50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

90/2009 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 5 MW-ko eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko Fiteroko udal mugapeko "El Olmillo" alderdian (1. poligonoko 1-6, 41-51, 53-57, 86-126, 128-131, 140, 145, 147, 149-151, 813. eta 818. lurzatiak), 40 ha-ko azalera hartzen duela. Sustatzailea Opde, S.L. da.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota eta, horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

2008ko urriaren 1ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak errekerimendua eginda, Opde, S.L.k jatorrizko proiektuaren gaineko aldaketa bat aurkeztu zuen 2008ko azaroaren 19an, non malda gehiegizko aldeak edo berezko landaredia dutenak eguzki-jarraitzaileek hartutako eremutik kentzen diren, berezko bilakaera izan dezaten.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 21eko 0549/2008 Ebazpenaren bidez jarri zen jendaurrean Fiteroko "El Olmillo" izeneko alderdian 5 MW-ko eguzki-parke fotovoltaikoa ezartzeko proiektua. Sustatzailea Opde, S.L. da.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 5 MW-ko eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko Fiteroko udal mugapeko "El Olmillo" alderdian (1. poligonoko 1-6, 41-51, 53-57, 86-126, 128-131, 140, 145, 147, 149-151, 813. eta 818. lurzatiak), 40 ha-ko azalera hartzen duela. Sustatzailea Opde, S.L. da.

2. Baimena emanen da, ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betez gero:

-Eguzki-jarraitzaileak 2008ko azaroaren 19an aurkeztutako dokumentazioaren arabera jarriko dira, eta edozein berezko landaredi eta malda handiko guneak hartzea saihestuko da.

-Inguruko itxitura ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (20 zentimetro inguru).

-Eguzki-parkea zeharkatzen duten sakanetan neurri gehigarriak hartuko dira, iragazkortasun egokia izan dezaten.

-Landare tratamendu egokia eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko, eta obrak ukitzen dituen eremu guztiak landaretuko dira.

-Sortzen den energia 25 m luze inguruko aireko linea elektriko baten bidez igorriko da 66 kV-ko linea bateraino.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), hirigintza arloko baldintza hauekin:

-Ukituko dira, bakarrik, zimentazioak eta kanalizazioak egin ahal izateko ezinbestean ukitu behar diren eremuak; ahalik eta lur mugimendu gutxien egin beharko da eta ez da inguruko topografia aldatuko.

-Hesiak hiru metroko zortasuna utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

4. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, hura konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Fiteroko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 6an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0911710