I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
32/2009 FORU DEKRETUA, apirilaren 6koa, irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
ZIOEN AZALPENA
Irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren bidez Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen.
Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren egiturak, foru dekretu horretan aipatzen zenak, bost zerbitzu aurreikusten zituen. Horietariko batek Gizarte eta Osasun Arloetako Proiektuen Atala zeukan bere barruan. Jatorrizko egitura organikoa onetsi zenez geroztik urte bat baino gehiago iragan delarik, komenigarritzat jo da beste zerbitzu bat sortzea, berariaz osasun arloan arituko dena eta hiru atal bilduko dituena. Egoera berri bati aurre egin behar zaio, non osasun zerbitzuen eskaria eten gabe handitzen baita eta, beraz, oraingo sistemak aldatu eta beste sistema batzuk sortu beharrak ere handitzen ari baitira, osasungintza sostengatzen duten sistemen multzoa oso zabala eta nahasia dela oinarritzat hartuz.
Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 6ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretua aldatzea.
1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren 82. eta 93. artikuluak aldatzen dira. Testu hau izanen dute:
"82. artikulua. Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
1. Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:
a) Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzua.
b) Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua.
c) Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzua.
d) Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzua
e) Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua.
f) Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua.
2. Zuzendaritza nagusiak Araubide Juridiko eta Administratiboaren Atala edukiko du, zuzenean mende izanen duena."
"93. artikulua. Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.
Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Hezkuntza Arloko Proiektuen Atala.
b) I. Arloko Proiektuen Atala.
c) II. Arloko Proiektuen Atala."
2. 116/2007 Foru Dekretuaren VI. kapituluari 6.bis Atala gehitu zaio, eduki hau duena:
"6 bis ATALA
Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua.
"104. bis artikulua. Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.
Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak burutuko ditu arlo hauetan:
a) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuenak, planifikatu, aztertu, garatu, burutu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea.
b) Bertako langileekin eginiko jarduketen zuzeneko kontrola edo esleitu edo kontrataturiko jardueren jarraipena eta kontrola. Hala bada, erosketa edo esleipen espedienteak kudeatzea, osagaiak eskuratu edo zerbitzuak kontratatzeko agindu teknikoen agiriak prestatzea eta esleituriko langileak (bertakoak, beste unitate organiko batzuetakoak, jarduketen xede diren unitateetakoak eta enpresa kontratistetakoak) koordinatzea.
c) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako informazio sistemen arlo teknologikoan bilakaeraren ildo estrategikoak ezartzea.
d) Giza lantalde berekiaren aldaketa kudeatzeko ekintza guztiak zehaztu, bultzatu eta koordinatzea.
e) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako informazio sistemen estandarizazioa sustatzea.
104. ter artikulua. Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuaren egitura.
Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
d) Osasun Antolamenduaren Atala.
e) Osasun Historia Elektronikoaren Atala.
f) Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atala.
104. quater artikulua. Osasun Antolamenduaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.
Osasun Antolamenduaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, alegia: informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak direnak, Nafarroako osasun sistema publikoaren osasun arloa antolatzea xede dutenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko. Halaber, foru dekretu honetan informazio sistemetarako eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko eta erakunde autonomoetako bertikalak edo departamentuarenak diren aplikazio informatikoetarako proiektuen bideragarritasunari, plangintzari eta kudeaketari dagokienez aipatzen diren eginkizunak beteko ditu.
104. quinquies artikulua. Osasun Historia Elektronikoaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.
Osasun Historia Elektronikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, alegia: informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak direnak, Oinarrizko Osasun Laguntza jarduera administratibo eta klinikoa eta Laguntza Espezializatuaren jarduera klinikoa sostengatzen dituztenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko.
104 sexies artikulua. Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atalaren esparrua eta eginkizunak.
Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, alegia: informazio sistemetarako eta aplikazio informatikoetarako proiektuak, bertikalak edo departamentuarenak direnak, Laguntza Espezializatuaren jarduera administratiboa sostengatzen dutenak, planifikatu eta kudeatzea eta haien bideragarritasuna aztertzea, aztertu, garatu eta haien ezarpena prestatu ahal izateko."
XEDAPEN GEHIGARRIA
Xedapen gehigarri bakarra.-Ataletako burutzetan aritzeko baldintzak.
Foru dekretu honen bidez sortzen diren ataletako burutzek Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko beste burutzek duten dedikazio araubide bera izanen dute.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauen indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren 94. artikulua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.-Aurrekontuetako aldaketak.
Ahalmena eman zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.-Garatzeko ahalmenak.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2009ko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0913408