50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

AZKOIEN

Deialdia, Juan Bautista Irurzun Ikastetxe Publikoan eskolazain
eta mantentze lanetan aritzeko lanpostu bat lanaldi laburrean
eta lan-araubide finkoan betetzeko

OINARRIAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Juan Bautista Irurzun Ikastetxe Publikoan eskolazain eta mantentze lanetan aritzeko lanpostu bat oposizio bidez, lanaldi laburrean eta lan-araubide finkoan betetzea, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

1.2. Hautapen probak 6. oinarrian azaltzen dira.

1.3. Urteko lanaldia 796 bat ordukoa izanen da, honela banatua: eskola egun guztietan, lau ordu goizez eta beste bi ordu eta erdi astean behin, arratsaldez, mantentze lan funtsezkoetarako.

Nola nahi ere, lanaldia zerbitzuen beharretara egokituko da, eta luzatzen ahalko da, behar bezala frogaturiko beharra baldin badago.

Lanaldiaren orduen kopurua urteari dagokio, eta eskolako oporraldiei dagozkien egunak eskola egunetan pilatuko dira.

1.4. Lanpostuari, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan zehaztutako mailetatik, D mailako oinarrizko soldataren pareko lansariak dagozkio. Inolaz ere ez dira aplikatuko funtzionarioen antzinatasun saria eta gradua; antzinatasuna, hain zuzen, hirurteko iraganen arabera zenbatuko da.

1.5. Hauek dira eginkizunak:

_Ikastetxeko eraikinak, esparruak eta patioak zaintzea.

-Eskola multzoko berokuntza piztea eta mantentze lanak.

-Elektrizitateko, igeltserotzako, iturgintzako eta pinturako konpoketa txikiez arduratzea.

-Ikastetxea ireki eta ixteko ardura izanen du, ikastetxeko Zuzendaritzak zehaztuko dion ordutegiari jarraituz. Finkatutako ordua baino bost minutu lehenago ireki beharko du ikastetxearen esparrura sartzeko atea, eta eskolak eta Zuzendaritzak antolaturiko jarduerak bukatutakoan itxiko.

-Gela guztien giltzak gordeko ditu eta erabiltzaileen eskura jarriko.

-Ikastetxeak eta bertako irakasleek jasotzen dituzten gutunak, oharrak eta abarrak eraman, bildu eta banatuko ditu.

-Umeekin adeitsuki jokatuko du eta haiek zigortzeko moduko zerbait eginez gero, irakasleei emanen die horren berri.

-Eskola ekitaldi eta ospakizunetan, behar den laguntza emanen die bai Zuzendaritzari bai irakasleei, eta ikastetxearen funtzionamendurako mesedegarria den orotan lagunduko du.

-Udalak eta/edo Ikastetxeko Zuzendaritzak batera erabakitzen dituzten eginkizun guztiak.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Lanpostu horretara lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Hamasei urtetik gorakoa izatea eta nazionalitate espainiarra edukitzea, edo Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuari buruzko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuko 7. artikuluan a) paragrafoan aipatzen den edozein nazionalitate edukitzea.

b) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo eskubide-gabetua ez izatea eta administrazio publikoetatik inoiz baztertua ez izatea.

3. oinarria.- Eskabideak.

3.1. Eskabideak, eranskineko ereduaren araberakoak, Azkoiengo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu biak arte, deialdia :bon.ean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean.

3.2. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Tituluen egiaztagiriak edo haien fotokopia, fede-emaile publiko batek konpultsatua.

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Azkoiengo Udaleko alkateak, hamar eguneko epearen barrenean, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitara eman eta ondoko hamar egun baliodunean, bidezko erreklamazioak aurkeztu edo zuzenketak egin ahalko dituzte, Azkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean idazkia aurkeztuz.

4.3. Aipatu epea iraganik eta, hala behar bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du. Zerrenda Azkoiengo Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia: Eraketa eta jarduna.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: Juan Jesús Basarte Osés, Azkoiengo Udaleko alkatea.

-Mahaiburuaren ordezkoa: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, alkateordea.

-1. mahaikidea: Jesús Zurbano Montoya, Azkoiengo Ikastetxe Publikoko zuzendaria.

-1. mahaikidearen ordezkoa: Vicente Castillo Chaurrondo, Azkoiengo Ikastetxe publikoko maisua.

-2. mahaikidea: Juan Enrique Sanzo Andrés, Azkoiengo Ikastetxe publikoko maisua.

_2. mahaikidearen ordezkoa: Marta Alonso García, Azkoiengo Ikastetxe publikoko maistra.

-3. mahaikidea: Juan Legaz Lozano, obra arduraduna.

-3. mahaikidearen ordezkoa: Roberto Martínez Pueyo, Azkoiengo Udaleko obra arduraduna.

