzaileak garatzea.
g) Funtsean tokiko lehorreratzeetatik eta akuikulturatik lortutako produktuak merkaturatzea.
Laugarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Lokalak eraikitzera eta lurrak lortzera bideratutako inbertsioek ekarritako gastuek jasotzen ahalko dute diru-laguntza, baita eraldatzeko eta merkaturatzeko instalazioak handitzera, hornitzera eta modernizatzera bideratutako inbertsioek ekarritako gastuek ere.
2. Aurretik aipatutako jardueretako gastuei erantsiko zaizkie gastu orokorrak (esaterako arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien zerbitzu sariak, bideragarritasun azterlanak eta patenteak eta lizentziak lortzea), eta gehienez ere aurreko atalaren gastuen %12 izanen dira.
3. Laguntza jaso ahal izateko gutxieneko inbertsioa 50.000 eurokoa izanen da.
Bosgarrena.-Inbertsioen beharkizunak
Laguntzak inbertsio hauetarako emanen dira:
a) Nafarroan egindakoak.
b) Enpresaren errendimendu globala hobetzen dutenak.
c) Kasuan kasuko inbertsioari dagozkion Europar Batasuneko arauak betetzen dituztenak.
Seigarrena.-Laguntzen muga orokorrak.
1. Inbertsio hauek ezin izanen dira diru-laguntzen xede izan:
a) Enpresa baten jabetzaren transferentzia.
b) Ordezkapen hutsa egiteko inbertsioak.
c) Giza kontsumorako ez beste helburu baterako erabili eta eraldatuko diren arrantzako eta akuikulturako produktuekin lotutako inbertsioak, non eta ez diren arrantza eta akuikulturako produktuen hondakinak tratatu, eraldatu eta merkaturatzea beste helbururik ez duten inbertsioak.
d) Eskaerak aurkeztu aurretik egiten hasitako inbertsioak, salbu proiektuaren zerbitzu sariei, bideragarritasun azterlanei eta azterlan geodesikoei dagozkienak eta eraikitzeko baimenekin zerikusia dutenak.
e) Txikizkako sektorean erabilitakoak.
f) Etxebizitza.
g) Garraioko elementuak, salbu finantziazio xedearen eragiketekin nahitaez lotuta badaude.
2. Ez dira lagunduko BEZa edo onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak, ez eta zorren interesenak ere.
3. Finantza errentamenduko eragiketen bidez eskuratutako makineriak eta ekipamenduek jaso dezakete diru-laguntza, baldin eta eragiketa horietan onuraduna makineria edo ekipamendu horren jabe bihurtzeko erosketa konpromisoa baldin badago. Kontratuaren gehienezko zenbatekoak ez du gainditu behar aktibo errentatuaren merkatuko balio garbia. Ezin da laguntzarik jaso finantza errentamenduko kontratuari lotutako beste kostu batzuetarako, hala nola zergetarako, errentatzailearen marjinarako, interesen birfinantzaketa kostuetarako, gastu orokorretarako edo aseguru gastuetarako.
4. Salmenta eta errentamendu erretroaktiboko sistema baten esparruan eskuratzen diren ondasunetarako ezin da diru-laguntzarik jaso.
5. Lurrak erosteko diru-laguntzetarako inbertsioek ez dute gaindituko obra zibileko inbertsioan finantzatu daitekeen guztizkoaren %10.
Zazpigarrena.-Laguntza motak eta zenbatekoak.
1. Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioen laguntzak kapitalaren zuzeneko diru-laguntza moduan emanen dira.
2. Onuradunak pertsona juridikoak direnean, enpresek jasotzen dituzten laguntzak ez dira izanen kapital sozial eskrituratua eta ordaindua baino handiagoak.
3. Laguntzek, oro har, diruz lagun daitezkeen inbertsio eta gastuen %20 joko dute. %20 horretatik, %4a Europako Arrantza Funtsaren ekarpenari dagokio, eta gainerako %16a Nafarroako Gobernuari.
Zortzigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Ezarritako laguntzak norgehiagoka emanen dira.
2. Eskaerak puntuazioen arabera lehenetsiko dira, honako balorazio irizpide hauen arabera:
a) Mikroenpresek edo enpresa txikiek egindako inbertsioak: 5 puntu.
b) Ekoizpen planta berriak: 4 puntu.
c) Ingurumeneko kudeaketaren ziurtagiriren bat (EMAS edo ISO) duten enpresek aurkeztutako proiektuak: 2 puntu.
d) Handitze, erosketa nahiz bat egite bidez enpresaren tamaina handitzea helburu duten inbertsioak: puntu 1.
e) Handitzeak, baldin eta berekin badakarte produktu berriak ekoiztea edo merkaturatzea edo ekoizteko teknologia berriak aplikatzea: puntu 1.
f) Gazteak eta emakumeak kontratatzea sustatzen duten proiektuak: puntu 1.
g) Aukera berdintasunerako plan bat duten enpresak: puntu 1.
Berdinketarik izanez gero, enplegu gehien sortu duena lehenetsiko da, inbertsioaren kostuaren arabera. Hala ere berdinketarik bada, eskaera lehen aurkeztu duena lehenetsiko da.
Lehenesteari dagokionez, b) atala aplikatzeko, ekoizteko planta berritzat hartuko da Nafarroan eraldatzeko zentroak jartzea, baldintza hauekin:
-Nafarroan ez zeuden enpresek eraldaketa zentro bat jartzea.
-Egoitza Nafarroan duten enpresek beste eraldaketa zentro bat jartzea, aldez aurretik zeuden enpresen kokalekutik kanpo, onuradun eskatzailearen titulartasunaren pean.
Kokaleku desberdintzat jotzeko, lantegiaren zerbitzu eta ekoizpen jarduera guztien funtzionamendu autonomoa bermatu beharko da, beharrezkoa ez dela aldez aurretik dauden eraikinak konektatzea edo partekatzea azpiegiturekin eta ekoizpenerako instalazioekin edo instalazio lagungarriekin.
-Egoitza Nafarroan duten enpresek beste eraldaketa zentro bat jartzea, aldez aurretik zegoen enpresaren alboan edo hari itsatsirik, eskatzaile onuradunaren titulartasunaren pean, betiere inbertsio berriaren balioa 3 milioitik gorakoa bada, enpresa txiki eta ertainen kasuan, edo 6 milioitik gorakoa, baldin eta enpresak kategoria horretatik kanpo badaude, 750 langile baino gutxiago badituzte edo 200 milioi eurotik beherako negozio bolumena badute.
Bederatzigarrena.-Eskaerak aurkeztea.
1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzeko eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoetako edozeinetan.
2. Laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak.
3. Laguntza eskaerak horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritzako bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahalko da.
4. Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.
Hamargarrena.-Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak
1. Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasuna frogatzen duen agiria: pertsona fisikoek, IFZren fotokopia. Pertsona juridikoek, IFKren kopia, eratze eskriturak, estatutuak eta gobernu organo eskudunak laguntzak eskatzeko harturiko erabakia eta eskaera tramitatzeko ordezkariaren izendapena biltzen dituen dokumentua. Sozietatearen kapitalaren banaketa frogatzen duten agiri osagarriak, horrelakorik baldin bada.
b) Enpresari buruzko informazioa: enpresaren deskribapena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen mendekotasun maila eta kategorien eta kontratu moten arabera zehaztutako plantilla.
c) Baimena, honetarako:
-Laguntzak tramitatzeko behar diren datu baseak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan daudenak, kontsultatzeko.
-Gizarte Seguruntzarekiko eginbeharrak eta zerga arlokoak eguneraturik daudela egiaztatzeko.
d) Erantzukizuneko aitorpena, xede bererako beste laguntzaren bat eskatu edo jaso duen edo ez azaltzen duena.
