50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLAZTI

Udal ordenantza, Udalerriko auzobideen eta mendiko pista zein bideen erabilera, baita eroritako arbolen aprobetxamedua ere, arautzen dituena. Behin betiko onespena

Olaztiko Udalak, 2009ko urtarrilaren 15ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aipatu udal ordenantza. Hura 2009ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

ORDENANTZA, UDALERRIKO AUZOBIDEEN ETA MENDIKO PISTA ZEIN BIDEEN ERABILERA, BAITA ERORITAKO ARBOLEN APROBETXAMENDUA ERE, ARAUTZEN DITUENA

Olaztiko herribide publikoen sarea olaztiar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Herriko pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Olaztiko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Orobat, beharrezkoa da arrazoi naturalak direla-eta denboraren poderioz erortzen diren arbolen erabilera zuzena.

Helburua horixe dela, Olaztiko Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Olaztiko udal mugapeko mendiko bide publikoen sarearen erabilera arautzen du, baita arrazoi naturalak direla-eta denboraren poderioz erortzen diren arbolen erabilera zuzena ere.

2. artikulua. Mendiko bideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Olaztiko mendiko bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.-2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

Ondoko laukian laburtzen da egungo bideen sarea, Altzania mendikoa nahiz Bargea mendikoa.

Mendia

Pista mota

Izena

Luzera (m.l.)

Altzania

Errepidea

Urdalur

1050

Nagusia

Zapardegia

7560

Bigarren mailakoa

Auntzetxe-Arrilegun

1990

Oihangintzako pista

Sagarminsaroi-Muskilin

2200

Sarasako Lohia

1470

Txerrimendi-Adarroiz

2070

Zapardegia

1555

Sasartea

3120

Bargea

Bidezidorrak

52404

Abeltzaintzarakoak

2046

Atal hau, guztira

75465

Errepidea

Altsasu-Urbasa

2020

Olazti-Lizarra

5500

Bidezidorrak

Abeltzaintzarakoak

18190

Atal hau, guztira

25710

GUZTIRA

101175

a) Auzobideak: horrela sailkatu dira herriko baserri multzo bakoitzera joateko bide nagusiak. Asko erabiltzen diren bideak dira eta horregatik zoru irmoa, agregakinak, asfaltoa edo hormigoia dute.

b) Abeltzaintzarako bide azpiegitura: Olaztik lurzatien berrantolamenduko bide sare osoa eta usua du, atal honetan sartzen dena.

Orobat, abeltzaintzarako dira, edo halakotzat hartu dira, borda eta baserrietara sarbide ematen duten pistak, auzoko bide nagusiak ez direnean.

Azienda bazkatzera eramateko baizik ez dira erabiltzen Andiko eta Bargeko soilguneetarako abeltzaintzarako bideak; labur samarrak dira gehienbat eta estaldurarik gabeak.

c) Mendi bide nagusiak: garraiorako azpiegitura gehiena haietan bermatzen da. Orokorrean, haien egoera ona edo oso ona da, luzerako nahiz zeharkako drainatzeak dituzte, baita, zati gehienetan, zoru malgua (agregakinak) edo zurruna (asfaltoa edo hormigoia) ere.

d) Bigarren mailako mendi bideak: maila txikiagoan egiten dute zerbitzu, eta haien kalitatea aurrekoak baino kaskarragoa da; drainatze lanak dituzte, baina gehienetan zoru irmorik ez.

e) Oihangintzako bideak: basotik oihangintzako produktuak ateratzea dute xede, eta haien egoera halamoduzkoa izan ohi da, nahiz eta zenbait puntutan zirkulazioa baldintzaturik dagoen. Fabrikako obrak izan ditzakete baina zoru irmorik ez dute.

Halako tarte franko dago, gehienetan mendi bide nagusietatik, abeltzaintzarako bideetatik edo are errepideetatik ateratzen direnak.

f) Kale edo bidezidorrak: denbora baterako irekidurak dira, halako lote bateko oihangintzako produktuak ateratzeko direnak. Ez dute fabrikako obrarik ez zoru irmorik izaten, eta sarrera mugatua izan ohi dute, oihangintzarako traktoreentzat bakarrik.

