I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
79/2009 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Amillaoko (Allin ibarra) AR-2 banaketa eremuan 13,2 kV-ko lurpeko linea elektrikoa eta transformazio zentroa egiteko proiektuari. Sustatzailea Allin ibarreko Udala da.
2008ko urriaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Jarduera abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C. 1) eranskinean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektuaren helburua da energia elektrikoz hornitzea Amillaoko AR-2 banaketa eremuan aurreikusitako 60 etxebizitza inguru. Proiektuaren sustatzailea Allin ibarreko Udala da. Instalazioa aireko linea elektrikoa lurperatzean oinarritzen da. Linea hori egun aurreikusitako urbanizaziotik igarotzen da.Lurpeko linea urbanizazioko bideetatik transformazio zentro berriraino joanen da. Zentroa lur azpian eginen da, Amillaoko AR-2 banaketa eremuko alderdi komun batean. Instalazioa Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresa hornitzaileari lagako zaio.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Allin ibarreko Udalari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Amillaoko (Allin ibarra) AR-2 banaketa eremuan 13,2 kV-ko lurpeko linea elektrikoa eta transformazio zentroa egiteko.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean emanen da:
-Aireko-lurpeko "A" eta "B" konbertsio euskarrietan elektrokuzio arriskua murrizte aldera, lineako eroaleak eta loadbuster ebakigailuak lotzeko zubi ahulak eta horiek eta tximistorratz autobalbulak eta bukaerako botilak lotzeko zubi ahulak isolatu beharko dira, guztiz, tentsio altuko lanetarako eta hegaztiak babesteko material isolatzaile egokiaren bidez. Tximistorratz autobalbulak eta bukaerako botilak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
-Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Hondakin eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).
4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Allin ibarreko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko martxoaren 3an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0911698