51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CASCANTE

Ordenantza, Cascanteko herrilarreen aprobetxamendua
arautzen duena. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2009ko otsailaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Cascanteko herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hura 2009ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoz onetsi da. Hona hemen haren testua:

Cascanteko Udalaren herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ematea du xede Cascanteko Udalaren mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua antolatzearren.

2. artikulua. Herrilurren izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

4. artikulua. Cascanteko Udalari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako aprobetxamenduen inguruan Cascanteko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

III. TITULUA

Herrilarreen aprobetxamenduak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Cascanteko Udala herrilarreen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

6. artikulua. 1. Orokorrean, Cascanteko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

6. artikulua. 2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Cascanteko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

7. artikulua. Cascanteko Udaleko herrilarreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da bertze finka partikular batzuekin, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta lote hauetan banatzen da:

A) La Huertako loteak:

Novellares.-Victoriatik atera, Muchelko bidetik ezkerretara, Murchanteko baratzeko mugaraino. Murchanteko mendiaren mugan goiti egiten du Pradoko elordiraino. Cascanteko mendiko mugan barna doa, Corellako errepidera jaitsi eta handik, Victoriako errepidean aitzina.

Lotearen guti goiti-beheitiko azalera: 1.770 erregu.

Cañalete: Ospitaletik atera, Corellako errepidetik ezkerretara; Pulguerko bidea hartu, ezkerretara, 5. poligonoko 1381. lurzatiraino, eta Bargumanasko erretenean goiti, ezkerretara, 5. poligonoko 1443. lurzatiraino. Hortik, segi erretenean goiti Nahón errekara, Cañaleteko lerroraino, 5. poligonoko 1823. lurzatian barna. 5. poligonoko 872. lurzatitik zuzen jo 5. poligonoko 860. lurzatira, eta Abuelasko bidexkan barna, 5. poligonoko 657. lurzatiko zulora. Handik Calvarioko muga hartu behar da iparralderuntz, eta hirigunearen mugan barna joan Cuesta del Portaleraino. Handik, Ospitaleraino jo.

Guti goiti-beheitiko azalera: 2.125 erregu.

Redipinos eta Muchel: Victoriatik aterata Muchelko bidean barna, eskuinetara, segi Murchanteko baratzeko mugaraino, eta Urzanteko muga, Bolsoko errekan barna, Queiles errekan barna, Bañoko lerroaren mugaraino, Muchelko bidean, Victoria jo arte.

Guti goiti-beheitiko azalera: 1.100 erregu.

Barranco Ramón, Adobas eta Rediguete: Navatik atera, Corellako errepidetik ezkerretara, San Gregorioko ordokian sartzen den bidera ailegatu harte; gero La Peñuelako mugan barna Corellako edo San Gregorioren bidera. Gero, La Boquera eta Estanquillako mugan barna Estanquillako lerroraino, eta handik, Marqués de San Adrián plazako bidetik eta ezkerretara, hor barna Reinuevoko lerroraino, errekan beheiti, 5. poligonoko 1018. lurzatiraino, eta handik, Bargumanasko erretena harturik, 5. poligonoko 1381. lurzatiraino, eta Puerguelgo bidean aitzina, La Navara ailegatu arte.

Guti goiti-beheitiko azalera: 3.980 erregu.

Campos: Fiteroko errepidean barna abiatu, ezkerretik hartu Moncayoko Andre Mariaraino, Tulebrasko eta Remuñalko muga osoan beheiti egiten du, herri bazterretik Fiteroko errepidea jo arte.

Guti goiti-beheitiko azalera: 593 erregu.

Abuelas: Fiteroko errepidean barna abiatu, 5. poligonoko 657. lurzatian, eta eskuin aldera, Abuelasko bidexka harturik 5. poligonoko 860. lurzatiraino; handik zuzen 5. poligonoko 872. lurzatira, eta Nahongo erreka bazterrean barna Moncayoko Andre Mariaraino, eta segi Fiteroko errepidean barna 5. poligonoko 657. lurzatiraino.