Entitate onuradunaren erantzukizuneko aitorpena, non azalduko baitu laguntzak berreskuratzeko prozedura baten xede izan den edo ez, ekoizpen jarduera bat estatu kide batetik beste estatu kide batera eramatearen ondorioz.
e) Enpresa plana, haren bideragarritasuna frogatuko duena, finantza egoeraren eta etorkizunaren ebaluaziotik abiaturik.
f) Inbertsio proiektuari eta lortu nahi diren helburuei buruzko memoria, gutxienez atal hauek bilduko dituena:
-Ondasun higiezinetan, makinetan eta ekipamenduetan egitekoa den inbertsioa; proiektuaren, aholkularitzaren eta bideragarritasun azterlanen gastuak eta patenteak eta lizentziak eskuratzeko gastuak, aurrekontu zehatzak eta proformako fakturak barne; edo hornitzailearen eskaintza, obrak egiteko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, edo, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzuak egiteko kasuetan, 12.000 eurokoa gainditzen badu, salbu eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua egiteko behar adina enpresa ez badago.
-Hornitzaileak ekonomia eta eraginkortasun irizpideak kontuan hartuta aukeratu direla frogatzen duen txostena eta erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
-Produktu bakoitzaren fabrikazio prozesuaren eta fabrikatzeko ahalmenaren azalpena, proiektua burutu aurretik eta ondotik.
-Erabili beharreko lehengaiak, urteko kopurua, nondik heldu diren eta haien fabrikako balioa, inbertsioak egin aurretik eta ondotik.
-Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena, egindako inbertsioen arabera.
-Inbertsioaren bideragarritasunaren azterlana.
-Inbertsioak gauzatzearen ondoriozko plantillaren aldaketa.
-Inbertsioaren plan finantzarioa, berezko baliabideei eta kanpoko finantzaketari dagozkien kopuruak zehaztuta.
-Egoeraren balantzea eta itxi diren azken hiru ekitaldietako ustiapen kontuak. Merkataritza erregistroan erregistratutako urteko kontuen kopia aurkeztu beharko da, edo sozietateen gaineko zergaren kopia, edo, bestela, kontu-ikuskaitzailetzaren txostena.
-Urteko kuota finkatuak, talderen batekoa baldin bada enpresa.
-Proiektua abian jarri ondoko hiru urteetarako behin-behineko urteko kontuak.
-Inbertsioa eginen deneko lurren identifikazioa eta kokapena.
g) Obretarako udal baimena, edo eskatua dagoela frogatzea.
h) Ingurumen baimen integratua edo jarduera sailkatuaren udal lizentzia, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen mendeko jarduerak direnean. Halakorik izan ezean, horien eskaerak.
i) Diruz lagundu diren ondasunak beste batzuek erabiltzeko eskualdatu, alokatu edo lagako ez dituela dioen konpromisoa, gutxienez bost urterako, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osorako.
j) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.
k) Erantzukizuneko aitorpena, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003/361 EE Gomendioarekin bat, enpresaren tamaina honako lau kategoria hauetako batean kokatzen duena: mikroenpresa, txikia, ertaina, 750 langile baino gutxiago edo negozioaren zifra 200 milioi euro baino gutxiago duen enpresa eta enpresa handia.
2. Berariazko agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Eginiko eraikinak eta horiek daudeneko lurrak erosten diren kasuan:
-Tasatzaile independente eta gai batek luzatutako frogagiria, zeinean ziurtatuko den prezioak ez duela merkatuko balioa gainditzen. Tasazioan lokalaren prezioa eta lurrena bereiziko dira.
-Eraikinerako azken hamar urtean eman diren diru-laguntzen aitorpena.
b) Finantza errentamendua: kontratua eta, beharrezkoa denean, 6. oinarriko 3. puntuan ezarritako eskakizunak frogatzeko aukera emanen duen dokumentazioa, behar bestekoa.
