57. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ALTSASU

Deialdia, Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu baterako

Altsasuko Udalaren Musika Eskolako Udal Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak 2009ko apirilaren 3an egin bilkura berezian, erabaki hau hartu zen, besteak beste:

Ikusirik Altsasuko Udalaren Musika Eskolako Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko deialdiko oinarriak, eta espezialitate horretako lanpostu hutsa behin betikoz betetzea erabaki denez Altsasuko Udalaren Musika Eskolako Udal Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak 2008ko azaroaren 28an egin bilkuran.

Ikusirik lanpostu hori sartua dagoela Altsasuko Udalaren Musika Patronatuaren plantilla organikoan eta aurrekontuan baduela dagokion diru kopurua,

Honako hau erabaki da:

Lehenbizikoa.-Onestea Altsasuko Udalaren Musika Eskolako Udal Patronatuko Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu bat lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko ondotik ematen den deialdiaren oinarriak.

Bigarrena.-Behar diren tramiteak egitea lanpostua betetzeko.

Altsasun, 2009ko apirilaren 7an.-Alkate udalburua, Unai Hualde Iglesias.

ALTSASUKO UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO MUSIKA HEZKUNTZAKO, ESKOLANIAKO ETA ABESBATZAKO IRAKASLE IZATEKO LANPOSTU BAT BETETZEKO DEIALDIKO OINARRIAK

Deialdia, Altsasuko Udalaren Musika Eskolaren zerbitzuko Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko

1. araua. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Altsasuko Udalaren Musika Eskolako Udal Patronatuko Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzea.

1.2. Izendapenak Altsasuko Udalaren Musika Patronatuko nomina eta plantillako langile finko eta lanaldi partzialekoa bilakatuko du hautatua, ondorio guztietarako bilakatu ere, lanpostuaren jabe egiten den egun beretik, eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, hala behar badu, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.3. Urteko lansari gordina Altsasuko Udalaren Musika Eskolako irakasleendako finkatua dagoena izanen da, ikasturte bakoitzerako ezartzen den lanaldiaren araberako proportzioan. B mailari dagokiona izanen da, eta Udalaren plantilla organikoan onetsia dagozkion osagarriekin batean.

1.4. Lanorduen antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da, Altsasuko Udalaren Musika Eskolako matrikularen bilakaeraren arabera, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatu nahi dira:

2. araua. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta Espainiako nazionalitatea izatea edo Europako Batasuneko kidea den estatu batena edo beste edozein estaturena, haietan Europako Batasunak eginiko eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen indarrez aplikatzen baldin bada langileen zirkulazio librea, Europar Batasuna eratu zeneko itunean zehaztu zen bezala. Espainola ez beste nazionalitate bat dutenek gaztelaniaren ezagupen egokia frogatuko dute, betiere.

c) Musikako erdi mailako titulua, edozein espezialitatetakoa, izatea edo hura lortzeko baldintzetan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) euskara. EGA titulua edo Nafarroako Hizkuntza Eskolako 5. mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Euskara maila erakusteko proba baztergarria egin beharko dute euskara titulurik ez duten izangaiek.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta eran egiaztatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.

3. araua. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Altsasuko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eskabideak, eta haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honetako 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren kopia kautotua edo jatorrizkoa kopiarekin batera, konpultsatu ahal izateko.

c) Deialdi honetako 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren eta/edo ziurtagiriaren kopia kautotua edo jatorrizkoa kopiarekin batera, konpultsatu ahal izateko.

d) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia egiaztatuarekin frogaturik ez dauden merezimenduak.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, haien beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Eskabidea onartua izateko, inprimakia behar bezala bete behar da eta, aipatu dokumentazio erantsiaz gain, nahiz eta ez dagoen batera aurkeztu beharrik, beste hau ere aurkeztu beharko da aipatu epearen barnean: programazio didaktikoa, deialdi honetako 6.1.2.c) oinarrian adierazia. Lan hori gutun-azal itxian aurkeztuko da eta gutun-azalaren kanpoko aldean ez da izangaiaren daturik agertuko, baina aukerakoa da lelo bat idaztea. Gutun-azal horren barnean, lanaz gain, beste gutun-azal itxi batean, lana egin duen izangaiaren datuak ere agertuko dira.

4. araua. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burutu ondoan, Udalaren Musika Patronatuko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko 10 egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Altsasuko Udalaren Musika Patronatuko buruak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. araua. Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Altsasuko Udalaren Musika Patronatuko burua.

-Ordezkoa: Altsasuko Udalaren Musika Patronatuko buruak hautatzekoa.

-Lehen mahaikidea: Altsasuko Udalaren Musika Eskolako zuzendaria.

-Ordezkoa: lehen mahaikideak hautatzen duena.

