52. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

47/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariarena. Honen bidez Haur Hezkuntzako bigarren zikloan diharduten ikasleen ebaluazioa arautu da.

Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan diharduten ikasleen ebaluazioa arautzea helburu duen foru agindu hau onets dadin.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duen martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan irakaskuntza horietan diharduten ikasleen ebaluazio prozesua arautu behar duten printzipio orokorrak xedatzen dira.

Foru agindu honen xedea Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren xede, helburu eta edukiekin koherentea den ebaluazio prozesua definitzea da, 23/2007 Foru Dekretuan azaldu printzipioei jarraikiz.

Beste alde batetik, bidezkoa da ebaluazio agiri ofizialak ezartzea, ebaluazio prozesu osoak iraun bitartean lortzen den informazioa agerrarazi eta laburbiltzeko nahiz zikloak iraun bitartean koordinazio egokia eta hezkuntza arloko esku hartzearen koherentzia bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen helburua Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan Haur Hezkuntzako bigarren zikloan diharduten ikasleak ebaluatzeko arauak ezartzea da.

2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebaluazioa curriculumaren izaera ireki eta malguarekin bat etorri beharko da, eta ikastetxeen pedagogia arloko autonomiaren printzipioaren arabera egin beharko da.

2. Ebaluazioa egitean martxoaren 19ko 23/2007 Foru Dekretuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasketen curriculumaren elementu ezberdinak hartuko dira kontuan.

3. Ebaluazioa prestakuntza ematekoa, etengabea, banakakoa eta orokorra izanen da. Ebaluazio prozesuko teknika nagusiak neska-mutilen lanen zuzeneko behaketa sistematikoa eta lan horren azterketa izanen dira.

4. Prestakuntza ematekoa izanen da, lortutako ikasketak identifikatzeko balio duelako, neska edo mutil bakoitzaren bilakaeraren erritmoa eta ezaugarriak ezartzeko aukera ematen duelako; horrela, laguntzarako nahiz curriculum egokitzapen eta aberasterako neurriak hartu ahal dira hala behar duten ikasle guztientzat.

5. Etengabea izanen da neska-mutilen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan barneratuta eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratuta egonen delako.

6. Banakakoa izanen da, ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuko ditu, eta ikaslearentzat bere garapen pertsonal eta sozialean aurrera egiteko laguntza dela ulertuko da.

7. Orokorra izanen da, arlo bakoitzeko ebaluazio irizpideak funtsezko erreferentzia izateaz gain, etapako helburu orokorren lorpena kontuan hartuko duelako.

8. Neska-mutilen ikasketa prozesuaren balorazioa kualitatiboa izanen da, eta prozesu horretan duten bilakaerari buruzko hautematea agerraraziko da.

9. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ari diren irakasleek, ikasketa-prozesuez gain, beren hezkuntza-praktika ere ebaluatuko dute.

3. artikulua. Ebaluazio agiriak.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ebaluazio agiriak honako hauek dira:

-Espediente pertsonala.

-Ebaluazio txostena, familiei bidali beharrekoa.

-Ziklo amaierako ebaluazio txostena.

-Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.

2. Ebaluazio agiri horien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezartzen da.

3. Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak espediente pertsonala irekiko du.

4. Tutore bakoitzak arduratu beharko du ikasle bakoitzaren bilakaerari eta ikasketari buruzko ohar eta balorazioak ebaluazio agirietan agerrarazteaz.

5. Ebaluazio agirietako datuak artxibatu eta gordetzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu, agiri horiek zaindu edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.

4. artikulua. Hasierako ebaluazioa.

1. Ziklo bakoitzaren hasierako ebaluazioaren helburua informazioa eskuratzea da, ikaslearen ezaugarriak jakiteko eta hezkuntza arloko esku-hartzearen plangintza egiteko.

2. Zikloaren hasieran, tutoreak ebaluazio hori eginen du, ikasle bakoitzaren bilakaerari buruz garrantzitsuena eta eskolaldirako interesgarriena den informazioa hartuta. Informazio hori gurasoek emanen dute, eta gehiago behar izanez gero, txosten mediko eta pedagogikoak nahiz, bidezkoa bada, ikasleen hezkuntza prozesua bideratzeko esanguratsuak diren beste txosten batzuk erabili ahal izanen dira. Datu horiek osatu eginen dira zikloan txertatzeko aldian, irakasleek behaketa zuzenaren bitartez jaso dituzten datuekin.

3. Tutorea arduratuko da hasierako ebaluazioan jasotako informazioa eta, bidezkoa bada, aniztasunari erantzuteko hartutako neurriak espediente pertsonalean erregistratzeaz.

4. Era berean, ikasturte bakoitzaren hasieran hasierako ebaluazioa egin ahal izanen da, espedientean bilduta dagoen informazioa kontuan hartuta.

5. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.

1. Ikasturte bakoitzaren hasieran tutoreek arlo bakoitzeko helburu, eduki eta ebaluazio irizpideei buruzko informazioa emanen diete gurasoei edo legezko arduradunei ere, ikasturtearen hasierako taldeko bileran edo ikastetxeak erabakitzen dituen bideak erabiliz.

