51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Barneko zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 2272/2009 Ebazpenaren bitartez onetsia, Berriozarko Udaltzaingoko bi agente eta Uharteko hiru udal agente izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko.

Apirilaren 16ko 2272/2009 Ebazpenaren bitartez, Berriozarko Udaltzaingoko bi agente eta Uharteko hiru udal agente izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

OINARRIAK

1. oinarria.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Berriozarko Udaltzaingoko bi agente eta Uharteko hiru udal agente izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onestea.

a) Berriozarko Udala:

-Txanda irekia: 1

-Udaleko langileentzako txanda murriztua: 1

b) Uharteko Udala:

-Txanda irekia: 1

-Udaleko langileentzako txanda murriztua: 2

Igoera txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, udal horretako txanda irekikoei gehituko zaie.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera (jakite mailako hautaprobetako puntuazioa eta proba psikoteknikoetakoa baturik, handienetik txikienerako hurrenkeran).

Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen prozesuan handitzen ahalko da, betiere izangaiak deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

2. oinarria.-Aplikatu beharreko arauak.

Prozedura arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizioan, txanda irekian, onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta 36 urte bete gabe izatea.

c) Batxiler-titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokideren bat izatea.

Dena dela, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30. artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdian onartua izateko aski izanen da eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non deialdi honen 7.2.4 atalean aurreikusitako ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baizik ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen ez arlo akademikoan, ez irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan, ez eta administrazioaren beste esparru batzuetako maila horretako lanpostuak betetzeko ere.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera bederen izatea, eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Kondenatua ez izatea doluzko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) Gutxienez A, B eta BTP motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

h) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen aitorpenaren bidez adieraziko da. Agente nahiz udal agente izendatzen diren izangaien kasuan bakarrik.

3.2. Txanda murriztua.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Berriozarko Udaleko lanpostuetarako: udal horretako langile finko izatea. Uharteko Udaleko lanpostuetarako: udal horretako langile finko izatea.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Administrazio publikoetan egiazki bost urtez zerbitzuak eman izana frogatzea.

3.3. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.g) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiaren 7.2.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4. oinarria.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoan aurkeztuko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren "Bestelakoak" 1.3.6. atalean, "Ordutegia eta bulegoen kokagunea"), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

c) Eskabide eredu ofiziala deialdi honen I. eranskinean dago. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren Erregistroko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen den aldizkari ofizialetik abiatuta bai hemendik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

4.2. Izangaiek ekarri beharreko dokumentazioa.

Bat.-Izangaiak III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela frogatzen duen ziurtagiri mediko ofiziala.

Bi.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 12 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordainduko dira.

Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioak tasak ordaintzetik salbuetsita daude.

Halaber, salbuetsita daude hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Interesdunak erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatuko du ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

Salbuetsita dagoela frogatu ezean, tasa ordaintzen ez badu, izangaia baztertu eginen da.

Hiru.-Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

Lau.-Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

4.3. 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

5. oinarria.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaituta, Barneko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo hamar egun balioduneko epean interesdunek erreklamazioak egin ditzaketela organo dei egileari zuzenduak eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean parte hartzeko eskaerarik aurkezten ez bada, Barneko zuzendari nagusiak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, kasua bada, horiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

Onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak Nafarroako Gobernuaren web orrian ere izanen dira aztergai (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa").

6. oinarria.-Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiko burua: Ignacio Carrillo de Albornoz Alfaro jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Alfonso Fernández Díez jauna, Nafarroako Foruzaingoko burua.

-Mahaikidea: eskaera egin duten udalen erabakiz izendatutako ordezkari bat.

-Ordezkoa: eskaera egin duten udalen erabakiz izendatutako ordezkari bat.

-Mahaikidea: Pilar Zapico Revuelta andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Alfredo González Echarren jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: eskaera egin duten udaletako langileen batzordeen ordezkari bat, batzordeek berek proposatua.

-Ordezkoa: eskaera egin duten udaletako langileen batzordeen ordezkari bat, batzordeek berek proposatua.

