51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

173/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Horren bidez, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren barruan nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzen arauak ezarri eta 2009. urterako deialdia onetsi da.

Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Halaber, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 56.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, orotariko ekonomiaren oinarriekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erabateko eskumena Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) zenbakidun Erregelamenduak, Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren bitartez kudeatzen diren landa garapenerako laguntzei buruzkoak (LGENF), 54. artikuluan neurri bat ezarri du mikroenpresak sortu eta garatzeko.

2007ko abenduaren 4ko C (2007) 6163 Erabakiaren bitartez, Batzordeak Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programa onetsi zuen; hori nekazaritzarako egiturazko politikaren funtsezko tresna da landa eskualdeetan garapen iraunkorra lortzeko eta lehiakortasuna indartzeko. Programa horretan lehengo neurriak agertzen dira, eta era berean, kontuan hartu dira Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoaren orientazioak, bereziki ondoko helburu eta jarduera-ildo HAUEIei dagokienez: I-1 helburua (''Ustiategien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea'') eta horren barruko L.1.5 jarduera-ildoa (''Nekazaritzako ustiategietan eta nekazaritzako elikagaien arloko enpresetan nekazaritzaz besteko jarduera osagarriak dibertsifikatzeko laguntza'').

Agindu hau Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsa-FEAGA eta Nekazaritzaren Europako Funtsa-LGENFek finantzaturiko gastuak ordaintzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen duen urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren babespean eman da. Xedapen horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari esku ematen zaio, bere eskumenen barruan, arau hori garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, bereziki nekazaritzarako Europar Batasuneko funtsen bidez osorik edo hein batean finantzaturiko diru-laguntzei buruzko arauak eman ditzan.

Neurri horiei, Europako arauen osagarri gisa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak otsailaren 8an eman 30/2007 Foru Agindua aplikatzekoak zaizkie. Agindu horren bidez LGENFak kofinantzatzen dituen nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zen.

Horrenbestez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Batzordeak 2007ko abenduaren 4an hartu C (2007) 6163 Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren ''Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntza'' neurriaren araua ezartzea da.

2. artikulua. Jarduteko esparrua.

1. artikuluan azaltzen den neurriko laguntzaren araubidea horizontala da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplika daiteke, horretarako ezartzen diren lehentasun espezifikoak gorabehera.

3. artikulua. Laguntzaren hartzaileak.

1. Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko neurriaren xedea nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren arloko mikroenpresak dira. Mikroenpresa horiek beren helburu sozialaren arabera nekazaritza ustiategien erregistroan, nekazaritza kooperatiben erregistroan, nekazaritzako elikagai industrien erregistroan edo baso industrien erregistroan inskribatuta egoten ahal direnak dira. Beraz, beren helburu sozialeko jardueretako batzuk nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren arlokoak izanen dira.

2. Mikroenpresek Batzordearen 2003/361/CE Gomendioa bete behar dute: 10 langile baino gutxiago izatea eta bi milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena izatea.

3. Laguntza ez zaie emanen krisian dauden enpresei, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideetan ezarritako definizioari jarraikiz.

4. artikulua. Aurreikusitako ekintza motak.

Neurriaren helburua proiektu berri bat abian jartzeko inbertsio edota gastuak diruz lagunduz nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzea da. Proiektu horren oinarria nekazaritzako lehengaien edota nekazaritzako zerbitzuen erabilera izan beharko da; edo bestela, proiektu horren azken emaitza nekazaritzaren edo nekazaritzako elikagaien jarduera lagun dezaketen produktu edo zerbitzuak izan beharko dira. Proiektuak nekazaritzaz besteko jarduerak hartu beharko ditu barnean, eta honako talde hauetako batean sartu beharko da:

a) Lehenengo eta bigarren sektoreetako ekoizpen jarduera.

Talde honetan finantzatu ahal diren jarduerak askotarikoak dira. Besteak beste, honako hauek aipatzen ahal dira:

-Energia alternatiboen ekoizpena (eguzki-energia, eolikoa, biomasa, hidroelektrikoa).

-Nekazaritzako hondakinak balioztatzea.

-Nekazaritzaz besteko hondakinak balioztatzea, nekazaritza eta/edo abeltzaintzan erabiltzeko.

-Egur artisautza eta nekazaritzarako egurrezko eraikinak.

-Akuikultura, nekazaritza ustiategian edo ustiategi horretarako lehengai eta/edo produktuen erabilerari loturik.

-Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko lanabes eta erremintak fabrikatzea.

-Berotegiak eta nekazaritzako beste instalazio batzuk fabrikatzea eta muntatzea.

-Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko lehengaiak prestatzea: ongarriak, konposta, pestizida eta biozidak, pentsuak, pentsuen osagarriak, etab.

b) Merkataritza jarduera. Neurri honen ondoriotarako, hau da merkataritza jarduera: EE Itunaren I. eranskinaz kanpoko produktuak eta nekazaritzaz besteko zerbitzuak erakusten eta saltzen dituzten lokal txikietan salmenta antolatzea. Halaber, eskualdeko nekazaritza ustiategietan eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresetan (norberarenetan nahiz beste batzuenetan) lortzen diren produktuetako batzuk ere sartu beharko dira.

Saltoki txikiei soilik emanen zaie laguntza, eta supermerkatu eta hipermerkatuak baztertuko dira. Internet bidezko salmentak antolatzeko inbertsioak ere finantzatuko dira.

c) Turismo zerbitzu osagarrietarako eta kultur ondarea edo naturguneak turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzeko eskala txikiko azpiegiturak. Turismo zerbitzu osagarriak hauek dira: landa eremuan ostatu hartzeko establezimendu eta jatetxeek edo nekazaritza-turismoko ustiategiek bezeroen aisialdi eta jolaserako doan edo prezioen bitartez, modu profesionalean eta iraunkorki ematen dituztenak, kultur, jolas, kirol, aisialdi eta ingurumen izaerakoak, naturari buruzkoak eta antolakuntza eta aholkularitza arlokoak, merkataritza-izaerakoak -garraioa- edo antzekoak. Zerbitzu horien artean hauek aipatzen ahal dira: haur parkeak, erakusketa zentroak, bizikleten alokairua, hipika zentroak, zaldiak zelabere gisa alokatzea, haurrentzako jolas eta kirol pistak, igeritokiak, bestelako zerbitzuak, etab.

d) Ostatu txikietako eta jatetxeetako azpiegiturak. Hauek dira: 24 plaza edo gutxiago dituztenak. Landa-hotelen kasuan, muga 30 gela dira; hala ere, neurri horren eremuan gehienez ere 10 gelatarako laguntza emanen da. Azpiegitura horien artean, herrietako ohiko ostatuak aipa daitezke.