2. Hezkuntza arloko esku-hartzea ebaluazio irizpideek gidatu behar dute, eta arlo bakoitzaren helburuak nahiz etapako helburu orokorrak lortzeko erreferentziak izan behar dira.

3. Ikasmaila guztietan, hasierako ebaluazioaz gain, hiru hilean behingo hiru ebaluazio bilera eginen dira. Bilera horiek tutoreak koordinatuko ditu. Bileretara neska-mutilen ikasketa prozesuan esku hartzen duten profesionalak joanen dira.

4. Bilera horien helburuak hauek dira: ikasleen ikaskuntza prozesua eta taldearen jokabidea aztertzea eta behar diren erabakiak hartzea, hala taldean nola banakakoak. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eginen da.

5. Bilera horietan, etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak erabakiko du ikasle bakoitzak bere arloan izan duen ikasketa prozesuari buruzko balorazioa. Gainera, prozesu horretan garrantzitsutzat jotzen diren alderdi guztiei dagozkien oharrak azalduko ditu. Hiruhilekoko ebaluazioari buruzko informazioa tutoreek agerraraziko du espediente pertsonalean.

6. Ebaluazio bilera bakoitza amaitutakoan, tutoreak gurasoei edo legezko ordezkariei beren seme-alabek lortu dituzten etapako helburu orokorren nahiz arlo bakoitzeko helburuen bilakaerari buruzko informazioa emanen die idatziz, familiei bidali beharreko ebaluazio txostenaren bitartez. Informazio hori ikasturte bakoitzean osatu beharko da, ikasle bakoitzaren aitarekin, amarekin edo legezko ordezkariarekin egindako banakako bi elkarrizketarekin, gutxienez, ezertan ukatu gabe ikastetxe probatuak sortu eta antolatzeko eskubidea.

7. Etapa amaitutakoan ikasleen azken ebaluazioa eginen da. Tutoreak, hiru ikasturteetan etengabeko ebaluazio prozesuan lortutako datuak oinarri hartuta, haur bakoitzaren azken ebaluazio txostena eginen du. Txosten horretan adieraziko da helburu orokorrak nahiz arlo bakoitzeko helburu espezifikoak zein neurritaraino lortu diren.

8. Ziklo bakoitzaren amaierako ebaluazio txostena Lehen Hezkuntzako lehen zikloko tutorearen eskura jarriko da, hezkuntza prozesuak jarraitzen duela bermatzeko.

6. artikulua. Aniztasunari arreta ematea.

1. Etengabeko ebaluazio prozesuaren testuinguruan, ikaslearen aurrerapena egokia ez denean, ikastetxeek aniztasunari erantzuteko bidezkoak diren neurriak ezarriko dituzte. Neurri horiek zikloaren edozein unetan hartuko dira, beharrizanak atzeman bezain laster betiere, eta hezkuntza-prozesuan aurrera jarraitzeko nahitaezkoak diren ikasketak bereganatzera zuzenduko dira.

2. Aniztasunari erantzuteko neurriak ezartzerakoan kontuan hartuko dira ikasketak errekuperatzeko behar den denborara egokitzeko irizpideak eta ohiko taldean ahalik gehien integratu eta normalizatu beharra, eta neska edo mutil bakoitzaren ikaskuntza prozesua gehien baldintzatzen duten alderdiak izanen dira neurri horien ardatz. Curriculum neurriekin egiten diren arloak ebaluatzean kontuan hartuko dira neurri horietan finkatutako ebaluazio irizpideak.

3. Haur Hezkuntzan berandu sartzen diren ikasleak adinaren arabera dagozkien mailetan eskolatuko dira, eta beharrezkoak diren indartze neurriak hartuko dira eskolan integratzeko eta beren desfasetik errazago oneratzeko, desfaserik bada.

7. artikulua. Ikasleen lekualdatzea.

1. Zikloa bukatuta, neska edo mutil bat beste ikastetxe batera joaten bada ikasten segitzeko, destinoko ikastetxeak eskatuz gero, jatorrizko ikastetxeak destinokoari ziklo amaierako ebaluazio txostena igorriko dio, eta txosten horretako datuak ikastetxeak gordetzen duen espedientearekin bat datozela egiaztatuko du.

2. Lekualdatzea zikloa bukatu baino lehen egiten bada, jatorrizko ikastetxeak ikaslearen lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala igorriko dio destinoko ikastetxeari, betiere horrek eskatuz gero, hori guztia ikaslea ikastetxe berrian hobeki integra dadin eta ikaskuntza prozesuari jarraipena emateko.

3. Aurreko bi puntuetan aipatzen den informazioa "Educa" aplikazio informatikoaren bitartez eskuratu ahal izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.-Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio aholkua ematea, ebaluazio prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei prozesu hori hobetzeko behar diren neurriak har ditzatela proposatzea.

Bigarren xedapen gehigarria.-Ebaluazio agiriak baliabide elektronikoen bidez betetzea.