Guti goiti-beheitiko azalera: 415 erregu.

Pulguer: Mendebaldean, Corellako errepidearekin egiten du muga, 8. poligonoko 417. lurzatiaren parean, eta handik ezkerretara egiten du baratzeko lerroa besarkatzera, 13. poligonoko 639. lurzatiraino. Bidean aitzina egin 14. poligonoko 219. lurzatiraino, eta handik zuzen 14. poligonoko 254. lurzatiraino. Reinuevoko lugorrietako mugan barna 14. poligonoko 275. lurzatiraino eginik, eskuin aldera bihurtu S. Gregorioko bidera ateratzeko. Gero, Alto de Talladurako bidea joko da, inguratzen baitu, La Peñuelako mugan barna Corellako errepideraino, 7. poligonoko 331. lurzatian. Corellako errepidean barna segi, 8. poligonoko 417. lurzatiraino.

Guti goiti-beheitiko azalera: 5.397 erregu.

La Mata: Hegoaldeko muga Lor da, edo 9. poligonoko lerroa; ekialdetik ateratzen da Ablitasko mugan barna, 10. poligonoko lerroa edo Urzanteko muga besarkatzera Queiles errekaraino; gero, erreka horretan goiti, ezker aldera, Tulebrasko mugaraino, eta muga horretan barna segi, 9.poligonoko lerroarekin bat egiteraino.

Guti goiti-beheitiko azalera: 2.113 erregu.

B) Bazkalekuetako loteak:

Bazkalekuak.-Corellako errepidean ezker aldera jo, Errege Altxonbidera, eta handik aitzina 13. poligonoko 759. lurzatiraino, handik segi bidean Tuterako mugaraino eta Tuterako muga guztian beheiti jo 13. poligonoko 278. lurzatira. Handik Errege Altxonbidera jo, Corellako errepideraino.

Bi bazkaleku horien azalera 1.990 erregu da.

C) Montes de Cierzoko loteak: Montes de Cierzoko herrilurrek osatzen dituzte; horiek Cascanteko ondare dira, Montes de Cierzoko banaketa ekarri zuen epai judizialaren ondorioz.

Sasillo.-12. poligonoko lurzatiek osatzen dute, poligono horretako 276, 277 eta 278. lurzatiak kenduta. Bere loteko eskorta dagokio, "Corral Nuevo" izenekoa.

Guti goiti-beheitiko azalera: 3.358 erregu.

Camponuevo.-Camponuevo alderdiak osatzen du, Corellako errepidetik Errege Altxonbidean eta bazkalekuko mugan barna aterata, ezker aldera, 13. poligonoko 65. lurzatiraino, eta handik zuzen segi ezponda batean beheiti, altxonbideraino, 13. poligonoko 323. lurzatian. Han erretenean sar Corellako errepideraino, 13. poligonoko 639. lurzatian, eta bide horretan goiti baratzeen lerroa besarkaturik, Corellako errepideraino eta handik Errege Altxonbideraino.

Royales.-13. poligonoko 639. lurzatitik Camponuevoko mugan barna Tuterako mugaraino, eta Tuterako muga osoan beheiti 14. poligonoko 5. lurzatiaren muturrera; han gain osoa besarkatu behar da Royalesko goiko bideraino, 14. poligonoko 165. lurzatian; bide horri segi 7. poligonoko lerroraino, 14. poligonoko 257. lurzatian, baratzeko muga besartzeko 13. poligonoko 639. lurzatiraino.

Navasamplas.-14. poligonoko 257. lurzatitik jo ezker aldera Royalesko mugara,Royalesko goiko bidean barna, Errege Altxonbideraino eta Errege Altxonbide osoan beheiti Los Ladrones aldaparaino, 14. poligonoko 1039. lurzatia baita, eta ezker aldera jo, Fiteroko errepidera doan bide batean barna. Segi Fiteroko errepidean beheiti 14. poligonoko 782. lurzatira, Carracerverako bidea dagoen tokian, 14. poligonoko 770. lurzatiraino; han, eskuineko bidea hauta 14. poligonoko 735. lurzatiraino. Handik, 14. poligonoko 737, 738, 739, 740 eta 741. lurzatietako ezpondetan barna, 7. poligonoko lerroa besarkatu behar da, 14. poligonoko 257. lurzatira ailegatzeko.