-Mahaikide idazkaria: José María Canales Arana jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Juan José Lanciego Balda jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko administraria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haiek legez ordezten dituztenak bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren oinarri arautzaileetan aipatutako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.-Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa 2009ko irailean hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7.2. Oposizioak lehenik hautapenaldia izanen du (probak izanen dira: kultura orokorra, egoera fisikoa, psikoteknikoak eta medikoak) eta ondoren oinarrizko prestakuntza ikastaro bat. Biak ere gainditu beharko dira.

7.2.1. Hautapenaldia:

Hautapenaldian proba hauek izanen dira:

a) Lehenbizikoa.-Lau ariketa egin beharko dira (proba objektiboak), deialdi honen II. eranskinean azaltzen diren lau gai-multzoei buruz.

b) Bigarrena.-III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba horretako ariketak.

Horietan izangaiei altuera neurtuko zaie, 3.1.e) atalean eskatutako baldintza betetzen duten egiaztatzeko.

Izangai guztiak antidopin kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2008ko abenduaren 19an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2009ko 1. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 1ean, argitaratua) eta, bestalde, indarra dute Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segituko du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Hirugarrena.-Hainbat proba psikotekniko eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen ote diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Probak egin aurretik Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariak lanpostuaren profil profesionala proposatuko dio Barneko zuzendari nagusiari, onets dezan. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba berrogeita hamar izangaik baino gehiagok gainditzen badute, jakite mailako proban eta proba psikoteknikoetan, baturik, puntuazio handiena lortu duten berrogeita hamar lehenbizikoak bakarrik iraganen dira hirugarren probara. Berrogeita hamargarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuak izanen dira.

Hautapenaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, gainditu duten eta baztertu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

d) Laugarrena.-Gaur egungo gai bati buruzko idazlana egin beharko da. Epaimahaiak erabaki dezake proba hau lehenbiziko probako ariketekin batera egitea. Horrela eginez gero, hirugarren proba gainditu duten izangaiei bakarrik baloratuko zaie.

e) Lanpostuak aukeratzea:

Epaimahaiak jendaurrean jarriko du izangaiek zer puntuazio lortu duten arestiko a), b), c) eta d) ataletan azaldutako probetan, handienetik txikienera, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gainera, lanpostuak aukeratzeko ekitaldiaren lekua, eguna eta ordua ere adieraziko dira.

Izangairen bat ez bada aukeraketa horretan agertzen, arrazoia edozein izanik ere, baja emanen zaio deialdian.

Aukeraketa behar bezainbestetan errepikatuko da, lanpostu guztak bete arte, baldin eta beharrezkoa bada proba medikoak ez gainditzeagatik edo deialdian aurreikusitako baldintzak (agiriei buruzkoak barne) ez betetzeagatik. Aurreko aukeraketaren batean aurkeztu ez ziren izangaiek ezin izanen dute gerokoetan aurkeztu.

f) Proba medikoak.-Lanpostua lortu duten izangaiak behin-behinekoz onartuko dituzte deialdiaren 7.2.4 oinarrian azaldutako oinarrizko prestakuntza ikastaroan, eta behar diren proba medikoak eginen zaizkie, beren gaitasun psikofisikoa aztertzeko, deialdiaren 3.1 ataleko d) letran ezarritako moduan.

Proba hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak eginen du edo, hala behar bada, behar den baimena duen kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

7.2.2 Agiriak.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarki oholean jendaurrean jarri eta handik hamabost egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3.1 ataleko f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

-Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatuak.

-Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dela kondenatua izan doluzko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Barne Zuzendaritza Nagusiak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo horiek deuseztu direla frogatzen duen agiria, eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

-Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

-Armak aldean izateko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

-Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

-Hala izanez gero, deialdiaren 9.2 oinarriko azken paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak zehaztuko ditu, eta bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

7.2.3. Praktiketako funtzionario izendatzea.

Agente nahiz udal agente izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak dagokien udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira, salbu aurretik udal horietako funtzionarioak direnak.

Udal bakoitzak izangaiak atxikiko dizkio Nafarroako Segurtasun Eskolari eta izendapenak eginen ditu.

