57. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

TUTERA

Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko 4 lanpostu huts, B mailakoak, oposizio-lehiaketa
bidez betetzeko

Alkatetzak martxoaren 30ean emandako 2009000254 Ebazpenaren bidez, ondoko deialdia onetsi da: Tuterako Udalaren zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko 4 lanpostu huts, B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Oposizio-lehiaketa hau eramanen da aitzina aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarrietan ezartzen denari jarraikiz:

1.-Deialdiaren xedea eta arau orokorrak:

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udalaren zerbitzuko erdi-mailako teknikari izateko lau lanpostu huts, B mailakoak, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoan, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

Lanpostu hutsak txanda irekiaren eta igoera txandaren artean banatuko dira, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 15.3 artikuluan ezarririko formulari jarraituz, hau da:

-Bi txanda irekian.

-Bi igoera txandan.

1.2. Deialdi honen xede diren erdi mailako teknikariaren lau lanpostu hutsak Tuterako Udalaren ondoko zerbitzu hauei atxikita daude eta plantilla organikoan zenbaki hauek dituzte:

-1 Ogasun, Kudeaketa eta Diru-bilketa Alorrean (0506B09802).

-1 Hiri Antolamendu eta Ekonomia Alorrean (0507B09804).

-1 Herritarren Harrera Alorrean (0508B09805).

-1 Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (0508B09806).

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 9.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean, deialdiko 2.1.2 oinarriko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Lanpostuen ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 351/1993 Legegintzako Foru Dekretuan B mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, bai eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eta Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakian ezarritakoak. Horrez gain, ordainsari osagarriak izan ahalko dituzte, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan lanpostu bakoitzerako ezartzen badira eta jabetza hartzerakoan indarrean den plantilla organikoan zehazten.

1.5. Orobat, deialdi honen xedea da hautapenaldian lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 10. oinarrian ezarritakoarekin bat, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera erdi-mailako teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzeko zerrenda hauek sortzea:

a) Hautapen prozesuko ariketak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

1.6. Izendatuek bete beharreko eginkizunak izanen dira deialdiko lau lanpostuetako bakoitzerako ezartzen direnak (0506B09802, 0507B09804, 0508B09805, eta 0508B09806). Eginkizun horiek zuzeneko nagusien aginduetara beteko dituzte eta betiere beraien mailari dagozkienak izanen dira.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek edo izatezko bikoteek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontide edo izatezko bikotearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Titulazio akademiko hau edukitzea: Unibertsitateko diplomaduna, edo unibertsitateko titulazio batean hiru urte gainditurik izatea, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa edo III.L.H., edo eskuratzeko baldintzak betetzea (titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria), eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Aurreko atalean zehaztutako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

2.2. Izendapenerako proposatutako izangaiek deialdi honen 9.2. oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte baldintza horiek, eta haien jabe izanen dira hautapen prozeduran izendapena bitarte.

3.-Eskabideak:

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira: Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean, Tuterako Plaza Vieja, 1 helbidean baitago; Herritarrendako Laguntza Zerbitzuko bulegoan (H.L.Z.), Tuterako Escos Catalán kaleko 1 zenbakian baitago; edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, hogeita hamar egun naturaleko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira; haietan, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek eta, hartara, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dituzte. Tuterako Udalaren Erregistroko bulego horietako edozeinetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.tudela.es helbidean.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia egiaztatua.

c) Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Tuterako Udaleko administrazioa ez den beste Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoak badira, lehengoaz gainera, 2.1.2 oinarrian jasotzen diren eskakizunak betetzen direla frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.

d) Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu behar dira.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte (II. eranskina).

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak:

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzita, Tuterako Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du.

5.-Epaimahaia:

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

-Ordezkoa: Jesús Álava Sesma, Tuterako Udaleko zinegotzia.

-Mahaikidea: Victor García Sánchez, Tuterako Udaleko diruzaina.

-Ordezkoa: Alejandro Sánchez Ongay, Tuterako Udaleko zuzenbidean lizentziaduna.