Navasamplasko eskorta dagokio, Callebrizasko lotearekin batean, mugan baitago; Udalaren iritziz, gainerako sailak ere banatu behar dira.

Guti goiti-beheitiko azalera: 4.726 erregu.

Callebrizas.-Los ladronesko aldapatik, Navasamplasko muga besarka 14. poligonoko 735. lurzatiraino, eta bide bat har Barranco del Caton, Fiteroko errepideraino, 14. poligonoko 712. lurzatian; errepide horretatik Barranco Ramóngo bidean sar 18. poligonoko 215. lurzatiraino. Han, bidea har Corral del Turoraino (14. poligonoko 242 . lurzatia), handik segi 239, 237, 235 eta. 255. lurzatitetako ezpondetan beheiti Chavarriren idoiraino, eta Chavarriren idoian goiti, berriz, Navaloberako bidera eta hartan barna 15. poligonoko 359. lurzatiraino. Eskuin aldera bihur, altxonbidea gurutzatzen duen bidea hartzera; bideak Tuterako mugan du azkena, 15. poligonoko 321. lurzatian, eta Tuterako mugan beheiti segi Los Ladronesko aldapara. Navasamplasko eskorta partekatuaz gain, El Sordo eskorta ere dagokio.

Guti goiti-beheitiko azalera: 4.306 erregu.

Melonares.-Chavarriren idoitik jalgi, Callebrizasko mugan barna Tuterako mugan zehar, segi hor ezker aldera, Tarazonako mugaraino, eta segi hor 17. poligonoko mugaraino, poligono horretako 1. lurzatian, gero besarkatu behar da 17. poligonoko lerroa 16. poligonoko 500 . lurzatiraino eta handik 18. poligonoko lerroa hauta 18. poligonoko 368. lurzatiraino. Segi 18. poligonoko 357, 356, 354 eta 373. lurzatietako ezpondan barna, Chavarriren idoiaren azpiko bidea har Callebrizasko mugaraino, 18. poligonoko 255. lurzatian, eta horretan goiti jo Chavarriren idoiraino.

Eskorta hauek dagozkio: La Sierra eta Maichino. El Sordo ere erabiltzen ahalko du erabiltzen ez badu Callebrizasko errentariak.

Guti goiti-beheitiko azalera: 4.779 erregu.

Plandenas.-16. poligonoko 500. lurzatitik abiatuta jo Vicaríako bidean barna Tarazonako mugaraino, segi eskuin aldera muga horretan barna Monteagudoko mugaraino, eta handik Tulebrasko mugara, 19. poligonoko 111. lurzatian, igo Maderoko lerroko bidean goiti, ezker aldera, 19. poligonoko 1075. lurzatiraino. Segi 19. poligonoko 1065, 1064 eta 1062. lurzatietako mugan barna eta irteerarik gabeko bidea har 19. poligonoko 1186. lurzatiraino, eta handik 19. poligonoko 1999, 804, 798 eta 792. lurzatietako ezpondan barna Portillo el Carrora igotzeko bidera, jo 17. poligonoko lerrora 17. poligonoko 270. lurzataraino, eta handik, 17. poligonoko 279, 281, 284, 292, 290 eta 260. lurzatietako mugan barna, 18. poligonoko lerroa har 16. poligonoko 500. lurzatiraino.

Guti goiti-beheitiko azalera:

A lotea: 2.956 erregu.

B lotea: 4.082.

Plandenasko eskorta; Udalak horren zati bat La Cinquenako errentariarendako utz dezake, baita D Blanca eskorta ere,Carraagredan baitago eta Udalak erosi baitu. Eskorta honetan bi etxola daude, bakoitzak bere bihitegia edo bere gela duela; lote bakoitzari etxola bat dagokio. Plandenasko loteari loturiko etxola lote horrexetarako izanen da; euriaz babesteko estalpearekin muga egiten duena, berriz, La Cinquena izeneko zortzigarren lotekoa izanen da; estalpe horretatik oztopoak kendu beharko dira. "A" lotearen errentariak La Ribera eskorta erabiltzen ahalko du.

