51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

127/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, adinekoen jantokietarako diru-laguntzen 2009ko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan (gizartean, politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan); autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazioak ezartzeko tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela xedatzen du lege horrek.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Foru dekretu horren II. eranskinean ("Bermatu gabeko prestazioak"), adinekoei laguntzeko prestazioen artean, jantokietarako diru-laguntza aurreikusten da. Prestazio horren xedea da adinekoei diru-laguntzak ematea jantokietan menu orekatua izan dezaten, prezio onean. Prestazioaren beste alderdi batzuk ere zehazten dira.

Beraz, deialdi honen xedea da adinekoei jantokiak eskaintzea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Horrela, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Foru lege horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du. Araubide horren ezaugarria hauxe da: araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatu eta diru-laguntza ebaluazio horren ondoriozko intentsitateaz esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen dira eta horien gainean ebazten, aurrekontuetan dirurik dagoeino.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Adinekoen jantokietarako erraztasunak emateko diru-laguntzen 2009ko deialdia onestea, banakako ebaluazioko araubidearen arabera, foru agindu honen I. eranskinean ageri diren oinarriekin bat.

2. Nafarroako Mendekotasun Agentziak jantokietako entitate kudeatzaileekin, entitate laguntzaileak direnez, lankidetza hitzarmenak sinatzeko oinarriak onestea, foru agindu honen 2. eranskinean xedatutakoarekin bat.

3. 78.637,00 euroko gastua baimentzea, 2009ko aurrekontuko "Jantokietarako diru-laguntza" izeneko 920005-91810-4809-231000 kontu-sailaren kargura.

4. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 30ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria. María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Jantokietarako diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea adinekoei jantokietarako erraztasunak emateko diru-laguntzen araubidea ezartzea da.

2. Lankidetza hitzarmenak entitate laguntzaileekin.

Laguntza hauek kudeatzeko, lankidetza hitzarmenak eginen dira Nafarroako Mendekotasun Agentziaren eta jantoki zerbitzuetako entitate titularren artean; horiek entitate laguntzaile gisa arituko dira.

Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta entitate laguntzaileek izenpetu beharreko lankidetza hitzarmenean horiek beren gain hartzen dituzten baldintza eta eginbeharrak ezarriko dira, 2. eranskineko ereduaren arabera.

3. Pertsona onuradunak eta baldintzak.

Deialdi honetan araututako laguntzen onuradunak izanen dira Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskineko 14. prestazioan ("Jantokietarako diru-laguntza") zehaztutako pertsonak.

Bete beharreko baldintzak ere Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroko prestazio berean zehaztutakoak izanen dira.

4. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

4.1.1. Eskaerak eta beharrezko agiriak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan aurkeztu behar dira, zuzenean (González Tablas kalea, 7, Iruña) edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

4.1.2. Eskaerak udal edo mankomunitate bakoitzeko oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7, Iruña) banatuko diren eskaera ereduen bidez aurkeztuko dira. Erakunde horren www.cfnavarra.es/inbs web orrian ere eskura daitezke. Eskaeretako atal guzti-guztiak bete behar dira.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da:

-Deialdia argitaratu aurretik, 2009an, jantokira joaten diren erabiltzaileentzat, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak hala ziurtatuz gero.

-Deialdia argitaratutakoan zerbitzua erabiltzen hasten diren pertsonentzat, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da jantokira joaten hasten diren egunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak hala ziurtatuz gero. Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea beranduenez 2009ko azaroaren 30ean amaituko da.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

  • 2009ko pentsioaren edo pentsioen frogagiriak.
  • Beste diru-sarrera batzuen frogagiriak.
  • Diru-sarrerei buruzko zinpeko aitorpena, eskaerari erantsia.
  • Entitate laguntzailearen ziurtagiria, honako hau azalduko duena:
  • Jantokira joateko baimena eman dela.
  • Zein egunetan hasi zen jantokira joaten.
  • Asteko zein egunetan eskainiko den jantokiko zerbitzua.
  • Gizarte zerbitzuen txostena, deialdi honen 3. oinarriko baldintzak betetzen ez dituzten eskaera berezietarako.

Eskaerak osorik ez badaude, interesdunari edo haren ordezkariari eskatuko zaio, hamar eguneko epean, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, bere eskaera bertan behera utziko dela, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpenaren bidez.

Nafarroako Mendekotasun Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskaeran emandako informazioa egiaztatzearren.

5. Prozeduraren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozeduraren antolaketa eta instrukzioa Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari dagokio.

