II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
JAITZ
Udal ordenantza, hornidurako zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek zorupea, zorua eta hegalkina okupatzeari buruzkoa. Behin betiko onespena
Jaizko Udalak, 2008ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Hornidurako zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek zorupea, zorua eta hegalkina okupatzeari buruzko udal ordenantza. Iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.
Jaitzen, 2009ko martxoaren 24an.-Alkatea, José Luis Anocibar Ilzarbe.
ORDENANTZA, HORNIDURAKO ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEK ZORUPEA, ZORUA ETA HEGALKINA OKUPATZEARI BURUZKOA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, tasak ezarri eta galdatuko dira Udalaren jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu bereziagatik, ordenantza honetan zehazten diren kasuetan eta bertan dauden arauen arabera.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Ordainarazpenaren xedea da toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia.
Subjektu pasiboak
3. artikulua. 1. Zergapeko subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoak eta entitateak, baldin eta ordenantza honetako prestazioak eskatzen edo ezeztatzen badituzte, edo haien onura jasotzen badute.
Artikulu honetan ezarritakoari dagokionez, zerbitzuaren enpresa ustiatzailetzat hartuko dira zerbitzuak banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.
2. Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 34. eta ondoko artikuluetan xedatuari jarraituko zaio zerga arloko erantzukizunaz den bezainbatean.
Zerga-oinarria
4. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren tasak finkatzeko oinarriak dira kasuan kasuan paratzen diren elementuen motak eta ezaugarriak, haiek paratzen diren eremu publikoaren kategoria, hala behar badu, aprobetxamenduak zenbat irauten duen eta lizentziaren ondorioz okupatzeko baimentzen den azalera edo benetan okupatzen dena. Aprobetxamendu horren ondoriozko onurak merkatuan izanen lukeen balioa ere erreferentziatako hartuko da erreferentziatako.
Tributu-kuota
5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupean egiten dituzten aprobetxamendu bereziek herritar guztiak edo kopuru handi bat ukitzen dituztenean, enpresa horiek Gesalazko udal mugapean urtero erdiesten duten fakturaziotik heldu diren diru-sarrera gordinen %1,5 izanen da aprobetxamendu horien zenbatekoa.
Horri dagokionez, zerbitzu horien enpresa ustiatzailetzat hartuko dira haiek banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.
Sakelako telefoniako zerbitzuak ez dira sartuko tasaren zenbatekoa zehazteko araubide berezi honetan.
Zenbatekoa zehazteko araubide berezi hau aplikatuko zaie hornidurako zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresei, bai kasuan kasuko sareen titularrak izanik haien bidez hornidurak egiten dituztenean, bai sare horien titularrak izan gabe, horiek erabiltzeko, eskuratzeko edo horiekin lotzeko eskubidearen titularrak direnean.
6. artikulua. Epigrafe honetan arautzen den tasaren zehaztapena hiruhilekotik behin eginen da, enpresa ukituek mugaegunera ailegatutako hiruhilekotik hasi eta 30 egun naturaleko epean aurkeztu behar dituzten aitorpenak ikusirik. Horiek honela eginen dira:
-Aitorpen horrek adieraziko ditu enpresa bakoitzak udal mugapearen barnean egindako zerbitzuak, ordenantza honen mendeko diru-sarrerak sorrarazi badituzte edo sorrarazten ahal badituzte. Aitzin-aitzineko hiruhileko naturalean erdietsitako diru-sarrera gordinak zehaztu beharko dira.
-Diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide berezi hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira.
-Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dituzten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horrengatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan
-Enpresaren kontabilitatearen laburpen bat eta udal administrazioak kasu bakoitzean eskatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da aitorpen horrekin batean.
7. artikulua. Enpresa interesdunen bidez bildu ahal izan dituen datuekin, udal administrazioak tasa zehaztuko du, gero behin betiko likidazioa etorriko bada ere.
8. artikulua. Araubide berezi hau aplikatuta ateratzen den zenbatekoa ez zaio jasanaraziko epigrafe honek aipatzen dituen hornidura zerbitzuen erabiltzaileei.
9. artikulua. Epigrafe honetan arautzen diren tasak bateragarriak dira toki erakundearen eskumeneko jarduerak edo zerbitzuak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin. Halakoetan, epigrafe honek aipatzen dituen enpresek haien subjektu pasibo izan beharko dute. Udalerriko eremu publikoetako zoru, hegalkin eta zorupean egiten dituzten erabilpen pribatibo edo aprobetxamendu berezien ondoriozko bertze tasa batzuen ordainarazpena aparte utziko da tasa hau ordaintzeagatik.
10. artikulua. 1. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuradunak, eremu publikoa okupatzeagatik behar den tasaren ordaintzeaz gain, eraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaindu beharko du, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutan utzi beharko ere.
2. Kalteak konponezinak badira, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balioaren galera norainokoa den, horrenbertze emanen zaio ordainetan Udalari.