Cantera.-Moncayoko Andre Mariaren iturritik, Fiteroko errepidearekin paraleloan dagoen baratzeko lerroa hauta 14. poligonoko 712. lurzatiraino, jo ezker aldera Callebrizasko loteko muga besarkatzera, 18. poligonoko 255. lurzatiraino, eta han Melonaresko mugara eta 16. poligonoko 500. lurzatiraino. Plandenasko mugara heldurik jo Tulebras mugaraino, 19. poligonoko 111. lurzatian, eta segi muga horretan barna Moncayoko Andre Mariaren iturriraino.

Guti goiti-beheitiko azalera: 6.205 erregu.

8. artikulua. Esleipen hartzaileek beren aziendak aterpetzeko, bazkalekuetan dauden udal eskortak erabiliko dituzte.

9. artikulua. Bazkalekuen esleipen hartzaileek ezin izanen diote Udalari inolako kalte-ordainik eskatu, egungo idoi, iturri edo askak agortzen badira, haien bizkar izanen baita beren aizendak urez hornitzea. Hala ere, bazkalekuren batek urik badu, Udalak harako bidea emanen die urik ez duten bazkalekuen onuradunei, inolako erreklamaziorik egiteko aukerarik gabe.

10. artikulua. Bazkalekuetan sute batek larreak suntsitzen baditu, osotara nahiz partez, ukituriko abeltzainak ez du eskubiderik izanen Udalari dirurik batere erreklamatzeko. Udalak ez du inolako erantzunbeharrik izanen haren galeretan eta, beraz, osorik ordaindu beharko dute errenta eta orobat bete kontratuaren beharkizun guztiak. Bide irekia geldituko da, nolanahi, erantzunkizunak eskatzeko kalteen eragileari edo eragileei.

11. artikulua. Cascanteko Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako esleipen zuzenaren bidez.

b) Enkante publikoan esleituz.

Enkanteetan parte hartzeko, Administrazioarekin kontratatzeko orokorrean ezartzen diren baldintzak betetzeaz landa, lizitatzaileek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda egon beharko dute, eta Abeltzaintzak Ustiapenaren Liburuaren titularrak izan.

12. artikulua. Ordenantza honen 6.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

13. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Cascanteko Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Cascanteko Udalean beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenean.

d) Eskaturik-eta zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaiteroen ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak, ezarritako epean aurkezten ez direnean.

Udal loteen esleipena hartu duen familia unitatearen titularrak abeltzaintza ezarritako epea baino lehen uzten baldin badu, Udalak erabakiko du, larre horiek nola erabili esleipen epea burutu arte.

14. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

15. artikulua. Cascanteko Udalak zehazten ahalko du herrilarre bakoitzak jasan dezakeen azienda karga:

La Huerta loteak.

a) Novellares: 300 ardi buru.

b) Cañalete: 300 ardi buru.

c) Redipinos eta Muchel: 200 ardi buru.

d) Bco. Ramón, Adobas, Rediguete: 500 ardi buru.

e) Campos: 150 ardi buru.

f) Abuelas: 150 ardi buru.

g) Pulguer: 600 ardi buru.

h) La Mata: 300 ardi buru.

Bazkalekuen lotea:

Sasillo, El Prado eta El Espartal: 500 ardi buru.

Montes de Cierzo:

a) Sasillo: 500 ardi buru.

b) Camponuevo: 500 ardi buru.

c) Royales: 600 ardi buru.

d) Navasamplas: 600 ardi buru.

e) Callebrizas: 600 ardi buru.

f) Melonares: 700 ardi buru.

g) Plandenas: 700 ardi buru.

h) Cantera: 700 ardi buru.

