51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

662/2009 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2009ko deialdia onesten duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitu, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatu eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Ezagutza zientifikoa trukatu eta ikerketa eta berrikuntza teknologikoaren emaitzak zabaltzeko osasun zientzietako profesionalen bilerak funtsezko jarduerak dira osasun zerbitzuen kalitatea hobetzeko, bai prebentzioan, bai osasun laguntzan, bai ikerketan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratu ahal izateko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek laguntzen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2009ko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Gehienez 180.000,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, Nafarroako 2009rako Aurrekontu Orokorretako "Bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak" izeneko 512001 51310 4809 311203 kontu-sailaren kargura. Gastua handitzen ahalko da, laguntzak eman aitzin, aurrekontuetan dirurik egonez gero.

3. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzura eta Irakaskuntza Atalera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko martxoaren 26an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Martín Montaner.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2009ko deialdiko oinarriak.

1. Xedea, modalitateak eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Deialdi honek Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko 2009ko laguntzen araubidea ezartzea du xede.

1.2. Modalitateak.

Deialdi honen xedeko jarduerak modalitate hauetako baterako izanen dira:

a.-Biltzarrak.

b.-Jardunaldiak.

c.-Osasun zentroek eta irakaskuntzatik kanpoko entitateek 2009an antolatzen dituzten ikastaro eta mintegi arautugabeak.

1.3. Onuradunak.

Erabilera publikoko sareko osasun zentroak eta Nafarroan kokaturiko unibertsitateak izaten ahalko dira ebazpen honetan aipatzen diren laguntzen onuradun. Halaber, legez osaturiko osasun zentro, erakunde edo entitateek laguntzak eskatzen ahalko dituzte, Nafarroan badute egoitza, bulegoa edo batzorde antolatzailea.

Entitate eskatzaileak pertsona bat hautatuko du jardueraren arduradun, laguntza kobratu ahal izateko.

2. Jardueren beharkizunak

2.1. Biltzarrek eta jardunaldiek osasun intereseko aitorpena beharko dute.

2.2. Osasun Lanbideetako Prestakuntza Etengaberako Batzordeak baimendu beharko ditu osasun prestakuntza etengabeko ikastaro eta mintegiak. Beste kasuetan, frogatu beharko dute osasun programak sostengatzen dituztela.

3. Eskaeren aurkezpena.

3.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek prestatu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute. Eredua Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuan (Nafarroako Ospitaleko Irakaskuntza Pabilioia) eta erakunde horren www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion web orrian jaso dezakete.

Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2009ko ekainaren 30era bitarte aurkeztu beharko dira.

Eskaerak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna adierazita, baita posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aipatzen diren gainerako zehaztapenak ere. Eskaera igortzen duen egun berean, entitate interesdunak igorpenaren berri eman beharko dio Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuari, telefax bidez.

3.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. Eskaera, entitate eskatzailearen ordezkariak eta jardueraz arduratzen den pertsonak izenpetua.

2. Jardueraren programa, honako hauek azaldurik: ikastaroko helburuak eta edukiak, hizlarien edo irakasleen izen-deiturak eta haien kualifikazio profesionala eta jardueraren xede diren herritarrak.

3. Diru-sarrera eta gastuen aurrekontu xehatua.

4. Entitate eskatzailearen IFK frogatzen duen agiriaren fotokopia; eta

5. Entitate edo zentro eskatzaileak arduradunari baimena eman diola frogatzen duen agiria.

Gainera, 1.2 oinarriko a) eta b) modalitateetako eskaerek osasun intereseko aitorpena aurkeztu beharko dute edo, horrelakorik ezean, eskatu dela frogatzen duen agiriarena, salbu eta osasun intereseko aitorpen hori Osasun Zuzendaritza Nagusiaren bidez tramitatzen denean, kasu horretan eskatzaileak adierazpen bat aurkeztuko baitu, laguntza emateko ebazpenaren eguna edo, bidezkoa bada, eskaerarena azaltzen duena.

1.2 oinarriko c) modalitateko eskaerek Osasun Lanbideetako Prestakuntza Etengaberako Batzordeak luzaturiko baimen ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko du edo, horrelakorik ezean, baimen hori eskatu dela frogatzen duen agiriarena, salbu eta baimen hori Nafarroako Prestakuntza Etengaberako Batzordearen bidez tramitatzen denean, kasu horretan eskatzaileak adierazpen bat aurkeztuko baitu, baimen txostenaren eguna edo, bidezkoa bada, eskaerarena dioena.

3.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Instrukzio organoak, aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, eskabidea ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluaren 3. idatz-zatian xedatu bezala.