3. Udalak ezin izanen ditu barkatu ez partez ez osorik artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta itzuli beharrak.
Kudeaketa
11. artikulua. 5. artikuluan araututako tarifei jarraikiz galdatzen ahal diren zenbatekoak eskatutako aprobetxamendu bakoitzetik ordainduko dira eta murriztuezinak izanen dira kasuan kasuko epigrafeetan aipatzen diren denbora epe naturalengatik.
12. artikulua. Udal jabari publikoko ondasunetan edozein aprobetxamendu berezi paratzeko, baita erabilpen pribatibo edo aldaketa, berritze, handitze edo murrizte baten ondoriozko zera edo elementuetarako, nahitaezkoa izanen da udal administrazioari behar den lizentzia eskatzea, hura gabe ez baita deus paratzerik ez aldatzerik ez berritzerik ez handitzerik ez murrizterik. Lizentzia hori ez da inola ere emanen lehenago ordaindu ez badira ordenantza honetan arautzen diren tasak eta aplikatu beharreko zerga eta tasak.
13. artikulua. Tasa honi loturiko zera edo elementuak kendu ondotik, interesdunek baja aitorpena aurkeztu beharko dute Gesalazko Udalean (Ogasuna). Adostasuna emanez gero, zer hilabetetan aurkeztu den, hurrengoan izanen du indarra aitorpen horrek. Hala egiten ez badute, dagozkien tasak aplikatzen segituko zaie, haiek erreklamatzeko edo itzultzeko eskatzeko aukerarik gabe.
14. artikulua. Erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak jadanik baimenduak eta luzatuak direnean, eta haietan aldatzen denean pertsona onuradunaren titulartasuna, bai lehengo titularrak bai berriak aditzera eman beharko diote Udalari aprobetxamenduan baja eta alta egin dutela, datu pertsonalak eta onuradun berriaren helbidea barne, baita ordenantza honetan arautzen diren tasak behar bezala kobratzeko behar diren datu guztiak ere.
Sorrarazpena eta kobrantza
15. artikulua. 1. Aprobetxamendu berrien kontzesioak direnean, jabari publikoaren erabilpen pribatibo edo aprobetxamendu berezia abiatzen denean sortzen da ordenantza honetan arautzen diren tasak ordaindu beharra. Horri dagokionez, erabilpen pribatibo edo aprobetxamendu berezia abiatutzat joko da okupatzeko baimenak aipatzen duen lehen egunean, baldin eta hartan data zehatza finkatzen bada. Bertzenaz, baimena ematen den egunean joko da okupazioa abiatutzat.
2. Aprobetxamenduak jadanik baimenduak eta luzatuak direnean, aipatu epe natural bakoitzeko lehen egunean sortuko da ordaindu beharra.
3. Aprobetxamendu berezi jadanik baimendu eta luzatuak urtekoak direnean, sorrarazpena urte bakoitzeko urtarrilaren lehenean izanen da, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilpen pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten edo bukatzen bada, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hiruhileko naturaletan hainbanatuko, aprobetxamenduaren hasierakoa edo bukaerakoa barne.
16. artikulua. Tasaren ordainketa autolikidazio bidez eginen dute tasaren subjektu pasiboek, hiruhileko natural bakoitzaren barnean. Horretarako, ordenantza hau jakinaraziko da, autolikidazioa egin eta behar den diru-sarrera egin dezaten, ordenantza honen 6. artikuluak aipatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar badute ere.
17. artikulua. Tasa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla-eta, jabari publikoa erabiltzeko eskubidea gauzatzen ez bada, behar den zenbatekoa itzuliko zaio.
Hala ere, ez da tasa itzuli beharko ordenantza honek aipatzen dituen zera edo muntadurak kendu behar badira edo paratzen ez badira udal ordenantzen arauekin edo lizentzian ezarritako baldintzekin bat ez datozelako.
18. artikulua. Jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia baimentzeko lizentzia bildu eta ordaindu ondoren, interesdunek uko egiten badio hura erabiltzeari arrazoi funtsezkoengatik edo berari egotzi ezin zaizkionengatik, aukera izanen du, 30 egun balioduneko epean kontzesioa jakinarazten zaion egunaren biharamunetik aitzina, ordaindutako tasa osorik itzul diezaioten idatziz eskatzeko.
Tributu gaietako arau-hausteak eta zehapenak
19. artikulua. Tributu gaietako arau-hauste eta zehapenen kalifikazioari dagokionez, ordenantza honetan aurreikusiari ez ezik, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 93. eta hurrengo artikuluetan eta aplikatzen ahal diren gainerako arauetan xedatuari jarraikiko zaio.
Azken xedapena
Ordenantza hau aplikatuko da bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean zehazten den epea iragandakoan, eta indarra izanen du berariaz aldatu edo indargabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L0912456