5.2. Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du ebazpena, erakunde bereko Programen Atalak proposaturik.

Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Ematen den ebazpen horren kontra, dela espresua dela ustezkoa, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari.

5.3. Ebazpenak diru-laguntzaren eskatzaileei eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Diru-laguntza ematen denean, emandako laguntzaren modalitatea zehaztuko da, eta ukatzen denean, erabakiaren arrazoiak azalduko dira. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, ez da bidezkoa emandako laguntzen berri zabaltzea.

6. Laguntzak.

6.1. Diru-laguntzaren modalitatea.

Deialdiaren 3. oinarriko baldintzak betetzen dituztenek banakako laguntzak jaso ahal izanen dituzte modalitate hauetako batean:

-Diru-laguntza orokorra: 1,00 euro otorduko.

-Diru-laguntza berezia: 3,00 euro otorduko.

Laguntza hauen xedea lanegunetako otordu nagusia da. Salbuespen gisa zerbitzua asteburu eta jaiegunetan ere eskaini ahal izanen da.

6.2. Laguntza ematea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskaerek deialdiaren 3. oinarriko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren balorazio ekonomikoa eginen da. Horretarako, baremo ekonomiko hauek hartuko dira kontuan:

URTEKO PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

DIRU-LAGUNTZA

0tik 6.552,00 eurora

3,00 euro eguneko

6.552,01etik 8.736,00 eurora

1,00 euro eguneko

8.736,01 euro edo gehiago

0,00 euro eguneko

Baremoaren oinarria 2009ko lanbide arteko gutxieneko soldata da, hots, 8.736 euro urtean. Hala, lehenbiziko tartea 0tik lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenera artekoa da, eta bigarrena, lanbide arteko gutxieneko soldataren %100era artekoa.

Urteko diru-sarrerak zehazteko, 2009ko pentsio eguneratuei eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenari erreparatuko zaie.

6.3. Laguntzaren indarraldia.

Behin eskaera baloratu eta eskatzaileari dagokion laguntza mota zehaztutakoan, indarraldia ezarriko da. Arau orokor gisa, zerbitzuaren hasiera egunetik (jantokiaren titularraren entitate laguntzaileak ziurtatua) 2009ko abenduaren 31ra arte emanen da laguntza.

Bai jantokiaren titularra den entitateak bai onuradunak edo haren ahaideek, jantoki zerbitzua behin-behinekoz edo behin betiko uztera behartzen duen edozein gorabehera jakinarazi beharko diote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

7. Laguntzaren eta beste prestazio batzuen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu bererako ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, ematen den zenbatekoak behin ere ezin izanen du diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditu, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin baturik ere.

8. Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.

8.1. Frogagiriak.

Entitate laguntzaileak, kasuan kasuko lankidetza hitzarmenean Nafarroako Mendekotasun Agentziak ezarritako epean, agiri hauek aurkeztuko ditu:

  • Hileko zerrendak, datu hauek izanen dituztenak:
  • Onuradunaren deiturak eta izena.
  • Diru-laguntzaren modalitatea.
  • Zenbat egunetan joan den jantokira.
  • Laguntzaren banakako zenbatekoa, jantokira joan den egunen kopuruaren arabera.
  • Aurreko puntuan aipatutako hileko zerrendak berresteko eta justifikatutako diru kopuruen ordainketa eskatzeko ziurtagiria, entitate laguntzailean ziurtagiriak egiteko ahalmena duen pertsonak luzatua.

8.2. Laguntzaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, zerbitzua zenbat aldiz jaso duen eta zein modalitatetako laguntza eman zaion hartuko da kontuan. Onuradun bakoitzari dagokion diru kopurua entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, II. eranskineko hamargarren oinarrian aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztutakoan. Deialdi honetarako, hiru ordainketa egitea aurreikusten da:

  • Lehen ordainketa, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.
  • Bigarren ordainketa, uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.
  • Hirugarren ordainketa, abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

9. Entitate laguntzaileen eginbeharrak eta ez-betetzeak.

Entitate laguntzaileak behartuak daude diru-laguntzak aurreikusitako helburua bete dadin erabiltzera, Nafarroako Mendekotasun Agentziak egiten ahal dituen egiaztatzeko jarduketak onartzera eta, hori dela eta, eskatzen ahal zaizkien dokumentazioa eta egiaztagiriak aurkeztera.

Betebehar horiek bete ezik edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko dio, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

10. Aurrekontuko dirua.

Laguntza hauek emanen dira aurrekontuan horretarako dirua dagoen heinean.

11. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

12. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, aplikatzekoak dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua.

II. ERANSKINA

Lankidetza hitzarmena, 2009an adinekoentzako jantoki zerbitzua emateko

Iruñean, ........... (e)ko .............. aren .....(e)an.

Bildu dira

Alde batetik, Begoña Rodríguez Marcos andrea, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailea.

Bestetik, ............................. jauna/andrea ............................... entitate laguntzailearen izenean edo hura ordezkatuz.

Bi aldeek aitortzen diote elkarri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena, eta, horregatik,

ADIERAZTEN DUTE:

Lankidetza hitzarmen hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoari jarraituz bideratu dela.

Adinekoek beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatu nahi dela, haien autonomia indartuz eta mendekotasun egoerei aurrea hartuz. Helburu horrekin Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta .... entitateak adinekoentzako jantoki zerbitzua eskaintzeko asmoa dute, egunero dieta orekatua ahalbidetuko diena prezio onean.

Baduela azpiegitura nahikoa horrelako zerbitzuak eman ahal izateko eta hala egungo eskaintza handitzeko.

Nafarroako Mendekotasun Agentziak babesa ematen diela adinekoentzako jantokien gisako ekimenei eta interesekotzat jotzen duela zerbitzu hori ezartzea. Izan ere, haren helburua da adinekoek beren ingurunean bizi kalitate onarekin iraun dezaten sustatzea, haien autonomia indartuz eta mendekotasun egoerei aurrea hartuz.

Horretarako, ...... (e)ko ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ........ aren .......... (e)koan, argitara eman zela adinekoen jantokietarako diru-laguntzen 2009ko deialdiaren oinarriak onesten dituen foru agindua, adinekoei diru-laguntza emateko asmoz, jantokietan otordu orekatuak egin ditzaten prezio onean.

Deialdi horren 2. oinarrian ezarrita dagoenez, diru-laguntza hauek kudeatzeko, lankidetza hitzarmenak egin ahal izanen dira, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren eta jantoki zerbitzuetako entitate titularren artean; horiek entitate laguntzaile gisa arituko dira.

Bildu diren aldeek 2009an jantoki zerbitzua bermatuko duen lankidetza mailari eutsi nahi diotela.

Horrenbestez, aldeek oinarri hauek itundu dituzte:

OINARRIAK:

Lehenbizikoa.-Hitzarmen honen xedea da elkarren arteko lankidetzaren esparrua ezartzea ............... entitateari eta

Nafarroako Gobernuari lotutako erakunde autonomoa den Nafarroako Mendekotasun Agentziari, adinekoentzako jantokia ezartzeko proiektua garatu dadin toki honetan: ....................

Bigarrena.-Hitzarmen honek 2009ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra.

Hirugarrena.-........... entitateak

jantoki zerbitzua erabiltzeko aukera eskaintzen du herri honetan: ................

Laugarrena.-Zerbitzu hori eman ahal izateko baliabide hauek eduki behar dira:

Langileak:

-Enpresa hornitzailea.

-Programaren koordinatzailea.

-Jantokiko langileak.

-Adinekoen borondatezko laguntza.

-Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekiko lotura.

-Entitate sustatzaileen arteko koordinazioa.

Baliabideak:

-Jantokirako lokalak.

-Jantokiko altzariak eta oinarrizko azpiegitura.

-Ostalaritzako material egokia (zerbitzuko tresneria, erretiluak, baxera, edalontziak, etab.)

-Askotariko materialak, administrazioa, zabalkundea, etab.

Bosgarrena.-Jantokiko ordutegia.

Laguntza hauen xedea lanegunetako otordu nagusia da. Zerbitzua, arau orokor gisa, astelehenetik ostiralera emanen da. Salbuespen gisa, zerbitzua asteburu eta jaiegunetan ere eskaini ahal izanen da.

Zerbitzurako ordutegia ezarriko da eta jantokietan kartelak ezarriko dira, erabiltzaile guztiei ordutegia jakinarazteko.

............. entitatea, zerbitzua egin eta haren berri zabaltzeaz gainera, entitate laguntzaile gisa arituko da, Nafarroako Mendekotasun Agentziak pertsona onuradunentzat ezarritako laguntzak kudeatzeko.

........... entitatea, entitate laguntzailea den aldetik, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren kontura arituko da, diru-laguntzarekin zerikusia duten ondorio guztietarako, eta behin ere ez da diru-laguntza hori haren ondaretzat hartuko.

