51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

TAFALLA

Tafallako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza, Nafarroako Ubideko V. sektoreari dagokiona. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2008ko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, Nafarroako Ubideko V. sektoreari dagokiona. Iragarkia 2009ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 2an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2009ko martxoaren 26an.-Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

TAFALLAKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAREN ORDENANTZA EDO BARNE ARAUBIDEKO ERREGELAMENDUA, NAFARROAKO UBIDEKO V. SEKTOREARI DAGOKIONA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako jarduketa eremuaren barreneko lurrei aplikatuko zaie araudi hau.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzetik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

-Ureztatzeko arauak ezartzea.

-Matxuren berri ematea.

-Obra, sistema eta instalazioetako mantentze lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretarako.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturazioaz den bezainbatean, 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa da Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kalkulatutako metro kubiko kontsumitu bakoitzaren prezioa. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarendako ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %11tik %20raino gehiago badira; berarendako ezarritako kontsumotik goitikoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %1 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kontsumitutako metro kubiko ur bakoitzaren prezioa, I. multzoari dagokiona, ezarriko du kanpaina bakoitzean.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukina, hala nola alderdi baterako eta ohiko laboreetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, erranen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, edo haren meneko enpresa publikoei, zonan zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bertzenaz, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A. Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B. Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

C. Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez esleitzen ahal dira; hori guztia aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

Xedapen gehigarriak.

Bakarra.-Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bertzelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak.

Iragarkiaren kodea: L0912765