I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak
32/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasun Zientzietako Ikerketa gaietarako Batzorde Tekniko Aholku-emailea kentzen duena.
Osasuneko kontseilariak 1991ko urriaren 31n emandako Foru Aginduaren bitartez Osasun Zientzietako Ikerketa gaietarako Batzorde Tekniko Aholku-emailea sortu zen.
Abenduaren 22ko 126/2008 Foru Dekretuak Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen zuen otsailaren 24ko 45/2005 Foru Dekretua aldatu zuen.
Onetsitako aldaketak Osasun Departamentuaren egitura berrantolatu du. Berrantolaketak Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistema publikoaren ikerketa biomedikoaren planifikazioa, kudeaketa eta ezagutzaren transferentzia Miguel Servet Fundazioan zentralizatzen du, Departamentuko titularraren zuzendaritzapean eta Osasun Zuzendaritza Nagusiaren gainbegiratzepean, Nafarroako Gobernuaren Ikerketa Biomedikoaren Plan Estrategikoaren esparru barruan.
Miguel Servet Fundazioko zuzendariak Osasun Zientzietako Ikerketa gaietarako Batzorde Tekniko Aholku-emailea kentzea proposatu du, batzorde horren eginkizunak Miguel Servet Fundazioak berezkoak dituen helburuen berdinak direlako.
Hortaz, Osasun arloko Aholkularitza Zientifiko-Teknikoa egituratzen duen 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduko 6. artikuluarekin bat,
AGINDU DUT:
1. Osasun Zientzietako Ikerketa gaietarako Batzorde Tekniko Aholku-emailea kentzea.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Miguel Servet Fundazioko zuzendariari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko martxoaren 10ean.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.
Iragarkiaren kodea: F0911824