Zenbat lanpostu deitu diren, kopuru horrek berak hartuko du parte agente nahiz udal agente izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan.

7.2.4. Agente nahiz udal agente izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroa:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek gobernatuko dute (dekretu horrek Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen).

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, egin badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen dituena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen lortu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak dagokion udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin betikoz onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiek hautapen prozesutik kentzeko; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja eman ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

8. oinarria.-Proben eta agente nahiz udal agente izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenbiziko proban, "test" motako ehun galdera izanen dira, aukerako hiruna erantzunekin; berrogeita hamar Nafarroako legeriari eta erakundeei buruzkoa izanen dira, hogeita hamar Nafarroako geografiari buruzkoak, hamar zientziei buruzkoak eta hamar hizkuntzari buruzkoak.

Ongi erantzundako galdera bakoitzarekin puntu bat lortuko da. Gaizki erantzundako galdera bakoitzarekin puntu erdi galduko da.

Galdera bakoitzak erantzun zuzen bakarra izanen du.

Baztertu eginen dira ariketa guztien emaitzak batuta gutxienez ere berrogeita hamar puntu lortzen ez dituzten izangaiak, edo horietako edozeinetan zero puntu lortzen dutenak.

8.2. Bigarren probako ariketetan izangaien kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, III. eranskinean ezarritako gutxienekoen arabera.

Ariketaren batean "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak eta dopina galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.

8.3. Hirugarren proba zerotik hirurogei puntura baloratuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez hogeita hamar puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.4. Laugarren proba zerotik hogei puntura baloratuko da. Baztertuak izanen dira gutxienez hamar puntu lortzen ez dituztenak.

8.5. Proba medikoetan izangaien kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.6. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.7. Agente nahiz udal agente izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie.

8.8. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapenaldian lortutako puntuazioei prestakuntza ikastarokoak gehituko zaizkie.

9. oinarria.-Agenteen nahiz udal agenteen izendapena, jabetza hartzea eta bizilekuaren gaineko betebeharra.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, udal bakoitzeko organo eskudunak oposizioa gainditzen duten izangaiak udaleko funtzionario eta agente nahiz udal agente izendatuko ditu, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Agente nahiz udal agente lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek kasuan kasuko udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, dagokien udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendadu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.3. Bizilekuaren betebeharra.

Izendatutako izangaiek destinoa duten herrian bertan bizi beharra dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko apirilaren 16an.-Barneko zuzendari nagusia, ordezkoa, Ignacio Carrillo de Albornoz Alfaro.

1. ERANSKINA

Eskabidea

Izen-deiturak: ............................................., adinez nagusia, NAN zenbakia (edo nortasun agiri baliokidea): ......................., jaioteguna: .............................., jaioterria (herria): ..........................., probintzia: ................, nazionalitatea: ........................., helbidea (herria): ....................................., probintzia: ................, kalea: ......................................, zenbakia: ......, solairua: ......, letra: ...., posta kodea: ............ telefonoa: ..................., lantokiko telefonoa: ........................., sakelako telefonoa: ....................

AZALTZEN DUT:

Deialdian onar nazatela eskatzen dudala, oposizio bidez betetzeko Berriozarko Udaltzaingoko bi agente eta Uharteko bi udal agente izateko lanpostuak.

? Txanda irekia.

? Txanda murriztua.

Udala: ..........................................................................

-Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

-Ez dudala arrazoirik indarra duten xedapenetan ezarritako baterazintasunerako.

-Doluzko delitu bat dela kausa ez naizela kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez naizela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

-Deialdian eskatzen den tituluaren jabe naizela.

-Azterketa eskubideak deialdian ezarritako moduan ordaindu ditudala, eta horren gordekina erantsi dudala edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

-Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, 3.1 eta 3.2. oinarriekin bat.

-Nafarroako Gobernuaren Barne Zuzendaritza Nagusiari berariazko baimena ematen diodala deialdiaren 7.2.2 oinarrian aurreikusitako egiaztagiria eskatzeko.