............. entitateak betebehar hauek ditu, entitate laguntzailea den aldetik:

-Erabiltzaileei otordu zerbitzua ematea, diru ordainik gabe, hitzarmen honetan ezarritako irizpideen arabera.

-Jasotako funtsen erabilera frogatzea Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

-Bidezkoa bada, jasotako funts publikoak osorik edo hein batean itzultzea, hala erabakitzen denean, ezarritako baldintza edo eginbeharrak ez betetzearen ondorioz.

-Lankidetza hitzarmen honen xede den zerbitzuaren funtzionamenduan eta laguntzen kudeaketan gertatzen diren gorabeherak Nafarroako Mendekotasun Agentziari jakinaraztea.

-Nafarroako Mendekotasun Agentziaren egiaztapen eta kontrol jarduketei men egitea.

-Nafarroako Mendekotasun Agentziak eskatuz gero, datu hauek ematea:

A. Nafarroako Mendekotasun Agentziarekiko koordinazioaz arduratzeko entitateak izendatutako pertsonaren datuak.

-Izena.

-Deiturak.

-Lanpostua/kargua.

-Telefonoa/k.

-Helbide elektronikoa.

B. Jantokiaren kokalekua eta instalazioak:

-Jantokiaren kokalekua.

-Lokalen jabetza.

-Gehieneko edukiera.

-Instalazioen irisgarritasuna/egokitzapena.

-Aseguruen poliza.

C. Jantokiaren azpiegitura eta funtzionamendua.

-Janariak prestatzen dituen enpresaren izena.

-Jantokiko langileen kopurua eta lanpostu mota.

-Boluntario gisa laguntzen duten adinekoen kopurua.

-Jantokiko zerbitzua zenbat egunetan eskainiko den 2009an; zehaztu behar da lanegunetan bakarrik izanen den edo asteburu edota jaiegunetan ere zerbitzua eskainiko den.

-Zerbitzuaren ordutegia.

-Txanden kopurua.

-Txanda bakoitzeko tokien kopurua.

D. Zerbitzuaren prezioa.

-Zerbitzuaren benetako kostua.

-Otorduaren prezio orokorra (Nafarroako Mendekotasun Agentziaren laguntza kontuan hartu gabe).

Seigarrena.-Zerbitzuaren erabilera:

Jantoki zerbitzuaren erabilera bi motatakoa izanen da:

A. Orokorra. Deialdi honetan Nafarroako Mendekotasun Agentziak jantokietarako ezarritako diru-laguntzaren onuradunak ez diren pertsonek zerbitzua erabili ahalko dute, entitate laguntzailearen baimena baldin badute jantokira sartzeko.

B. Banakako laguntzarekin. Jantokietarako diru-laguntza eskatu eta, banakako balorazioaren ondoren, ebazpenean laguntzaren modalitate hauetakoren bat onartu zaien pertsonak:

-Diru-laguntza orokorra: 1,00 euro.

-Diru-laguntza berezia: 3,00 euro.

Zazpigarrena.-Onuradunak:

Oro har, hauek izanen dira zerbitzuaren onuradunak:

-Adinekoak, haien ezkontideak edo bikotekide egonkorrak eta adinekoekin parekatutako pertsonak.

Gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Nafarroako Foru Komunitatean benetan eta jarraian bizi direla frogatzea.

-Erretiroko eta ezgaitasuneko pentsioa dutenek: 60 urte beteak izatea.

-Alarguntza pentsioa dutenek: 55 urte beteak izatea.

-Autonomoak izatea jantokian bere kasa moldatzeko.

-Establezimenduetako bizikidetzan gorabeherak sor ditzakeen adimeneko arazo larririk ez izatea.

Zortzigarrena.-Eskaerak:

Jantokira joaten diren pertsona guztiek urteko eskaera aurkeztu beharko dute, 2009ko diru-laguntzetarako deialdian sartu nahi badute.

-Deialdia argitaratu aurretik, 2009an, jantokira joaten diren erabiltzaileentzat, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak hala ziurtatuz gero.

-Deialdia argitaratutakoan zerbitzua erabiltzen hasten diren pertsonentzat, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da jantokira joaten hasten diren egunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak hala ziurtatuz gero. Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea beranduenez 2009ko azaroaren 30ean amaituko da.

Eskaerak baloratu daitezen, deialdiaren 4. oinarrian azaltzen diren agiriekin batera aurkeztu behar dira.

Diru-laguntzarako eskabideari erantsi beharreko agirien artean, entitate laguntzailearen ardura izanen da hauek luzatzea:

Entitate laguntzailearen ziurtagiria, honako hau azalduko duena:

-Jantokira joateko baimena eman dela.

