48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

CORTES

Hautetsien ordainsariak

Ikusirik Udal honetan udalkideei, karguan aritzearen ordain, aspaldixkotik ordaintzen zaizkiela zenbateko batzuk, 2003ko abuztuaren 13ko osoko bilkuran ezarri zirenak, eta horiek onetsi zirenetik eguneratzerik batere izan ez dutela.

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 75. artikuluan eta 2009tik 20012ra bitarteko aurrekontu-ekitaldietan Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan duten partaidetza fondotik dagokien zenbatekoa eta banaketarako formula ezartzen duen azaroaren 20ko 19/2008 Foru Legearen 15. artikuluan xedatua, ondotik ematen den erabakia hartu da, 2009ko martxoaren 16an egin osoko bilkuran, bozketan bi berdinketa izan ondoan, alkatearen kalitatezko botoarekin hartu ere:

Lehenbizikoa.-Udalbatzako kideen ordainsari eta bilkura sari hauak ezartzea, karguan aritzeagatik eta Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik:

-Alkatetza: Udalak, alkate karguan dedikazio partzialean aritzeagatik, Nafarroako Administrazio funtzionarioendako ezarritako A mailaren urteko hasierako soldataren %60,30eko zenbateko gordina ordainduko du, (gaur egun 16.290,86 euro urtean), eta bere gain hartuko du Gizarte Segurantzako enpresa kuota. Horiek hilero ordainduko dira, behar diren kenkariekin. Ordainsari hori jasotzeko gutienez ere behar den dedikazioa astean hogeita bortz ordu izanen da, karguaren edozein jardueratan (bulegoa, bilerak, bidaiak edo bertze). Titularrari ez zaio zenbatekorik deskontatuko, alkateordeek egiten dituzten ordezkapenengatik, ezta azken hauei ordainsaririk pagatu ere kontzeptu horrengatik. Ordainsarien kobrantza karguan dedikazio partzialean aritzeagatik, bateraezina da bilkura-sariak biltzearekin.

-Udalbatzako gainerako kideak: Bilkura-sariak bilduko dituzte Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik, osotara hiruretan hogei euro bilkura bakoitzetik eta gehienez ere mila euro gordin Udalbatzako kide bakoitzak, hiruhilekoetan ordainduko direnak. Udalbatzako kide batek bilkura-sariak kobratu nahi baditu, espresuki adierazi beharko dute Udaleko Erregistro Orokorrean eskabidea aurkeztuta.

Bigarrena.-Sistema honek eta zenbatekoek 2009ko urtarrilaren 1etik aitzina dituzte ondorio ekonomikoak, eta gaurkoa ordezkatuko du eta indarra izanen du bertzerik xedatzen ez den bitartean. Horretarako eskatuko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintzako Lurralde Bulegoan erabateko dedikazioa edo dedikazio partziala duten zinegotziak Gizarte Segurantzan dagokion araubidean sartzeko eta/edo inskribatzeko, 2009ko urtarrilaren 1etik aitzina.

Hirugarrena.-Udalkide guztiek kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dutela erabakitzea karguan aritzeko egiazko gastuen ordainetan, betiere gastu horiek behar bezala baimendu eta justifikatzen badira, eta Nafarroako administrazio publikoetako langileeendako urtero ordainsarien arloan ezartzen diren baldintza eta zenbatekoen arabera.

Laugarrena.-Gastua baimentzea, kontusail hauen kontura: 1-111-10001 Udalbatzako kideen ordainsariak; 1-111-23001 Ordezkapen gastuak Udalbatzako kideen bidaietan; y 1-314-16001 Gizarte Segurantzako kuotak, indarra duen aurrekontuan.

Borzgarrena.-Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratzea.

Erabaki hau irmoa da bide administratiboan eta, haren kontra, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bertzenaz

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Argitara ematen da erabaki dena bete beharrez.

Cortesen, 2009ko martxoaren 17an.~Alkate udalburua, Javier Blasco Mendívil.

Iragarkiaren kodea: L0912051