Ikastetxe publiko eta pribatuek baliabide elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazioko agiri ofizialak, dela "Educa" aplikazio informatikoaren bidez, dela datu guztiak formatu bateragarri batean jasotzea ahalbidetzen duen beste aplikazio baten bidez.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Ikasleen datu pertsonalak.

Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokionez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.-Etapan beste urte bat ematea.

Etapa horretako hirugarren mailatik Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklorako igoera automatikoa izanen da. Dena dela, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak Haur Hezkuntzako etapan ikastetxe arruntetan beste urtebete egon ahal izanen dira eskolatuta, baldin eta horrela beren gizarte eta hezkuntza integrazioa bideratzen bada. Gurasoek edo legezko ordezkariek beren adostasuna eman beharko dute, eta gainera beharrezkoak izanen dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena eta Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuaren baimena.

Bosgarren xedapen gehigarria.-Haur Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostena.

Zikloaren amaierako ebaluazio txostena Haur Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostena izanen da, Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko arauak ematen dituen Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 18ko 216/2007 Foru Aginduaren 5. artikuluan aipatzen den hori.

Seigarren xedapen gehigarria.-Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 23ko 51/2007 Foru Aginduaren aldaketa.

51/2007 Foru Aginduaren seigarren xedapen gehigarriaren (Hezkuntza-arreta) a) idatz-zatia aldatu da, eta honela geratuko da idatzita:

"a) Erlijioa izanen ez duen ikaslearen tutorearen gain egonen da arreta hori, orokorrean."

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

1. Indargabetu eginen da Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak martxoaren 31n eman 63/1993 Foru Agindua, Haur Hezkuntzaren ebaluazioari buruzkoa.

2. Indarrik gabe utzi dira, orobat, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 2an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

I. eranskina

1. Espediente pertsonalean neska edo mutilaren identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, hala nola ikastetxearen datuak.

Neska edo mutilaren identifikazio datuak hauek dira gutxienez: espediente zenbakia, abizenak, izena, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea eta zein ikastetxetan egon den eskolatua, altaren eta bajaren datak adierazita, baita datu mediko eta psikopedagogikorik nabarmenenak ere. Horrez gainera, gurasoen edo legezko ordezkariaren izen-abizenak eta haien identifikazio agiriren baten zenbakia eta telefonoak jasoko dira.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: etapa, zikloko ikasmaila, hizkuntza eredua, ikasketa horiei buruzko araua, arloen zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan ikasten den, bidezkoa bada, ikasturtea, ikastetxearen izena, hasierako ebaluazioari buruzko erabakiak, ebaluazio partzialen balorazioa, zikloko azken ebaluazioaren balorazioa, hurrengo ziklora igarotzeari buruzko erabakia eta horren data, ezarritako helburuak zenbateraino lortu diren, aniztasunari erantzuteko hartutako neurriei buruzko informazioa, eta eskolari buruz egokitzat jotzen diren ohar guztiak.

Ikastetxearen identifikazio datuak honako hauek izanen dira, gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro-zenbakia, helbidea, posta-kodea eta herria.

2. Familiei bidali beharreko ebaluazio txostenean ikastetxearen eta neska edo mutilaren identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak honako hauek izanen dira, gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta-kodea eta herria.

Neska edo mutilaren identifikazio datuak honako hauek izanen dira, gutxienez: abizenak, izena, egiten ari den etapa, hizkuntza eredua, zikloa eta ikasmaila.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira, gutxienez: arlo guztietako gaur egungo ebaluazioari dagokion balorazioa eta aurreko ebaluazioetako balorazioa.

3. Ziklo amaierako ebaluazio txostenean ikastetxearen datuak, neska edo mutilaren identifikazio datuak eta amaitu den zikloaren ebaluazio prozesuari buruzko datuak jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak honako hauek izanen dira, gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro-zenbakia, helbidea, posta-kodea eta herria.

Neska edo mutilaren identifikazio datuak honako hauek izanen dira, gutxienez: abizenak, izena, jaioteguna, jaioterria, jaio zeneko probintzia, jaio zeneko herrialdea.

Zikloaren ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: etapa, etaparen zikloa, ikasturtea, hizkuntza eredua eta arlo bakoitzaren balorazioa. Halaber, neska edo mutilari aniztasunari erantzuteko zein neurri aplikatu zaion agerrarazi beharko da.

4. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonalean ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen gaineko informazioa eta jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: abizenak, izena, jaioteguna, jaioterria, jaio zeneko probintzia, jaio zeneko herrialdea, gurasoen edo tutoreen izenak eta, ziklo honetan matrikulatuta egon den ikastetxe bakoitzari dagokionez, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria eta ikastetxean izan duen alta-eguna eta baja-eguna.

Eskolatzeari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, zikloa, arloen zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan ikasten den, bidezkoa bada, arlo bakoitzean lortutako balorazioa eta, bidezkoa bada, aniztasunari erantzuteko hartu diren neurriak, eta neska edo mutilaren prozesu orokorraren gainean egokitzat jotzen diren ohar guztiak.

Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak honako hauek izanen dira, gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro-zenbakia, helbidea, posta-kodea, herria eta zuzendariaren oniritzia.

Iragarkiaren kodea: F0913462