e) Landa turismoari lotuta dauden zerbitzuak garatu eta/edo merkaturatzea.

f) Lehen sektoreko enpresak intsumo eta zerbitzuez hornitzeko jarduera. Mota horretako enpresak dira alde batetik nekazaritza eta baso ustiategiek eta nekazaritzako elikagaien industriak funtzionatzeko beharrezkoak diren produktu eta materialez hornitzen eta bestetik horien jarduera normalerako laguntza teknikoa ematen saiatzen direnak. Produktu eta materialen (haziak, ongarriak, abereentzako pentsuak, sendagaiak, lanabesak, makinen piezak, makinak, etab.) hornikuntzarako enpresak partikular gisa edo hainbat kiderekin sortzea ere neurri honen xede da. Nekazaritza eta baso ustiategien garapenerako zerbitzuetako batzuk hauek dira: eraikuntza, iturgintza, zurgintza eta burdingintza enpresa txikiak, zura atera eta garraiatzeko enpresak eta nekazaritzarako makinen tailerrak, baita bulego hauek ere: aholkularitza tekniko eta ekonomikokoak, proiektuetakoak, kontabilitate eta finantza arloko aholkularitzakoak, laneko segurtasunekoak, nekazaritza eta basogintzako ekoizpenaren iraunkortasunekoak, merkatuari buruzko informaziokoak eta beste batzuk.

5. artikulua. Eskatzaileak araubidean sartzeko aurretiaz bete beharreko baldintzak.

1. Laguntzen araubidean sartzeko, eskatzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Mikroenpresak helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen du.

b) Erakundeak, nortasun juridikoa izanik (kooperatiba, ENS, lan sozietatea, sozietate anonimoa, sozietate mugatua, etab.), ez du loturarik izanen Administrazioarekin.

c) Finantzatu den proiektuaren xede diren jarduerak Nafarroan egitea, merkaturatze fasean produktua merkatuan jartzeagatik muga horiek gainditu behar direnean izan ezik.

d) Inbertsioak eta gastuak alderdi teknikoan eta ekonomikoan bideragarriak direla frogatzen duen proiektua aurkeztea, bere finantza-egoera eta iguripenen ebaluazioaz gain. Hauek azalduko dira, gutxienez:

-Enpresaburuaren eta/edo enpresaren aurkezpena: prestakuntza eta enpresa arloko esperientzia, enpresaren kokalekua.

-Hasierako egoera eta jarduerak egiteko jomuga eta helburuak, eta horiek eskualdeko ustiategiarekin edo ustiategiekin daukaten harremana.

-Bidezkoa bada, teknikari eskudunak sinatu duen obra edo instalazio proiektua.

-Produktu edo zerbitzuaren definizioa: enpresa zein negoziotan ezarri nahi den, horren mugapena.

-Marketin plana: merkatuaren azterketa, merkataritzako helburua eta salmenta, prezio, banaketa eta komunikazioari buruzko aurreikuspena.

-Eragiketetarako plana: ekoizpen prozesua, teknologi maila, baliabide materialak (makinak, lanabesak, ibilgailuak, ...) eta giza baliabideak, ekoizteko, hornitzeko eta biltegiratzeko ahalmena.

-Ekonomia eta finantza plana, behin-behineko ustiapen kontua, behin-behineko diruzaintza plana, inbertsioak eta finantzaketa iturriak.

Proiektuaren oinarria nekazaritzako lehengaien erabilera izanen da; edo bestela, bere azken emaitza nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien jarduera laguntzeko produktu edo zerbitzuak izanen dira

e) Turismo jarduerekin lotutako proiektuetan Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aldeko txostena beharko da. Proiektua turismo zerbitzu osagarrietarako eta kultur ondarea edo naturguneak turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzeko eskala txikiko azpiegiturena bada, txostenean adieraziko da azpiegituren bolumena ostatu hartzeko edo jatetxeko plazekin proportzionala den ala ez, hau da, beti eskala txikian.

f) Jarduera berria guztiz edo zati batean BIL batean egiten bada, jarduera horrek erabilera eta kudeaketa plana betetzen duela dioen egiaztapena, ingurumen agintariak emana.

g) Laguntzaren xede izanen diren inbertsioak eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe egotea.

h) Eginbehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana.

2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. idatz-zatian aipatu kasuren batean dauden eskatzaileei.

6. artikulua. Onuradunaren konpromisoak eta betebeharrak.

1. Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzen onuradunak ondoko konpromiso eta betebeharrak hartuko ditu:

a) Jarduera Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten jarraitzea, eta laguntza emateko eskakizun eta baldintzei eustea gutxienez inbertsioak amaitu eta hurrengo bost urtean, hori obra amaierako ziurtagiriarekin frogatuta.

Jarduera bertan behera utzi edo aldatzeko ezinbesteko kasuak, helburuen eta neurrian eskatzen diren baldintzen arabera, hurrenez hurren 19. eta 14. artikuluetan adierazitakoak izanen dira.

b) Produktuaren eta/edo zerbitzuaren kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dauden sistemekin edo aintzatetsitako ziurtapen sistemekin bat egitea, agintari eskudunak araudian hala ezartzen badu.

c) Planteatzen diren proiektuak produktuen kalitatea babesteko, merkatua antolatzeko edo plan estrategikoetarako araudi espezifikoa daukaten jarduerei buruzkoak badira (artisautza, txikizkako merkataritza, etab.), dagozkien araudietan ezarrita dagoena bete beharko dute.

d) Administrazioak laguntza horiek jasotzeko nahitaezkotzat ezartzen dituen eta modu ofizialean aintzatetsita dauden elkarteetan inskribatzea, baldin eta elkarteon helburua finantza laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza bada.

e) Inbertsio plana emakidan adierazten den epean egitea; gehienez urte biko epea izanen da laguntza ematen denetik aurrera, eta dena dela, bidezko arrazoiengatik luzapenak ematen ahalko dira.

f) Nafarroako nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatzea, nekazaritza ekoizpeneko enpresa bada.

g) Nekazaritza kooperatiben erregistroan inskribatzea, 65. artikuluaren a) edo c) artikuluen arabera definitzen den nekazaritza kooperatiba bada, baita Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 81. artikuluan ezartzen diren bigarren mailako eta ondoko mailetako nekazari kooperatibak ere.