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat har dezatela eta aipatu deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean, 2009ko ................ aren .... (e)an

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. BARNEKO ZUZENDARI NAGUSIA.

2. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1.-Nafarroako legeria eta erakundeak.

1.1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, martxoaren 26ko 1/2001 Lege Organikoak aldatua. Atariko titulua.

1.2. Nafarroako Gorteak edo Parlamentua. Parlamentuko Mahaiaren 2007ko urriaren 8ko Erabakia, Parlamentuaren Erregelamenduaren Testu Bategina onesten duena: IV. titulua, "Nafarroako Parlamentuaren antolamendua", eta V. titulua, "Funtzionamenduari buruzko arau orokorrak". Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa: uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea. Nafarroako Udalen Legegintzako Ekimenari buruzko martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legea.

1.3. Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko uztailaren 20ko 8/2006 Foru Legea.

1.4. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea.

1.5. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

1.6. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua: VII. tituluko ("Administrazio errekurtsoak") II. kapitulua eta IX. titulua ("Zehapen ahalmena").

1.7. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa; atariko titulua: "Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa", I. titulua: "Arau-hauste penala", II. titulua: "Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak", eta III. titulua: "Zigorrak".

1.8. Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa.

1.9. Polizia-deontologia. Etika, moral eta deontologia kontzeptuak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Europako Kontseiluaren Ministroen Komitearen 2001/10 Gomendioa, poliziaren etikaren Europako kodeari buruzkoa. Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa: I. tituluko II. kapitulua, "Segurtasun Indar eta Kidegoen jokabidearen funtsezko oinarriak".

1.10. Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

1.11. Nafarroako toki entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketari eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

Oharra.-Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretako legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

2.-Nafarroako geografia.

2.1. Nafarroako geomorfologia. Morfoegitura unitate nagusiak: Ebroren arroa eta Pirinioak.

2.2. Nafarroako orografia: ezaugarri nagusiak eta Iparraldeko eta Hegoaldeko Pirinioen adarrak. Biztanleriaren eta ekonomiaren gaineko eragina.

2.3. Nafarroako klimatologia: Nafarroan kliman eragiten duten faktoreak. Klima motak Nafarroan. Landaredia: motak eta banaketa.

2.4. Nafarroako hidrologia. Nafarroako ibaien ezaugarriak. Isurialdeak eta arroak: azterketa eta deskribapena. Unitate hidrogeologikoak.

2.5. Nafarroako nekazaritza: eskualdeak eta motak. Nafarroako abeltzaintza: espezieak, eskualdeak, produkzioa eta kokapena. Nafarroako meatzaritza.

2.6. Nafarroako industria: bilakaera, kokapena, arazoak Nafarroan.

2.7. Nafarroako hirugarren sektorea: hezkuntza, komunikazioak, merkataritza. Nafarroako errepideen sarea. Mendateak.

2.8. Nafarroako biztanleria: ezaugarriak, bilakaera, banaketa, eremuak, migrazio mugimenduak. Nafarroako habitata. Biztanleen lanbide eta gizarte egitura.

2.9. Ipar-mendebaldeko eta Pirinioetako Nafarroa hezearen azterketa.

2.10. Pirinioetako arroen azterketa.

2.11. Nafarroako Eki-Erdialdearen eta Mendebal-Erdialdearen azterketa.

2.12. Erriberako Ekialdearen eta Mendebaldearen azterketa.

3.-Zientziak.

3.1. Ekologia: faktoreak, esku-hartzea, ekosistemak, oreka biologikoa. Natura zaintzea.

3.2. Mugimendua: mota desberdinen azterketa problemak ebazteko aplikaturik.

3.3. Indarrak, masa eta azelerazioarekin lotuta. Indar unitateen erabilera.

3.4. Lana, potentzia, energia eta makinak. Problemetarako aplikazioa.

3.5. Berotasunaren azterketa eta makina termiko batzuetarako aplikazioak.

3.6. Elektrizitatea: motak, unitateak, zirkuitu baten osagaiak eta korronte elektrikoaren efektuak.

3.7. Materiaren egitura atomikoa eta molekularra.

3.8. Zatikizko zenbakiak. Eragiketetarako aplikazioak.

3.9. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakun eta konposatua, ehuneko hainbat, banaketa proportzionala eta interes bakuna eta konposatua.