-Mahaikidea: Maria Carmen Montoya Sánchez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

-Ordezkoa: Francisco Ciria Pérez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

-Mahaikidea: Tuterako langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: Tuterako langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Enrique Mateo Sanz jauna, Tuterako Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Jesús María García Gorri, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

5.2. Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean, eta betiere hautaprobak hasi baino lehen.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den:

6.1. Oposizioa 2009ko ekainean izanen da, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iragan badira. Oposizioa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean xedatuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den oposizioaldia. Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Herriko Etxeko iragarkien oholean eta Udalaren web orrian, www.tudela.es.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

7.3. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira, honela banatuak:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere, 15 puntu.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: gehienez ere, 10 puntu.

7.4. Merezimenduen balorazioa eginda, epaimahaiak argitara emanen du izangaien zerrenda, bakoitzak lortutako puntuekin, Tuterako Udaleko iragarkien oholean eta Udalaren www.tudela.es web-orrian.

8.-Oposizioaldia:

8.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: teorikoa, idatziz garatu beharko dira III. eranskineko gaietatik zozketaz ateratzen diren bi gai. Horretarako 4 ordu izanen dira, gehienez ere.

Bigarren ariketa: teorikoa, idatziz garatu beharko dira IV. eranskineko gaietatik zozketaz ateratzen diren bi gai. Horretarako 4 ordu izanen dira, gehienez ere.

Hirugarren ariketa: praktikoa, III eta IV. eranskinetako gaiei buruz epaimahaiak ezartzen dituen bi kasu ebatzi beharko dira. Horretarako 4 ordu izanen dira, gehienez ere.

8.3. Oposizioaldiko ariketekin 75 puntu lortu ahalko dira gehienez ere, 25 puntu ariketa bakoitzean, eta baztertuak izanen dira ariketa bakoitzean gutxienez 12,5 puntu lortzen ez duten izangaiak, bai eta zero puntu lortzen dutenak ere kasu praktikoetako edo gaietako edozeinetan.

8.4. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du. Kalifikazio guztien banaz bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa atal bakoitzaren emaitza.

8.5. Ariketak plika itxien sistemaren bidez eginen dira. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena, pasaportea edo 3.3.a oinarrian aipatutako agirietakoren bat eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

8.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, plikak irekitzeko tokia, eguna eta ordua. Iragarkia ariketak egin diren tokian, Tuterako Udaleko iragarki oholean eta Udalaren www.tudela.es web-orrian ezarriko da.

Gainditu duten izangaien zerrenda egindakoan (plikak ireki ondotik), epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioarekin batera, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago, Tuterako Udaleko iragarki oholean eta Udalaren www.tudela.es web-orrian. .

8.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaldutakoaren arabera.

8.8. Epaimahaiak erabaki ahalko du ariketak egun batean edo gehiagotan eginen diren, betiere deialdi bakoitzean iragartzen badu.

9.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena:

9.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, hiru ariketetan lortutako kalifikazioekin, Tuterako Udalaren iragarki oholean. Zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda hori Udalaren www.tudela.es web-orrian ere ikusi ahalko da. .

Berdinketarik gertatuz gero, deialdiko 8.2 oinarriko lehenengo ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, oinarri horretako bigarren ariketan eta hirugarrenean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horretan hurrenez hurren. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez erabakiko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, eta jabetza hartu aurretik, proposatutako izangaiek honako agiriok aurkeztu beharko dituzte:

9.2.1. Tuterako Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batenak.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

Ezgaitasuna alegatu duten izangaiek, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

-Ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

-%33ko edo hortik gorako ezgaitasuna aitortzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua izatea, baldin eta ezgaitasuna dutenentzako txanda murriztuan parte hartu nahi bada.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

-Deialdi hau egin ez duen Nafarroako administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

9.2.2. Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaiek, ezgaitasunen bat alegatu badute bakarrik, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

9.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

9.4. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, Tuterako Udalak gainditu duten izangaien zerrendan, 9.1 oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko idatz-zatietan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Tuterako Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan ekarri beharko du.

