50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

82/2009 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena baldintzapean ematen duena, etxebizitza eta gasolindegi bateko saneamenduaren instalazioa aldatzeko proiekturako (10. poligonoko 800. lurzatia, Oibarko udal mugapea). Sustatzailea Juan Carlos Ciprés Aznar jauna da.

2009ko azaroaren 14an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Gaur egun, erreka batera egiten den isurketa galaraztea du xede proiektuak, saneamenduko ura udalerriko sare orokorrean bilduta. Oibarko 10. poligonoko 800. lurzatiaren bidez eginen da kanalizazio berria, 12. erregistro zenbakiko putzuari lotu arte.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Aipatu den erregelamendu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

RESUELVO:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea etxebizitza eta gasolindegi bateko saneamenduaren instalazioa aldatzeko proiekturako (10. poligonoko 800. lurzatia, Oibarko udal mugapea). Sustatzailea Juan Carlos Ciprés Aznar jauna da.

2. Baimena emanen da neurri hauek betez gero:

-Obrak egitean, kontuz ibili beharko da Lorte ibaiaren sakanak eta bere bazterreko landarediak eraginik izan ez dezaten (bai lehenagoko isurtze gunean bai P-12 erregistro putzuaren inguruan).

-Oraingo hoditeria guztia kenduko da kanalizazio berria abian jarritakoan, eta baimendutako hondakindegi batera eramanen da botatako materiala. Errekako isurtze gunea behar bezala lehengoratu beharko da, landare-lurra ekarrita (30 cm lodi gutxienez) eta gainontzeko ezponda naturalak duen profilaren antzekoa emanez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 1.600 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, hura konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira epeak kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

7. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, sustatzaileari eta Oibarko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 3an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0911701