51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

661/2009 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, profesionalei osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitu, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatu eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratzen ahalko dituzte.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek diru-laguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun arloko profesionalei osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko 2009ko deialdiko oinarriak onestea.

2. Eskuragarri den gastua baimentzea, gehienez ere 290.000 euro, Nafarroako 2009. urterako Aurrekontu Orokorreko "Ikasketetan sakontzeko bekak" izeneko 512001 51310 4809 311200 kontu-sailaren kargura. Diru-kopurua laguntzak eman aitzin areagotu ahalko da aurrekontu-baliabideen arabera.

3. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuari eta Irakaskuntza Atalari.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko martxoaren 26an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Martín Montaner.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Profesionalei osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko 2009ko deialdiaren oinarriak.

1.-Xedea, modalitateak eta onuradunak

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei 2009. urtean osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko araubidea finkatzea. Diru-laguntzaren xede izanen dira, bai 2008ko deialdia itxi ondoren egindako prestakuntza jarraituko jarduerak bai 2009. urtean egiten direnak.

1.2. Modalitateak.

Deialdi honen xedeko jarduerak modalitate hauetako baterako izanen dira:

1.2.1. Hobekuntzarako laguntzak.

Laguntza hauek osorik edo hein batean berdindu nahi dituzte modalitate hauetakoren batean sartzen diren jarduerek sortzen dituzten gastuak:

A modalitatea.-Hilabeteko edo hortik gorako egonaldiak, izen handiko erakunde edo entitate nazional nahiz atzerrikoetan teknologia berrietan trebatzeko, Foru Komunitatean kokaturiko zentro edo erakundeen proiektuen antzeko ikerketa-ildoetan elkarlanean aritzeko edo mediku egoiliar gisako aldian osasun prestakuntza espezializatuaren programa osatzeko.

B modalitatea.-Eskatzaileak duen lanarekin lotura duten gaietan eguneratzeko ikastaroak eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat baliagarritzat jotzen direnak egitea; prestakuntzaldia gutxienez hilabetekoa izanen da. Ez da laguntzarik emanen entitate publikoek edo pribatuek luzatzen dituzten graduatu ondoko titulu edo ziurtagiriak lortzeko, baldin eta espezializazio ikastaroei badagozkie (master, aditu edo baliokideak) edo haien bidez lanbidean aritzeko gaitasun ofiziala lortzen ahal bada.

C modalitatea.-Osasun Departamentuaren mendeko zentro edo unitateetan hilabetetik sei hilabete bitarteko egonaldiak hizkuntza gaztelania duten edo garapen bidean diren herrialdeetako osasungintzako profesionalentzat, ezagupenak trukatu eta eguneratzeko.

1.2.2. Bidaia poltsak.

Osorik edo hein batean berdindu nahi dituzte modalitate hauetakoren batean sartutako jarduerek sortutako gastuak:

D modalitatea.-Hilabetetik beherako egonaldiak, eskatzaileak lan egiten duen zentro edo erakundeko jardunbidearekin bat datozen erakundeetan, mediku egoiliar gisako aldian osasun prestakuntza espezializatuaren programa betetzeak sortzen dituenak barne.

E Modalitatea.-Hilabetetik beherako ikastaroak, eskatzaileak egiten duen lanarekin zerikusia dutenak eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat interesgarritzat jotzen direnak.

F modalitatea.-Eskatzaileak ekarpen zientifikoen bidez parte hartuko duen biltzar eta bilera zientifikoetara agertzea.

1.2.3. Hizkera teknikoak ikasteko laguntzak.

G modalitatea.-Ikastegi baimenduetan hizkera teknikoak (ingelesa, frantsesa eta alemana) menderatzeko ikastaroak egiteak sortzen dituen gastuak osorik edo hein batean ordaintzeko dira, ikasitakoa, gero, Osasun Zientzietan aplikatzeko. Laguntza ebazpen honen 7.b) atalean aipatutako mailetako bakar bati dagokio.

1.3. Onuradunak.

Deialdi honek aipatzen dituen laguntzak Foru Komunitatean kokaturiko zentro edo erakundeetan, publiko nahiz pribatuetan, beren zerbitzuak ematen dituzten pertsonek eskatzen ahal dituzte; pribatuetakoei, hala ere, eskatuko zaie zentro horiek Osasun Departamentuarekin edo haren erakunde autonomoekin itunak edo lankidetza hitzarmenak sinatuak izatea.

Halaber bidaia poltsetarako laguntzak eskatu ahalko dituzte Osasun Departamentuak finantzaturiko proiektuak gauzatzeko kontrataturiko langile teknikoek edo Osasun Departamentuak sustatutako ikerketa proiektuetan finantzaturik dauden bekadunek, atxikirik diren proiektuekin lotutako jardueretarako.