10.-Lanpostu hutsak hautatzea:

10.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek, Tuterako Udalak hartarako jartzen dien epean, aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

10.2. Hautaprobak igoera txandan gainditu dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aldean.

11.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea:

11.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Tuterako Udaleko funtzionario izendatuko ditu, erdi mailako teknikari lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

11.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, indarra duten xedapenek Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionarioendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: eskubide pasiboen araubide horretan babesturik jarraitzea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

11.3. Izendatzen diren izangaiek destinoko herrian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua.

11.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

11.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiko 9.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda:

12.1. Hautapenaldiaren ondorioz sortzen diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak, 9.1 oinarrian ezarritakoak, Herriko Etxeko iragarkien oholean argitaratuko dira eta Interneten ere ikusi ahalko dira, www.tudela.es helbidean, deialdiaren "Lan eskaintza" izeneko atalean.

12.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda horietako lehentasun hurrenkera izanen da lortutako azken puntuazioaren araberakoa; hartara, a) zerrendatik hasiko da eta b) zerrendarekin jarraituko da.

12.3. Erdi mailako teknikariak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak arautuko dira Tuterako Udalak, 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraituz (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz.

13.-Errekurtsoak:

13.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal da Tuterako Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

13.2. Deialdiaren eta bere oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat paratu ahal da:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaioen egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2009ko martxoren 25ean.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala: ...... (edo balio bereko beste agiriren bat): ........................ Sorteguna: ........... Sorterria: .............. (.................), naziotasuna: ............, gaur egungo helbidea: ....................... (..............) kalea: ............. , posta kodea: ........, telefonoa:..............., laneko telefonoa:...............

AZALTZEN DUT:

Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko lau lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:

  • Txanda irekia
  • Igoera txanda*
  • Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Eta adierazten dut eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

-Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

-Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

-Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

  • Ezgaitasuna dudala eta, horrenbestez, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.
  • Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Horrenbestez, eskatzen dut:

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatutako deialdian onar nazatela.

Tuteran, 2009ko ..........aren .......(e)an.

(*) Bidezkoa denean bakarrik

(Sinadura)

Tuterako Udaleko alkate udalburua.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A.-Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:

1) Edozein administrazio publikotan deialdi honetan eskatzen den maila/taldeko eta titulazioko lanpostuetan emandako zerbitzuak baloratzeko (kontratu finkoarekin edo aldi baterako), 1,20 puntu emanen zaio urteko, deialdia argitaratzen den egunean onetsitako antzinatasunari.

2) Edozein administrazio publikotan aipatutakoez bestelako lanpostuetan emandako zerbitzuak baloratzeko (kontratu finkoarekin edo aldi baterako), 0,60 puntu emanen zaio urteko, deialdia argitaratzen den egunean onetsitako antzinatasunari.

Oharrak:

1.: Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2.: A) atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 15 puntu izanen da.

3.: Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

B.-Prestakuntza:

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publiko zein pribatuek) antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1.: baloratu beharreko ikastaroetan, eskola orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.: irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.: ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.: erakunde antolatzaileari (publikoa edo unibertsitatea) buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira. Gainerako onirizpenei dagokienez, hartarako arauak ezarriko dituen aldez aurretiko erregelamendua beharko da.

5.: titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen.

3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, puntu bat. Epaimahaiak baloratuko du, haien iraupenaren arabera.

Oharrak B) atal osorako (Prestakuntza):

1.: idatz-zati honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2.: B) atalaren puntuazioa ez da 10 puntutik gorakoa izanen.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-Administrazio zuzenbidearen iturburuak. Konstituzioa: kontzeptua, ezaugarriak eta balio juridikoa. Legea. Legegintzako dekretuak. Lege dekretuak. Erregelamenduak. Ohitura eta Zuzenbidearen printzipio orokorrak.

2.-Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Gorteak edo Parlamentua. Osaera eta eginkizunak. Comptos Ganbera. Nafarroako Gobernua, eginkizunak eta osaera. Nafarroako Gobernuko lehendakaria, haren hautapena eta erantzukizun politikoa Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

3.-Udalerrien antolaketa: beharrezko organoak, eskumenak. Organo osagarriak, eskumenak. Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak. Udal taldeak. Interesen erregistroa.

4.-Toki entitateetako organo kolegiatuen funtzionamendu araubidea: osoko bilkura, gobernu batzarra, informazio batzordeak. Eskuordetutako eskudantziak. Administrazioarteko harremanak.

