50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CABANILLAS

Ordenantza fiskala, Cabanillasko herrilur eta ondareko lurrak erabiltzeko eta legarra, harea, lurra eta harria ateratzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Erabakia 2009ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 13an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamaziorik batere egin. Beraz, bertzerik gabe behin betikoz onetsirik gelditu da, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako legezko prozedurarekin bat.

Cabanillasko Udaleko jarduneko alkate udalburu Salome Elía Aguadok 62. ebazpena eman du, martxoaren 24koa, eta horren bitartez behin betikoz onetsi da Cabanillasko herrilur eta ondareko lurrak erabiltzeko eta legarra, harea, lurra eta harria ateratzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, inork ez baitu erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Cabanillasen, 2009ko martxoaren 24an.-Jarduneko alkate udalburua, Salome Elía Aguado.

ORDENANTZA FISKALA, HERRILUR ETA ONDAREKO LURRAK ETABILTZEKO ETA LEGARRA, HAREA, LURRA ETA HARRIA ATERATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza alderdi batek eskaturiko udal jarduera da, kudeatu behar direnean herrilur eta ondareko lurren erabilera eta legarra, harea, lurra eta harria ateratzea.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da ordenantza honek aipatzen eta tasatzen dituen zerbitzuak norberaren intereserako eskatze hutsarekin, udal administrazioaren edo udal agintarien eskumenekoak badira.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Delako zerbitzuak eskatzen, sorrarazten edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honek tarifa hauek izanen ditu:

Laborantzako herrilurren inguruko frogaketa eta esleipena egiteko zerbitzuen tasak. Ureztalurretako erregu bakoitzeko, 14,83 euro; lehorreko lurretako erregu bakoitzeko, 4,68 euro.

Biltegien tasa, herrilurretan edo lurzatietan: 47,78 euro. Eskorta edo erlauntzen tasa, herrilurretan edo lurzatietan: 24,33 euro. Baratze erregu bakoitzeko tasa: 63,89 euro (belar barrutia barne). Erregua ureztalurreko 1. mailako lurzatian: 54,50 euro, 2. mailakoan: 49,73 euro; erregua aspertsio bidezko ureztalurretan: 61,11 euro; erregua lehorreko herrilurretan: 1,64 euro; erregua lehorreko lurzatietan: 1,41 euro; erregua oinez ureztatzeko herrilurretan: 16,97 euro; erregua aspertsio bidezko ureztalur estentsiboko herrilurretan: 2,46 euro; erregua lehorreko mahastian, zuhaitzetan, zainzurietan: 2,92 euro.

Legarra, harea, lurra, harria eta bertzelako materialak ateratzeko herrilurren eskubideak eta kanonak. Tarifak ateratako harriaren metro kubiko bakoitzeko, 1,86 euro; ateratako legarraren, harearen edo lurraren metro kubiko bakoitzeko, 0,89 euro; eta nekazaritzarako ez bertze erabileretarako herrilurren okupazioa, 64,59 euro.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

6. artikulua. Tasa sortutzat hartuko da ordenantza honek kudeatzen duen zerbitzu publikoa luzatzen den puntuan.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Zerbitzuen erregistroaz arduratzen diren udal funtzionarioen ardura izanen da aipatu tasak zuzenbidearen arabera betetzeko eskatzea, eta indarra duten xedapenek eta, subsidiarioki, legezko araudi aplikagarriak aurreikusi bezala zehatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta gainerako legezko araudi aplikagarrian xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0912455