Mendi guztian barrena daude gisa honetako bidezidorrak, hondatu samarrak, gehienetan. Alde urrunenak eta iristen zailenak dira halakorik ez duten bakarrak, hala nola Soromearretako errekako bazter batzuetan.

2.-Bide meharrak, 2 metro zabal baino estuago direnak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Olaztiko Udalak zainduko du 2.1 ataletan zehazten diren mendiko bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da ibilgailu motordunetan ibiltzea Olaztiko udal mugapeko mendi pista guztietan, horretarako baimena izan ezik.

5. artikulua. Baimenak. Eskumena

Mendi pistetan ibiltzeko baimena lortu beharko da aldez aurretik; haren eskumena Alkatetzari dagokio.

Baimena eskatzen ahalko dute udalerriko bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute bertan erregistraturik, bai eta beste pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira noiznahirako, urtebeterako edo denbora eta toki jakin batzuetarako.

Honelakoetan, ibilgailu motordunak ibiltzeko sarrerak baimentzen ahalko dira:

a) Udalaren ibilgailuendako edo Udalarendako lanean ari diren langileendako sarrerak.

-Sarrera hau noiznahirako izanen da.

b) Abeltzaintzarako sarrera

-Sarrera honekin batera abeltzainaren izena eta argazkia agertuko dira, eta noiznahirako izanen da haren titularra abeltzaintzan aritzen den bitartean.

c) Ehiza edo ziza garaietako sarrera

-Udalerrian erroldaturik dagoen edonork eskatzen ahalko du sarrera, eta berdin erroldaturik daudenen seme-alabek. Orobat eskatzen ahalko dute Olaztiko ehiztarien elkarteko kideek.

Delako sarreran ibilgailu baimenduaren matrikula jasoko da.

Sarrera hauek urte osorako balioko dute, martxoa, ekaina, uztaila eta abuztua kenduta. Haien balioa urtero besterik gabe luzatuko da, baina berritu beharko dira ibilgailu baimendua aldatzen denean.

6. artikulua. Udalaren erregistroko zenbakia agertuko da sarrera guztietan.

7. artikulua. Pistetan ibiltzeko baimena. Eskumena.

Mendi pistetan ibiltzeko baimena lortu beharko da aldez aurretik; haren eskumena Alkatetzari dagokio.

Baimena eskatzen ahalko dute udalerriko bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute bertanan erregistraturik, bai eta beste pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira noznahirako, urtebeterako edo denbora eta toki jakin batzuetarako.

8. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tona baino gehiagorako ibilgailuetarako.

3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimen espresua beharko dute Olaztiko herribide publiko guztietan barrena ibiltzeko.

9. artikulua. Garraioa, zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetako.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduetarako betebeharrak eta kargak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.

10. artikulua. Entitate publikoen erabilera.

Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

11. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Olaztiko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 25 kilometro/ordua izanen da.

12. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

13. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta ibilgailu motordunetan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

14. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Bide eta pisten erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

15. artikulua. Bide eta pisten inbentarioa eta sailkapena.

Olaztiko hermendia antolatzeko Udalak 2008an onetsi zuen proiektuan jasorik daude.

16. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, nolanahikoa izanik ere, arau-haustetzat hartuko da.

17. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honi eginiko arau-hausteengatik, isunen zenbatekoak ez du gaindituko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoa.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

18. artikulua. Herrilurretan eroritako arbolen aprobetxamedua

Udalak markatuko ditu herrilurretako arbolak, edozein arrazoi dela-eta urte barrenean lurrera erortzen badira, eta Udalak etxeko egurrarekin egiten duen enkanterako izanen dira; beraz, egiten den enkantearen prozeduratik kanpora ezin izanen zaizkio inolako bizilagun partikularri erreserbatu, ezta haien aprobetxamendua inori esleitu ere.

Horren ondorioz, partikularrek ezin izanen dute herrilurretako egurraz baliatu, Udalak horretarako markaturiko datatik kanpora.

Olaztin, 2009ko martxoaren 23an.-Alkatea, Iñaki Mentxaka Berra.

Iragarkiaren kodea: L0912652