51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

29/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, turismoko ETEek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko laguntzen 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako turismo sektoreak erabiltzaileendako zerbitzuetan kalitate maila handia eskaini beharra bizi du azken aldi honetan.

Alde horretatik, Foru Komunitatearen helburu nagusietako bat da zerbitzuen kalitatea handitzen lagunduko duten ekintzak ahalbidetu eta bultzatzea, horretarako sektoreko enpresaburuekin batera lan eginez. Horregatik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak enpresaburuek arlo horretan egin dituzten jarduketetarako diru-laguntzak eman ditu azken urteotan, bai inbertsioak egiteko bai ziurtagiriak eman edo sustapena egiteko.

Aurten beste jarduketa batzuetarako diru-laguntzak emanez bultzatuko den lan ildo hori bat dator Turismoko Idazkaritza Nagusiak segitzen duenarekin, eta denek batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.

Hala bada, beharrezkoa da Q markaren ezarpena bultzatzen eta horretarako laguntza ematen jarraitzea. Alde horretatik, kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko laguntzari eusten zaio eta, ematen den laguntza hobetzearren, deialdi honek zabaldu egin du diruz lagundutako jarduketen esparrua, hain zuzen ere markaren erabilerari eta horrekiko atxikipenari, laguntza teknikoari eta marka berritzeko laguntzari lotutako alderdiak sartuz. Hori guztia lagungarria izanen da Nafarroako turismoaren irudi orokorra hobetzeko, kalitateko destino gisa hedatuko baita, enpresaburuen laguntzarekin eta kalitatearen kudeaketarako ereduak eta gaur egungoak erabiliz.

Deialdi hau norgehiagokarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Horren xedea da ahalik eta enpresa kopuru handienak burutzea ziurtagiria lortzeko prozesua eta, ziurtagiria lortu ondoren, horri eustea aurrerago ere. Orain arteko esperientziak erakutsi digu badirela oraindik enpresa batzuk lan ildo horren alde egin, kudeaketa hobetzeko bide den aldetik, baina prozesua burutzera iristen ez direnak. Laguntza hau, hainbanaketa txiki bat egon ala ez, hasitako prozesua burutzeko pizgarria da.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Turismoko ETEek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortu eta mantentzeko laguntzen 2009ko deialdia onestea, bai eta deialdiaren oinarri arauemaileak ere. Foru agindu honen eranskinean daude.

2.-Diru-laguntza horietarako gehienez ere 24.000,00 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Kalitatearen "Q" marka lortzeko ETEentzako laguntzak" izeneko A10001 A1120 4709 432302 kontu-sailaren kargura.

3.-Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 25ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

TURISMOKO ETEE-K NAFARROAN KOKATURIKO ESTABLEZIMENDU TURISTIKOETAN 2009. EKITALDIAN KALITATE TURISTIKOAREN "Q" ZIURTAGIRIA LORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1.-Xedea.

Deialdi honen bidez Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiriak lortu eta mantentzea bultzatu nahi da.

2.-Aurrekontuko zuzkidura eta laguntzak emateko prozedura

2009ko gastuen aurrekontuak bere baitan xede honetarako kontu-sail bat du, 24.000 euroko aurrekontuko zuzkidurarekin. "Kalitatearen Qa lortzeko ETEentzako laguntzak" izeneko A10001 A1120 4709 432302 kontu-saila da. Kopuru hori handitu ahalko da programa berean sarturiko beste deialdiak ebatzitakoan gelditzen diren soberakinekin, aurkeztutako eskaeren arabera, edo kontu-sailean aurrekontuko zuzkidura handiagoa dagoelako.

Diru-laguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontu-saileko dirua gainditzen badute, diru-laguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.

3.-Onuradunak.

Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean establezimendu turistiko arautu gisa erregistratuta badaude Turismoko Erregistro Ofizialean.

ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa eta hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.

4.-Laguntzen barruan sartzen diren jarduketak eta erreferentzialdia

Deialdi honen bidez laguntza emanen da ICTEk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria ezarri, lortu eta berritzeko egin behar den gastu arrunterako eta, zehazki, honako hauetarako:

a) Markari atxikitzeko kuota.

b) Ziurtapenerako kanpoko auditoriaren gastuak (edo ziurtapena jasoa duten establezimenduei Q/UNE arau berriaren araberako ziurtagiria emateko auditoriakoak) eta bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz berritzeko auditoriakoak.

c) Zein urtetarako berritu nahi den, urte horretan marka erabiltzeko eskubidearen kuota.

d) Kanpoko aholkularitzaren laguntza teknikoa, bertaratua eta online, 4.b atalean aintzat hartzen diren ezartze edota berritzeetarako.

Kontzeptu honengatik egiten diren eskaerak, eskatzaileak eta erakunde aholku-emaileak sinatuko dituzte, berariazko eredu formalizatuari jarraikiz. Eskaerarekin batera memoria bat ere aurkeztu beharko da eta bertan ezartzerako lan plana, laguntzarako aurreikusitako ordu kopurua eta laguntzaren aurrekontua zehaztuko dira. Halaber, lan plan horrek bi alderdien onartze sinadura izan beharko du.

Ondorio guztietarako, 2008ko azaroaren 1etik 2009ko urriaren 31ra arte fakturatutako gastuak, denbora horretan auditatu eta ziurtatutako establezimenduei dagozkienak, honen barruan sartzen dira.

