48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

91/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Toki Administrazioko kontseilariak, Gobernuaren eledun gisa, uztailaren 16an emandako 6/2004 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez "Prentsa kreditazioak" izeneko fitxategi informatizatua sortu zen.

Toki Administrazioko kontseilariak, Gobernuaren eledun gisa, uztailaren 16an emandako 6/2004 Foru Aginduaren bidez, "Prentsa kreditazioak" izeneko fitxategi informatizatua sortu zen. Fitxategi hura sortzeko eskumena departamentu honi egokitu zitzaion Komunikazio Zuzendaritza Nagusia, hots, fitxategiaren ardura duen unitatea, departamentuari atxikita zegoelako.

Fitxategia Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, datu pertsonalak dituelako. Erregistroan fitxategiaren arduradun gisa Toki Administrazioko Komunikazio Zuzendaritza Nagusia agertzen da.

Fitxategien ardura duen unitate organikoaren izena aldatu denez, eta fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak haren aurrean erabili behar direnez eta, bestalde, 6/2004 Foru Aginduan esku fitxategiak (paperezkoak) arautu ez direnez, beharrezkoa da Toki Administrazioko kontseilariak, Gobernuaren eledun gisa, uztailaren 16an emandako 6/2004 Foru Agindua aldatzeko prozedura hastea, fitxategiaren ezaugarriak egokitzeko.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mendeko fitxategi informatizatuak, datu pertsonalak biltzen dituztenak, arautzen ditu.

Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategien ezaugarrien aldaketak foru agindu bidez eginen direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen mende edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horrenbestez, txosten juridikoa eta Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak egindako txosten-proposamena ikusirik eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki Administrazioko kontseilariak, Gobernuaren eledun gisa, "Prentsa kreditazioak" izeneko fitxategi informatizatua sortzeko uztailaren 16an emandako 6/2004 Foru Agindua aldatzea. Zehazki, foru agindu horren xedapen zatiko lehen idatz-zatiko f) eta g) letrak aldatu dira, hurrenez hurren, "Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa" eta "Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideaz baliatzeko nora jo" izenekoak. Hortaz, hemendik aurrera, honela geldituko dira:

"f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Nafarroako Gobernua: Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentua: Komunikazio Zuzendaritza Nagusia."

"g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideaz baliatzeko nora jo: Nafarroako Gobernua: Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentua: Komunikazio Zuzendaritza Nagusia."

Eta Foru Agindu horren xedapen zatiko lehendabiziko ataleko "d" letrari dagokionez (Oinarrizko egitura eta fitxategian sarturiko izaera pertsonaleko datu motak), hemendik aurrera honela geldituko da:

"d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak.

Identifikazio datuak:

NAN/IFZ

Izen-deiturak.

Helbidea.

Telefonoa.

Erregistro pertsonaleko zenbakia (ibilgailuaren matrikula)

Enpleguko xehetasunen gaineko datuak:

Lanpostua

Enpresa.

Trataera sistema:

Hein batez automatizaturik.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzuari.

Iruñean, 2009ko otsailaren 26an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0911339