51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 6an hartua, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Los Arcosko abiadura handiko zirkuitua" esparruaren barnean UPSeko konpentsazio batzordeak sustatu duen "Los Arcosko abiadura zirkuitua" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona.

Martxoaren 13an, Los Arcosko abiadura zirkuitua ezartzeko UPSeko konpentsazio batzordeak planaren aldaketa bat aurkeztu zuen, behar bezala tramitzeko.

I.-Aurrekariak.

Gobernuaren 2007ko urriaren 22ko Erabakiaren bidez, Los Arcosen abiadura zirkuitua jartzeko proiektuaren udalez gaindiko plan sektoriala behin betiko onetsi zen (2009ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 9koa). Proiektua Construcciones Samaniego, S.L.k eta Circuito de Los Arcos, S.A.k sustatu dute.

Plan sektorialak 160 Ha inguruko esparrua hartzen du eta haren helburua Los Arcos herriaren eta Donejakue Bideko autobiaren hegoaldean abiadura zirkuitu iraunkorra eta hirugarren sektoreko erabilera anitzeko zerbitzu osagarriak ezartzea da.

II.-Espedientearen xedea eta proposamenen azalpena.

Hau da espediente honen xedea:

a) Eremurako sarbide nagusia aldatzea.

b) UPSaren garapen faseak aldatzea.

c) Hirugarren sektoreko erabilera anitzeko erabilera eta kirol ekipamendutako erabilerarako den azalera librea handitzea, eraikigarritasuna inola handitu gabe.

d) Los Arcosko herrigunearen eta kanpoko bide azpiegituraren arteko lotuneak aldatzea.

a) Eremurako sarbide nagusia aldatzea.

Indarreko UPSaren arabera, instalazioetarako sarbide nagusiak honako ibilbide hau du: NA-129 Acedo-Lodosa errepidean eraiki beharreko biribilgunetik abiatuta, bat egiten du "Senda de Guiadores" izeneko bidearekin "Carralerín" bideko gurutzaguneraino. Bestalde, zirkuituaren ipar-mendebaldean irteera bat aurreikusi da, "Carralerín" bidearekin bat egiten duena eta, Donejakue Bideko autobia eta N-111 errepidea zeharkatu ondoren, Los Arcosko herriguneari lotzen zaiona. Era berean, zerbitzubide bat aurreikusi da, 6 metroko zabalera eta jada dauden berrantolamenduko bideen ezaugarrien antzekoak dituena; enpresa hornitzaileek eskatu dute bide hori: Estellerriko Jarduera Ekonomikoen Eremuaren ipar-mendebaldean dagoen bideari lotuko litzaioke eta horretatik zirkuituko erabilera anitzeko ekipamendu gunera sartuko litzateke.

Aldaketarako egin den proposamena honako hau da: sarbide nagusi gisa, Estellerriko Jarduera Ekonomikoen Eremurako aurreikusitako sarbidea erabiliko litzateke. Hala ere, sarbide hori luzatuko litzateke zirkuituko indarreko zerbitzu bideari lotu arte, Jarduera Ekonomikoen Eremuaren ipar-ekialdean kokatutako berdegunea zeharkatuta. Zerbitzu bidearen geometria- eta eraikuntza-ezaugarriak behar bezala aldatu ondoren, Jarduera Ekonomikoen Eremurako aurreko sarbidearen ondoan eraikiko litzateke, zirkuiturako sarbide nagusian. Horrez gain, indarreko UPSean aurreikusitako sarbide nagusia -"Senda de los Guiadores" izenekoa, alegia- hegoaldeko bigarren irteera bihurtuko litzateke.

Sustatzaileak uste du aldaketa horrek zirkuiturako sarbideak hobetzen dituela: irteera bat gehiago egonen da; ukipenak murriztuko ditu NA-129 errepidean, biribilgune bat kenduz eta altxonbidearen ukipenak desagerraraziz; eta instalazioen funtzionamendua hobetuko du, horien eta ekipamendutarako lurzatien, aparkaleku publikoaren eta egoitza sozialaren kokapena kontuan hartuta, sarbidea erdiratuko baitu.