4. Prozedura antolatu, tramitatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari esleitu zaizkio. Instrukzio organoaren ebazpen proposamena 5. oinarrian aurreikusitako Legearen batzordeak emandako irizpenari jarraikiz eginen da. Oinarri hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da Irakaskuntza Atalaz ari garela.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasun Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5. Eskabideak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak ebaluazio batzorde bat izendatuko du aurkezturiko eskabideak baloratu eta diru-laguntzak emateko proposamena egiteko.

Ebaluazio batzorde horrek honako kide hauek izanen ditu: laguntzen kudeaketari lotutako hiru lagun eta Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeetako lau.

Batzorde horren proposamena lotzailea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskabideak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluaren 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat. Horretarako, modalitate bakoitzeko proiektuak balorazio irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkeran ordenatuko dira:

a) eta b) modalitateetarako:

-Interes zientifikoa.

-Bilera zientifikoak Nafarroako osasun esparruan izaniko eragina eta oihartzuna.

-Osasun Lanbideetako Prestakuntza Etengaberako Batzordearen baimena.

-Jardueraren esparrua.

-Osasun arloko jarduera edo programekiko lotura.

c) modalitaterako:

-Interes zientifikoa.

-Jardueraren egokitasuna.

-Jarduerak Nafarroako osasun esparruan izaniko eragina eta oihartzuna.

7. Ebazpena.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoak ematen duen proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, eman edo ukatzeko arrazoiak bilduko dituena, entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta diru-laguntza onartu eta, hala bada, ukatu zaien eskatzaileen zerrenda adieraziko du. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori dena deusetan garalazi gabe, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko iragarki oholean eta www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion web orrian paratuko da.. Argitalpen horretan deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onartutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

8. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak jarduera bera garatzeko jasotzen diren bestelako diru-laguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko kostu osoa.

9. Diru-laguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta agiriak.

9.1. Laguntzen zenbatekoak aurrekontu eskatua osorik edo hein batean finantzatuko du, ebaluazio batzordeak egiten duen balorazioarekin bat doitu ondoren, deialdi honen oinarrietan ezartzen diren irizpideei jarraituz.

Jarduera bakar batengatik eman daitekeen zenbatekoa gehienez ere 15.000,00 eurokoa izanen da. Gastu sozialak, material inbentariagarria eta funtzionamenduko gastuak (nominak, telefonoa eta abar) ez dira laguntzaren xede izanen.

Emandako diru-laguntza onuradunak jaso dezakeen diru-kopururik handiena izanen da.

9.2. Laguntzak instituzio, entitate edo elkarte edo erakundeei pagatuko zaizkie edo, bestela, arduradunari, Nafarroan jarduera antolatzeko baimena duenari, dirua banku-kontu batean sartuz, zer jardueratarako erabiliko den zehazturik.

Diru-laguntzaren xede den jardueraren kudeaketa ekonomikorako lankidetza hitzarmenik bada onuradunaren eta Miguel Servet fundazioaren artean, laguntza Miguel Servet fundazioari ordaintzen ahalko zaio.

Diru-laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, jarduera burutu dela frogatu ondoren. Horretarako, diru-laguntzaren xede den jarduera egin eta hurrengo hilabetean, antolatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Irakaskuntza Atalean:

a) Jardueraren bilakaera azaltzen duen memoria teknikoa.

b) Memoria ekonomikoa, laguntzaren gastuen sailkako zerrenda barne, eurotan.

c) Laguntzaren gastuen jatorrizko fakturak edo frogatako balio duten bestelako agiriak, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluarekin bat. Kasu guztietan ordainketa frogatu beharko da.

9.3. Frogagiriak aurkezteko gehieneko epea 2009ko abenduaren 15ean bukatuko da.

10. Onuradunen betebeharrak

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Jarduera entitateak eskabidean eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) Oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Osasun Departamentuaren lankidetza adieraztea, deialdi hau espresuki aipatuz, programetan, zabalkunde materialean, iragarkietan eta izan litezkeen argitalpenetan.

d) Entitate onuradunak laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartu beharko ditu.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

11. Baldintzak aldatzea

Entitate onuradunek diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzen aldaketa guztiak jakinarazi beharko dizkiote Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari.

Salbuespen gisa, entitate onuradunek diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere diru-laguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalak aldaketak onartuko ditu, baldin eta diru-laguntza onartzeko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

12. Laguntza itzultzea.

Jarduera burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesak eskatzea, diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorraraziak.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez da berandutza interesik eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzeko prozedura aipatu den artikuluan xedaturikoaren araberakoa izanen da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita.

13. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

14. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileetan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0913278