-Bigarren mahaikidea: deialdiko espezialitateko irakaslea.

-Ordezkoa: bigarren mahaikideak hautatzekoa.

-Hirugarren mahaikidea: Altsasuko Udalaren Musika Eskolako ikasketaburua.

-Ordezkoa: hirugarren mahaikideak hautatzekoa.

-Laugarren mahaikidea: Altsasuko Udalaren Musika Eskolako langileen ordezkari bat.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, laugarren mahaikideak hautatzekoa.

-Idazkaria (hizpidearekin baina botorik gabe): Altsasuko Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: idazkariak hautatuko du.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.2. Epaimahaia hautapen probak baino lehen eratu beharko da, epamahaiak jarduteko beharrezkoa izanen da kideen gehiengo absolutua bertan egotea.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.

6. araua. Euskara proba.

6.1. Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako euskararen gaitasun agiririk edo horren baliokiderik ez duten izangaiek euskaraz badakitela frogatu beharko dute oposizio-lehiaketa hasi baino lehen. Horretarako, bi proba eginen dituzte, idatzia bata eta ahozkoa bestea. Biak batera kontuan hartuz, gai edo ez-gai kalifikazioa emanen da. Hizkuntza Eskola Ofizialaren 5. maila edo horren baliokidea (3. hizkuntz eskakizuna) da eskatzen den ezagutza maila.

Sakanako Mankomunitateko teknikariek edo, bestela, Mankomunitate horrek izendaturiko teknikariek eginen dute proben kalifikazioa.

6.2. Proba hori burututakoan, gai kalifikazioa lortu dutenak edo gaitasun agiria nahiz baliokidea dutenak oposizio-lehiaketako ariketak egiten hasiko dira.

7. araua. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

7.1.1. Lehiaketaldia.

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskaera aurkezten duten unean berean alegatu eta egiaztatu beharko dituzte merezimendu guztiak. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak ekarri beharko dituzte; bestela, ez aurkeztutzat joko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

7.1.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldian gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira.

Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

A) Irakaskuntzako ariketa praktikoa.

Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahalko dira eta, gutxienez, 20 beharko dira gainditzeko.

Bi eskola eman beharko dizkie ikasle hasi berri bati eta hastapena jadanik egina duen ikasle bati. Eskolek 20 minutu iraunen dute gehienez. Eman beharreko gaiak hautagaiak berak aukeratuko ditu. Eskolak buruturik, izangaiak horietan egin duen planteamendua defendatuko du epaimahaiaren aitzinean, goiti-beheitirik izan baldin bada horien gainean ariko da eta emaitzaren balorazioa eginen du. Epaimahaiak denetariko galderak egiten eta argibideak eskatzen ahalko dizkio izangaiari, emandako eskolen, alderdi pedagogikoen edo beste edozein konturen gainean. Epaimahaiak onerako baloratuko ditu izangaiaren baliabideak ikasleen arreta bereganatzeko, komunikatzeko duen ahalmena, haiengana jotzeko eta proposamenak aurkezteko manera, eskola norainoko dinamismoaz planteatzen duen, etab.

Ariketa buruturik, epaimahaiak iragarki oholean izangaien puntuazioaren zerrenda emanen du argitara, eta hurrengo ariketaren data eta lekua jakinaraziko. Ariketa honetan 20 puntu erdiesten ez dituztenek ezin izanen dute oposizioaldian jarraitu.

B) Musika Hezkuntzan, Eskolanian eta Abesbatzan aritzeko ariketa praktikoa.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira eta, gutxienez, 10 beharko dira gainditzeko.

Espezialitate honetan, epaimahaiak izangaiaren eskutan utziko du melodia herrikoi bat, erakuts ditzan bere ezagutza eta gaitasunak haren akonpainamendua egiteko.

Hona epaimahaiak zer baloratuko duen: akonpainamenduaren barietatea, zailtasun teknikoa eta interes artistikoa, eta izangaiaren kalitatea eta heldutasuna bai teknikoa bai musikala.

Ariketa buruturik, epaimahaiak iragarki oholean izangaien puntuazioaren zerrenda emanen du argitara, eta hurrengo ariketaren data eta lekua jakinaraziko. Ariketa honetan 10 puntu erdiesten ez dituztenek ezin izanen dute oposizioaldian jarraitu.

C) Programazio didaktikoa.

Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira eta, gutienez, 14 beharko dira gainditzeko.

Deialdiko espezialitaterako programazio pedagogiko bat aurkeztu eta defenditu beharko da epaimahaiaren aitzinean. Programazio hori idatzita aurkeztuko da, 3.4 oinarrian adierazi den moduan, epaimahaiak aztertu ahal dezan izangaiak haren defentsa egin baino lehen. Epaimahaiak ez du jakinen programazio pedagogiko bakoitza norena den, harik eta defenditzeko unea iristen den arte.

