57. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

142/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateek 30 urtetik beherako gazteei zuzendutako guneak hornitzeko diru-laguntzen oinarriak onesten dituena.

Nafarroako toki administrazioek gazteei elkarte, kultur, prestakuntza edo aisia eta jolas interesak bideratzeko guneak erabiltzen lagundu behar diete gero eta neurri handiagoan. Gune horien izaera eta tamaina udalerri bakoitzeko gazteen kopuruaren eta baliabideen araberakoak dira.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak Nafarroako herrietako gazteek gune berriak izatea nahi du eta, horregatik, haiek sortzea sustatzen du, horiek hornitzeko laguntzak emanez, Nafarroako udalen laguntzaz eta ahal duen neurrian. Horrela, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu, eta horren estatutuak onetsi zituen irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretuaren 20. artikuluaren d) atalean ezarritakoa betetzen du.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak beharrezkotzat jo du udal titulartasuneko gune berriak eta aurretik dauden eta gazteei zuzentzen zaizkien beste batzuk hornitzea. Altzariak, ikus-entzunezko baliabideak, baliabide informatikoak edo jolas eta arte materialak baliagarriak izan behar dira gazteen artean sozializazioa eta balio demokratikoak bultzatzeko eta haien sormen artistikoa eta lankidetza espiritua garatzeko; izan ere, helburu horiek aurreikusi dira gune horiek sortzerakoan.

Nafarroako toki entitateei gazteendako guneen hornikuntza errazteko asmoz, Nafarroako Gazteriaren Institutuak laguntza mota hori arautzen duen deialdia foru agindu baten bidez onestea proposatu du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Gobernuaren 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari Nafarroako toki entitateek gazteei zuzendutako guneak hornitzeko diru-laguntzen deialdia tramitatzeko. Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateek 30 urtetik beherako gazteei zuzendutako guneak hornitzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onestea.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 268.118,44 (berrehun eta hirurogeita zortzi mila ehun eta hamazortzi eta berrogeita lau) eurora arteko gastua baimentzea. Nafarroako 2009ko Aurrekontu Orokorretan "toki entitateen gazteendako hornikuntza" izeneko 960001-96100-7609-232100 kontu-sailaren kargura ordainduko da diru hori.

3. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmenaemanen zaio, hala denean soberako zenbatekoa deslotzeko, deialdia ebatzi ondoren, eta kontu-sail beraren kargura eman daitezkeen beste deialdi batzuen gastu gisa baimentzeko.

4. Foru agindu hau kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Gazteriaren Institutuari eta haren Idazkaritza Nagusiaren Atalari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 6an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

OINARRIAK:

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateek 30 urtetik beherako gazteei zuzendutako guneak hornitzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Gazteendako gunetzat joko dira herriko (edo, gazteendako aterpeei dagokienez, kanpoko) gazteek erabiltzeko diren lokal eta instalazio guztiak, horietan gazteen arteko topaketa jarduten duten jarduerak garatzen badira. Gune horien arrakasta bermatzeko, gomendagarria da herriko gazteek diseinuan parte hartzea.

Instalazioak berriak zein aurretik daudenak izan daitezke. Era berean, beste udal zerbitzu batzuetarako erabiltzen diren beste instalazio batzuen barnean egon daitezke. Baina hornitzeko diru-laguntzen xede diren lokalak gazteendako jardueretarako bakarrik erabil daitezke, modu bereizian.

2. Helburua.

Diru-laguntzen berariazko helburua da Nafarroako toki entitateei gazteendako guneak honako hauekin hornitzeko aukera ematea:

-Altzariak: aulkiak, mahaiak, armairuak, apalategiak, esekitokiak...

-Ikus-entzunezko baliabideak: telebista, DVD erreproduzigailua, musika erreproduzigailua, karaokea, bideo-jokoen kontsola...

-Baliabide informatikoak: PC motako ordenagailua, honako hauek dituena: Internet konexioa, inprimagailua, eskanerra, proiektagailua...

-Jolas materiala: mota guztietako ohiko jolasak eta mahai-jokoak.

-Arte materialak: arte plastiko, eszeniko edo musikaletarako.

-Beste jolas material batzuk, aurretik dauden instalazioei erantsita dauden eta herriko gazteek bakarrik erabiltzeko diren guneak hornitzeko.

Diru-laguntzen deialdi honen kargura erosten diren material guztiak inbentarioan sartzeko modukoak izan beharko dira eta gizarteratze eta aukera berdintasunaren arloetarako erabiliko dira.

