I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
562/2009 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen zuzendari nagusiak irailaren 8ko 2100/2006 Ebazpenaren bidez Ablitasko lurzati berrantolamenduari buruz egindako Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzen duena. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 55.1.b) artikuluaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak alda ditzake, arrazoituz, gorabeherak izatearen ondorioz baimenaren baldintzak berrikustea beharrezkoa denean.
Ablitasko lurzati berrantolamenduari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanean eta Ingurumen eraginaren adierazpenean zenbait baldintza ezarri dira, estepako habitatean ahalik eta kalte gutxien egiteko, bereziki ''Peñadil, El Montecillo eta Monterrey'' aldeko Zainketa Bereziko Eremuan.
Baldintza horiek ezarri ziren eremu horretako landaredi naturaleko formazioak zaintzeko, hau da, lehentasunezko intereseko habitatak sortzen dituztenak, flora katalogatua izaten ahal baitute; estepako hegaztiak ere zaindu nahi dira, bertan ibiltzen diren espezieetako batzuk galzorian baitaude gainera.
Zehazki, Zainketa Bereziko Eremuaren barneko bide sareari dagokionez, proposatutako trazadurei buruzko murrizketa batzuk ezarri ziren, hain zuzen ere:
-BILean proiektatutako bide berrietan (adibidez R-14, M-11 eta P-5) egitekoa den sestra (gutxieneko kota gorria) eremu horretako egungo kotara egokitzen ahalegindu beharko da.
-L-2 bidea eta L-4-2 bidea: gurpilbidearen zabalera 4 m-koa izanen da lepora igotzen den tartean L-2 bidean eta, ahal dela, L-4-2 bide osoan; zilegi izanen da tarte batzuetan zabalguneak diseinatzea.
-R-3 bidea: trazadurak ez du Mg 3229 sastrakadia ukitu beharko, ez eta HN 463 ere, eta ahal izanez gero bide osoan gurpilbideak 4 m-ko zabalera izanen du eta zenbait tartetan zabalguneak.
-Kontuan izan beharko da P, R-4, eta L-4-2 bideek BILeko anfibioengan eta narrastiengan duten eragina, bai eta IEAn ageri diren proposamenak ere.
-BILean gehiago erabiliko ez diren bide zaharren azaleran landaredi naturala sortzen laguntzeko neurriak hartuko dira.
-Obraren egutegiari dagokionez, estepako faunarengan eraginik ez izateko (Duponten hegatxabala, atalarra, ganga azpibeltza eta basoilo txikia batez ere), bideetako lanak eta drainatzeak hegazti horien umatze garaitik kanpora egin beharra ezarri zen, Ingurumen eraginaren azterlanean agertzen den moduan. Kasu honetan, garai hori martxotik uztailaren hasierara arte izanen da BILeko eremuan eta ureztalurren inguruko gatz eremuetan.
Obrak hasi ondoren Duponten hegatxabalari buruzko beste datu batzuen berri izan da, Doñanako Estazio Biologikoko (CSIC) adituek emanak, 2008ko urriaren 16ko txosten baten bidez.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman duenez, txosten horretan azaltzen da espezie horren habitataren gaineko betebeharrak 2006ko Ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitazioaldikoak baino zorrotzagoak direla; hori hala izanik, bideen proiektuko ekintza batzuek (hala nola oraingo bideen lur-berdinketa handitzea, trazadura berriak irekitzea landare formazio igeltsuzaleak hein batean ukituz, edo bide horietan arekak egitea) hegazti horiengan eragin larria izan dezakete.
Proiektuaren alderdi horiek, urte hartako datuen arabera, ez ziren hain larritzat jo Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioan.
Aditu horiek bildutako datuek pentsarazten dute, gainera, espezie horren gaur egungo populazioa, Peñadilgo ZBEren barruan, atzeraka ari dela nabarmen.
Horretaz gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak obrei buruz egindako ingurumen jarraipenean espezie batzuen umatze berantiarra detektatu zen. Egiaztatu da estepako hegaztien (Duponten hegatxabala, atalarra, ganga azpizuria, ganga azpibeltza eta basoilo txikia ZBEren barruan) umatze garaia, hasiera batean martxotik uztailera bitarte zena, aldatu eta urtetik urtera luzatzen ahal dela.
Horregatik, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, lurzati berrantolamendu honen IEAn ezarritako umatze garaian obrak ez egiteaz aparte, ingurumeneko zainketa osagarria ezarri du obra aldirako, lanak eta lanen unea antolatzearren, umatzen ari den estepako hegaztirik baden ala ez kontuan hartuta.
Horiek horrela, zenbait gorabehera sortu da eta, beraz, berrikusi egin behar dira Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarri ziren baldintzak. Berrikuste horrek funtsezkoa ez den aldaketa ekarriko du.
2008ko abenduaren 12an, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 56.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura igorri zen, sustatzailea eta organo eskuduna zen aldetik, ebazpen proposamena, zeinaren bidez erabaki baitzen Ablitasko lurzati berrantolamenduari buruz egindako Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketari hasiera ematea.