h) Nekazaritzako elikagai industrien erregistroan edo baso industrien katalogo egokian inskribatzea, nekazaritzako elikagaien industria edo baso industria bada. Inskribatzeko urtebeteko epea izanen da, diru-laguntzaren azken ordainketatik aurrera zenbatuta.

i) Xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea.

j) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

k) 50.000 eurotik gorako inbertsioak dakartzaten jardueretarako, plaka bat paratu beharko da, proiektu edo eragiketa azalduko duena. Azalpena, plakaren %25ekoa izanen da gutxienez. Gainera, Europako bandera agertuko da, 1974/2006 EE Erregelamenduaren VI. eranskinaren 4. puntuan ezarririko arau grafikoekin bat eta harekin batera, irakurgarri hau: "Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du", Nafarroako Gobernuaren ikur ofizialaz gain.

l) Organo kudeatzaileari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak ematea proiektuaren indarraldian.

m) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea. Ondorio horietarako:

-Jasotako funtsak eta egindako gastuak diru-laguntza ematerakoan ezarri zen xederako aplikatu izana justifikatuko da, eta egokiak diren agiriak -baita elektronikoak ere- gordeko dira.

-Alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta finantza arlokoei buruz behar den informazioa emanen da.

n) Agintari eskudunak neurria hobeto kudeatu, kontrolatu eta aplikatzeko zehazten dituen beste guztiak.

2. Inbertsioei buruzko eragiketen iraunkortasunari buruzko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 72. artikuluaren arabera, Itunaren 43. eta 49. artikuluetan instalatzeko askatasunari eta zerbitzuak aske emateari buruz ezarrita dauden arauei kalterik egin gabe, zentro kudeatzaileak diruz lagundu inbertsioaren amaiera ziurtatu eta hurrengo bost urtean inbertsioak ezin izanen du aldaketa garrantzitsurik izan:

-Bere izaerari edo burutzeko baldintzei eragiten dioten aldaketak, edo enpresa edo organismo publiko bati behar ez den abantaila ematen dioten aldaketak, eta

-Azpiegitura baten jabetza araubidearen aldaketa baten edo ekoizpen jarduera baten etenaldi edo kokaleku-aldaketa baten ondorioz gertatzen diren aldaketak.

7. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta gastuak.

1. Laguntzen ahal diren inbertsio motak hauek dira:

a) Ondasun higiezinak eskuratu, eraiki edo atontzea, proposatu proiektuaren ekoizpen orientazioaren, jardueraren eta dimentsioaren arabera. Edonola ere, diruz laguntzen ahal den zenbatekoa diruz lagundu behar den jarduerari zuzenean egotzi ahal zaion eskuraketako zenbatekoa izanen da.

b) Ekipo-ondasunen hornidura: makina eta ekipamendu berriak erostea, makina saltzaileak (vendinga), garraiatzeko edota banatzeko egokitzapena, euskarri eta aplikazio informatikoak nahiz diruz laguntzen ahal diren inbertsioen ondasunen gaineko eskubideak (ibilgetu materiala) barne.

Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:

-Lurrak erostea.

-Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

-Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren 1. eta 2. ardatzetako neurrien edo Merkatuaren Antolamendu Bateratuaren esparruan laguntzak lortzen ahal dituzten inbertsioak.

-Arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak.

-Esnearen edo esnekien suzedaneo edo ordezkoak fabrikatu eta merkaturatzeko inbertsioak.

2. Abian jartzeko gastuei dagokienez, hauek diruz laguntzen ahalko dira:

a) Notario eta erregistro gastuak, proiektuan aurreikusitako jarduera hastearen ondoriozkoak.

b) Administrazioaren baimen, patente eta lizentziak.

c) Ekonomia, bideragarritasun, merkatu, aholkularitza juridiko edo finantzario eta adituen azterlanak, baita arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, proiektu teknikoa eta abiarazteko proiektua idaztea, obra zuzendaritzak, txostenak eta planak ere.

d) Kalitatea ziurtatzeko sistemen ezarpena.

e) Inbertsioaren ordainketa egitetik ondorioztatutako gastuak eta abiarazteko gastuak, banku transferentziaren bidezkoak.

Epigrafe honetan aipatutako gastu guztiak finantzatu ahal izanen dira, baldin eta 2007ko maiatzaren 7az gerokoak badira, ordukoa baita Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programa onesteko Gobernuaren Erabakia.

3. Ez dira diru-laguntzaren xede izanen BEZa edo onuradunak berreskuratzen ahal dituen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak eta zorren interesak, kredituak gauzatzeko gastuak, kreditu bermeak eskuratzeko gastuak, ezta ezkontideen arteko edo lehen graduko senideen arteko ondasun eskualdatzeen gastuak ere, eskualdatzeko prozedura edo modua edozein dela ere.

4. Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean (obraren exekuzioaren kostua izanez gero), edo 12.000 eurotik gorakoa denean (ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kostua izanez gero), onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, salbu eta, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez badira. Zehaztasun horiek justifikatzeko, hiru hornitzaileren aurrekontuak eta data duen eta eskatzaileak sinatu duen idazkia, hautapenaren arrazoien berri ematen duena, aurkeztu beharko dira.

8. artikulua. Prima kalkulatzeko sistema.

1. Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak kapitalaren zuzeneko diru-laguntzak izanen dira.

2. Onuradunak pertsona juridikoak direnez, diru-laguntzak ez dira izanen eskrituratu eta ordaindu den kapitala baino gehiago. Muga hori ez zaie nekazaritzako kooperatibei aplikatuko, ezta haiek partaide nagusi diren sozietateei ere.

3. Laguntza mota kontuan hartuta, prima kalkulatzeko oinarri gisa aurkeztu den proiektuan aurreikusten diren gastu hautagarriak hartuko dira.

4. Onuradunak gehienez bi proiektu finantzatu ahal izanen ditu programazioaren epe osoan.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurreikusitako gastu hautagarrien gainean hanako portzentaje hauek aplikatuko dira:

a) Inbertsioetarako, laguntzaren kopuru osoa, diru-laguntzaren xede den inbertsioaren portzentajetan adierazita, %20 izanen da; eskualde behartsuetan %25era arte igoko da, eta mendialdeko eskualdeetan, berriz, %35era arte.

Diru-laguntzaren xede den gehieneko inbertsioa NLU bakoitzeko 100.000 euro izanen da, gehieneko muga 150.000 euro dela. Foru agindu honetan ezarrita dagoenaren ondorioetarako, Urteko Lan Unitatea, nekazaritzaz besteko jardueretarako, 1.600 ordu dira; urtean zenbatzeko, igande eta jaiegunetan egindako dibertsifikazio jardueraren ordu bakoitza lanegunetan egindako bi orduren baliokide gisa zenbatuko da.

b) Abian jartzeko gastuetarako, aurreikusita daudenen %100 lagunduko da, proiektu bakoitzeko muga 12.000 euro dela.

