I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
26/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, 2008-2011 epean enpresa txiki eta ertainek Nafarroan turismo azpiegiturak sortu eta modernizatzeko diru-laguntzen deialdiko 3.1 eta 3.3 oinarrietan ezarritakoa aldatzen duena. Deialdi hori apirilaren 21eko 79/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.
Apirilaren 21eko 79/2008 Foru Aginduaren bidez, 2008-2011 epean enpresa txiki eta ertainek Nafarroan turismo azpiegiturak sortu eta modernizatzeko diru-laguntzen deialdia onetsi zen.
Deialdi horretako 3.1 oinarriak ("Araubide juridikoa") ondokoa ezarri zuen: "Foru agindu honek arautzen dituen atal honetako laguntzak Batzordeak 2001eko urtarrilaren 12an emandako 70/2001 (EE) Erregelamenduaren edo hori ordezten duenaren babesean ezarri dira, enpresa txiki eta ertainetarako laguntzei buruzko (EE) Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari dagokionez. Halaber, laguntza hauek "2007-2013 urteetarako Erregioetarako Estatuko Laguntzei buruzko jarraibideei egokituta daude".
Oinarri horren inguruan 3.3 oinarriak ("Laguntzen kopurua eta muga") honako hau ezarri zuen: "Batzordearen 70/2001 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, enpresa ertainentzako laguntzak %7,5eko funts galdurako diru-laguntzak izanen dira, eta %15ekoak enpresa txikientzat. Batzordeak 2006ko abenduaren 20an onetsitako "Erregioetarako Estatuko Laguntzen" mapako 2007-2013 eremu iraunkorreko eremuetan kokatzen diren enpresa ertainen laguntzak %17,5 bitarte handitzen ahalko dira, eta %20 bitarte enpresa txikienak. Aipatu mapa foru agindu honen eranskinean ageri da."
Horren ondoren, Europako Batzordeak 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamendua onetsi zuen. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz. Erregelamendu hark Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 70/2001 (EE) Erregelamendua ordeztu eta indargabetu zuen eta, beraz, beharrezkoa da puntu horien testua aldatzea eta erregelamendu berrian ezarritakoaren arabera egokitzea, 15. artikulua zehazki ("inbertsiorako eta enplegurako laguntzak ETEen alde)". Hala, artikulu horrek azaltzen du, besteak beste, laguntzaren kopurua ez dela diruz laguntzen ahal diren kostuen %20tik gorakoa izanen enpresa txikien kasuan, eta %10etik gorakoa enpresa ertainetan, eta kopuru horiek ezin izanen direla gehitu eskualdeko hobariekin.
Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1.-Apirilaren 21eko 79/2008 Foru Aginduaren eranskineko 3.1 oinarrian ("Araubide juridikoa") ezarritakoa aldatzea. Honela idatzita agertuko da: "Foru agindu honek arautzen dituen atal honetako laguntzak Batzordeak 2008ko abuztuaren 6an emandako 800/2008 (EE) Erregelamenduaren babesean ezarri dira. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz.
2.-3.3 oinarrian ("Laguntzen kopurua eta muga") ezarritakoa aldatzea. Honela idatzita agertuko da: "Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, enpresa ertainentzako laguntzak %10eko funts galdurako diru-laguntzak izanen dira, eta %20koak enpresa txikientzat".
3.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu-Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko martxoaren 11n.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.
Iragarkiaren kodea: F0911860