48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Musika Eskolako hainbat espezialitatetako irakasleen zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, aldi baterako lan kontratuko lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren

Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2009ko apirilaren 3an; hona hemen oinarriak:

Oinarriak

1.-Izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egiten da, hautaproben bidez Musika Eskolako hainbat espezialitatetako irakasle lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udalaren Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren aldi baterako beharrak betetzearren.

Deialdian sartutako lanpostuak espezialitate hauetakoak dira:

-Perkusioa.

-Tronpa.

-Tronpeta.

-Biolina.

-Musika-hizkuntza (gaztelania eta euskara).

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ote den Musika Eskolako irakasle lanpostuan, behar den espezialitatekoan, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Erdi mailako titulua izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean; zein den lanpostua, haren espezialitatekoa: perkusiokoa, tronpakoa, tronpetakoa, biolinekoa edo musikako edozein espezialitatetakoa.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Musika-hizkuntza euskaraz emateko espezializaterako aurkezten diren izangaiak: EGA titulua, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako euskararen gaitasun agiria edo balio bereko beste titulazio bat izatea.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udalaren Laguntza Bulegoan, Merkatuko kalean, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bertzenaz, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek eskatzen zaien titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute. Musika-hizkuntza euskaraz emateko espezializaterako aurkezten diren izangaiek 2.f) oinarrian eskatutakoa ere aurkeztu beharko dute. Izangairen batek espezialitate batean baino gehiagotan parte hartu nahi badu, eskabide bana aurkeztu beharko du haietan, eta tituluaren fotokopia erantsi.

3.2. Elbarritasuna duten izangaiek, eskabidearekin batera, elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak jendaurrera aterako du ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen gibelaldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.-Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.-Epaimahaiak.

7.1. Espezialitate bakoitzeko epaimahai bat eratuko da, ondoko kideek osatua. Espezialitate bakoitzean onartutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean finkatuko da haien behin betiko osaera:

Mahaiburua: Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zinegotzi delegatua edo Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: espezialitateko irakasle bat.

Mahaikidea: Joaquín Maya musika eskolako zuzendaria edo ikasketa-burua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, orotariko batzorde paritarioetan diharduten sindikatuek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Joaquín Maya musika eskolako idazkaria edo ikasketa-burua.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.-Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

8.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

8.1.1. Perkusio, tronpa, tronpeta eta biolin espezialitateetarako probak:

a) Interpretazio proba: obra bat edo gehiago izaten ahal dira, edo haien mugimenduak; 10 minutu inguru iraunen du. Probak, gehienez ere, 20 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Alderdi hauek baloratuko dira: testuaren zehaztasuna, erritmoaren sentimendua, agogikoak, soinu planoak, soinuaren kalitatea, pasarte eta ehundura bakoitzari dagokion soinu oreka, koloreak, dinamikak, fraseatua, komunikazioa, adierazkortasuna, sentiberatasuna, soinu irudimena, barne entzumena, entzuteko sentiberatasuna, entzute aktiboa, musika tresnaren kontrola, kontrol psikologikoa, egituraren kontzientzia musikala, interpretazioaren estiloa, memoria, sinkronizazioa, elkar ulertze artistikoa etab.

b) Proba praktikoa: 15 minutuko saioa izanen da, Musika Eskolan matrikula egina duen ikasle bati eman beharrekoa, zein den ere haren maila. Probak, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera; betiere, musikako helburua erdieste aldera, baita epaimahaikoei egokiak iruditzen zaizkien beste batzuk ere.

8.1.2. Musika-hizkuntza espezialitaterako probak:

a) Musika Hizkuntzako ikasgai bat lehen begiratuan entonatzea. Probak, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. 10 minutu emanen dira proba prestatzeko; izangaiak nahi badu pianoaren laguntza izan dezake proba egiteko. Honako alderdi hauek baloratuko dira: afinazio interbalikoa, afinazioaren zehatza, erritmoa, ahotsaren isuria, fraseatua, adierazkortasuna, eta tenpoari buruzko oharrak eta ohar agogiko eta dinamikoak errespetatzea.

b) Bigarren mailako eskola batean eta 8 urteko ikasleekin aplikatzeko moduko irakas materiala prestatzea eta haren defentsa egitea (ikasgai melodikoa, erritmikoa, diktaketa, etab.), epaimahaiak proposatuko duen programazioaren eduki bat landuko duena. Probak, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Horretarako, izangaiek ordu eta erdi izanen dute baina ezin izanen dute sartu inolako materialik. Defentsarako, 15 minutu izanen dituzte. Honakoak baloratuko dira: edukia ikasleen mailari egokitzea, musikaren koherentzia, edukiekiko sekuentziazioa egokia ote den, jarduketen, estrategien eta baliabideen aberastasuna, eta abar.

c) Edukiera libreko eskola bat ematea oinarrizko graduko azken kurtsoko ikasle talde bati, 15 minutuz. Probak, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikasleekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera, betiere, musikako helburua erdieste aldera, erabilitako materiala (egokitasuna, koherentzia, sekuentziazioa, aberastasuna...) pianoa jotzeko trebezia eta arintasuna, baita epaimahaikoei egokiak iruditzen zaizkien beste batzuk ere.

8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

8.3. Hautaprobetan, ezgaitasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditzen duten izangaiei deitzen ahalko zaie Iruñeko Udalaren Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa (Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2009ko apirilaren 3an.-Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Izena: Adinez nagusia

NAN/Nortasun agiria:

Jaioteguna [eguna/hilabetea/urtea]

Non sortua [udalerria/probintzia]

Nazionalitatea

Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua)

Posta kodea/Herria

Telefonoa ............................... Sakelako telefonoa

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

  • Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
  • Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
  • Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala.

Eskatzen dut:

Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdian onartua izatea, aldi baterako kontratazioaren bidez Joaquín Maya musika eskolako irakasle lanpostuan, (aukeratutako espezialitatea adierazi) espezialitatean aritzeko.

  • Perkusioa.
  • Tronpa.
  • Tronpeta.
  • Biolina.
  • Musika-hizkuntza (gaztelania).
  • Musika-hizkuntza (euskara).

Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratua: zenbakia: ......; eguna:......................

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrikako, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 20...ko ................ (a)ren .... (e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0913283