48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AGOITZ

Ordenantzaren behin betiko onespena

2002ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 8koan, argitara eman zen Udalerrian euskara erabili eta sustatzeko ordenantzaren hasierako onespena.

Erreklamaziorik aurkeztu ez denez, bidezko da ordenantzaren testua argitaratzea.

Agoitzen, 2009ko martxoaren 13an.-Alkatea, Francisco José Enguita Moros.

ORDENANTZA, AGOIZKO UDALERRIAN EUSKARA
ERABILI ETA SUSTATZEKO

Zioen azalpena

Euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat dela uste du Agoizko Udalak. Horrez gain, herritarrek euskara erabili eta sustatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan du ordenantza honetan, Nafarroako Gobernuak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoek hala erakutsi baitute.

Gainera, urtero-urtero ikusten dugu nola handitzen den eskolan euskaraz matrikulatzen diren 3 urteko haurren portzentajea; izan ere, azken urteotan %80koa baino handiagoa izan da.

Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, esan nahi du Agoitzen, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez gero, ezinbestean eman beharko ditu.

Horrenbestez, ordenantza honen helburu orokorra da Agoizko herritarrek udal zerbitzuak eta harrera euskaraz jasotzen ahalko dutela bermatzea.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan baloratua.

HELBURUAK

1. Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

2. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren kanpo irudian.

3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

4. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza.

5. Euskara baloratzeko portzentajea zehaztea, hizkuntza hori jakitera behartzen ez den lanpostuetarako.

6. Euskara sustatzeko neurriak jorratzea.

Aipatu araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Lege eta Foru Dekretuetan euskararen erabilerari buruz dauden artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, honako ordenantza hau onestea erabaki da.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Agoizko Udalean aplikatuko da.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Agoizko Udalak eremu mistoko edo euskalduneko edo euskara ere hizkuntza ofiziala aitortuta duten beste erkidegoetako administrazio publikoei zuzendutako agiri, jakinarazpen eta harreman administratiboak elebidun idatziko dira oro har.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

4. artikulua. Herritarrek Agoizko Udalarekin gaztelaniaz nahiz euskaraz aritzeko eskubidea dute.

5. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten dioten herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Herritarrari euskaraz erantzuko langile elebidunik ez baldin badago, itzulpen zerbitzua erabiliko da. Zerbitzu horrek herritarrak eskatzen duenaren edo Udalak hari jakinarazi beharreko erabakiaren edo erantzunaren bertsio ofiziala emanen du.

6. artikulua. Udalari ahoz euskaraz egiten dioten herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak daudela bermatzearren.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

7. artikulua. Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei oro har zuzentzen zaienean.

-Hortaz, elebidunak izanen dira honako hauek:

a) Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Udalerriaren irudi instituzionala erakusten duten testu edo dokumentuak, ezein euskarri edo hedabidetan agertzen direla.

8. artikulua. 1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

2. Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak bi hizkuntzetan egonen dira herritar ororentzat direnean.

3. Eskuorrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua ...) ele bitan agertuko dira.

b) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada: ikusizkoa, musikala, plastikoa etab., argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

9. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

1. Udalaren prentsako iragakiakele bitan agertuko dira.

2. Ikus-entzunezkoetako, irratiko eta telebistako publizitatea bi hizkuntzetan eginen da

10. artikulua. Argitalpenak.

Agoizko Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak elebitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interes turistikoa badute edo Agoitzentzat enblematikoak edo sinbolikoak badira.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

11. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan egon behar diren langile euskaldunak, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik, ordenantza honen eranskinean agertzen den proposamenari jarraituz.

Eranskin horretan agertuko da zer lanpostutan beharko diren langile elebidunak herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko, eta hizkuntza eskakizunak zehaztuko dira.

12. artikulua. Agoizko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, eranskinaren arabera euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea.

13. artikulua. Euskaraz jakitea ezinbestekoa duten lanpostuetan, edo merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar den horietan, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriaren bidez edo ofizialki baliokidea den titulazio baten bidez egiaztatu ahalko da ezagutza hori; edo, bestela, izangaiak plantilla organikoan edo deialdian eskatutako hizkuntza maila baduen erakusteko proba gainditu beharko du.

14. artikulua. Euskara deialdiaren (oposizioa gehi lehiaketa) puntu guztien %5 baloratuko da lanpostu guztietarako, euskara ezinbestekoa duten lanpostuetan izan ezik.

15. artikulua. Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, aholkularitza eta laguntza eskatuko zaizkio Foru Komunitateko Administrazio Publikoko teknikariren bati.

VI. KAPITULUA

Euskararen sustapena

16. artikulua Agoizko Udalak, Udaleko Euskara Batzordearen bitartez, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

17. artikulua. Agoizko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, baita bertze udal entitateekin batean elkarlanean ere.

18. artikulua. Agoizko Udalak, urteko aurrekontuko diru kopuru jakin bat erabiliko du euskara sustatzeko eta ordenantza hau garatzeko. Kontu-sail horren barnean sartuko dira euskara sustatzeko lanetan diharduten taldeendako diru-laguntzak.

19. artikulua. Udalak Agoizko euskaldunen zentsua osatuko du, haiendako kanpaina eta programa bereziak eraginkortasun erabatekoaz egin ahal izateko.

Horrez gain, zentsua egin ondoren, udal erroldan inskribatzeko eskabideetan euskararen ezagutzari buruzko galderak erantsiko dira, euskaldunen zentsua eguneratua egon dadin beti.

VII. KAPITULUA

Toponimia

20. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, auzo, kale eta herriko gainerako elementuen izenak zehaztean, tokian tokiko toponimoak erabiltzearen aldeko irizpidea erabiliko du, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza eskatzen ahalko duelarik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.-Agoizko Udaleko Euskara Batzordeak gaitasuna izanen du segimendu egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere, hala egiten dela bermatzearren.

Hirugarrena.-Ordenantza hau modu mailakatuan aplikatuko da, Udalak unean-unean dituen ahalbideen arabera, betiere.

Iragarkiaren kodea: L0912021