Aldaketa horrek UPSaren eta, horren ondorioz, haren banaketa-eremuaren lurzoru urbanizagarriaren esparruari 13.794 m² gehitzea dakar. Azalera hori bideetarako eta alboko berdeguneetarako erabiliko litzateke.

Dokumentuak sarbideen aldaketa horrek zirkulazioan izanen lituzkeen ondorioak azaltzen ditu, egun arruntetako zirkulazioa eta "kirol ikuskizunak" dituzten egunetakoa bereizita. Egun arruntetako zirkulazioari dagokionez, eragin handiagorik aurreikusi ez dela adierazi du, Jarduera Ekonomikoen Eremuko biribilgunearen gaineko zirkulazio karga berdina delako; izan ere, bai hasieran aurreikusitako sarbidera bai orain proposatzen denera joateko, derrigorrean handik pasatu behar da. Horrez gain, uste du Jarduera Ekonomikoen Eremuko bideak behar bezalako ezaugarriak dituela sortuko litzatekeen zirkulazio handiagoa hartzeko.

"Kirol ikuskizunak" dituzten egunetako zirkulazioari dagokionez, lehenik eta behin nabarmendu da gertaerak asteburuetan gertatzen direla. Hori dela eta, zirkulazioak (zirkuituak sortutakoa eta Jarduera Ekonomikoen Eremuak sortutakoa) ez dira batera gertatuko. Bigarrenez, gertaera duten egunetan zirkulazioaren arintasuna (sarreretan, irteeretan eta abarretan) bermatzeko hartuko liratekeen neurri osagarriak deskribatu dira, adibidez leku zehatz batzuetan agenteek zirkulazioa arautzea. Amaitzeko, beste irteera bat izatea abantailatsua dela azpimarratu da.

Hala eta guztiz ere, ikusle asko dituzten ikuskizunak antolatzen dituen eta egutegian finkatuta dagoen zirkuiturako sarbideen azpiegiturarik egokiena eta osoena bi biribilgunek (Jarduera Ekonomikoen Eremukoa eta hasieran aurreikusi den biribilgune berria) osatutakoa izanen litzatekeela adierazi da, sarbideko bide nagusiak izanen lituzketelako. Beraz, instalazioaren eta gertaeren antolaketaren epe ertainerako eta luzerako bilakaerak eskatzen duen neurrian, "Senda de Guiadores" izeneko bidea berreskuratuko litzateke (NA-129 errepideko bigarren biribilgunea barne), sarbide nagusietako bat den aldetik.

b) UPSaren garapen faseak aldatzea.

Indarreko UPSak proiektua bi fasetan garatzeko aukera aurreikusi du, urbanizazio proiektuak eta guzti: 1. fasea, "abiadura zirkuiturako espazioak eta instalazio osagarriek, berdeguneek, sarbideko eta sistema orokorreko bide publikoen eta pribatuen ondoko aparkalekuek eta iparraldeko bideak edo "irteerak" osatutakoa; eta 2. fasea, "UPSko gainerako esparruak osatutakoa, urbanizazioaren ondorio esklusiboetarako".

Espediente honetan hirugarren fasea proposatu da, "Senda de los Guiadores izeneko bidean zehar sarbidea antolatzeak" osatutakoa; honako jarduketa hauek hartzen ditu barnean: Senda izeneko bidearen eta NA-129 errepidearen elkarguneko biribilgunea; NA-129 errepidearen galtzada handitzea Jarduera Ekonomikoen Eremurako sarbideko biribilgunearen eta biribilgune berriaren artean; "Senda de los Guiadores" izeneko bidea egokitzea, zirkuituraino doan bide asfaltatua izan dadin; eta, amaitzeko, zirkuitura sartzeko banaketa biribilgunea.

c) Hirugarren sektoreko erabilera anitzeko erabilera eta kirol ekipamendutako erabilerarako den azalera librea handitzea, eraikigarritasuna inola handitu gabe.