3. Laguntzetarako eskaera aurkezteak berarekin dakar foru agindu honetan ezarritako konpromisoak onartzea.
Hamaikagarrena.-Ebaluazio organoa.
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.
Hamabigarrena.-Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.
1. Eskaerak harturik, eskatzen diren agiri guztiak ote dauden egiaztatuko da. Bestela, interesdunari eskatuko zaio haiek osatzeko, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.
2. Eskaera osorik egon ondoren, egiaztatuko da eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela. Horretarako, behar diren kontrolak eginen dira. Gero, ebaluatu eginen dira. Laguntzaren zenbatekoa diru-laguntzaren xede den aurrekontuaren arabera zehaztuko da.
Proposaturiko kostuen moderazioa egiaztatzeko, aurrekontuak eta proformako fakturak ebaluatzeko sistema erabiliko da, foru agindu honen 1.f puntuarekin bat. Onuradunak aurkezturiko aurrekontuaren eta ebaluazioaren ondoriozkoaren artean txikiena izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.
3. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluazioa eginen du, eta ebazpena proposatuko. Baldintzak eta onuradunak bete beharreko baldintzak jasoko dira ebazpen proposamenean.
4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak edo, bestela, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko du zein eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
6. Diru-laguntzak emateko ebazpenean onuradunari ezartzen zaizkion baldintzak eta bete beharrekoak proiektuak gauzatzeko epeei eta abian jartzeari buruzkoak izanen dira. Epe hori bi urtekoa izanen da, laguntzak ematen diren egunetik hasita, edo 30 hilabetekoa, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Kasu berezietan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak luzapen osagarri bat eman dezake, sei hilabeterainokoa, arrazoitutako eskaera aldez aurretik eginez gero betiere.
Hamahirugarrena.-Eskaerak aldatzea.
1. Justifikatutako arrazoiengatik inbertsio proiektuari loturiko aldaketa nabarmenak egin behar direnean, behin laguntzak emateko ebazpena onetsita, proiektu osagarri bat edo beste proiektu bat aurkezten ahalko da. Proiektu hori onesteko prozedura hasierakoan erabilitako bera izanen da. Hortaz, laguntza doitu beharko da. Doikuntza eginda ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko. Aldaketak onartzeak ez du ekarriko laguntzen zenbatekoa handitzea eraginen duen aldaketarik.
2. Aldaketa nabarmentzat hauxe hartzen da:
a) Ekoizpenaren orientazioa aldatzea, sektorea, egindako produktua edo kudeaketa sistema dela-eta.
b) Enpresaren katalogazioa aldatzea, tamaina edo tipologia dela-eta, edo inbertsioen lokalizazioa aldatzea.
c) Obra zibileko elementuak, makineria edo ekipamendua gehitu, kendu edo aldatzea, hasieran aurreikusitako balioaren %20tik gora.
Hamalaugarrena.-Laguntzen ordainketa.
1. Hiru urtez eginen dira ordainketak, urte bakoitzean deialdiak ezartzen duen proportzioan. Hala ere, ekitaldi batean aurrekontuan dirurik baldin bada, urteren bateko ordainketa aurrera daiteke, frogatutako inbertsioa pagatzeko, betiere inbertsioaren erdia gutxienez gauzatua baldin bada, inbertsioek jarraipena izanen dutela egiazta badaiteke eta banku abala aurkezten bada jaso behar den zenbatekorako.
Nolanahi dela ere, urte bakoitzeko ordainketa egiteko beharrezkoa izanen da aldez aurretik justifikatzea gauzaturik daudela behar diren gastuak eta ordainketak gutxienez ere, hau da, jasotako urteko diru-laguntzari dagokion inbertsioaren zatia.
