I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
21/2009 FORU DEKRETUA, martxoaren 9koa, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretua aldatzen duena.
Irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren bitartez ezarri zen Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa, Ataleko maila bitarteko organo guztiak, bere atxikipen eta eginkizunekin, biltzen dituena.
Dekretu honen helburua da, alde batetik, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko giza baliabideen kudeaketa esparruaren plangintza eta modernizazioa osatu eta bultzatzea, horretarako beste atal bat sortuz Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zerbitzuan, eta, bestetik, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalaren atxikipena aldatzea, haren eginkizunen zeharkakotasuna dela-eta.
Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 9an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.-Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretua aldatzea.
1. 52. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:
"52. artikulua. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:
a) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua.
b) Giza Baliabideen Zerbitzua.
c) Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzua.
d) Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzua.
e) Nominen eta Aurrekontu Kontrolaren Zerbitzua.
Eta atal hau du atxikia:
Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atala."
2. 54. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:
"54. artikulua. Giza Baliabideen Zerbitzuaren eginkizunak.
Giza Baliabideen Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:
-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak langileen arloan esleituak dituen eskudantziak gauzatu, koordinatu eta kontrolatzea.
-Hezkuntza Departamentuari dagozkion langileria arloko espedienteak tramitatzea.
-Izendapen, lanpostu hartze, destino, kargu-uzte eta langileen gainerako inguruabarrak tramitatzea, bai eta departamentuko langileen araubide juridikoari dagozkion gaiak ere.
-Departamentuko plantilla organikoa, lan eskaintza publikoa eta I. kapituluko aurrekontuen aurreproiektua prestatzea, departamentuan eskumena duten gainerako organoekin batera.
-Departamentuko organo eskudunak ikastetxeetan zehazten dituen plantillak kudeatu eta administratzea.
-Sindikatuekin langileen arloko akordioak sinatzeko proiektuei buruzko azterketak eta txostenak egitea.
-Informazioa kudeatzeko sistema integratuak ezartzeko beharrezkoak diren berrikuntzak proposatu eta bultzatzea, arlo horretan eskumena duen unitate organikoak ezarritako irizpideei jarraikiz.
-Langileen arloko arauzko xedapenen eta administrazio ebazpenen aurreproiektuak egin eta proposatzea, baita lizentzia eta baimenei buruzko lana ere.
-Langileen bateraezintasun araubidea aplikatzea.
-Erakunde eskudunei laneko altak eta bajak proposatzea.
-Lan absentismoa ikuskatzeko urteko plana prestatzea, baja/alta agirien jarraipena eta kontrola egitea eta, behar den erakundeak proposamena egin ondoan, bajan dauden langileen etxera bisitak egitea.
-Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.
3. 55. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:
"55. artikulua. Giza Baliabideen Zerbitzuaren egitura.
1. Giza Baliabideen Zerbitzuak atal hauek ditu:
a) Langileriaren Araubide Judidikoaren Atala.
b) Langileriaren Kudeaketarako Atala.
c) Plangintza Atala.
2. Atal honetako burutzak prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko dira.
4. 59. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:
"59. artikulua. Plangintza Atalaren eginkizunak.
Plangintza Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:
-Azterlan eta proiektuak egitea, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak egindako jarduerak modernizatzeko.
-Informazioa kudeatzeko sistema integratuak ezartzeko beharrezkoak diren berrikuntzak proposatu eta bultzatzea, arlo horretan eskumena duen unitate organikoak ezarritako irizpideei jarraikiz.
-Giza baliabideen kudaketa integraleko eredua garatu eta mantentzea.
-Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.
5. Beste atal bat gehitu da, 3 bis, eta baita beste artikulu bat ere, 59 bis, eduki hauekin:
"3 bis atala
Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atala.
"59. bis artikulua. Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalaren eginkizunak eta horren burutzaren araubidea.
Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
-Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruz indarra duen araudian ezarritako eginkizunak eta, bereziki, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 31. artikuluan eta Aurrea Hartzeko Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuko III. Kapituluan ezarritakoak.
-Prebentziozko jarduketaren planak eta programak diseinatu, aplikatu eta koordinatzea.
-Langileen segurtasuna eta osasuna uki ditzaketen arrisku faktoreen ebaluazioa, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
-Lehentasunak zehaztea prebentziozko neurri egokiak hartzerakoan, eta horien eraginkortasuna begiratzea.
-Langileentzako informazioa eta prestakuntza, laneko arriskuei aurrea hartzearen arloan.
-Lanak sortutako arriskuei dagokienez, langileen osasuna begiratzea.
-Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.
2. Atal honetako burutzak prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko dira."
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.-Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.
Azken xedapenetan bigarrena.-Garatzeko ahalmenak.
Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2009ko martxoaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.
Iragarkiaren kodea: F0911739