50. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

121/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Abere lehiaketak arautzen dituen uztailaren 29ko 411/2008 Foru Agindua aldatzen duena, Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak antolatzeko laguntzak ezartzen dituena eta 2009ko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 29ko 411/2009 Foru Aginduaren bidez, Abere lehiaketak arautzen dituen otsailaren 9ko 18/2004 Foru Agindua aldatu eta Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak antolatzeko laguntzak ezarri ziren.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA314/2008 zenbakiarekin.

Foru lege horretan ezarritako baldintzak betetzen direnez eta laguntza araubideak 2013ra arteko indarraldia duenez, bidezkoa da, foru agindu honen bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea.

Aurrekontu arrazoiak direla eta, mugatu egin da lehiaketa bakoitzeko laguntza.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Abere lehiaketak arautzen dituen uztailaren 29ko 411/2008 Foru Aginduaren aldaketa onestea, foru agindu honen I. eranskinean ageri den bezala.

2. Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak antolatzeko laguntzak ezartzen dituen deialdia, 2009koa, onestea.

3. Laguntza eskaerak lehiaketa egin eta hilabeteko epean aurkeztuko dira.

4. 60.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2009ko gastuen aurrekontuko "Abere lehiaketetarako laguntzak" izeneko 711001 71310 4609 412202 kontu-sailaren kargura. Diru hori foru agindu honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko izanen da.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 16an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

ABERE LEHIAKETAK ARAUTZEN DITUEN UZTAILAREN 29ko 411/2008 FORU AGINDUAREN ALDAKETA

Abere lehiaketak arautzen dituen uztailaren 29ko 411/2008 Foru Agindua honela aldatu da:

II. eranskinaren 2. artikuluko 2. idatz-zatiari g) atala gehitu zaio ("Abere lehiaketak antolatzeko laguntzen gaineko arauak"):

g) Gehienez ere 18.000 euro emanen dira lehiaketa bakoitzeko, eta 5.000 euro erakustaldi, azoka edo feria bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F0912128