Azienda kopuruaren % 10eko tolerantzia ezarri da, goiti nahiz beheiti, eta egun bakoitzeko eta azienda karga gainditzen duen buru bakoitzeko 0,60 euroko isuna ezarriko zaio, baldin eta ezarri den tolerantziaren muga gainditzen badu.

Aitzineko paragrafoan erranagatik ere, uztailean, abuztuan eta irailean, mendiko loteetako azienda karga %30 handitzen ahalko da, betiere laborantzen baldintzek horretarako aukera ematen badute.

Abeltzain berari bi lote edo gehiagoren aprobetxamendua esleitzen bazaio, esleitutako lote bakoitzari atxikitako azienda karga begiratu beharko du larreez baliatzean.

16. artikulua. Zenbat azienda hartzen ahal duten eta larreen kalitatea kontuan harturik, Cascanteko Udalak, bazkaleku loteak aprobetxatzeko, honelako kanonak finkatu ditu:

La Huertako loteak.

Novellares, Redipinos eta Muchel: 2.338 euro.

Cañalete, Abuelas eta Campos: 1.475 euro.

Barranco Ramón, Adobas eta Rediguete: 2.934 euro.

Pulguer: 4.722 euro.

La Mata: 3.457 euro.

Bazkalekuen lotea: 3.316 euro.

Montes de Cierzo:

Sasillo: 5.810 euro.

Camponuevo: 3.522 euro.

Royales: 3.775 euro.

Navasamplas: 5.576 euro.

Callebrizas: 5.096 euro.

Melonares: 3.568 euro.

Plandenas a: 3.568 euro.

Plandenas b: 4.588 euro.

Cantera: 7.076 euro.

17. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen goitibeheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI) kontuan hartuz.

18. artikulua. Urte bakoitzeko kanonaren zenbatekoa aurretik ordaindu beharko da, hiru hilabetetik behin, hiruhileko bakoitzaren lehenbiziko 15 egunen barrenean.

Ordaintzen ez bada edo berandu ordainduz gero, premiamendu bidea erabiliz ordainaraziko da; horrez gain, esleipen kontratua suntsitzea ekartzen ahalko du.

19. artikulua. Fidantza. Onuradunak, esleipena gertatu ondoko hamar egunean, esleipenaren prezioa bider zortzi egitetik ateratzen den zenbatekoaren %2 utzi beharko du fidantzatako.

Fidantzak eskudirutan ordaintzen ahalko dira, edo Nafarroako zorra edo erregelamenduaren araberako abala erabilita -abal emaileak idatziz uko egin beharko diolarik Nafarroako Zuzenbide Zibil Pribatuaren bildumako 525 Legeak aipatzen duen eskusio-eskubideari-, balio publiko nahiz pribatuez baliatuz, aseguru-entitate baimendu batekin kauzio kontratua eginez edo Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko maiatzaren 18ko 13/1995 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan onarturiko bertze edozein bide erabiliz.

Fidantza erabiliko da honako gastu hauek estaltzeko: kontratistari, kontratuaren betearazpena dela-eta, ezarri beharreko zehapenak, kontratuak ekarritako obligazioak, berandutza gastuak, kontratua betetzeak edo ez betetzeak dakartzan kalte-galerak, kontratistaren erruz suntsitzen bada etortzen ahal den inkautazioa.

20. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

21. artikulua. Prozedura. Cascanteko Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Herriko Etxeko iragarki oholean ediktua agertuta, 15 eguneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

22. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuek hartzen ahal duten abere-zamaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztien arteko abelburu kopurua abere-zama baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, saria abelburu bakoitzeko kalkulatuko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku edo gehiago esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

Udalak beretzat gordetzen du larre guztien bortzetik bat, onuradun berririk balitz urtean esleitzeko.

23. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

24. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira hamar urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

25. artikulua. Betebeharrak eta debekuak:

a) Eleipen hartzaileak ordenantza honetan ezartzen den epean ordaindu beharko du kanona.

b) Udalak azienda sartzeko eta ateratzeko egunei edo bertze edozeri dagokienez ematen dituen ediktoak bete beharko ditu esleipen hartzaileak.

c) Abuelasko loteko errentariak debeku du arras artzantzan aritzea bai Calvario izeneko lurretan bai haren iparraldean bai San Antonio pasealekuan.

d) Debeku da aziendak larratzera sartzea barrutiko lurzatietan.

e) Debeku da aziendak larratzera sartzea ardiak ez badira.

f) Labore soroetan aziendak ez dira larratzera sartuko harik eta uzta bildu eta 7 egun iragaten ez diren arte. Epe hori iraganik, esleipena duten abeltzainak uztondoak baliatzeko sartzen ahalko dira, askatasun osoz sartu ere. Dena den, jabeak kanaberak paratzen ahalko ditu, adierazteko abereak bertze zazpi egun iragan arte ezin izanen direla sartu. Abuztuaren 15a etorri eta uzta bildu ez bada, aziendak nahi bezala larratzen ahalko dira finketan.

g) Nekazariek uztailaren 15a iragan arte ez dituzte koltza uztondoak goldatzen ahalko, non ez diren horretarako abeltzainekin adosten. Gainerako uztondoak ez dira uztailaren 30a arte goldatzen ahalko.

h) Debeku da aziendak larratzera sartzea almendrondoak, olibondoak, landare tikiak eta zuhaitz berriak dituzten lurzatietara.

i) Esleipen hartzailearen aziendak urriaren 15etik martxoaren 19a arte baliatzen ahalko dira mahatsondoez eta mahastietako belarrez. Hala ere, landareak martxoaren 19a baino lehen mugitzen badira, Udalak muga jartzen ahalko dio data hori baino lehen sartzeari, aitzinetik gaztigatzen badu bandoak behar bezala argitaratuta. Begiratu beharko da txirdilak biltzeko zortzi eguneko epea.

j) Aziendak ez dira mahasti berrietan larratzera sartzen ahalko harik eta haiek landatu eta lau urte iragan arte.

k) Zainzuri soroetako larreez abenduaren 1etik eta urtarrilaren 31 arte baliatzen ahalko dira, landaketaren lehenbiziko urtean izan ezik, urte horretan ez baita aprobetxamendua egiteko eskubiderik izanen.

l) Alfazeetan larratzera sartzen ahalko dira abenduaren 1etik urtarrilaren azken egunera arte, bertzerik ez.

m) Artasoroetan aziendak ez dira larratzera sartuko harik eta uzta bildu eta 7 egun iragaten ez diren arte. Epe hori iraganik, esleipena duten abeltzainak uztondoak baliatzeko sartzen ahalko dira, askatasun osoz sartu ere. Dena den, jabeak kanaberak paratzen ahalko ditu, adierazteko abereak bertze zazpi egun iragan arte ezin izanen direla sartu. Martxoaren 15a etorri eta uzta bildu ez bada, aziendak nahi bezala larratzen ahalko dira finketan.

n) Simaurra abeltzainaren esku geldituko da eta zernahitarako erabiltzen ahalko du; betiere esleipenaldia bukatu aitzin bildu beharko du. Bertzenaz, Udalari laga diola ulertuko da.

o) Euria ari duenean aziendak ezin izanen dira lurzatietan sartu harik eta hiru egun iragan arte.

p) Lote edo bazkalekuetariko bat urik gabe gelditzen bada esleipen hartzaileari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik, lote hurbilenaren esleipen hartzailea beharturik dago uztera urik gabeko azienda bere idoetan sartzera. Hartarako, alderdi horretako landazainak seinalatuko du aziendek ibili beharreko bidea, eta ahaleginak eginen ditu bide motzena eta kalte gutien egiten duena izatera. Bazkalekuaren edo erabili beharreko lursailaren esleipen hartzaileak ez du eskubiderik izanen kalte-ordainik biltzeko, bide eta aska zortasunaren aldera, baina aziendak eramaten dituztenen utzikeria edo zabarkeria dela bide aziendak bere loteetan eragindako kalteen ordaina hartuko du.