2. Inbertsioak horretarako ezarritako epean bukatuta, onuradunak justifikatu egin beharko du, dagokion inprimakia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuz, bukatu eta hilabeteko epean. Inprimakian, eginen diren eta egin diren inbertsioak aipatuko dira, laguntzak emateko ebazpenean ageri diren hurrenkera berean. Jatorrizko fakturak erantsiko dira, bai eta ordainagiriak eta guztiaren fotokopia ere.
3. Halaber, erantsi eginen dira eskabidearekin batera aurkeztu ez diren obren lizentziari eta jarduerari buruzko agiriak, 10. oinarrian ezarritakoak.
Onuradunak jarduera sailkatuko lizentzia edo Ingurumen baimen integratua eta/edo obra lizentzia tramitazioan baldin badu, lizentzia eta baimen horiek aurkeztu beharko ditu, emandako laguntzak ordaindu ahal izateko. Jarduera sailkatuko lizentzia edo Ingurumen baimen integratua eta/edo obra lizentzia lortzen ez bada, emandako laguntzak ondoriorik gabe geldituko dira.
4. Osorik pagatu ez diren diru-laguntzaren xede diren inbertsioen kasuan, abal askietsia eskatuko da, justifikatu gabeko ordainketei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa, laguntzak ordaindu baino lehen. Abalak baliozkoa izan beharko du, harik eta enpresak diru-laguntzaren xede den inbertsioa osorik pagatu dela justifikatzen duen arte.
5. Finantza errentamenduko eragiketen kasuan, laguntza ordaindu aurretik eragiketa horietarako emandako laguntzaren kopurua adinako abala eskatuko da. Abalak baliozkoa izan behar du, harik eta enpresa onuradunak eragiketa likidatu eta errentamenduan diren ondasunen jabe bihurtu arte.
6. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko indarreko araudia eta onuradunak hartutako konpromisoak betetzen direla eta inbertsioa aurkeztutako proiekturako benetan erabili dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezkoak diren ordainketak baimenduko ditu, eta diru-laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.
7. Onuradunak inbertsio proiektua Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko du, kasuan kasuko diru-laguntzaren azken ordainketatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean. Enpresak Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroko inskripzioa behar den epean egiten ez badu, jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, salbu justifikatutako arrazoiren bat baldin bada eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onartzen baldin badu.
Hamabosgarrena.-Kontzesioaren aldaketa, aurreikusiriko inbertsioak osorik ez burutzeagatik.
Inbertsio proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsiriko inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituz eta inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu eginiko planek baliozkoak izaten jarraitzen dutela teknikoki eta ekonomikoki.
Hamaseigarrena.-Onuradunen betebeharrak.
Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egin beharreko kontrolei oztoporik ez jartzea, eta departamentu horri ematea eskatzen dizkion agiriak, datuak eta bestelako frogak, espedientea tramitatzeko eta horrela egiaztatu ahal izateko aurkeztutako proiektua benetan gauzatu dela eta hartutako konpromisoak benetan bete direla.
b) Kasuan kasuko inbertsioa Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko da, diru-laguntzaren azken ordainketatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean.
c) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
d) Hartutako laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.
e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatzea jasotako funtsak diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, jarritako epe eta moduan.
f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz jakinaraztea hamazazpigarren oinarrian aipatutako gorabeherak, gertatzen diren unetik beretik.
g) Laguntza ematen duen ebazpenean adierazten den epean inbertsio plana gauzatzea.
h) Inbertsioak enpresan mantentzea, eta erabiltzea, amaitu eta gutxienez ere bost urtez, edo balio bizitza osoan, hori laburragoa izanez gero, diru-laguntzaren xede izan diren ondasunak hirugarrenei eskualdatu, errentan utzi edo laga gabe.
i) Enpresako teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri horren esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
j) Diruz laguntzen ahal den kostu osoa 500.000 eurotik gorakoa den inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen kartel eta/edo plaka bat paratu beharko du, honako hauei jarraikiz: Batzordearen 2007ko martxoaren 26ko 498/2007 EE Erregelamenduaren 32. artikulua, 33. artikulua eta II. eranskina (horren bidez xedapenak ezarri ziren Europako Arrantza Funtsari buruzko Batzordearen 1198/2006 EE Erregelamendua aplikatzeko).