C modalitatean, nahitaezkoa da eskatzaileak hizkuntza gaztelania duten edo garapen bidean diren herrialdeetako osasun zentro edo erakunderen batean lanean edo prestakuntzaldian aritzea eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak horretarako ezarritako baldintzak betetzea. Eskatzaileek titulua homologatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak luzatua, edo hori izan ezean, homologazioa eskatu izanaren frogagiria.

2.-Eskaeren aurkezpena.

2.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Interesdunek prestatu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute. Eredua Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuan (Nafarroako Ospitaleko Irakaskuntza Pabilioia) eta erakunde horren web orrian (www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion) jaso dezakete.).

Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2009ko ekainaren 30era bitarte aurkeztu beharko dira.

Eskaerak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Eskaera igortzen duen egun berean, interesdunak igorpenaren berri eman beharko dio Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari, telefax bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak ordenagailuan betetako agiri hauek bilduko ditu:

1. Interesdunak berak sinatutako eskaera.

2. Jardueraren programa ofiziala (egonaldietarako izan ezik. Kasu horietan gauzatu beharreko jardueren programa zehaztua aurkeztuko da).

3. Aurrekontu xehekatua.

4. Aritzen den lanpostuarekin lotuta eskaturiko prestakuntza jardueraren oinarri eta helburuak, eskatzaileak betea, Irakaskuntza Batzordeko presidentearen oniritziarekin; batzorde hori ez balego, Zentroko Zuzendaritzarenarekin. (G modalitaterako izan ezik).

5. Zentro edo Erakundearen ziurtagiria, eskatzaileak han duen egoera administratiboa eta lanpostuan duen antzinatasuna agertzen dituena; eta.

6. Zentroko Zuzendaritzaren berariazko baimena bidaiarako, jarduerak eskatzen duenean.

Gainera, modalitateen arabera, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

A, C eta D modalitateak:

-Zentro hartzaile hori eta ez antzekoren bat hautatzeko izan diren arrazoiak.

-Egonaldia eginen deneko entitate hartzailearen adostasun agiria.

A, C eta D modalitateak:

-Laguntzaren aurrerakina ordaintzeko eskatuz gero, eskatzaileak adierazpen bat aurkeztu beharko du, laguntzaren xedeak betetzeko funtsak eskuratu beharra frogatzeko, deialdiaren 9.2 oinarrian xedatutakoarekin bat.

F Modalitatea:

-Ekarpen zientifikoaren laburpena.

-Ekarpen zientifikoaren onarpen espresua.

2.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Instrukzio organoak, eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluaren 3. idatz-zatian xedatu bezala.

3.-Prozedura antolatu, tramitatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari esleitu zaizkio. Organo instruktorearen ebazpen proposamena 4. oinarrian aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak emandako irizpenari jarraikiz eginen da. Oinarri hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da Irakaskuntza Atalaz ari garela.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasun Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

4.-Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak ebaluazio batzorde bat izendatuko du aurkezturiko eskaerak baloratu eta diru-laguntzak emateko proposamena egiteko.

Ebaluazio batzorde horrek honako kide hauek izanen ditu: laguntzen kudeaketari lotutako hiru lagun eta Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeetako lau.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.-Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

5.1. Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluaren 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

5.2. Nafarroako Osasun Sistemako ahalik eta profesional, zentro, erakunde eta zerbitzu gehienetara iristea bilatuko da kontzesioaren proposamenean. Horretarako, modalitate bakoitzeko eskaerak balorazio irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkeran ordenatuko dira:

-Prestakuntza jardueraren egokitasuna eskatzailearen lanbidearentzat eta lanpostuarentzat.

-Eskatzailearen entitate hartzailearen edo jarduera antolatuko duen entitatearen egokitasun maila.

-Irizpide horiek aski ez badira, lanpostua jabetzan izatea eta eskatzaileak lanpostuan duen antzinatasuna lehenetsiko dira.

6.-Ebazpena.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, organo instruktoreak ematen duen proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, eman edo ukatzeko arrazoiak bilduko dituena, onuradunei jakinaraziko zaie. Bertan diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala bada, ukatu diren gainerako eskaerak adierazi beharko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori dena deusetan galarazi gabe, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko iragarki oholean eta www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion web orrian paratuko da.. Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

7.-Mugak.

Deialdi honetako diru-laguntzetarako, muga hauek ezarri dira:

a) Bilkura, biltzar eta gisakoetan ekarpen zientifikoa egiten duen pertsonari baizik ez zaio emanen F modalitateko bidaia poltsa, edo, argi ez badago, lanaren lehen sinatzaileari, zuzenean parte hartu duela frogatzen badu.

b) Hizkera teknikoetako ikastaroetarako laguntzak (G modalitatea) Oinarrizko maila, Bitartekoa eta Aurreratua egiteko izanen dira, eta horretatik kanpo geratzen dira Hasiberrien eta Trebakuntzaren mailak.

c) Egonaldia baimenduriko Irakaskuntza Unitatetik kanpoko zentroetan egiten denean soilik emanen dira osasun prestakuntza espezializatuaren programatik sortutako egonaldietarako laguntzak.

