51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

105/2009 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, "Garesko arteria berritzea" izeneko proiekturako. Sustatzailea Izarbeibarko Ur Mankomunitatea da eta hodia Garesko udal mugapean zehar doa.

2008ko apirilaren 4an, idazpuruan aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Maiatzaren 29an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak errekerimendua egin zuen Ingurumen ukipenen azterlana aurkezteko, arestian aipatutako erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritako edukiekin. Sustatzaileak azterlan hori aurkeztu zuen 2008ko abuztuaren 13an.

Proiektuaren xedea Garesko ur hornidurako hodi bat berritzea da. Hodiak 150 mm-ko diametroa du, beheko ur biltegitik irteten da eta herriguneko sarreran dagoen kutxetaraino doa.

Hodiak guztira 1.341 metroko luzera du. Gaineko landare-lurra kendu eginen da gero berriz jartzeko, eta 3V:1H maldako ezponda eginen da lurrean eta bertikala harrian. Oinarriak 80 cm-ko zabalera izanen du.

Ukipenen azterlanean ondokoak daude: aukeren azterketa, ingurumenaren deskribapena, eraginen identifikazioa eta balorazioa, prebentzio eta zuzenketa neurriak, eraginaren balorazio orokorra, eta zuzenketa neurriak jartzeko gastuaren aurreikuspena.

Eraginen balorazioari dagokionez: landaredia, flora eta habitatak direla-eta, azterlanak dio zuhaixka-zerrendetan proiektuaren eragina moderatua izanen dela eta larre mesoxerofilo eta sastrakadi mesomediterraneoetan, berriz, txikia, eta zuzenketa neurriak jar daitezkeela. Done Jakue Bidearen gaineko eragina txikia izanen dela eta zuzenketa neurriak jar daitezkeela dio.

Landarediaren eta Done Jakue Bidearen gaineko eragina gutxitzeko prebentzio eta zuzenketa neurrien zerrenda luzea dakar. Zuzenketa neurriak jarri eta gero eragin orokorra txikia izanen dela dio.

Plangintza eta Laguntza Atalak aldeko txostena eman zuen 2008ko azaroaren 28an, Done Jakue Bideko ukipenei buruz.

Aipatu erregelamenduaren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Erregelamenduaren 31. artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela, hirigintzako legediaren arabera hori ere eskatu behar den kasuetan.

Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2009ko otsailaren 10ean emandako txostena ageri da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Garesko arteria berritzea" izeneko proiekturako. Sustatzailea Izarbeibarko Ur Mankomunitatea da eta hodia Garesko udal mugapean zehar doa.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Ingurumen ukipenen azterlanean azaltzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak jarri behar dira. Bereziki, aldi baterako okupatuko den zerrendaren zabalera 15 metrotik 4 metrora murriztu behar da landaredi naturaleko aldeetan, hau da, baso ertz, sastrakadi eta larreetan, eta ukitutako aldeetako ingurumena lehengoratu behar da. Zubiari atxikitako tartea berritzeko lanetan, bereziki, ur bazterreko landaredia ahalik gutxien ukituko da eta zuhaitz adarrak tresna egokiekin moztuko dira.

-Nekazaritzako pistak, Done Jakue Bideko autobiako zortasun eremuak eta alorrak aprobetxatuko dira zangako obretarako sarbideak egiteko, makinen joan-etorrietan landaredi naturaleko guneak saihestuz.

-Lanak hasi aurreko obra-fasean, okupatu beharreko eremuen eta materialak biltzeko guneen zuinketa eginen da inguruko landaredia kontuan hartuz, eta ukipenak gutxitzeko aukera aztertuko da, aldaketa egokiak eginez zuhaixkak, zuhaitzak eta zumakeak (Rhus coriaria) moztu beharrik ez izateko.

-N-111 errepidearen ondoan (larre mesoxerofiloak eta zuhaitzak dituen alderdian) malda handiko ezponda eginen denez, sustraitze azkarreko belar espezie autoktonoen ereinaldi bat egin behar da epe laburrean, higadura eragozteko.

-Vianako Printzea Erakundearen oniritzia jaso behar da, haren eskumeneko gaietan, Done Jakue Bideari buruz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), hirigintza arloko baldintza hauekin:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Basozaintzari, sustatzaileari eta Garesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 12an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0912174