-Zein egunetan hasi zen jantokira joaten.

-Asteko zein egunetan eskainiko den jantokiko zerbitzua.

Bederatzigarrena.-Zerbitzua ematea.

Zerbitzua, profesionalek koordinaturik, aipatutako lokaletan emanen da, ezartzen diren egun eta orduetan; horiek malgutzeko aukera izanen da beti.

Janari enpresa hornitzaileak emanen du zerbitzua, ................ entitateak horretarako kontrataturik.

Jakiak eta ura zerbitzatuko dira, mahai-zapi, ezpainzapi, kristalezko edalontzi eta pitxerrekin.

Jantokiko langileek bidalketa koordinatuko dute, mahaiak prestatuko dituzte, ura zerbitzatuko dute eta lokala garbituko dute.

Norbaitek laguntza behar duenean boluntarioek lagunduko diote.

Ardoa, kafea eta gisakoak erabiltzaileen kontura izanen dira.

Hamargarrena.-Frogagiriak aurkeztea.

Entitate laguntzaileak, ezarritako epeetan, agiri hauek aurkeztuko dizkio Nafarroako Mendekotasun Agentziari:

-Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen diren hileroko zerrendak.

-Aurreko puntuan aipatutako hileko zerrendak berresteko eta justifikatutako diru kopuruen ordainketa eskatzeko ziurtagiria, entitate laguntzailean ziurtagiriak egiteko ahalmena duen pertsonak luzatua. Hauek izanen dira frogagiriak aurkezteko epeak:

1. ziurtagiria: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean jasotako otorduak. Aurkezteko epea: uztailaren 25era arte.

2. ziurtagiria: uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean jasotako otorduak. Aurkezteko epea: abenduaren 15era arte.

3. ziurtagiria: abenduaren 1etik 31ra bitartean jasotako otorduak. Aurkezteko epea: urtarrilaren 10era arte.

Bai jantokiaren titularra den entitateak, bai onuradunak edo haren ahaideek, jantoki zerbitzua behin-behinekoz edo behin betikoz uztera behartzen duen edozein gorabehera jakinarazi beharko diote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, zerbitzua zenbat aldiz jaso duen eta zein modalitatetako laguntza eman zaion hartuko da kontuan.

Diru-laguntza entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, eta hark behar den frogagiria aurkeztuko du, jantokietarako diru-laguntzen 2009ko deialdiaren oinarriak onesten dituen foru aginduan ageri den moduan.

Deialdi honetarako, hiru ordainketa egitea aurreikusten da:

-Lehen ordainketa, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

-Bigarren ordainketa, uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

-Hirugarren ordainketa, abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

Entitate laguntzailearen eginkizuna izanen da onuradun bakoitzaren egoera erregularizatzea eta kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntza ordaintzea.

Hamabigarrena.-Koordinazioa Nafarroako Mendekotasun Agentziarekin.

Entitate laguntzaile bakoitzak pertsona bat izendatuko du, hitzarmenaren indarraldian Nafarroako Mendekotasun Agentziarekiko koordinazioaz arduratzeko. Koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

-Nafarroako Mendekotasun Agentziaren jakinarazpenak jasotzea.

-Hileroko zerrendak bidaltzea, diru-laguntzen onuradunak jantokira zenbatetan joan diren jakinarazteko.

-Justifikaziorako eta laguntzaren ordainketa eskatzeko agiriak bidaltzea.

-Hitzarmena ongi bete dadin beharrezkoak diren beste guztiak.

-Entitate laguntzaile bakoitzak ezartzen dituenak edo beharrezkoak iruditzen zaizkionak.

Hamahirugarrena.-Finantzaketa

Jantokietako instalazioaren gastuak, zabalkunde gastuak eta zerbitzua ematekoak .............. entitatearen kontura izanen dira.

Nafarroako Mendekotasun Agentziaren ardura izanen da hitzarmen honetan azaldu diren banakako laguntzak ematea jantokietarako.

Hamalaugarrena.-Aplikatu beharreko araudia.

Hitzarmen hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean izenpetu da eta, beraz, administratiboa da. Bertan xedaturik ez dagoen orotan, lege horretako printzipioen eta gainerako xedapen aplikagarrien bidez arautuko da.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailea, Begoña Rodríguez Marcos andrea.

............... entitatearen aldetik

.................. jauna/andrea

Iragarkiaren kodea: F0913236