5.-Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Eraginkortasuna: betegarritasuna, ondorioak, jakinarazpena, jakinarazpenen jardunbidea, argitalpena, jakinarazpenak adieraztea eta argitaratzea. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazioaren xedapenak.

6.-Administrazio prozedura: kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea: aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Administrazio publikoak eta haien arteko harremanak. Administrazio publikoen organoak: printzipio orokorrak eta eskumenak, kide anitzeko organoak. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: arau orokorrak, moduak eta epeak.

7.-Administrazio prozedura: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

8.-Kontratazio administratiboa Nafarroan: eskainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen zioen azalpena. Aplikazio eremua. Kontratistak. Aplikatzeko arau orokorrak.

9.-Kontratazio administratiboa Nafarroan (6/2006 Foru Legea). Administrazio publikoen kontratuak. Xedapen orokorrak: xedapen komunak, kontratazio organoak, aldez aurretiko jarduketak, prestakuntzako jarduketak, baldintza administratiboen eta agindu teknikoen agiriak. Esleipena: xedapen orokorrak, esleipen prozedurak, publizitate arauak eta epeak, esleipena, burutzea eta formalizazioa. Kontratuen exekuzioa: xedapen orokorrak, kontratua aldatzea, etetea eta lagatzea, ordainketa eta prezioen berrikuspena, iraungitzea eta balioduntasuna.

10.-Administrazio-kontratuak Nafarroan (6/2006 Foru Legea). Administrazio-kontratu motak. Obra kontratuak. Herri lanen kontzesio-kontratuak. Zerbitzuen kontzesio-kontratuak. Hornidura kontratuak. Laguntza kontratuak. Beste subjektu eta entitateen kontratu publikoak. Erreklamazioak eta kontrolerako bestelako neurriak.

11.-Nafarroako toki ogasunen tributu bidezko diru-sarrerak: kontzeptua, izaera eta motak. Preskripzioa. Tributu zorra iraungitzeko beste modu batzuk. Tributu kredituaren bermeak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak. Tasa eta prezio publikoen arteko ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

12.-Nafarroako toki ogasunen tributuz besteko baliabideak. Berezko diru-sarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Herrilurretako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bestelako prestazioak.

13.-Nafarroako toki entitateen ondasunak. Ondasunak oro har: xedapen orokorrak. Kalifikazio juridikoa, aldatzea, atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta karga ezartzea.

14.-Nafarroako toki entitateen ondasunak. Herri ondasunak: administrazioa eta xedapen egintza. Aprobetxamendua. Xedapen orokorrak. Laborantzako herrilurren eta herrilarreen aprobetxamendua. Hobekuntzak herri ondasunetan. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.-Nafarroako toki entitateen aurrekontuak (I). Kontzeptua. Aurrekontuaren printzipioak. Aurrekontuen egitura. Aurrekontu orokorra onesteko prozedura. Betearazpen oinarriak. Aurrekontuko aldaketak. Aurrekontua betearazteko faseak.

16.-Zerbitzu publikoaren jarduera: kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Administrazioak jarduera pribatuak bere gain hartzea: horretarako bitartekoak.

17.-Sustapen jarduera, bereziki dirulaguntzak: kontzeptua, izaera eta araubide juridikoa.

IV. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina. Xedapen orokorrak. Funtzionario publikoak: hautaketa, funtzionario izaera eskuratu eta galtzea; mailak eta graduak; karrrera administratiboa; plantilla organikoak; funtzionarioen zerrendak eta langileen espedienteak; egoera administratiboak; lanpostuak betetzea; eskubideak; ordainsariak.

2.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina: funtzionario publikoen betebeharrak; diziplina araubidea, eskubide pasiboak; ordezkaritza organoak. Behin-behineko langileak. Lan-kontratudunak.

3.-Jarduera sailkatuak. Jardueretako lizentziak eta irekitzekoak. Prozedurak.

4.-Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko Legea: administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eremua eta hedadura. Organoak eta eskumenak. Lurralde eskumena. Salen erakuntza eta haien jarduketa. Alderdiak. Errekurtsoaren xedea. Administrazioarekiko auzien prozedura: prozedura lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean: atariko eginbideak; errekurtsoa paratzea eta espedientearen eskaera; salatuak deitzea eta errekurtsoaren onarpena; salaketa eta erantzuna; aldez aurretiko alegazioak; proba; entzuera eta ondorioak; epaia; prozedura amaitzeko bestelako moduak. Prozedura laburtua.