1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 70.8 artikuluaren arabera, eta enpresentzako laguntzei dagokienez, gastuak estatuko laguntzetarako ezarritako mugei doituko zaizkie.

9. artikulua. Diru-laguntzak emateko lehentasunezko irizpideak.

1. Deialdi batean eskatu laguntzen kopurua finantza baliabide erabilgarriena baino handiagoa bada, eskabideak baloratzeko ondoko zerrendan ezarritako baremoa aplikatuko da, proiektuetan aurkeztutako datuetan oinarrituta.

a) Proiektuaren kokalekua:

-Mendialdean: 20 puntu.

-Mendialdetik kanpoko eskualde behartsu batean: 10 puntu.

b) Jarduera plana elkarteen ekimenen ondoriozkoa bada (nortasun juridikoa edozein dela ere): 18 puntu.

c) Jardueraren lehengai gisa nekazaritzako baliabideak (nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak edo baso arlokoak) modu nabarmenean erabiltzea:

-Hamar ustiategitatik (baita norberarenetik ere) ateratakoak badira: 16 puntu.

-Gutxienez hiru eta gehienez hamar ustiategitatik (baita norberarenetik ere) ateratakoak badira: 8 puntu.

Ostatu turistikoen proiektuak ez dira kontzeptu horrengatik baloratuko.

d) Lehen sektorearentzako (nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza) intsumo edo zerbitzuen hornitzaileak:

-Azpieskualdean edo udalerrian eskaintzen ez badira: 14 puntu.

-Azpieskualdean eskaini arren udalerrian eskaintzen ez badira: 8 puntu.

e) Jarduera planaren ondorioz merkataritza, nekazaritza eta industria arloetako eta beste hainbat arlotako kalitateko deiturei atxiki behar bazaie: 11 puntu.

f) Enpresan parte hartzen duten emakumeen portzentajea langile kopuru osoaren %30 baino handiagoa bada: 9 puntu.

g) Jarduera planaren ondorioz sektorea ordezkatzen duten elkarteetako baten kide eginen bada: 7 puntu.

h) Jarduera planean kalitatea ziurtatzeko sistema bat duen prozesua ezartzea aurreikusten bada: 5 puntu.

2. Gehienez ere 100 puntu lor daitezke. Baremo horren arabera puntuetan berdinketarik egonez gero, inbertsioaren bolumen hautagarri handiagoa duten laguntza eskabideek izanen dute lehentasuna. Berdinketak irauten badu, lehenik eta behin, NLUen bolumen handiagoa sortzen dutenek eta, jarraian, adin txikienekoak onuradun nagusi dituztenek izanen dute lehentasuna.

3. Laguntzak lortzen den puntuazioaren arabera emanen dira, deialdiaren aurrekontuak berak ezartzen duen mugarekin. Lehentasuna duen zerrendako azken onuradunak 8. artikuluaren arabera dagokion laguntza osoa jaso ezin badu, jaso gabe duen kopurua jasotzeko eskubidea izanen du, aurrekontuaren mugaraino. Hala ere, onuradun batek uko egiten badio, laguntza hori osatuko da, aurrekontu nahikoa egotekotan egokituko litzaiokeen kopururaino.

10. artikulua. Diru-laguntza emateko administrazio prozedura.

Foru agindu honetan ezarri diren laguntzak lehiaketa bidez emanen dira.

11. artikulua. Laguntza eskabideak aurkeztea.

1. Laguntza eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko beste erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan aurkezten ahalko dituzte interesdunek.

2. Eskabidearen eredu normalizatua, paperezko euskarrian zein euskarri elektronikoan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahalko da (www.navarra.es). Eredu horrekin batera 1. eta 2. eranskinetan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

3. Eskabideak aurkezteko epea deialdian ezarrita dagoena izanen da.

12. artikulua. Laguntzaren eskabideak egiaztatu eta baliozkotzea.

1. Eskabideak jaso ondoren, dokumentazioa osorik dagoen begiratuko da. Akatsik dagoela ikusten bada, interesdunari 30 eguneko epea emanen zaio hutsuneak betetzeko, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea bertan behera utzi duelakoan espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela eta ebazpen hori jakinarazi eginen zaiola.

2. Dokumentazioa oso-osorik dagoenean, egiaztatuko da foru agindu honek eskatzen dituen betebeharrak betetzen dituela. Horretarako administrazio eta landa kontrol egokiak eginen dira. Bereziki hauek egiaztatuko dira:

-Laguntzaren xede den eragiketaren onargarritasuna.

-Proposaturiko kostuak gehiegizkoak ez direla.

-Eragiketak Espainiako eta Europar Batasuneko xedapenak betetzen dituela, bereziki kontratazio publikoari, estatuaren laguntzei eta gainerako nahitaezko arauei dagokienez, bidezkoa bada.

13. artikulua. Diru-laguntzak emateko ebazpena.

1. Eskabideak egiaztatu eta baliozkotzen amaitu ondoren, eskabideen lehentasun ordena ezarriko da 9. artikuluan ezarritako baremo egokiaren arabera. Gero, emakida ebazteko proposamena eginen du, eta Landa Garapenerako zuzendari nagusiari jakinaraziko dio.

2. Emakida ondoz ondoko bi ekitalditako aurrekontuari dagozkion bi ordainketatan egituratuko da. Ekitaldi bakoitzerako laguntzak aurkezten diren eskabideen arabera zenbatuko dira. Ekitaldi bakoitzean aplikatuko den laguntzen portzentajea laguntzen urteroko deialdian zehaztuko da.

3. Landa Garapenerako zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du diru-laguntzak emateko ebazpena, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da.

4. Ebazpenean hau aipatu behar da: laguntza jaso duen eskatzailea edo jaso duten eskatzaileen zerrenda, eta besteak beste, proiektuak betetzeko eta abian jartzeko epea ere agertu beharko da. Kasuan kasu, espresuki adieraziko da gainerako eskabideak ezetsi direla.

14. artikulua. Diru-laguntza emateko ebazpenaren ondoren eskabidea aldatzea.

1. Arrazoiak emanda, diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren inbertsio plan edo proiektuari loturiko aldaketa nabarmenak egin behar direnean, proiektu osagarria edo ordezko proiektua aurkezten ahalko da. Plan hori hasierako planerako irizpide tekniko eta ekonomiko berei jarraituz onetsi beharko da. Hala bada, laguntza doitu beharko da. Halaber, horrek ez du esan nahi hasieran emandako laguntza handituko denik, ezta lehentasunen baremoa aplikatzean emandako puntuazioa aldatuko denik ere.

