51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

27/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, turismoko ETEei kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria eskuratu eta manten dezaten eta Nafarroako establezimenduetako sarbideak hobetzekoinbertsioak egiteko laguntzen 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako turismo sektoreak turismoko ostatu mota orotako erabiltzaileei eman beharreko zerbitzuetan kalitate maila handia eskaini beharra bizi du azkenaldi honetan. Dudarik gabe, erabiltzailetzat turismoko establezimendu edo zerbitzu bateko balizko bezeroak hartzen ditugu, edozein eratako elbarritasun organiko edo zirkunstantziala pairatzen dutenak barne.

Alde horretatik, Foru Komunitatearen helburu nagusietako bat da zerbitzuen kalitatea handitzen lagunduko duten ekintzak ahalbidetu eta bultzatzea, horretarako sektoreko enpresaburuekin batera lan eginez. Orobat helburua da oztopo fisikoak kentzea eta ostatu eta jatetxeak egokitzea elbarritasunen bat pairatzen duten pertsonek modu autonomoan erabil ditzaten.

Ildo horretan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak enpresaburuek kalitate arloan, oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzeko edo turismo kanpalekuetako segurtasun arloan egiten dituzten jarduerak bultzatu eta sustatu ditu. Jarduketa horiek guztiek etengabeko laguntza behar izaten dute, kalitaterako joerak, zentzu zabalenean, lan ildo estrategikoa izan behar baitu. Horrela, egoki jo da jarduketa horiek laguntza lerro berri baten bitartez bultzatzen segitzea.

Deialdi hau norgehiagokarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Eta hori horrela da enpresaburuek deialdian ageri diren gaietan egiten ahal dituzten ekimen guztiak interesgarriak direlako eta laguntzea ezinbestekoa delako. Kalitate, irisgarritasun edo segurtasun arloetan benetan lan egin nahi duen enpresaburuak, laguntzarik ez baldin badu, posible da jarduera batzuk ez egitea edo atzeratzea. Baina esperientziaz badakigu laguntza jasotzeko aukerarik baldin badago (nahiz eta une batzuetan laguntzaren portzentajea zerbait murriztu ahal den) inbertsioa eginen dela eta, ondorioz, sektorerako hobekuntza ukaezina izanen dela.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Turismoko ETEei kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria eskuratu eta manten dezaten eta Nafarroako establezimenduetako sarbideak hobetezeko inbertsioak egiteko laguntzen 2009ko deialdiko oinarri arautzaileak, foru agindu honetako eranskinean daudenak, onestea.

2. 126.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Transferentziak ekimen pribatuari kalitate planetarako" izeneko A10001 A1120 7709 432302 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 25ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEI KALITATE TURSITIKOAREN
Q ZIURTAGIRIA ESKURATU ETA MANTEN DEZATEN
ETA NAFARROAKO ESTABLEZIMENDUETAKO SARBIDEAK HOBETZEKO INBERTSIOAK EGITEKO LAGUNTZEN
2009KO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xede da enpresa txiki eta ertaineendako laguntzak emateko araubidea arautzea, honako honetarako:

1.-Turismo establezimenduetako kalitate arloko eraberritze eta hobekuntzak, beti ere establezimendu horiek Espainiako kalitate turistikoaren sistemari atxikirik badaude.

2.-Establezimendua turismo irisgarritasunaren baldintzetara egokitzeko egindakoak.

2. Onuradunak.

Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean behar bezala inskribaturik badaude turismo erregistroan.

ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa eta hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.

3. Laguntzen barruan sartzen diren inbertsioak eta erreferentzia aldia.

Deialdi honen barruan sartzen ahalko dira 2008ko uztailaren 2tik 2009ko azaroaren 30erako epean egindako eta fakturatutako inbertsioak, aktibo finko materialei dagozkienak: lurrak, eraikinak, instalazioak, altzariak eta ekipamendua.