Aldaketa horren bidez, beraz, estepako faunaren gaineko eragina saihestu nahi da (Duponten hegatxabala, atalarra, ganga azpibeltza eta basoilo txikia batez ere) eta, horretarako, ordeztu eginen dira Zainketa Bereziko Eremuaren barneko bide trazadurei buruz ezarritako murrizketak, bai eta Ingurumen zuzendari nagusiaren irailaren 8ko 2100/2006 Ebazpenean obraren egutegirako ezarritakoak ere, murrizketa zorrotzagoak ezarriko baitira, bildutako txostenei jarraikiz.
Abenduaren 15ean Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak erantzuna eman eta zehaztapen txiki bat egin zuen. Dagoeneko jaso da.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 56.2 artikulu horrexekin bat, abenduaren 18ko 2370/2008 Ebazpena eman zuen Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, eta haren bidez erabaki zen hasiera ematea Ingurumen zuzendari nagusiak irailaren 8ko 2100/2006 Ebazpenaren bidez Ablitasko lurzati berrantolamenduari buruz egindako Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzeko prozedurari. Halaber, aldaketa proposamena jendaurrean jarri zen 15 egunez, baina ez zen alegaziorik jaso.
2008ko abenduaren 28an, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 2370/2008 Ebazpena Ablitasko Udalera igorri zen, baina harez geroztik ez da udalaren inolako alegazio edo oharrik jaso.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 2370/2008 Ebazpen hori 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko otsailaren 2an.
Horrenbestez, Ablitasko lurzati berrantolamenduari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketa ez funtsezkoa jendaurrean egoteko 15 eguneko epea iraganik, eta sustatzaileari eta organo eskudunari kontsulta egin zaiela eta alegaziorik ez dela jaso kontuan harturik, bidezkoa da aldaketa hori onestea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 56.3 eta 56.4 artikuluari jarraikiz.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta ingurumenaren arloko eskumenak eskuordetzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d) artikuluarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen zuzendari nagusiak irailaren 8ko 2100/2006 Ebazpenaren bidez Ablitasko lurzati berrantolamenduari buruz egindako Ingurumen eraginaren adierazpenean aldaketa ez funtsezkoa egitea onetsi da. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatu du. Ingurumen eraginaren adierazpena ''Peñadil, El Montecillo eta Monterrey'' aldeko Zainketa Bereziko Eremuan dauden landa bideen sareen konponketari buruzkoa da, horrela Duponten hegatxabalaren habitata ahalik eta gutxien ukitzeko eta egutegia proiektuko eremuan katalogatuta dauden estepako hegaztien umatze garai benetakoari egokitzeko.
2. Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzen multzoan aldatu egin dira ebazpen honen azalpen zatian bideak egokitzeko aipatutako baldintzak eta, horien ordez, beste hauek ezarri dira:
-R-3 bidea ez da ez konpondu ez aldatuko. Trazadura zaharra mantenduko da eta belar-sastraken kentzea zabaldu eginen da, ahal dela lur-giro onean eta haizerik gabeko egun batean.
-L-4-2 bidea ez da gauzatuko 1,600 k.p.tik aurrera. Trazadura zaharra berreskuratuko da, bi trazadurek bat egiten duten eremuetan trazadura zaharra utziko da eta lehengoratu eginen dira belar-sastrakarik gabe utzitako bide bazterrak. Belar-sastraken kentzea trazadura zaharrarekin bat ez datorren tokietan landaredi naturala lehengoratuko da, kendutako belar-sastrakak zabalduz.
-L-2 bidea ez da gauzatuko. Belar-sastrakak kendutako eremua lehengoratu eta 3 m-ko bide zabalera utziko da belar-sastrakarik gabeko erdigunean. Sarbidea L-1 bidetik ez izaten saiatu beharko da.
-R bideak 2,105 k.p.tik (R-3 bidearekiko gurutzagunea) 4,520 k.p.raino (Corral de Mila) duen tartea Duponten hegatxabalarentzat onena den estepako habitatetik pasatzen baita, plataformaren handitzea nekazaritzako alorretan eginen da. Areken tartekako zuinketa eginen da, Duponten hegatxabalarentzat balio handikoak diren landare formazioak ahalik eta gutxien ukitzeko.
-R-5 bideko belar-sastrakak garbitzeko lanetan landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitu beharko da; horregatik, bide berria irekitako trazadurari egokituko zaio eta bazterretan ukitutako landaredia lehengoratzeko ahalegina eginen da. Landaredi naturalaren gaineko hondakinak alorretan pilatuko dira.
-Berrantolamenduaren aurretik zegoen bezala utziko da R-6 bidea.
-Estepako hegaztiak umatze garaian uki ez daitezen, ZBE barruko eremuan, P-3 eta L-16 bideen artean, martxotik urrira bitarte egin beharreko obretarako ezarri den egutegiari jarraituko zaio.
-Dena dela, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua obra eremuan estepako hegaztien egoerari buruz egiten ari den ingurumen jarraipenean ikusten bada obratan dauden bide tarte batzuek ez dituztela oztopatzen une horretan erabilera duten umatze eremuak, egiteke dauden bide egokitzapenak egiten ahalko dira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi ondotik.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 56. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Ablitasko Udalari eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko martxoaren 9an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F0912161