8.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak jarduera bera garatzeko jasotzen diren bestelako diru-laguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, diru-laguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek proiektu edo programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

9.-Diru-laguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta justifikatzeko agiriak.

9.1. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Izen-emate edo matrikulazioak, joan-etorriak, ostatuak eta mantenuak sortutako gastuak osorik edo hein batean berdintzeko da diru-laguntza, kasuaren arabera, eta Ebaluazio Batzordeak, erabiltzeko daukan dirua kontuan hartuz, ezartzen dituen irizpide ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

Hizkera teknikoak ikasteko laguntzen kasuan (G modalitatea), irakaskuntzaren tarifa osorik edo hein batean ordaintzeko izanen dira. Ez dira 600,00 euro baino gehiago emanen.

Emandako diru-laguntza onuradunak jaso dezakeen diru-kopururik handiena izanen da.

9.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Hobekuntzarako laguntza gisa (A, B eta C modalitateak) ematen den diru guztia batera ordainduko da, jardueraren hasieraren behin betiko datak berretsi ondoren, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurrerakinetarako ezarri diren baldintza hauek betetzen badira:

a) Onuradunak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, interesdunak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatzeko.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri arautzaile hauetako 9.2 atalean xedaturikoarekin bat.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, hobekuntzarako laguntzen onuradunak (A, B eta C modalitateak) behartuta daude, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Irakaskuntza Atalera laburpen-txosten bat bidaltzera, gehienez ere 10 orrikoa, eta jarduera burutu dela frogatzen duen agiria, bai eta gastuen justifikazioa eta laguntzari aplikatzeko moduko gastuen zerrenda xehekatua ere, eurotan.

A eta C modalitateetako diru-laguntzetan, onuradun bakoitzari onartutako laguntzak bi atal hartzen ditu: benetan egindako joan-etorriari dagokion zatia joan-etorri guztietarako ezarritako irizpide orokorrei jarraikiz likidatuko da; egonaldiari dagokion laguntza, berriz, egonaldiaren iraupena justifikatu ondoren ordainduko da, gastuen frogagiririk aurkeztu beharrik izan gabe, izan ere, gehieneko laguntza berdina da onuradun guztientzat, eta ezarrita dauden irizpide ekonomikoak baino ez dira aplikatuko.

Bidaia poltsetarako laguntzen kasuan (D, E eta F modalitateak), ordainketa egin aurretik, Irakaskuntza Atalean jarduera egin izanaren frogagiria aurkeztu beharko da, bai eta gastuen frogagiria eta laguntzaren bizkar egindako gastuen zerrenda xehekatua, eurotan emana.

Hizkera teknikoetarako laguntzen kasuan (G modalitatea), ordainketa egin aurretik ikastaroko matrikulazio agiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko hizkuntza ikastetxeak emana, ikastaroaren kostua ordaindu dela frogatzeko, betiere aurrerakinak emateko ezarri diren baldintzak betetzen badira. Likidazioaren ondorioetarako, ikastaroa bukatu eta hilabeteko epean, ikastaroaren aprobetxamenduari buruzko egiaztagiria aurkeztu beharko da, hizkuntzen ikastetxeak emana, ikasleak matrikulatu deneko maila gainditu duela frogatzeko.

Gastuak, oro har, A eta C modalitateetako egonaldietarako berariaz ezarritakoa izan ezik, matrikulazio edo izen-emateari, ostatuari, mantenuari eta joan-etorriei dagozkien fakturen bidez edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, salbu eta ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrietako gastuak; izan ere, kasu horretan onuradunak adierazpen bat sinatu behar du eta bertan jaso joan-etorrian erabilitako ibilgailuaren matrikula, egindako kilometroak Nafarroako Gobernuak ezarriak dituen arauei jarraikiz ordaintzeko.

Ordainketa Irakaskuntza Atalak proposaturik eginen da, ezarritako baldintzak bete ondoren.

Dena dela, frogagiriak Irakaskuntza Atalean aurkezteko epea 2009ko abenduaren 15era artekoa izanen da gehienez.

10.-Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Jarduera eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea.

b) Oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartu beharko ditu onuradunak.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

11.-Baldintzak aldatzea.

Onuradunek diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzen aldaketa guztiak jakinarazi beharko dizkiote Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako jardueraren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalak aldaketak onartuko ditu, baldin eta diru-laguntza onartzeko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

12.-Laguntza itzultzea.

Jarduera burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez da berandutza korritua eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta organo instruktoreak onartzen baditu.

Dirua itzultzeko prozedura aipatu den artikuluan xedaturikoaren araberakoa izanen da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita.

13.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

14.-Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileetan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horeik garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0913277