5.-Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzak funts galdurako diru-laguntza gisa artikulatzen dira ondoko portzentaje eta mugen arabera:

a) kontzeptua. "Atxikitze kuota": dagokion gastuaren %50 arte.

b) kontzeptua. Auditoretzak: gastuaren %70 arte ziurtagiria lortzeko auditoretzaren gastuagatik, eta %50 bigarren, hirugarren edo laugarren berritzeei dagozkien auditoretzetan eta aldez aurretik ziurtagiria duten establezimenduetan Q/UNE arau berriaren araberako ziurtagiria emateko auditoretzetan.

c) kontzeptua. Marka erabiltzeko eskubidearen kuota: dagokion gastuaren %50 arte.

d) kontzeptua. Kanpoko aholkularien laguntza teknikoa: gastuaren %70, baina diru-laguntza hau gehienez:

-4.000,00 euro ziurtagiria lortzeko laguntzagatik.

-2.000,00 euro ziurtagiria berritzeko eta arau berriaren araberako ziurtagiriak lortzeko laguntzagatik.

Laguntza hauek ez dituzte hartzen auditorearen eta kanpoko aholkularien egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak.

Diru-laguntza kalkulatzerakoan balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.

6.-Araubide juridikoa.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru urteko epean. Horretarako, enpresak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

7.-Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Dena dela, jasotako diru-laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako jardueren kostua baino handiagoa bada, behar den zenbatekoa kenduko zaio diru-laguntzari.

8.- Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskaera ereduak Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuan eta Interneten eskuratzen ahal dira, helbide elektroniko honetan: www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Behar bezala formalizatu eta betetako eskaerarekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Izaera.

a.1) NANa/IFZ.

a.2) Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

a.3) Ahaldunaren notario-ahalordea eta NANa, kasua bada.

b.-Proiektuari buruzko dokumentazioa.

b.1) ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko.

b.2) "Laguntza teknikoarengatik" (4.d) oinarria) egiten bada eskaera, memoria bat erntsiko da, dagokion atalean aipatutakoari jarraikiz, baita onuradunak eta erakunde laguntzaileak sinaturiko eskaera ere, bertan azalduz ziurtagiria lortuz gero, diru-laguntzaren ordainketa erakunde laguntzaileari eginen zaiola.

b.4) Aurrekontua, gaika zehaztua.

c) Bestelakoak.

c.1) Erantzunkizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz, horretarako ezarritako ereduari jarraikiz.

c.2) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpen idazkia, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

c.3) Diruz laguntzen ahal diren kostuentzako eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.

c.4) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, honako helbidean lortzen ahal dena: http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Todos+los+servicios/Asistentes/Impresos+de+Tesoreria.htm)

Agiriak aurkeztean komeni da ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan hartzea, baliabideen zentzuzko erabileran laguntzeko, esate baterako paper birziklatu eta klororik gabe zuritua erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.

9.-Epeak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10.-Eskaeren tramitazioa.

Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismoko zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.

11.-Justifikatzeko epeak, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta laguntzen ordainketa.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako diru-laguntzaren diru-kopurua aldi bakarrean ordainduko da, jarraian zehazten diren agiriak aurkeztu ondoren:

a) 4 a), b) eta c) oinarrian dauden kontzeptuengatik egindako eskaerak:

-Laguntzak justifikatzeko eskabidea, behar bezala beteta.

-Fakturak (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua) eta fakturatutako zenbateko osoa ordaindu izanaren banku frogagiriak.

- Kalitataren "Q" marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) edo beste erakunde eskudunak luzatua edo ziurtagiria berritzeko auditoretza pasatu izanarena.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen zaio, ETE turistikoari aurkeztutako agiriak egiaztatu ondoren.

b) 4.d) oinarrian dagoen kontzeptuarengatik egindako eskaerak

-ETE turistikoak fakturak aurkeztu beharko ditu onartutako aurrekontu osoarengatik eta ordainketaren justifikazioa laguntza teknikorako onarturiko aurrekontuaren %30engatik (edo, hainbanaketa izanez gero, diruz lagundu ez den zenbatekoarengatik).

-Kalitatearen "Q" marka lortu izanaren ziurtagiria edo ziurtagiria berritzeko auditoretza pasatu izanarena.

Ordainketa ebatziko da establezimenduak "Q" ziurtagiria edo marka berritu duela egiaztatu ondoren, eta erakunde laguntzaileari ordainketa egiteko xedatuko da.

Frogagiriak aurkezteko epea 2009ko azaroaren 15ean bukatuko da.

-Ziurtatze batzordearen atzerapen administratiboaren ondorioz enpresa batek ez badu ziurtagiria deialdi honetan ezarritako epean lortzen, auditoriako txostena kontuan hartzen ahalko da, salbuespenez, baldin eta alde orotan adostasuna ematen badu.

12.-Onuradunen betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:

a) Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari 2009ko abuztuaren 15a baino lehen. Ez badu hala egiten, onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdietan kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu.

b) Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 euro gainditzen dituzten zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileek hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela eta horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztu beharko ditu.

c) Idatzizko kontratua aurkeztea azpikontrataturiko jarduera 60.000 eurotik gorakoa denean.

d) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide-orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

e) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aipatutako gainerako betebeharrak.

g) Gastua Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean, web orrian, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.

13.-Diru-laguntzen publizitatea

Deialdi honen bidez emandako diru-laguntzak eta haien onuradunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren web orrian eta departamentuak argitaratzen dituen buletin turistikoetan agertuko dira.

14.-Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan aurreikusitako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak.

15.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.

Iragarkiaren kodea: F0912673