59. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 27an hartua, Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kiroleko Ministerioak, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 11n emandako 99/2009 Ebazpena ondoriorik gabe uzteko egindako errekerimendua aintzat hartzen duena. Ebazpen horrek, hautapen batzordeek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetan jarduteko izendatu zituzten zuzendariak ebaluatu eta berritzeko prozedura onetsi zuen.

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 11n emandako 99/2009 Ebazpenaren bitartez (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2009ko martxoaren 27an), hautapen batzordeek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetan jarduteko izendatu zituzten zuzendariak, hots, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa onetsi arte indarra zuten aurreko hautapen prozedurei jarraikiz hautatu eta izaera arruntaz izendatuak izan ziren zuzendariak, ebaluatu eta berritzeko prozedura onetsi zen.

Ebazpen hori onetsi eta argitaratu zen egunean, ordea, indarrean zegoen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, zuzendariak hautatzeko beste sistema ezarri eta prozedura hori arautzen zuen aurreko araudia baliogabetu zuena.

Errekerimendua onetsi zen unean oraindik Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kiroleko Ministerioa zenak, 2009ko apirilaren 7an errekerimendu bat egin zuen, aurtengo apirilaren 15ean jaso zena, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoan oinarriturik. Arrazoia, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak zuzendariak hautatzeko prozedura urratu zela, ministerioaren ustez, hura baita aurreko araudiari jarraikiz hautatutako eta izendapena agorturik duten zuzendariei aplikatu beharreko araudia, haiei ez baitagokie lege horren xedapen iragankorretako seigarrena aplikatzea.

Izan ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrak baimena ematen zien hezkuntza administrazioei, gehienez ere urte bateko epean, ikastetxe publikoetako zuzendarien eta zuzendaritza taldeko gainerako kideen agintaldia luzatzeko, haien agintaldia lege organiko horrek indarra hartu zuen ikasturtean bukatzen bazen. Hortaz, legeak ez du babesten hurrengo ikasturteetan bukatu diren agintaldien luzapena. Kasu horietan, bukatutako agintaldiak hautapen prozedura berri baten bidezkotasuna ekarriko du eta horri ezin izanen zaio aplikatu indargabetutako aurreko araudia, baizik eta indarra duena, hots, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa.

Aurrekoarekin bat, beharrezko jo da ministerioaren errekerimendua aintzat hartzea eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 11n emandako 99/2009 Ebazpena ondoriorik gabe uztea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 97. artikuluaren 2. idatz-zatiarekin bat, Nafarroako Gobernua izanen da organo eskuduna beste administrazioek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egiten dizkioten errekerimenduak zilegitasunez bere gain hartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kiroleko Ministerioak egindako errekerimendua aintzat hartzea eta, hortaz, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 11n emandako 99/2009 Ebazpena ondoriorik gabe uztea. Ebazpen horrek, hautapen batzordeek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetan jarduteko izendatu zituzten zuzendariak ebaluatu eta berritzeko prozedura onetsi zuen.

2. Erabaki hau jakinaraztea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari eta Hezkuntza Ministerioari, behar diren ondorioak izan ditzan. Ministerioari aditzera ematen zaio administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal duela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0914594