Aldaketaren azalpenak horrek zer dakarren nabarmentzen du. Handitze hori sortuko da, Donejakue Bideko autobiarekiko paraleloa den eta berdegunerako erabiltzeko zen lur zerrendaren zabalera murriztuz. Dena den, alde batetik, autobiarekiko derrigorrezko eraikuntza distantzia gainditzen da eta, beste aldetik, berdeguneetarako sektorearen derrigorrezko %10ari (%10,06) eusten zaio.

d) Los Arcosko herrigunearen eta kanpoko bide azpiegituraren arteko lotuneak aldatzea.

Epigrafe honetan honakoa proposatzen da:

-Udalak eta konpentsazio batzordeak "jada dagoen Jarduera Ekonomikoen Eremuko biribilgunearen eta UPSeko eremuko bidearen arteko lotunea gauzatzea" adostuko dute hitzarmenaren bidez. Lotune hori 2.1 puntuan proposatutako aldaketak aipatzen duen sarbide nagusiaren zati izanen litzateke.

-Halaber, UPSean zirkuituaren eta Los Arcosko herrigunearen artean aurreikusi den lotunea -iparraldeko irteera- N-111 errepidean etetea proposatu da, errepide horren eta herrigunearen artean epe laburrera hirigintza jarduketa egitea aurreikusi baita.

III.-Hirigintzaren gaineko zehaztapenak.

Indarreko UPSa eta orain aurkeztu den dokumentazioa erkatuta, egiaztatu behar da UPSko lurzoru urbanizagarriaren mugaketa eta aurkeztutako dokumentuan agertzen dena ez datozela bat. Bien arteko aldea ez da adierazgarria eta ez dakar ondorio nabarmenik: UPSko lurzoru urbanizagarriari gehitu beharreko azalera aldaketak adierazitako 13.794 m²-tik beherakoa izanen da eta, horren ondorioz, berdeguneei eta erabilera anitzeko ekipamenduei dagozkien estandarrak aplikatzetik ondorioztatzen diren azalerak pixka bat txikiagoak izanen dira.

Horrez gain, egiaztatu da aparkaleku publikorako azalera murriztu egiten dela, ondoko berdegunea handitzearen ondorioz. Handitze hori ez da aipatu espedientean, baina, beste eremu batzuekin eta indarreko UPSean soberan dauden berdegune txikiekin (sektorearen azalera kontuan hartuta, haien portzentajea %11,19koa da) batera, hirugarren sektoreko erabilera anitzeko erabilera eta kirol ekipamendutako erabilerarako den azalera librea handitzeak eragiten duen berdeguneen murrizketa konpentsatzen du; murrizketa hori 22.137 m²-koa da. (Horri dagokionez, adierazi behar da hirugarren sektoreko erabilera anitzeko erabilera eta kirol ekipamendutako erabilerarako den azalera librea 42.674 m²-tik 55.076 m²-ra handitzea hirugarren sektoreko erabilera anitzeko erabilerarako baino ez dela izanen; dokumentuaren arabera, kirol ekipamendutako erabilerarako den azalera 9.720 m² baino ez da handituko).

Laburbilduz, zenbakizko aurreko datuetan beharrezko doikuntzak eta, hala denean, egokiak diren zuzenketa txikiak egin beharko lirateke. Izan ere, gerta liteke kirol ekipamendutako eremua handitzeko erabiliko den zerrendak zabalera txikiagoa izan behar izatea, sektorearen azalera kontuan hartuta, berdeguneen azaleraren portzentajea %10ekoa edo hortik gorakoa izan dadin, nolanahi ere.