3. Esparrua.

3.1. Aurreko oinarriak aipatzen dituen diru-laguntzek erositako hornikuntzaren kostu osoaren %100 estaliko dute, gehienez, gune berria bada, edo %50, aurretik dagoen gunea bada. Nolanahi ere, honako muga hauek ezarri dira, gehienez:

-5.000 biztanle arteko udalerriak: 10.000 euro.

-10.000 biztanle arteko udalerriak: 12.000 euro.

-15.000 biztanletik gorako udalerriak: 15.000 euro.

4. Onuradunak.

2009an gazteendako guneak hornitu dituzten Nafarroako toki entitateek diru-laguntza eskatzen ahalko dute, deialdi honen babesean.

5. Eskabidea eta dokumentazioa.

Alkateak edo Gazteriako zinegotziak eskabideak sinatuko dituzte eta, horiekin batera, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zuzendaritzari zuzendutako eskabide orokorra eta hurrengo dokumentuak aurkeztuko dira:

a) Erositako hornikuntza ondasunen gastu egiaztagiriak eta ordainagiriak.

b) Toki entitateak 30 urtera arteko gazteek erabiltzeko den gune berriari edo aurretik dagoen beste bati buruz hartu duen konpromisoa biltzen duen dokumentua.

c) Txosten bat, honako hauek azaltzen duena: guneko posta helbidea; gunearen planoa edo krokisa, diruz lagunduko diren hornikuntzak non kokatuko diren adierazita; diruz lagundutako ekipamenduen erabilerari buruzko deskribapena, gune horretan egin beharreko jarduera programa eta lokala kudeatzeko modua; eta, azkenik, gunea abiarazteari dagokionez, herriko gazteen eskaerak biltzeko erabiliko den partaidetza metodoaren deskribapena.

Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak eta datu faltsuak dituztenak.

6. Aurkezteko epea eta lekua.

Diru-laguntzen eskabideak eta 5. oinarrian eskatutako agiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25) edo, bestela azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 1etik uztailaren 15era bitartekoa izanen da, biak barne. Deialdiari euskarria ematen dion aurrekontuko kontu-saila amaitzen ez bada, bigarren epea zabalduko da, irailaren 1etik urriaren 15era arte, biak barne. Deialdia berriro zabaltzen bada, postaz eta behar bezalako aurrerapenaz jakinaraziko zaie Nafarroako toki entitate guztiei.

7. Balorazioa.

7.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren Atalak instruituko ditu laguntzak emateko prozedurak, banakako balorazio araubidean, bera baita aurkeztutako agiriak bideratu, aztertu eta baloratzearen arduraduna. Ondoren, diru-laguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzari, eta horrek deialdia ebazten duen ebazpena emanen du.

7.2. Behar bezala aurkeztu diren eskaera guztiak hartuko dira aintzat, deialdi honetarako ezarritako zuzkidura osoa amaitu arte. Eskatutako laguntzen kopurua dela-eta deialditik ondorioztatutako gastuak estaltzeko aurreikusi dena baino diru-kopuru handiagoa behar bada, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan sartzeko ordena zorrotzari jarraituko zaio, eskaerak aintzat hartzeko, 3. oinarrian xedatutakoaren arabera.

8. Eskaeren gaineko ebazpena eta ordainketa.

8.1. Gazteendako guneak hornitzeko diru-laguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik 30 egun balioduneko epean.

8.2. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskaerak ukatutzat joko dira.

8.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da eta %100 ordainduko da.

8.4. Nolanahi ere, diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa bat etorriko da 3. oinarrian aurreikusitako kopuruekin eta horien guztien zenbateko osoa, aldiz, deialdi honetarako aurreikusitako zuzkidurarekin.

8.5. Deialdiari jarraikiz, diru-laguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

9. Betebeharrak.

9.1. Diru-laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Nafarroako Gazteriaren Institutuak edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

c) Aurretik aipatutako azaroaren 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

d) Diru-laguntza hori bateragarria da xede berbererako erabiltzen diren beste batzuekin. Nolanahi ere, beste diru-laguntza horien zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

e) Gunearen ageriko lekuren batean adieraziko da hornikuntza Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bati esker egin dela, Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako plaka edo eranskailu baten bidez.

f) Hornitzeko diruz lagundu diren guneetan adierazi beharko da gazteendako berariazkoak direla, horrelakotzat hartzeko. Batez ere udal zerbitzuetarako lokal handiagoen barnean daudenetan agertu beharko da.

g) Diruz lagundutako ondasunak diru-laguntza jasotzeko helbururako erabili beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4. artikuluaren arabera.

10. Ez-betetzea.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-interesak ordaintzea ere, hala badagokio. Kalkuluak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera eginen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

11. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta aplikazio egintzen kontra toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

12. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan zehazten ez den guztian Nafarroako Aurrekontu Orokorraren kargura emandako diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0914189