q) Ondoko bazkalekuan urik ez bada, eta bai, ordea, bertze batzuetan, gainerako esleipen hartzaileek ere izanen dute obligazio hori, hurbiltasunaren araberako hurrenkeran.

r) Aziendek Udalaren eskortetan egiten duten gorotza azienda gordetzen duenarena izanen da.

s) Azienda gordetzeagatik edo gorotza ateratzeagatik deus hondatuz gero, kasuan kasuko lotearen errentariaren bizkar izanen da.

t) Eskorta bat esleipen hartzaile ezberdinen aziendendako baldin bada, Udalak eta ez bertze inork banatuko ditu haien artean eskortaren atal, eraikin eta sarbideak, eta horren gainean ez da ez erreklamatzeko ez kalte-ordainik biltzeko eskubiderik izanen. Nolanahi ere, Cascanteko Udalak trenkatuko ditu eskorten gaineko liskar, afera edo auzi guztiak.

u) Eskortak gaizki erabiltzen direnean, horren ondoriozko hondaketak esleipen hartzailearen bizkar izanen dira, Udalak adierazten dituen epeetan konpondu beharko baititu. Hori ez betetzeak ekarriko du Udalak subsidiarioki egitea, esleipen hartzailearen kontura. Orobat, esleipen hartzaileak berak kendu beharko ditu errentaldian eta aziendak hobeki egon beharrez eskorta eta estalpeetan egin eta paratutako oholesiak, langak eta gainerakoak.

v) Esleipen hartzaileak bere bizkar eginen ditu eskorta edo artegiak desinfektatu, zuritu eta garbitu, hiru urtean behin bederen eta, bereziki, aprobetxamenduaren epea bukatzean.

w) Artegi, pasabide eta idoietako hobekuntza lan guztiek udal lizentzia beharko dute; beraz, Udalaren baimenik gabe ez dira egiten ahal.

x) Belarren aprobetxamenduak iraun bitartean Udalak bazkalekuetan artegi berriak egitea erabakitzen baldin badu, esleipenaren prezioa goitituko da, eta esleipen hartzaileak ordaingu beharko du, Udalak paratuko duen ehunekoan, egindako hobekuntza lanak amortizatu beharrez.

y) Onuradunak edo esleipen hartzaileak ezin izanen ditu errentan hartutako lurrak eskuz aldatu edo laga, Udalaren berariazko baimena ez badu.

z) Onuradunak edo esleipen hartzaileak bere aziendari dagozkion osasun arloko xedapen guztiak bete beharko ditu.

aa) Debeku da arras animalia hilak lurperatu edo uztea horretarako propio finkaturiko tokietatik at.

bb) Lotean sartzen diren lurretan frutarbola, olibondoa, almendrondoa edo mahastia landatzen bada, edo izatez azienden sarrerarekin bateraezina den bertze edozein laborantza egiten bada, laborariak ez dira beharturik egonen lotearen errentariari kalte-ordainik ematera, ezta errentamenduaren zati proportzionala ordaintzera ere; aldiz, abeltzainek kalte-ordainak eman beharko dizkiete aziendak sartzean kalterik egin badute.

cc) Udalaren eskubidea izanen da gaur egun lantzen ez diren lurrak eskura izatea, horiek laborantzarako, larreak edo oihan berriak sortzeko eta interes publikokotzat jotzen ahal den bertze edozein erabilera emateko. Hala izanez gero, esleipen hartzaileak eskubidea izanen du aprobetxamenduaren kanona berrikusteko, kenduko zaizkion larreen azaleraren eta ezaugarrien heinean.

dd) Esleipen hartzaileak izanen dira artzaintza dela-eta doloz nahiz erruz lurretan edo laborantzetan egiten dituzten kalteen erantzuleak, eta horregatik isunak jartzen badira, berek ordaindu beharko dituzte.

ee) Esleitu gabeko loterik gelditzen bada, debeku da guztiz haietan aziendak sartzea.

ff) Esleipen hartzaileak ezin izanen ditu errentan hartutako lurrak inori eskualdatu edo laga, Udalaren berariazko baimena ez badu.

gg) Esleipen hartzaileak klausula eta baldintza guztietan bete beharko ditu ordenantza hau eta Cascanteko Udalak onesten dituen baldintza-orri guztiak.