498/2007 EE Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako ikurraz gain, honako esaldi hau ere jarriko da: "Europako Arrantza Funtsa: Europak arrantza iraunkorrean inbertitzen du".
Hamazazpigarrena.-Interes publikoak bermatzeko neurriak.
1. Hamaseigarren oinarriko h) letran aipatzen den konpromisoa ez-betetzat joko da baldin eta laguntzen azkeneko ordainketa egin eta hurrengo bost urtean industria jarduera amaitzen bada negozioa itxi delako, lantegia Nafarroatik kanpora eramaten bada, inbertsio proiektua hasierako aurreikuspenetatik asko aldentzen bada, edo krisi espedienteko, enpleguaren zein lanaldiaren erregulazioko eta ordainketa etendurako egoerarik gertatzen bada edo enpresak porrot egiten badu.
2. Arestiko atalak aipatzen dituen konpromisoak mailakatzeko eta ordainduko den zenbatekoa zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Jarduera bertan behera uztea: 100%.
b) Instalazioak Nafarroatik kanpora eramatea: 100%.
c) Hartzekodunen konkurtso, krisi espediente edo enpleguaren erregulazioko egoera gertatzen bada, enpresak enpresa plan bat aurkeztu beharko du, bideragarritasun ekonomikoa jasotzen duena. Enpresa onuradunaren bideragarritasun ekonomikoa justifikatzen ez bada, jasotako laguntzak itzultzeko eskatuko da.
3. Onuradunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, bidezko diren frogen bidez, hala egin dezakeenetik hamar egun balioduneko epean.
Hemezortzigarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Arau hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.
2. Espediente egoki baten bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita gezurrezko adierazpen bat egin duela, onarturiko laguntzak indargabetu, eta haiengatik pagaturiko zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak deusetan galarazi gabe.
Hemeretzigarrena.-Informazioa artxibatzea
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jatorrian altxatuko du eskuratu behar duen informazioa, Europar Batasunak jarraipen, ebaluazio eta kontrol eginkizunetarako jartzen dituen baldintzak betetzeko, eta Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari bidaliko dio Europar Batasuneko instituzioek ezartzen dituzten beharkizunak betetzeko behar den informazioa.
Hogeigarrena.~Bateraezintasunak.
Europako Arrantza Funtsarekin batera finantzatutako gastuek ezin izanen dute jaso Batasuneko beste finantza tresna batetik etorritako laguntzarik.
Hogeitabatgarrena.-Lehenago aurkeztutako eskaerak.
1. Europako Arrantza Funtsari buruzko Batzordearen 2007ko uztailaren 27ko 1198/2006 EE Erregelamenduaren 55. artikuluaren 1. puntuarekin bat, eta Espainiako Eragiketa Programa aurkezturik, eta 2007ko abenduaren 13an onetsirik, Europako Arrantza Funtsaren kargura ordaindutako laguntza jasotzen ahalko du edozein gastuk, baldin eta onuradunek egiaz pagatu badute 2007ko urtarrilaren 1aren eta 2015eko abenduaren 31ren artean. Batera finantzatzearen xede diren eragiketak ez dira bukatuko eskubidea izaten hasteko eguna baino lehen.
2. Foru agindu hau indarrean sartu aurretik laguntzak eskatu badira arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko, eta eskaera horiek oraindik ebatzi ez eta foru agindu honetan xedatutakora egokitzen badira, behar den dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskaera foru agindu honen eskakizun berrietara moldatzeko, indarrean sartu eta bi hilabeteko epean.
Hogeitabigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Foru agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea garatzen duten arauetan xedaturikoarekin bat argitaratuko dira.
Iragarkiaren kodea: F0914799
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