5.-Lurzoruaren hirigintzako araubidea: lurzoruaren sailkapena; Udalaren lurzoru ondarea; lurzatiketak eta birzatiketak. Antolamendu planen exekuzioa: jarduketa sistemak.

6.-Nahitaezko desjabetzea. Bilakaera historikoa. Kontzeptua. Izaera eta justifikazioa. Osagaiak: subjektuak, xedea, arrazoia eta edukia. Desjabetzapen prozedura. Prozedura bereziei buruzko aipamena. Partikularraren bermeak.

7.-Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroaren eta katastroen izaera eta eginkizunak. Lurralde aberastasunaren erregistroa, kontzeptua, xedea, edukia, kontserbazio lanerako eskumenak. Lurralde aberastasunaren erregistroko titularrak, ondasun eta eskubideen komunitateak. Katastroak, kontzeptua, katastroko informazioaren edukia eta eskumena, katastroko titularrak, laguntza ematera behartuta dauden subjektuak, fitxategiak eta datu pertsonalak. Lurralde aberastasunaren erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana.

8.-Herritarrendako Laguntza Zerbitzua: eginkizunak. Xedea. Printzipio orientatzaileak. Oharrak, kexak eta iradokizunak bideratzea. Aurrez aurreko harrera. Telefono bidezko harrera. Funtzionamendua. Inskripzioen kudeaketa.

9.-Kirola Nafarroan. Xedea eta printzipio orokorrak. Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak. Udalerrien eskumenak. Nafarroako Kirolaren Kontseilua. Kirol jarduera guztiendako, eskola garaian, unibertsitatean, goi mailako kirola, naturgunean, kirol eskumenak, Nafarroako selekzioak. Kirol jardueren sustapena.

10.-Administrazio publikoen egintzen berrikuspena administrazio bidean. Ofiziozko berrikuspena. Kaltegarritasunaren deklarazioa, egintzak etetea, errebokatzea eta akatsak zuzentzea. Ekintza zibilak eta lan ekintzak erabili aurreko erreklamazioak.

11.-Administrazio errekurtsoak: xedea eta motak. Administrazio bidearen bukaera. Errekurtsoak paratzea. Exekuzioa etetea. Interesatuei entzunaldia ematea. Ebazpena. Gora jotzeko errekurtsoa Berraztertzeko errekurtsoa. Berraztertzeko errekurtsoa.

12.-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian. Xedapen orokorrak. Printzipio orokorrak. Ezartzea eta tramitatzea. Uziak ezestea eta aintzat hartzea. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren erabakiak. Errekurtsoak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen aurka. Exekuzioa. Jakinarazpenak. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa Nafarroako Gobernutik.

13.-Administrazio publikoen zehatzeko ahalmena: zehatzeko ahalmenaren printzipioak. Zehatzeko prozeduraren printzipioak. Zehatzeko ahalmena erabiltzeko prozeduraren xedapen orokorrak. Atariko jarduketak eta prozeduraren hasiera. Instrukzioa. Ebazpena. Prozedura erraztua.

14.-Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna: erantzukizunaren oinarriak. Administrazio publikoen aldibereko erantzukizuna. Kalte-ordaina. Ondare-erantzukizunaren prozedurak. Prozedura laburtua. Zuzenbide pribatuko erantzukizuna. Administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna.

15.-Informazioa herritarrei, kide anitzeko organoen bilkuren publizitatea, kopia eta egiaztagiriak eskuratzea, artxibo eta erregistroen kontsulta. Herritarren partaidetza, parte hartzeko erak, bitartekoak eta prozedurak. Herri kontsulta.

16.-Datu pertsonalen babesaren xedea, aplikazio eremua eta definizioak, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera. Printzipioak. Pertsonen eskubideak. Titulartasun publikoko fitxategiak. Titulartasun pribatuko fitxategiak. Arau-hausteak eta zehapenak.

17.-Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa: zioen azalpena; Legearen xedea eta eremua; ekintza positiboak.

Iragarkiaren kodea: L0913037