Azpiegituretan ingurumen aldetik zuzenak diren material eta produktuak erabiliko dira (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolagailu termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, urpinturak alegia, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuz eta emaria mugatzeko mekanismoz hornituriko saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenak jasan dezakeen eragina neurtuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen ahalegindu beharko da. Eraikin berriak badira, alderdi hauek zainduko dira gainera: eraikinaren orientazioa, diseinu arkitektonikoa, eraikuntza osasungarria eta instalazio eraginkorrak, ahal dela energia berriztagarriak erabiltzen dituztenak.

Era berean, obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemak, bilketa sailkatua ahalbidetzen dutenak, aurreikusiko dira.

4. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen konpromisoei erantzuna emateko aurrekontuko gehienezko zuzkidura 126.000,00 eurokoa da eta 2009ko gastuen aurrekontuko "Transferentziak ekimen pribatuari kalitate planetarako" izeneko A10001 A1120 7709 432302 kontu-sailaren kargura ordainduko da. Kopuru hori programa bereko beste deialdiak ebatzi ondoren gelditzen diren soberakinekin handitzen ahalko da, aurkeztutako eskaeren arabera edo kontu-sailean diru gehiagorik baldin badago.

Diru-laguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontu-saileko dirua gainditzen badute, diru-laguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.

5. Araubide juridikoa.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

6. Onartzen diren proiektuak:

a) Kalitate turistikoaren Q edo eduki tursitikoko UNE araua lortzera edo mantentzera bideraturiko inbertsio proiektuak:

a.1) Lorbidea: Espainiako Kalitate Turistikoaren Sisteman atxikiriko establezimenduetan egin nahi direnak eta aldez aurretiko autoebaluazioaren galdetegia egindakoan ikusiriko beharren ondorioz sortu direnak.

a.2) Mantentzea: establezimendua hobetzeko planetan edo zuzentzeko ekintzetan aurreikusiriko jarduketak direnean.

b) Establezimendua irisgarritasun turistiko fisiko edota zentzumenezkoaren beharrezko baldintzetara egokitzeko proiektuak.

Horretarako, Oztopo Fisiko eta Zentzumenekoei buruzko ekainaren 11ko 4/1988 Foru Legean ezarritakoa hartuko da oinarritzat, bai eta UNE 1700011 arauetan azpiegiturei buruz ezarritako gomendioak ere. Betiere arlo horren inguruko jarduketek ezgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak babesten dituen erakunderen baten aldeko txostena eduki beharko dute.

7. Laguntzen zenbatekoa eta muga.

Modalitate honetan ematen diren laguntzak funts-galdurako diru-laguntza izanen dira, onarturiko aurrekontuaren %30ekoa, eta ezin izanen dute inoiz ere 100.000 euroko kopurua gainditu.

8. Eskatutako gutxieneko inbertsioa.

Egindako inbertsioek gainditu beharko dituzte ondoren aipatzen diren kopuruak, BEZa sartu gabe, laguntza jaso dezakeen inbertsio lerro bakoitzeko:

-Kalitatearekin loturiko inbertsioak: 6.000,00 euro.

Establezimendua irisgarritasun turistikoaren baldintzetara egokitzeko inbertsioak 12.000 euro.

9. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira onuradunek helburu eta xede berberetarako Nafarroako Gobernuaren beste Departamentuetatik edo bestelako administrazio publikoetatik jaso ahal dituztenekin, 2005eko azaroaren 9ko SFLko 16.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Halaber, Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 (CE) Erregelamenduan ezarritako mugak errespetatuko dira.

10. Betekizun eta baldintza orokorrak.

Deialdiko laguntzak baliatu ahal izateko, betekizun eta baldintza hauek bete beharko dira:

Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak eskaerarekin batera aurkezturiko kronograman adierazitakoaren arabera bukatu daitezela eta, edozein kasutan, aurtengo azaroaren 30a baino lehen.

Establezimenduek deialdi hau argitaratzen den egunean turismo erregistroan inskribaturik egon beharko dute eta, kalitatearengatiko laguntza eskaeren kasuan, ICTEri atxikirik, eskaera aurkezten denean.

Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute. Bertako jabeak izan ezean, inbertsioa mantendu behar den gutxieneko epea gutxienez estaliko duen kudeaketa kontratu bat aurkeztu beharko dute.

11. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Deialdi hau norgehiagokarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da.

12. Eskaerak.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskaera inprimakia Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke: www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Izaera

a.1) NAN/IFZ

a.2) Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

a.3) Ahaldunaren notario-ahalordea eta NANa, kasua bada.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa.

b.1) Inbertsioari buruzko memoria deskribatzailea

b.2) Kalitatearen arloko eskaerak direnean, horretaz gain honako hau ere aurkeztu beharko da:

ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko.

-Hobekuntza plana, ekintza zuzentzaileak edo ziurtagiria lortzeko beharrezko edo aurreikusitako inbertsioak ondorioztatzen dituen autoebaluazio galdetegia.

b.3) Laguntzak irisgarritasun neurriengatik eskatzen direnean: ezgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak babesten dituen edozein erakundek edo arloko teknikari gaitu batek emaniko aldeko txostena inbertsioaren bitartez konpondu nahi den arazoaz (ezgaitasun fisikoa, ikusizkoa, zentzumenezkoa, etab.).

b.4) Aurrekontua, gaika zehaztua.

b.5) Inbertsioa egiteko kronograma.

b.4) Hala behar denean, ikus-onetsitako obra proiektua.

b.5) Obra-lizentziaren kopia edo, horrelakorik ezean, udalean obra-lizentziarako egindako eskaeraren kopia. Suertatuko balitz, obra-lizentziarik behar ez izanaren ziurtagiria.

c) Bestelakoak

c.1) Erantzunkizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

c.2) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpen idazkia, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

c.3) Diruz laguntzen ahal diren kostuentzako eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.

c.4) Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabidea (http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Todos+los+servicios/Asistentes/Impresos+de+Tesoreria.htm)

c.5) Luzatzen den ereduaren araberako erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoera debekaturen batean ez dagoela dioena.

13. Eskaerak aurkezteko epea.

Hilabete bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

14. Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismoko zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.

Laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web orrian: www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

15. Inbertsioaren justifikazioa.

Egindako inbertsioa justifikatzea fakturak (jatorrizkoa eta kopia) eta ordainketa frogatzen duten banku agiriak aurkeztuz (eskurako ordainketak eta hartze-agiriak ez dira onartuko), Fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak. Egiaztagiri hauek zenbakiaren arabera ordenatuko dira, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak, http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/ helbidean, horretarako emanen duen inprimakiarekin batera, beti ere behar bezala beteta. Hala behar denean, justifikazioarekin batera, udalak emaniko obra-lizentzia ere aurkeztu beharko da.

Frogagiriak aurkezteko epea 2009ko azaroaren 30ean bukatuko da.

16. Egiaztatzea eta ordaintzea.

Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa bere alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Proiektua onartutako aurrekontuaren %80tik behera gauzatu bada, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta bidezko izanen du emandako diru-laguntza ezeztatzea.

17. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak egin eta justifikatzea 15. oinarrian ezarritako epeetan.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez "inbertsioak bukatzeko" aurreikusitako data baino 2 hilabete lehenago. Alderdi horren berri ez bada ematen, hurrengo deialdietan kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.

c) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

d) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea, gutxienez 10 urteko epean, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urteko epean, ondasun higigarrien kasuan. Epe horiek diru-laguntza ordaintzen denetik hasiko dira.

e) ICTE sisteman sartu berriak diren establezimenduek diru-laguntza jaso eta bi urteko epean lortu behar dute ziurtagiria, eta establezimendu guztiek 10 urtean eutsi beharko diote kalitate ezaugarriari.

f) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste diru-laguntzarik eskatu eta lortu ote den.

g) Laguntzaren xede den jarduerari buruzko informazio guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza dela. Ageriko leku batean paratzea obrak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak kofinantzatu dituela adierazten duen plaka bat (eredua emanen da).

h) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

18. Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

17. oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako onurak ezeztatzea eta, bidezko bada, eskuratutakoak itzuli beharra eta berandutza korrituak ordainarazi ahal izatea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

19.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuko kontseilariari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0912772