2. Honako hauek joko dira inbertsio planaren aldaketa nabarmentzat:

a) Produkzioaren orientazioa aldatzea, jarduera motaren, sektorearen edo kudeaketa sistemaren aldetik.

b) Enpresaren katalogazioa aldatzea, haren tamaina edo enpresa-tipologiaren aldetik.

c) Jarduera maila eta/edo ekoizpena hasieran aurreikusi zenarekin alderatuta %10 baino gehiago gehitu edo murriztea.

d) Obra zibileko elementuak, makineria edo ekipamendua gehitu, kendu edo aldatzen baditu hasieran aurreikusitako balioaren %20tik gora.

e) Inbertsioen lokalizazioaren aldaketa eragitea.

15. artikulua. Ordaintzeko eskabidea, eta ordaintzeko ebazpena eman baino lehenagoko kontrolak.

1. Onuradunak laguntza ordaintzeko eskatuko du horretarako ezarritako formularioaren bidez. Formulario horretan, proiektaturiko inbertsioen eta egindakoen zerrenda jarriko da, 3. eranskinean adierazitako agiriekin batera. Agiri horiek, besteak beste, egindako inbertsioa justifikatzen duten agiriak izanen dira.

2. Benetan ordaindutako gastutzat joko da, laguntzaren xede izateko gastuaren ondorioetarako, hurrengo egoeraren bat gertatzen denean:

a) Hartzekodunaren kontuan gastuaren zenbatekoari dagokion transferentzia bat egin edo dirua bankuan sartu izana.

b) Onuradunak hartzekodunari finantza erakunde edo aseguru-etxe batek bermatutako merkataritzako efektu bat entregatu izana.

c) Diru-laguntza jasotzeko eskubidea hartzekodunari edo hartzekodunei eman izana.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak fakturen eta horiei dagozkien ordainagirien arteko harreman zuzena zehaztu ahal izan dezan, onuradunak agiri horiei zenbaki korrelatiboak esleituko dizkie, eta agirietan bertan idatziko du. Zenbaki horrekin berarekin identifikatuko da dagokion ordainagiria.

4. Kontrolak egiteko, teknikariek egin beharreko egiaztapenen zerrenda izanen dute, eta hori agerrarazi beharko da espedientean, paperean edo euskarri elektronikoan. Bereziki, hauek egiaztatuko dira:

-Egindako eragiketa, laguntza jaso zuen eragiketarekin alderatuta.

-Diruz lagundutako produktu eta zerbitzuen hornidura.

-Aitortu gastuen benetakotasuna, eta gastu horiek ezarritako epean egin eta justifikatu diren.

-Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen diren.

-Europar Batasuneko edo Espainiako beste araubide batzuen finantzaketa. Laguntzak bateragarriak badira kopuru osoak baimenduta dagoen gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatuko da.

5. Inbertsioak egiaztatzean, organo kudeatzaileak laguntzaren xede den eragiketaren edo inbertsioaren kokalekuan bisita eginen du. Bisita hori egin dela espedientean agertu beharko da, akta baten edo egiaztapen txosten baten bitartez.

6. Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika eginen dira, gehienez ere bi urtean, laguntza emateko ebazpenean zehazten den proportzioan.

7. Lehenengo urteko sariaren ordainketarako, onuradunek laguntza emateko ebazpenean zehazten den proportzioan inbertsioa egin izana egiaztatu beharko dute urriaren 30a baino lehen. Urteko ordainketan aurreikusita dagoena burutu ezin badute, behar bezala justifikatuta dagoen luzapena eskatu ahal izanen diote Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, irailaren 30a baino lehen, eta horrek ebaluatu ondoren, inbertsioak gauzatzeko epea luzatzeko baimena eman ahal izanen du, gehieneko zenbatekoa bigarren urteko saria izanen dela. Hala egin ezean, urteko saria kobratzeko eskubidea galduko dute.

8. Bigarren urteko saria ordaintzeko, inbertsioak amaitu beharko dira, irailaren 30a baino lehen. Bidezko arrazoiengatik, epe hori abenduaren 15era arte luzatu ahal izanen da.

9. Aurrekontu nahikoa badago eta onuradunak hala eskatzen badu, bigarren urterako aurreikusitako ordainketa lehenengo urtera aurreratu ahal izanen da, baldin eta inbertsio edo gastuak amaitu direla egiaztatzen bada.

10. Laguntza emakida baten onuradunak erabakitzen badu zati batean edo osorik ordaintzeko eskabidea ez aurkeztea, berak sinatu duen eskabidea aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko erregistroan edo beste edozein erregistro ofizialetan, urriaren 30a edo ekitaldiko irailaren 30a baino lehen (zati batean edo osorik ordaintzeko eskabidea den kontuan hartuta); bertan laguntzari zati batean edo osorik uko egiten diola adieraziko du.

16. artikulua. Tokian tokiko kontrolak, ordaindu aurretik.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak inbertsioen kontrolak eginen ditu, proiektuan burutu denaren egiaztagiriak eta proiektuaren ardura duen teknikariaren egiaztapenak benetakoak direla egiaztatzeko.

2. Tokian tokiko kontrol horiek LGENFak kofinantzatzen dituen nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezartzen duen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduaren 18. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera eginen dira.

17. artikulua. Ordainketaren ebazpena.

1. Lehenengo ordainketari dagokion ebazpena, aurkeztu gastuen egiaztapena baliozkotu ondoren emanen da, emateko ezarritako irizpideen arabera. Jatorrizko fakturak eta eskabidearekin batera aurkeztutako ordainagiriak bat datozela egiaztatuko da. Jarraian, organo kudeatzaileak jatorrizko fakturak eta ordainagiriak zigilatuko ditu.

2. Bigarren ordainketarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduan ezarriitako kontrolak egin behar izanen dira, baita aurkeztu diren ordainagiri guztiak kontuan hartu ere. Ondoren, baimen unitateak laguntzaren zenbatekoa ezarriko du eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena eginen du, baita Landa Garapenerako zuzendari nagusiari jakinarazi ere. Horri erantsirik unitatearen txosten bat joanen da, laguntza helburuak betetzeko erabili dela eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen direla frogatzen duena.

3. Ebazpenean aipatu beharrekoa da, gutxienez, laguntza ordainduko zaion eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda, eta espresuki agerraraziko da, halakorik baldin bada, zein ordainketa eskabideri esan zaien ezetz.