Izangaiak zein arlotako irakasle espezialista izan nahi duen, hartarako duen proposamen pedagogikoa jasoko du programazio pedagogikoan. Hartan, helburu eta edukien proposamen justifikatua, haien garapena kurtso eta mailen arabera, metodologia eta ebaluazioko baliabide guztiak, eskolak antolatzeko orientazioak etab. sartuko ditu. Lan horretan, prestakuntza eta praktika aldetik duen eskarmentua ere eransten ahal du izangaiak, baita, eskarmentu horretan gogoeta jarraikia eginez, musika hezkuntzarako duen planteamendua ere. Halaber, izangaiak berak sortutako material didaktikoak, unitate didaktikoak, bibliografia eta abar aurkezten ahalko ditu.

Izangaiak ekartzen ahalko ditu bere planteamendu pedagogikoak hobeki janzteko egokitzat jotzen dituen material guztiak (teknikoa, didaktikoak...) eta, nolanahi ere, aitzinetik jakinarazi beharko dio Udalaren Musika Eskolako zuzendariari, horrek deus prestatu behar izanez gero, presta dezan.

Izangaiak gehienez ere 40 minutu izanen ditu bere programazio didaktikoa defendatzeko. Jarraian, eztabaida dialektikoan ariko da epaimahaiarekin. Epaimahaiak denetariko galderak egin eta argibideak eskatzen ahalko dizkio izangaiari, defendatutako proposamenaz edo bete beharreko lanpostuari dagokion beste edozertaz.

Hona epaimahaiak zer baloratuko duen onerako: aurkezturiko lanaren kalitatea, ideien argitasuna hura defendatzerakoan, izangaiak erakutsitako ezagutzak, bere planteamenduen koherentzia, sormena, originaltasuna, hala nola proposamen osoa bat datorren Altsasuko Udalaren Musika Eskolak ikastetxe gisa duen filosofiarekin.

Izangaiek www.alsasua.net webgunearen bitartez izanen dute sarbidea Altsasuko Udalaren Musika Eskolan indarra duen ikasketa planera, beren programazioa gartara egokitu ahal izateko, nahitaezkoa ez bada ere.

Altsasuko Udalaren Musika Eskolak bermatuko du proba honetan aurkezturiko informazioaren konfidentzialtasuna. Aipatu informazioa hautapen prozesu hauen espedientean gordeko da, eta ez da inola ere hedatuko.

Epaimahaiak antzemanez gero aurkezturiko lana ez dela izangaiak egina, izangaia zuzen-zuzenean baztertuko du hautapen prozesutik.

Izangai bakoitzaren oposizioaldiko ariketetako puntuazioa ateratzeko, parte hartzen duten mahaikide guztien kalifikazioen banaz-besteko aritmetikoa eginen da, baina muturreko kalifikazioak, hau da, handiena eta txikiena, baliogabetuko dira.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek NANa aldean dutela agertu beharko dute.

7.2. Azken balorazioa.

Lehiaketaldiko nahiz oposizioaldiko atal guztietako emaitzak baturik puntuaziorik handiena eskuratzen duen izangaia izanen da hautatua.

8. araua. Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, kontratazioa eta agirien aurkezpena.

8.1. Hautapen probak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda, lehiaketaldian eta oposizioko ariketetan bakoitzak guztira lortutako puntuazioaren araberakoa, Altsasuko Udalaren iragarki oholean eta probak egin diren tokian. Zerrenda hori Altsasuko Udalaren Musika Eskolako Zuzendaritza Batzordeari igorriko dio, eta hark eginen du gainditu dutenen artean puntu gehien atera dituen izangaia izendatzeko proposamena.

8.2. Izendatzeko proposamena jakinarazi ondoko 30 egun naturalean, proposatu den izangaiak agiri hauek ekarri beharko ditu Altsasuko Udaleko Langileria Departamentura:

a) Jaiotagiriaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia behar bezala egiaztatua, edo hura jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

8.3. Epearen barrenean izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbesteko eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatua izan eta bere jarduketa guziak baliogabetuta geratuko dira, deusetan ukatu gabe, hala bada, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzunkizuna.

8.4. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eginen da, aldi baterako kontratazioetarako erabiltzeari begira, Altsasuko Udalaren Musika Eskolaren beharren arabera.

9. araua. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena, jabetza hartzea eta kontrataziorako baimena ematea.

9.1. Hautapen prozedura burututa eta izangaiak aurreko 8.2 oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, organo eskudunak proposatu den izangaia izendatu eta kontratatuko du, eskatutako baldintzak moduz eta tenorez bete baditu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Aipatu epean jabetza hartzen ez badu, ezinbestekoetan izan ezik, izendapenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.