26. artikulua. Barrutiak: jabeen eskubidea da beren alorrak begiratuak eta mugarrituak izatea, eta haietan beren azienda baizik ez sartzea. Horretarako, Udalari ordaindu beharko dio lotearen prezioaren arabera erreguko hainbanaketatik dagokion kopurua. Beren finketan aziendarik sartzea nahi ez duten interesdunek idazki bat aurkeztu beharko dute, Udalak paratuko dituen bandoetan aipatu epearen barnean aurkeztu ere, eta hartan honako hauek zehaztu: ukoa zer finkatan ezarri nahi duten, haren azalera, mugak, poligonoaren zenbakia eta katastroko lurzatia, laborantza mota, zer lotetakoa den eta kokalekua. Hala egiten ez badu ez dira barruti bilakatuko, lagapenari baiezkoa ematen diola ulertuko da, eta belarrak Udalaren esku geldituko dira errentamenduaren urteetan, interesdunek ezin izanen dutela ondotik erreklamaziorik egin.

Barruti bilakaturiko finketan jabeak paratu beharko ditu seinaleak, azienda sar ez dadin. Barruti bilakaturiko finka ez badago behar bezala seinalatua, azienda barnera sartzen ahalko da eta esleipen hartzaileak ez du inolako erantzunbeharrik izanen.

Barruti bilakatutako finken jabeek belarrak beren aziendendako erabili ahal izateko, errepidetik edo errege altxonbidetik izan beharko dute sarbidea. Hala ez bada ez dira haietaz bazkatzen ahalko, non eta haiek dauden loteko errentariak ez duen bere jabetzako bertze loteren batean erregu kopuru bera zehazten, edo ez den lurzatiaren titularrarekin adosten.

Jabeek laga nahi ez dituzten lurrek lote bakoitzak hartzen duen azalera osoaren bi heren egiten badute, ez da errentamendurik edo lagapenik gauzatuko, eta barrutiko eskubideak Cascanteko udal ogasunarendako izanen dira.

Esleitu beharreko belarren finken jabeek errentamenduak iraun bitartean ezin izanen dute ez kontraturik egin ez doan laga ezein azienda haietaz bazka dadin, ez eta eskaintza egilerik egon ez delako esleitu gabe gelditzen badira ere, kontrako adierazpenik izan ezean Udalari lagatzen zaizkiolako. Esleitu gabeko loteei dagokienez, jabeek beren alorretako belarrak izanen dituzte eskura, betiere barruti bilakatzeko eskubideak urtero Udalari ordainduta.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

a) Esleipen hartzaileak aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen esleipen prezioa Udalak dioen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua egoki eta osoki ez egitea.

d) Aprobetxamendua bere xede ez bertze baterako erabiltzea.

e) Zehazturiko epeak ez errespetatzea.

f) Herrilarreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia.

g) Animalia hilak beren hartan utzirik, osasun arauak haustea.

h) Lote bakoitzaren mugak ez errespetatzea.

g) Azienda Cascanteko herrigunean barna ibiltzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion bertze edozein egintza.

26. artikulua. Adierazitako arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a, b, c, d eta f letretan adierazten direnek esleipenaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bertzelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

e letrakoak Udalaren larreen esleipen hartzailea izateko ezgaitasuna ekarriko du.

Gainerako arau-hausteengatik 120tik 1.200 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

Arau-hausteetan berreroriz gero, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

Hori guztia, ondasun publikoetan edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin-betikoz onetsitakoan, alegazioak ebatzitakoan, halakorik izan bada, edo bertzenaz jendaurrean egoteko epea iragandakoan inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Argitara ematen da, orok jakin dezan,

Cascanten, 2009ko martxoaren 26an.-Alkate udalburua, Antonio Irujo Redrado.

Iragarkiaren kodea: L0912774