Hori esan eta proposatu diren aldaketak aztertu ondoren, honako hau hausnartu da:

a) Eremurako sarbide nagusia aldatzea: aldaketa proposatzeko modua ikusita, egoeraren araberakoa dela uler daiteke: instalazioaren eta ikuskizunen antolaketaren epe ertainerako eta luzerako bilakaera ikusita, irtenbiderik egokiena hartuko da, beharbada honakoa izanen dena: bi biribilgunek (Jarduera Ekonomikoen Eremura sartzekoa eta hasieran aurreikusi den biribilgune berria) osatutakoa, sarbideko bide nagusiak izanen lituzketela. Nolanahi ere, egokia izanen litzateke proposatutako irtenbidea zirkulazioari buruzko datu egokien bidez justifikatzea eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak babestea.

b) UPSaren garapen faseak aldatzea: aurreko proposamenak aurrera egiten duen neurrian, onargarria izan daiteke.

c) Hirugarren sektoreko erabilera anitzeko erabilera eta kirol ekipamendutako erabilerarako den azalera librea handitzea: ez dago eragozpenik aldaketa onartzeko, baina, horrekin batera, aurretik aipatu diren zenbakizko doikuntzak aurkeztu beharko dira.

Nolanahi ere, egokia da adieraztea, lurzoru urbanizagarriko sektorearen indarreko eredu-aprobetxamendua (0,1188 AU/m² = 126.235 AU/1.062.825 m²) ez aldatzeko, sektorearen azalera 13.794 m² handitzearekin batera (lehen 1.062.825,82 m² zeuzkan eta orain, aldiz, 1.076.619 m²), kirol ekipamendutako eremuaren azalera eraikigarria 1.667 m² handitu dela, "zirkuituari lotutako hirugarren sektorerako" erabiltzeko. Gauzak horrela, horri homogeneizazio koefizientea -" egoitza sozialaren eraikinari" aplikatu zaion koefizientearen berdin-berdina dena- aplikatuta, eredu-aprobetxamendu berdina (127.902 AU/1.076.619 m² = 0,1188 AU/m²) egonen da.

d) Los Arcosko herrigunearen eta kanpoko bide azpiegituraren arteko lotuneak aldatzea: zirkuituaren eta Los Arcosko herrigunearen arteko lotunearen aldaketa, UPSean aurreikusi dena eta lotunea N-111 errepidean etetea dakarrena, onargarritzat jo da hasieran. Hala ere, Los Arcosko Udalak etete horrek eragindako eremuaren hirigintza aurreikuspenei buruzko informazioa eman beharko du.

Bigarren aldaketari -"jada dagoen Jarduera Ekonomikoen Eremuko biribilgunearen eta UPSeko eremuko bidearen arteko lotunea"- dagokionez, adierazi behar da haren emaitza zirkuiturako sarbideei buruz proposatu den aldaketa ebazteko moduaren araberakoa izanen dela.

IV.-Ingurumenaren gaineko zehaztapenak.

2009ko martxoaren 23an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak adierazi zuen aurkeztu den dokumentazioaren edukia nahikoa dela eta espedientea jendaurrean jartzeko tramitea egin daitekeela. Halaber, UPSaren aldaketa onetsi baino lehen, (orain aldatu beharreko UPS onartzean egin zen) Ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzak betetzen direla bermatu behar dela esan du, Mahoma-Cardiel ibaiaren ibilguaren ondoko eremuari dagokionez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. "Los Arcosko abiadura zirkuitua" udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa irekitzea. UPSeko konpentsazio batzordeak sustatu du.

2. Sustatzaileari adieraztea, espedientea ebatzi baino lehen, eremurako sarbide nagusi berriaren gaineko proposamena zirkulazioari buruzko datu egokien bidez justifikatu beharko duela.

3. Era berean, espedientea ebazteko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eremurako sarbide nagusi berriari buruz egiten dituzten txostenak kontuan hartuko dira, baita Los Arcosko Udalak zirkuituaren eta Los Arcosko herrigunearen arteko lotunea, UPSean aurreikusi dena, N-111 errepidean eteteak eragindako eremuaren hirigintza aurreikuspenei buruz egindakoa ere.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta eragindako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armada Etorbidea 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da egokitzat jotzen diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Nasuinsari, Los Arcosko, Lukingo eta Barbaringo Udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0913406