3.10. Nazioarteko neurri sistema.

3.11. Geometria: planoa, poligonoak. Ariketa praktikoak.

3.12. Geometria: espazioa, poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.

4.-Mintzamena.

4.1. Substantiboaren, adjektiboaren eta aditzaren morfologia. Esaldi bakunaren sintaxia.

4.2. Esaldi konposatuaren sintaxia. Deskribapena: hainbat mota. Deskripzioaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.

4.3. Ortografia.

4.4. Sinonimoak eta antonimoak.

3. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak

1.-Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ezta beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro eginen ditu igerian, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean, berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan pausatu, atseden hartu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren ertzean pausatu edo atseden hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Ez gai:

Gizonezkoak: 55'' baino gehiago

Emakumezkoak: 58'' baino gehiago

Gai:

Gizonezkoak: 55'' edo gutxiago

Emakumezkoak: 58'' edo gutxiago

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2.-Erresistentzia proba:

Izangaiek laster egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan.

Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da, oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Hauek izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzea.

b) Izangaia bere kaletik ateratzea.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra ez zapaltzea.

d) Seinale akustikoa entzutean marra ez zapaltzea hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, marratik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik kalifikatzen da.

Ez gai:

Gizonezkoak: 10 baino gutxiago

Emakumezkoak: 8 baino gutxiago

Gai:

Gizonezkoak: 10 edo gehiago

Emakumezkoak: 8 edo gehiago

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinek lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster.

Hauek izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaistea.

b) Izangaiak zangoak flexionatzea.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzea.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta eskala honen arabera:

Ez gai:

Gizonezkoak: 40" baino gutxiago

Emakumezkoak: 25" baino gutxiago

Gai:

Gizonezkoak: 40'' edo gehiago

Emakumezkoak: 25'' edo gehiago

Denbora neurtuko da hamarrenak kontuan hartu gabe.

4.-Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Nola egin: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen denean, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez besteko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu, bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

Ez gai:

Gizonezkoak: 0''57 baino gutxiago

Emakumezkoak: 0''47 baino gutxiago

Gai:

Gizonezkoak: 0''57 edo gehiago:

Emakumezkoak: 0''47 edo gehiago:

Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe.

5.-Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan).

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)

Izangai bakoitzak bi saio izanen ditu ibilbide bakoitzean, saioa baliogabetzat hartzen bada.

Hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako gehienez aurreikusitako denbora gainditzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

Ez gai:

Gizonezkoak: 25''8 baino gehiago

Emakumezkoak: 27''8 baino gehiago

Gai:

Gizonezkoak: 25''8 edo gutxiago

Emakumezkoak: 27''8 edo gutxiago

F0913873_0.EPS

4. ERANSKINA

Bazterbide medikoak

1. Ikusmena. Begien sistema:

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

-4/10 bi begietan, edo

-3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

-2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

-Ikuseremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

2. Entzutea. Entzuteko sistema:

-500tik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

-Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3. Mintzamena

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua:

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

-Zifosiak, 30º baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5. Digestio aparatua:

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Gibeleko zirrosia.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Hesteetako jarioa.

6. Bihotz-hodietako sistema:

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas-aparatua:

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio sistema:

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorearen eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Perlesia periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. Alterazio psikiatrikoak:

-Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

-Gogo-aldartearen nahasteak (jokabide bipolarrak, nahaste depresibo errepikariak, depresioaldi handia, nahaste distimikoak).

-Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren nahasteak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Ugaltze eta gernu aparatua:

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Gernu jarioa.

-Giltzurruneko polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa:

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

-Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

13. Odola eta organo hematopoietikoak:

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

-Immunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Beste batzuk:

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Obesitatea (GMI > 25).

15. Orokortasunak:

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten beste aparatu edo sistema bateko afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: F0913873