I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 6an hartua, Erripagaineko udalez gaindiko plan sektoriala B-6 eta B-7 unitate morfologikoetan aldatzeko espedientearen tramitazioa irekitzen duena. UPSko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustatu du.
2008ko abenduaren 17an, Fernando Ruiz de Alda jaunak, Erripagaineko UPSko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordearen ordezkari, Konpentsazio Batzordeak 2007ko azaroaren 14an eginiko ohiko biltzar nagusiak erabaki zuenarekin bat, Erripagaineko udalez gaindiko plan sektoriala B-6 eta B-7 unitate morfologikoetan aldatzeko espedientea aurkeztu zuen eta tramitatua izatea eskatu, behin betiko onetsia izan ahal izateko.
I.-Aldaketaren justifikazioa eta xedea.
Memorian adierazten da B-6 eta B-7 unitate morfologikoek akats larri bat daukatela UPSaren hasierako antolaketatik, unitate horietako lurzati batzuetako proiektuak garatzerakoan atzeman dena.
Akats hori hauxe da: unitate horietako B-6.3, B-6.4, B-7.3 eta B-7.4 lurzatietan (prezio tasatuko 104 etxebizitzatarako) aurrealde bat ere ez dagoela bide publikora begira. UPS osoan lurzati horiek ez bestek dute gabezia hori, arazo hauek sortzen dituena:
-Lurzatiek ez dute erabilera publikoko ibilgailuendako sarbiderik eta horrek berarekin dakar bertan eraikitzeko beste jabe batzuen lurzati pribatuetatik iragan behar dela. Beraz, lurzatietako sarbidea jabe horien baimenaren mende gelditzen da. Halaber, lurzatietan eraiki eta gero, ibilgailuendako sarbiderik ez dagoenez (aldaira kamioi, suhiltzaile, anbulantzia eta abarrendako) etxebizitzen erabiltzaileei kalte larriak eraginen zaizkie.
-Bestaldetik, gabezia horrek proiektaturiko eraikinei eragozten die Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoa betetzea, eraikinen inguru hurbilari dagokionez, suteetarako bereziki, eta horrek ezinbidetzen ahal du eraiki beharreko eraikinei aldeko txostenak eta bizigarritasun zedulak ematea.
Memoriak dioenez, ibilgailuendako sarbiderik ez daukaten lurzatien ondoko lurzati batzuk etxebizitza libreetarako izateak areagotzen ditu arazo horiek. Beraz, etxebizitza librearen gaur egungo merkatua paraitzen ari den abagunea dela eta, pentsatzekoa da lau lurzati horiek ez dutela luzaz ibilgailuendako sarbiderik izanen.
Horregatik guztiagatik hauxe proposatu da:
-Bi bide sortzea, irteerarik gabeko aparkalekuak edukiko dituztenak, B-6.3, B-6.4, B-7.3 eta B-7.4 lurzatiei ibilgailuendako sarbiderako aukera emanez, horrelakorik ez dute eta.
-Irekiriko bide berriek ukituriko eraikigarritasuna B-6.1.1; B-6.1.2 eta B-7.1 lurzatietan beste solairu bat gehituz konpentsatzea, UPSak haiei esleituriko aprobetxamendua aldatu gabe. Horrela, bertan proiektatu beharreko eraikinak B+6+atikotik B+7+atikora iraganen lirateke.
-Aldaketak behin ere ez luke lurzatien lur gaina aldatuko, ez eta haien sotoaren edo beheko solairuko zona libre pribatuen okupazioa ere.
-Irteerarik gabeko aparkalekuak dauzkaten bide berrietarako eremuaren zati bat lurzati pribatua izanen litzateke, sotoan, eta erabilera publikokoa lur gainean, alegia, UPSko gainerako lurzatien baldintza berak edukiko lituzke, sotoan baitaukate aparkalekua eta erabilera publikoa lur gainean.
