59. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

48/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Mañeruko Udal Planaren ADU-1 hirigintza garapenerako eremuko U.E.1.5. exekuzio unitatearen determinazioak behin betiko onesten dituena.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak uztailaren 27an emandako 1018/1999 Foru Aginduaren bidez, Mañeruko Udal Plana behin betiko onetsi zen. Plan horrek aurreikusi zuen ADU-1 hirigintza garapenerako eremuan, U.E.1.5. exekuzio unitatean, etxebizitza bakarra egitea.

Elena de la Peña Enrique andreak foru agindu hori errekurritu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. A.D.U.1 hirigintza garapenerako eremuko U.E.1.5. exekuzio unitatearen hirigintza araudia deuseztatzeko eskatu zenez, Administrazioarekiko Auzien Salak, 2003ko maiatzaren 13ko Epaiaren bidez, jarritako demanda ezetsi zuen.

Epai horren aurka kasazio errekurtsoa jarri zen Auzitegi Gorenean. Administrazioarekiko Auzien Hirugarren Salaren epaiaren bidez (bosgarren atala) baietsi zen eta, horrenbestez, deuseztatu ziren Mañeruko Udal Planean A.D.U.1. hirigintza garapenerako eremuko U.E.1.5. exekuzio unitateari buruz ezarritako determinazioak, batez ere bi arrazoirengatik: Plan orokorraren tramitazioaldian ibai-arroaren ardura duen erakundeak (Ebroko Ur Konfederazioak) txostenik eman ez zuelako U.E.1.5 exekuzio unitateak garatuko duen lurzatian barrena igarotzen den sakan, erreten edo ubideari buruz, izan ere, horrek sektore horren gaineko Estatuko araudian, hots, Urei buruzko Legean eta Jabari Publikoko Erregelamenduan, ezarritakoa urratzen baitu; bestetik, Done Jakue bidearen babes araubideari egiten ahal zaion eraginari buruz Vianako Printzea Erakundeak egin beharreko txostena aurkeztu ez zuelako.

Hori ikusirik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Vianako Printzea erakundeari eta Ebroko Ur Konfederazioari igorri zien espedientea. Bi erakunde horiek espedientearen aldeko txostena egin zuten. Horregatik guztiagatik, A.D.U.1. hirigintza garapenerako eremuko U.E.1.5. exekuzio unitatearen determinazioak deuseztatzeko oinarritzat hartutako gabeziak konpondu direnez, bidezkoa da determinazio horiek behin betiko onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behin betiko onestea Mañeruko Udal Planaren A.D.U.1. hirigintza garapenerako eremuko U.E.1.5. exekuzio unitatearen determinazioak.

2. Adieraztea foru agindu honek ez diola administrazio bideari bukaera ematen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, legezkotasuna kontrolatzea helburu duen egintza honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Eta onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

3. Foru agindu hau Mañeruko Udalari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 17an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.

Iragarkiaren kodea: F0912180