-4. mahaikidea: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

-4. mahaikidearen ordezkoa: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

-Idazkaria: Miguel Chivite Sesma, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

-Idazkariaren ordezkoa: María Ángeles Díaz Ramos, Azkoiengo Udaleko lan-kontratuduna, eszedentzian dagoena.

5.2. Izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen erabateko gehiengoa izan gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

6. oinarria.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarriko da oposizioaren hasiera, 4. oinarrian aipatutako onartu eta baztertuen zerrendarekin batera.

Gainerako probak Azkoiengo Udalaren iragarki oholean bakarrik argitaratuko dira.

6.2. Oposizioaldian proba teoriko bat, proba praktiko bat eta zenbait proba psikotekniko eginen dira.

6.2.1. Proba idatzia, teorikoa:

Ariketa idatzi honetan epaimahaiak proposaturiko gai bati buruzko idazlana idatzi beharko da eta lau eragiketa aritmetikoei buruzko zenbait problema ebatzi. Proba honetan epaimahaiak gehienez 25 puntu ematen ahal ditu. Bazterturik geldituko dira 10 puntu baino gehiago eskuratzen ez dutenak.

6.2.2. Proba praktikoa:

Zurgintza, iturgintza eta elektrizitateko lan erraz batzuk egin beharko dira, lanpostuaren ardurapeko egoitzetan egin beharko diren horien antzekoak.

Proba honetan epaimahaiak gehienez 35 puntu ematen ahal ditu.

6.2.3. Proba informatikoa:

Windows, Word eta Excel ingurune eragileei buruzko oinarrizko proba.

6.2.4. Proba psikoteknikoak.

Aurreko probak gainditzen dituztenek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak proposatzen dituen probak egin beharko dituzte.

Proba horretan gehienez ere 25 puntu emanen dira.

Epaimahaiak, egokiera bilatuz eta ariketetan ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabakia hartzen ahal du ariketa bat baino gehiago egun berean egiteko edo haien ordena aldatzeko.

7. oinarria.-Identifikazioa eta bestelakoak.

7.1. Izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legezko baliokideren bat ekarri beharko dute. Berehala kanporatuko da probetan oharretatik kopiatu edo bertze edozein iruzur egiten duen oro, eta horrez gain, bidezko jarduketa penalak ere etor litezke.

8.-Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Proben puntuazioak batu ondoan, epaimahaiak zerrenda osatuko du, puntuaziorik handiena duenetik txikienera antolatua, eta organo eskudunari izendapen proposamen loteslea igorriko dio, lehenengo hiru izangaien aldekoa. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

9. oinarria.-Agirien aurkezpena.

9.1. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman edo banakako jakinarazpena egin ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Azkoiengo Udaleko Erregistro Orokorrean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Zinpeko edo hitz emandako aitorpena, inongo estatu, erkidego autonomo, probintzia, udal edo toki entitateren inolako kargu edo lanpostutatik egotzia ez dela izan, eta eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez dagoela dioena.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da izendapena ez eta kontratazioa ere egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Horrela gertatuz gero, aprobatu dutenen puntuazioen zerrendan hurrengo datorren/datozen izangaiari/ei eginen zaio/e izendapen proposamena.

Ondotik, osasun azterketa eginen zaio izangai proposatuari, lanpostuan aritzeko behar den gaitasun fisikoa duela egiaztatzearren.

10. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Udala izanen da, alkatearen bidez, beharkizunak epez eta moduz bete dituen izangaia izendatzeko organo eskuduna. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendatutako izangaiak lanpostuaren jabetza hartu beharko du hilabeteko epean, izendapena jakinarazten denetik, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeari buruzko Erregelamenduaren 35. artikuluan aurreikusi bezala, zin egin edo hitz eman ondoren.

Aipatu epearen barrenean, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan puntuazioz ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta horrekin ere bederatzigarren oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, legeria orokorrean ezarrita dagoena, jurisdikzio horretan eskumena duen organoari zuzendua.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, Udalari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian.

Aipatu auzitegi horren ebazpen espresu edo ustezkoek amaiera emanen diote foru bide administratiboari eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunei zuzendurik.

Azkoienen, 2009ko martxoaren 18an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

ERANSKINA

Izena: ..........................., adinez nagusia, NAN. zenbakia: ......................., sorteguna: ........................., sorlekua: ...................... (............). Helbidea: ............. Kalea: ........... Zenbakia: .... Posta-kodea: ....... Telefonoa: ...........

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Ondoko deialdi honetara onartzea eskatzen dudala: ikastetxe publikoko eskolazain izateko lanpostu bat oposizio bidez eta lan araubide finkoan betetzeko deialdia.

Karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik ez dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez:

Eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, hortaz, eskolazain lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

Azkoienen, 2009ko ................aren ..........(e)an.

Iragarkiaren kodea: L0912428