10. araua. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen kontra, errekurtso hauetako bat para daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik egintza egin duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, orobat errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

d) Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................., adinez nagusia, NAN zenbakia: .............., jaioteguna:........................., jaioterria: ............ (...........); bizilekua: ........................., karrika: ................., zenbakia: ................, posta kodea: ..........., telefonoak: ............

Udalaren aitzinera azaldu eta adierazten dut:

-Eskatzen dudala onartua izatea Altsasuko Udalaren Musika Eskolarako Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko deialdian.

-Orobat, karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez dudala.

-Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Badudala deialdiko 2. arauan adierazten den titulazioa.

-Euskaraz badakidala erakusteko, gaitasun probetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dudala (beharrezkoa bada).

-Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta, horren ondorioz, Altsasuko Udalaren Musika Eskolarako Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1.-Aurreko eskarmentua irakasle lanetan.

Atal honetako puntuazioa, gehienez ere, 10 puntukoa izanen da.

1. Lortu nahi den lanpostuaren espezialitateko irakasle gisa, administrazio publikoen musika eskoletan edo kontserbatorioetan egindako zerbitzuak; ikasturte oso bakoitzeko: 1,50 puntu. (gehienez ere 7,5 puntu).

Ikasturte osoa baino gutxiagoko zati edo hilabete bakoitzeko, aitzineko atalean aipatzen diren lanpostuetan: 0,125 puntu, hilabeteko.

2. Lortu nahi den lanpostuaren espezialitateko irakasle gisa, beste musika eskola batzuetan egindako zerbitzuak; ikasturte oso bakoitzeko: 0,75 puntu; gehienez ere 3 puntu.

3. Irakaskuntza arautuko beste ikastetxe batzuetan musika irakasle gisa igarotako ikasturte bakoitzeko, 0,75 puntu (gehienez ere 3 puntu).

2 eta 3. puntuetan, ikasturte zatiak direnean, 0,06 puntu emanen da hilabete bakoitzeko.

Egiaztagiriak: titulu administratiboaren edo izendapenaren nahiz kontratuaren fotokopia egiaztatua edo kasuan kasuko ikastetxeko idazkariak luzatu eta zuzendariaren oniritzia duen ziurtagiria; bertan, ikasgaia, zerbitzuen iraupen egiazkoa eta lanaldiaren portzentajea jasoko dira. Atal honetan, ikasturte osotzat hartuko da urritik ekainara bitarteko aldia. Puntuak ez dira pilatuko aldi berean egindako zerbitzuek lanaldi osoa baino gehiago egiten badute.

2.-Merezimendu akademikoak.

2. atalean 5 puntu emanen dira gehienez ere.

1. Lortu nahi den lanpostuaren espezialitatearen titulazio berariazkoa izatea: 2,5 puntu.

2. Lortu nahi den lanpostuaren espezialitatekoa ez den beste titulu bat izateagatik, musika arloan, goi mailakoa edo erdi mailakoa: 0,50 puntu, bakoitzeko.

3. Pedagogiaren arloko titulua izateagatik, goi mailakoa edo erdi mailakoa: 0,50 puntu, bakoitzeko.

4. Irakasgaitasun Ziurtagiria izateagatik, unibertsitate batek luzatua: 0,50 puntu.

2. puntuko 2, 3 eta 4. atalengatik 2,5 puntu eskuratuko dira gehienez ere.

3.-Beste merezimendu batzuk.

3. atal osoan 5 puntu emanen dira gehienez ere.

1. Prestakuntza ikastaroak.

3.1 atal honetan 2 puntu emanen dira gehienez ere.

Hezkuntza administrazioek edo unibertsitateek emandako prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak gainditu izana. Ikastaroak sartu nahi den espezialitateari lotutakoak izanen dira, edo eskola-antolamenduari, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriari, psikopedagogiari eta soziologiari. Ikastoroko 10 orduko edo kreditu akademiko bakoitzeko, 0,10 puntu; gehienez ere 2 puntu. Ondorio horietarako, ikastaro guztietako orduen batura eginen da, eta ez da kontuan hartuko hamar ordu baino gutxiagoko gerakina.

Egiaztagiriak: ikastaroen ziurtagiria, zenbat ordu egin diren edo kreditu kopurua adieraziko duena.

2. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuei eskainitako 3.2 atal honetan 3 puntu emanen dira gehienez ere. Izangaiak aurkeztu nahi dituen bestelako merezimenduak, aitzineko ataletan baloratu ez badira: kontzertuak, argitalpenak, musika taldeetakoa izatea, musika emanaldien antolaketa etab.

Iragarkiaren kodea: L0913704