18. artikulua. Geroko kontrolak.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak inbertsioen ondorengo kontrolak eginen ditu, eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

2. Ordainketaren ondorengo ekitaldietan neurriak eskatzen dituzten baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, onuradunek organo kudeatzailearen kontrol funtzioetarako bidea eman behar izanen dute, eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten ahal dituzten beste egiaztapen guztietarako ere bai, bereziki lokaletara sartzeko eta ikerketen xede den dokumentazioa eskuratzeko bidea emanez, eta dokumentazio horren kopiak lortzeko aukera emanez. Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentzia, aitzakia, oztopo edo ukotzat joko da Eiru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

19. artikulua. Ezinbesteko arrazoiak.

1. Ez da ulertuko konpromisoak bete ez direla ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

c) Ustiategiaren zati handi baten desjabetzea, konpromisoa hartu zenean ezin baldin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak edota enpresa modu nabarmenean ukitzen dituena.

e) Abeltegiko aziendarako edo enpresaren jardueretarako eraikinen istripuzko suntsiketa.

f) Abeltzainen azienda guztia edo parte bat ukitu duen epizootia.

2. Onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, bidezko diren frogen bidez, hala egiten ahal duenetik 10 egun balioduneko epean.

20. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru agindu honetako laguntzak bateraezinak dira ondoko laguntza hauekin:

a) Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (LGENF) bitartez kudeatzen diren landa garapenerako laguntzei buruzko Kontseiluaren 1698/2005 (EK) zenbakidun Erregelamenduaren eta berori garatzeko araudiaren ondoriozkoak. Kudeaketa unitateak arreta berezia jarriko du Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programan, antzeko helburuetarako 1. ardatzean (Nekazaritza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna areagotzea), 2.ean (Ingurumena eta landa ingurua hobetzea) eta 4.ean (LEADER) antzeko helbururako ezarrita dauden laguntzekin egon daitezkeen bateraezintasunetan.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak helburu bererako ematen dituenak.

c) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak helburu bererako ematen dituenak, I+G+Bkoak barne.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondoriozkoak.

21. artikulua. Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Inbertsio proiektua buruturik, bere zenbatekoa onetsita dagoenetik beherakoa baldin bada, laguntzaren zenbatekoa doituko da, proportzioan gutxituz.

2. 6. artikuluan aipatzen diren konpromiso eta eginbeharrak bete ezik, laguntza osorik edo hein batean itzuli beharko da, irizpide hauei jarraikiz:

a) Ulertuko da 6.1.a) artikuluan aipatzen den konpromisoa ez dela bete, inbertsioa amaitu eta ondorengo bost urteetan, jarduera utzi edo hein handi batean gutxitzen bada, ekoizpena gutxitzen bada edo ustiategia, enpresa edo instalazioak lekualdatzen badira. Itzuli beharreko laguntzen portzentajeak, ez-betetzearen arabera, ondoko hauek dira:

-Jarduera bertan behera uztea edo enpresa konkurtso egoeran egotea: %100.

-Ekoizpen instalazioa edo helbide soziala Nafarroatik kanpora eramatea: %100.

-Inbertsioak laguntza emateko kontuan hartu zen Nafarroako eskualdetik kanpora eramatea: %100.

Konkurtsoa, krisi espedientea edo enplegu erregulazioa gertatuz gero, enpresak plan bat aurkeztu beharko du, zeinetatik bideragarritasun ekonomikoa ondorioztatuko baita. Bestela, laguntza osorik itzultzeko eskatuko da.

b) Kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dauden sistemekin edo araudiak eskatzen dituen ziurtapen sistema aintzatetsiekin bat egiten ez bada, laguntzaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

c) Jarduerak produktuen kalitatea babesteko, merkatua antolatzeko edo plan estrategikoetarako (nekazaritza-turismoa, artisautza, txikizkako merkataritza, etab.) araudi espezifikoa betetzen ez badu, laguntzaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

d) Administrazioak laguntza horiek jasotzeko derrigorrezkotzat ezartzen dituen eta modu ofizialean aintzatetsita dauden elkarteetan, finantza laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza helburu duten horietan inskribatzen ez bada, laguntzaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

e) 6.1. artikuluaren d), f), g) eta h) idatz-zatietako erregistro ofizialetako batean inskribatzen ez bada, laguntzaren zenbatekoa %70 murriztuko da.

f) Publizitate jarduerak (azalpena emateko plaka) betetzen ez badira, laguntzaren zenbatekoa %40 murriztuko da.

g) Organo kudeatzaileari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleei buruzko datuak ematen ez bazaizkio, laguntzaren zenbatekoa %40 murriztuko da.

h) Administrazioak egin behar dituen kontrolen mendean jartzen ez bada, laguntza osorik itzuli behar izanen da.

i) Gainerako betebeharrak betetzen ez badira laguntzaren zenbatekoa %20 murriztuko da.

3. Onuradunak gezurrezko aitorpena nahita egin duela edo inbertsioak aurkeztu den proiektuarekin eta 9. artikuluarekin alderatuta diferentzia nabarmenak dituela egiaztatzen bada, emandako laguntza ondoriorik gabe utziko da eta abonatu diren zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak deusetan galarazi gabe.

22. artikulua. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak, Europar Batasuneko araudiian xedaturikoa galarazi gabe, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat etorriko dira.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko prozedura nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapen prozedura administratiboa onesten duen abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuaren araberakoa izanen da.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Hasitako prozedurak

Foru agindu honek indarra hartu baino lehen, diru-laguntzak emateko hasitako prozeduretan ez da foru agindu hau aplikatuko, lehengo araudia baizik.

Bigarren xedapen gehigarria.-Eremu behartsuak eta menditsuak.

Eremu menditsuak eta behartsuak Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren 2. eranskinean zerrendatuta daude.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Publizitatea.

Foru agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea garatzen duten arauetan xedaturikoarekin bat argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren atarian.

Laugarren xedapen gehigarria.-Laguntzen 2009. urteko deialdia.

1. Mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzen 2009. urteko deialdia onetsi da.

2. Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Laguntzen emakida bi ordainketatan egituratuko da: lehenengo ordainketa %40koa, eta bigarrena %60koa, hurrenez hurren 2009ko eta 2010eko ekitaldietako aurrekontuei dagozkienak.

4. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bosgarren xedapen gehigarria.-2009ko deialdiko aurrekontu kredituak.

Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko 2009ko eta 2010eko ekitaldietarako urte anitzeko gasturako konpromisoa hartzen duen Nafarroako Gobernuaren 2009ko martxoaren 9ko Erabakiaren arabera, 500.000,00 euroko gastua baimendu da, honela banatuta:

-200.000,00 euro, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontuko ''Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresen dibertsifikazioa. NGP (2007-2013) (LGENF)" izeneko 722001-72320-7700-412100 kontu-sailaren kargura.

-300.000,00 euro, 2010eko gastuen aurrekontuan aurreko idatz-zatian adierazitakoaren baliokidea den kontu-sailaren kargura, aurrekontu horretan helburu horretarako kontu-sailik badago.

Seigarren xedapen gehigarria.-Indarrik gabe utzi diren xedapenak.

1. Foru agindu honek indarra hartzean, bertan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indarrik gabe utziko dira, eta bereziki Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 21eko 168/2008 Foru Agindua.

Horren bidez, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren barruan nekazaritzaz besteko jardueretara dibertsifikatzeko eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak arautzeko arauak ezartzen dira eta 2008. urterako deialdia onartzen da.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoak ez du galarazten foru agindu honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 7an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

1. ERANSKINA

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Nortasuna frogatzen duen agiria:

-IFKren fotokopia.

-Eraketa eskrituraren eta estatutuen fotokopia. Hauek agerrarazi behar izanen dira:

  • Helbide soziala Foru Komunitatean dagoela.
  • Beren helburu sozialeko jardueretako batzuk nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren arlokoak direla.
  • Finantzatu den proiektuaren xede diren jarduerak Nafarroan egitea, merkaturatze fasean produktua merkatuan jartzeagatik muga horiek gainditu behar direnean izan ezik.

-Gobernu organoaren erabakia, laguntza eskatzeari buruzkoa.

-Eskabidea tramitatu behar duen ordezkaria izendatzeko erabakia.

-Sozietatearen kapitalaren banaketa frogatzen duten agiriak, organo kudeatzaileak hala eskatzen baldin badu.

Kooperatibak edo ENSak badira:

-Nafarroako kooperatiben erregistroan inskribaturik egotearen ziurtagiria edo, hala bide denean, ziurtagiriaren eskabidearen kopia.

-Gobernu organoko kideak: izena, abizenak eta IFZ.

-Bazkideen zerrenda, organo kudeatzaileak hala eskatzen baldin badu.

Bestelako erakundeak izanez gero:

-Gaur egungo bazkideen zerrenda izenduna.

-Kapital sozialeko partaidetza ekonomikoaren zenbatekoa.

-Administrazio kontseiluko edo balio bereko beste zuzendaritza organo bateko kideak.

2. Enpresaren kokalekuaren egiaztapena. Horretarako, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (JEZ) azken faktura dagokion udalean ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

3. Batzordearen 2003/361/CE Gomendioa (10 langile baino gutxiago izatea eta bi milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena izatea) betetzen dela egiaztatzen duten agiriak: langileen zerrenda, balantzea eta emaitzen kontua.

4. Jarduera abian jartzeko proiektua, 5. artikuluan eta 2. eranskinean ezarrita dagoenaren arabera.

5. Bidezkoa bada, obra zibilaren edo instalazioen proiektu teknikoa, teknikari eskudunak sinatua.

6. Turismo jarduerekin lotuta dauden proiektuetan Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aldeko txostena beharko da. Txosten hori ofizioz eskatuko da, eskatzaileak laguntza eskabidearekin batera doazen agiriekin aurkezten ez badu. Proiektua turismo zerbitzu osagarrietarako eta kultur ondarea edo naturguneak turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzeko eskala txikiko azpiegiturena bada, txostenean adieraziko da azpiegituren bolumena ostatu hartzeko edo jatetxeko plazekin proportzionala den ala ez, hau da, beti eskala txikian.

7. Jarduera berria guztiz edo zati batean BIL batean egiten bada, jarduera horrek erabilera eta kudeaketa plana betetzen duela dioen egiaztapena, ingurumen agintariak emana. Agiri hori ofizioz eskatuko da, eskatzaileak laguntza eskabidearekin batera doazen agiriekin aurkezten ez badu.

8. Eskatzaileak berak sinatutako aitorpena, ondoko hau dioena:

-Inbertsioak eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe daudela.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela.

-Xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso ez duela.

9. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken ordainagiria, edo eskabidearen xede den jarduera salbuetsita dagoela adierazteko udalak egindako ziurtagiria.

10. Organo kudeatzailearentzako baimena, Nafarroako Foru Komunitatean eta Estatuan laguntzen tramitazioari buruz dauden datu baseetan kontsultak egiteko.

11. Laguntzak zein banku entitateren kontutan sartu nahi diren, transferentziaren bidez horretan dirua jasotzeko eskabidea.

2. ERANSKINA

Jarduera abian jartzeko proiektua

Agiri horrek, hasierako egoera oinarri hartuta, inbertsio eta/edo gastu berriak identifikatzen, deskribatzen eta aztertzen ditu; teknika, ekonomia, finantza, hirigintza eta ingurumen arloetako bideragarritasuna aztertzen du eta jarduera abian jartzeko beharrezkoak diren prozedura eta estrategiak garatzen ditu. Gutxienez honako atal hauek izan behar ditu:

a) Enpresaburuaren aurkezpena: diru-laguntzaren xede izan nahi den arloko prestakuntza eta esperientzia.

b) Enpresa edo ustiategiaren aurkezpena eta bere hasierako egoeraren azalpena:

-Identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenari buruzko orientazioa.

-Enpresaren titulartasuna, nortasun juridikoa eta, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza.

-Jardueren azalera, abelburu kopurua, etekinak eta marjina gordinak. Negozioaren bolumena eta bestelako enpresekin duen mendekotasun maila.

-Plantilla, kategorien eta kontratu moten arabera zehaztua.

-Egin nahi duen jarduera berrian duen esperientzia.

c) Jarduera berriak egiteko jomuga eta helburuak:

-Jarduera berriaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenari buruzko orientazioa.

-Enpresaren helburu estrategikoak eta epe ertainerako egoeraren aurreikuspena.

-Jarduera berriari atxikiriko lan eskuaren zerrenda sailkatu eta zenbatua.

-Eskualdeko ustiategiarekin edo ustiategiekin duen harremana.

d) Inbertsio plana:

-Aurreikusitako inbertsioen zerrenda balioztatua, eta horien exekuzioaren epeak, fasez fase.

Diru-laguntzen xede ezin izan diren inbertsioak planean kontatuko dira, makinetan, instalazioetan eta gainerako elementuetan egindako inbertsioen arteko proportzioa zehaztu ahal izateko.

