50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

94/2009 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Orondritzen (Erroibar, Nafarroa) honako honetarako: "Tentsio ertaineko aireko linearen trazadura 20 kV-ra aldatzea, tentsio ertaineko lurpeko hargunea instalatzea -transformazio zentroa elikatzeko- eta behe tentsioko lurpeko banaketa sarea instalatzea, etxebizitzak energiaz hornitzeko". Sustatzaileak Miguel Ángel Ponce, Martín José Villanueva eta Eduardo Beaumont dira.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2009ko urriaren 13an aurkeztu zen proiektu honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera: Orondritzen (Erroibar) "Tentsio ertaineko aireko linearen trazadura 20 kV-ra aldatzea, tentsio ertaineko lurpeko hargunea instalatzea -transformazio zentroa elikatzeko- eta behe tentsioko lurpeko banaketa sarea instalatzea, etxebizitzak energiaz hornitzeko". Proiektuaren xedea da Erroibarko Udal Planeko UE-8 exekuzio unitateko urbanizazioa energia elektrikoz hornitzea.

Gaur egun exekuzio unitatetik igarotzen den "Zubiri-Luzaide" aireko linea elektrikoaren trazadura 20kV-ra aldatuko da; 20kV-ko lurpeko hargunea instalatuko da, "Orondritz 180108490 zenbakiko" transformazio zentroa elikatzeko; eta behe tentsioko lurpeko hargunea instalatuko da, urbanizazioa osatzen duten hiru lurzatietan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Orondritzen (Erroibar, Nafarroa) honako honetarako: "Tentsio ertaineko aireko linearen trazadura 20 kV-ra aldatzea, tentsio ertaineko lurpeko hargunea instalatzea -transformazio zentroa elikatzeko- eta behe tentsioko lurpeko banaketa sarea instalatzea, etxebizitzak energiaz hornitzeko". Sustatzaileak Miguel Ángel Ponce, Martín José Villanueva eta Eduardo Beaumont dira.

2. Baimena emanen da, ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betez gero:

-901 zenbakiko euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, linea eroaleak eta Loadbuster 24kV/400A ebakigailuak lotzeko zubiak guztiz isolatu beharko dira, material isolatzailea erabiliz, tentsio altuko lanetarako eta hegaztiak babesteko.

-Lurpeko lineako deribazioko 902 zenbakiko euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, linea eroaleak eta Loadbuster 24kV/400A ebakigailuak lotzeko zubiak guztiz isolatuko dira. Halaber, ebakigailuak eta tximistorratz autobalbulak, eta horiek eta kanpoko bukaerako botilak lotzeko zubiak isolatu beharko dira. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Hondakin eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), hirigintza arloko baldintza hauekin:

-Hiru metroko zortasuna utzi beharko da inguruan dituen bide publiko guztiekin.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

4. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salara igorria, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Erroibarko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 10ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0912159