Azkenik, proposamenean ohartarazten da horrexen bidez ere, "ukituriko lau zatiek segituko dutela garajeko sarbiderik eduki gabe (prezio tasatuko etxebizitzen kalifikaziorako beharrezkoa bada ere), inguruko etxebizitza pribatuak garatzen ez direino. Beraz, aldaketa honetan proposatzen da behin-behineko arrapalak baimen daitezela, bloke horiek garatu arte, garaje mankomunatuko behin betiko arrapalak edukitzen ahalko dituztenak. Hala ere, jakina, arrapala bat izanen da unitate morfologiko bakoitzean, eraikiko den lehen blokeko sarbidetako balioko duena. Behin-behineko arrapalak kenduko dira garaje mankomunatuak irekitzeko lizentzia eman eta behin betiko arrapalak izan bezain laster".
II.-Gogoetak.
Proposamenaren edukia azterturik, bidezkotzat eta onargarritzat jo da, aparkalekuak dauzkaten bide berriak irekitzeari eta B-6.1.1, B-6.1.2 eta B-7.1 lurzatietako eraikuntzaren kokagune berriari dagokienez. Bi jarduketak UPSk haiei esleituriko aprobetxamenduak aldatu gabe egiten dira.
Beste proposamenari dagokionez ("behin-behineko arrapalak baimen daitezela, bloke horiek garatu arte, garaje mankomunatuko behin betiko arrapalak edukitzen ahalko dituztenak"), esan behar da, irizpide gisa, behin-behineko baimen horiek ez direla UPSko arauzko determinazioetan sartu behar eta, beraz, aldaketaren xedetik kendu beharko liratekeela.
Hala ere, behin-behineko arrapalak kokatzeko adierazi den argudioari dagokionez, lehenbizi esan behar da, aldaketa hau onesten bada, aparkalekuak dituen bide berriaren lur gaineko erabilera publikorako eskubidea sortuko litzatekeela eta, beraz, ukituriko lau lurzatietako ibilgailuendako sarbidea eta garajeko sarbidea ere bai, inguruko etxebizitza libreak aldez aurretik edo batera garatu beharrik gabe. Besterik da, eta hori bai izanen litzatekeela zailtasun objektibo bat, B-6.1.1; B-6.1.2 eta B-7.1 lurzatietako eraikuntzaren garapenak, sotoa osorik induskatu behar duenez, aldi baterako aparkalekuak dituen bide berrian sartzea eragotziko lukeela eta, beraz, baita garajean ere, salbu eta neurri zail xamarrak hartuko balira.
Hori horrela, esatekoa da zailtasun horiek saihesteko konponbide bat unitate morfologikoetan bina aparkaleku mankomunatu ezartzea izan litekeela, bana ezarri beharrean. Horrela, gorabehera horiek gaindituko lituzkeen sarbide bat sortuko litzateke. Horrek birzatiketa proiektuan definitzen den lurzati bakoitzeko mugak aldatzera behartuko luke, lur gaina aldatu gabe, ez eta, beraz, haietariko bakoitzaren sotoaren eta beheko solairuko zona libre pribatuen okupazioa ere. Pentsatzen da arazo horiei konponbide bat bilatzeak bukaera egokia emanen liokeela espedienteari. Horren xedea zentzuzkoa baino zentzuzkoagoa da eta proposamena, neurri handi batean, onargarrizat jotzen da.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Erripagaineko udalez gaindiko plan sektoriala B-6 eta B-7 unitate morfologikoetan aldatzeko espedientearen tramitazioa irekitzea. UPSko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustatu du.
2. Sustatzaileari adieraztea, espedientearen gainean ebatzi baino lehen, ukituriko lau lurzatietako ibilgailuendako sarbidearen eta garajeko sarbidearen konponbidea aztertu eta azaldu behar duela, hasieratik eta behin betiko, inguruko etxebizitza libreak aldez aurretik edo batera garatu beharrik gabe.
3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira, hilabetez.
Horretarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Etxebizitza Zerbitzuari, Burlata, Iruña, Uharte eta Eguesibarko Udalei jakinaraztea, bai eta 1. Banaketa Eremurako Konpentsazio Batzordeari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0913407