-Abian jartzeko gastuen zerrenda balioztatua.

-Bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana, teknikari eskudun batek sinatutakoa. Azterlan honetan ondokoak agertu behar dira: finantza iturriak, hartuko diren betebeharrak, aldirako aurreikusten diren sarrera eta gastuak, balio erantsi gordina oinarrizko preziotan eta nekazaritzaz besteko balio erantsi garbia oinarrizko preziotan, etab. Foru agindu honen ondorioetarako, hau da balio erantsi gordina oinarrizko preziotan: oinarrizko preziotan balioztatutako ekoizpenaren balioaren (produktuetarako diru-laguntzak barne direla, eta produktuetarako zergak kanpo utzita) eta eskuraketako preziotan balioztatuta dauden batez besteko kontsumoen arteko aldea. Balio erantsi garbia oinarrizko preziotan, aldiz, hau da: balio erantsi gordina oinarrizko preziotan ken amortizazioak.

e) Jarduera berriak sorraraziko dituen NLUen justifikazioa. Lanaldi osoan eta/edo lanaldi partzialean sortu edo mantenduko diren lanpostuen kopurua, etab.

f) Inbertsio planean deskribatu obra eta instalazioei buruzko proiektu teknikoa. 60.000 eurotik gorako inbertsioetarako, arloan eskumena duen pertsona tituludun batek sinatu behar izanen du, eta haren lanbide elkargoak ikus-onetsi behar izanen du. Proiektu horretan datu hauek agertuko dira, gutxienez:

-Memoria, ondoko hauek azaltzen dituena: obra edo hobekuntzak, planoak, kalkulu teknikoak, aurrekontua eta proiekturako beharrezkoak diren gainerako alderdi guztiak.

-Makina eta ekipamenduetarako inbertsioak.

-Proiektu, aholkularitza, patenteen eskuraketa eta lizentzietako gastuak.

Behar izanez gero, proiektuarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

-Obra edo hobekuntzak kokatuko direneko Nafarroako Katastroko lurzatien gaineko zedulen fotokopia. Bertan adieraziko da horien kokalekua.

-Obretarako udal baimena, edo horren eskabidea, beharrezkoa bada.

-Inbertsioak ondasun higiezin erabilien erosketa bilduz gero, tasatzaile independente baten ziurtagiria eskatuko da, erosketa prezioa merkatuko balioa baino handiagoa ez dela dioena. Tasazioan lokalaren prezioa eta lurrarena bereiziko dira.

-Inbertsio lagungarriak errentan harturiko finka, nabe edo orubeetan egiten badira: errentamendu kontratuaren kopia. Kontratu horren iraupena gutxienez inbertsioa amortizatzeko epea izanen da.

-Ingurumen baimen integratua edo jarduera sailkaturako udal lizentzia, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen eraginpean badago.

g) Produktu edo zerbitzuaren definizioa: deskribapena eta ezaugarriak, merkatuan dauden beste produktuekin alderatuta. Horrez gain, enpresa zein negoziotan ezarri nahi den, horren mugapena, bidezkoa bada.

h) Marketin plana: merkatuaren azterketa, merkataritzako helburua eta aurreikuspenak, prezioak, banaketa eta merkaturatzea, komunikazioa eta publizitatea.

i) Eragiketetarako plana:

-Fabrikazio prozesuaren edo zerbitzuaren eta haren ahalmenaren deskribapena. Zerbitzu bat sortuko bada, hauek deskribatuko dira: bere ezaugarriak, plaza kopurua, artatuko diren bisitak, etab.

-Lehengaiak, urteko kopurua, nondik heldu diren eta haien fabrikako balioa.

-Baliabide materialak: makinak, lanabesak, ibilgailuak, etab.

-Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena.

-Azpiegiturak: ondasun higiezinak, finkak, eraikinak, ...

j) Ekonomia eta finantza plana, behin-behineko ustiapen kontua, behin-behineko diruzaintza plana, behin-behineko balantzea, inbertsioak eta finantzaketa iturriak.

3. ERANSKINA

Ordaintzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak

1. Fakturak eta ordainagiriak eta antzeko frogagiriak. Ordainagiriak modu argian egonen dira lotuta gastuen frogagiriekin edo fakturekin, horien ordainketa egiaztatzen duten neurrian.

Ordainagirien zenbatekoa diruz laguntzen ahal den inbertsioarena adinakoa izanen da gutxienez. Hala ere, diruz lagundu ahal edo ezin, sustatzaileak egindako inbertsio guztien gastu eta ordainketen nahiz erabilitako finantzaketa iturri guztien frogagiriak aurkeztuko ditu.

Faktura eta ordainagiriak erkatu ondoren, Administrazioak jatorrizko agiriak zigilatuko ditu eta onuradunari itzuliko dizkio. Agiri horien kopia bat gordeko da, laguntza kudeatzen duen organoaren bulegoetan.

2. Bidezkoa bada, hiru hornitzaileren proposamenak aurkeztu beharko dira, diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, eta 12.000tik gorakoa, ekipamendu ondasunen horniduraren, azterlanak egitearen edo zerbitzuak ematearen kasuan, salbu eta, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez badira. Halaber, onuradunak hornitzaile zehatz bat hautatzeko erabakia arrazoitzen duen idazkia erantsiko du, data eta sinadura agertuta.

3. Obra amaierako ziurtagiria, bidezkoa bada.

4. Obretarako lizentziari, jarduera sailkaturako lizentziari edo Ingurumen baimen integratuari, animalien babesari eta irekiera lizentziari buruzko agiriak eskatzen ahal badira, horiek laguntza eskabidearekin batera aurkeztu ez badira. Aurkeztu ezean, laguntza ondoriorik gabe utziko da eta jasotako kopuruak itzuliko dira.

5. Produktuaren eta/edo zerbitzuaren kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dagoen sistema batekin edo aintzatetsitako ziurtapen sistema batekin bat egin izanaren frogagiria, agintari eskudunak hala ezartzen badu.

6. Laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza helburu duen elkarte ofizial batean inskribatu izanaren frogagiria.

7. Proiektuaren finantzaketa iturriei eta finantzaketaren zenbatekoei buruzko informazioa.

8. Kontabilitate edo erregistro liburuan diru-laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

9. Ondasun higiezinak eskuratzen badira, Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren likidazioa aurkeztu beharko da.

10. Azken ordainketaren aurretik, instalatu den publizitate plakaren argazkia, inbertsioaren edo gastuaren kostu osoa 50.000 eurotik gorakoa bada.

Iragarkiaren kodea: F0913563