48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

31/2009 FORU DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, José Joaquín Pérez de Obanos Liso jaunari, hil eta gero, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Bere merezimendu objektiboak ikusirik eta aintzatespen instituzional gisa, bidezkoa da aurten, 2009an, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" José Joaquín Pérez de Obanos Liso jaunari, hil eta gero, ematea. Funtsezko gizona izan da nekazaritzaren arloan, bai Nafarroan bai Espainian, 1977. urtetik hil zen arte (2008ko abuztuaren 20an hil zen, Madrilgo Barajasko aireportuan hegazkin istripuz). José Joaquín Pérez de Obanos oso gizon ospetsua eta errespetatua izan da Nafarroako nekazaritza munduan, eta bere burua nekazaritzat, kooperatibistatzat eta sindikalistatzat izan zuen beti.

José Joaquín Pérez de Obanos Ledean jaio zen, eta 61 urte zituela hil. Nekazaria zen lanbidez, eta harro zegoen gainera, eta Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra (UAGN) sortu eta 1977-1991 urteen artean zuzendari lanetan aritu zen, atseden labur bat tartean (1982tik 1984ra). Lanpostu horretan zegoela Foru Komunitateko nekazaritza sindikalismoaren buru izan zen eta, horregatik, Nafarroako Nekazaritza Ganberako mahaikide izan zen, 1978tik 1991ra, eta Coordinadora de Organizaciones de Agricultores y Ganaderos (COAG) delakoko batzorde betearazleko kide, 1978tik 1982ra.

Nekazaritza sindikalista izateaz gainera, aipatu behar da José Joaquín Pérez de Obanosek lan handia egin zuela kooperatibismoan arloan. Zenbait kargu izan zituen kooperatibismoaren esparruan, behe zein goi karguak. 2. mailako AN S. Coop. sozietate kooperatiboko idazkari izan zen (1983-1987), Ledeako San Francisco Javier upategi kooperatiboko mahaikide (1988-1992), Unión de Cooperativas Agrarias de Navarra (UCAN) delakoko presidenteorde (1987-1999), Zangozako Cooperativa Cerealistako presidente (1987tik hil zen arte), 2. mailako Urlusa S. Coop. sozietate kooperatiboko presidente (2002tik aitzina) eta Unión de Cooperativas Agrarias de Navarra (UCAN) delakoko presidente (2003tik hil zen arte).

2003tik aitzina, Nafarroako nekazaritza kooperatibismoan eta Confederación de Cooperativas Agrarias de España (CCAE) delakoan aritu zen aldi berean. Estatuko erakunde horretan bigarren presidenteorde izan zen, 2007ko apirilaren 18a arte, batzar orokorrak presidente izendatu baitzuen orduan. CCAEko buru gisa, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko mahaikide izan zen, gizarte ekonomiaz arduratzen zen, eta, hil zenean, erakunde horretako hirugarren taldeko koordinatzailea zen.

Politikan ere nabarmendu zen: bere herriko (Ledea) alkatea izan zen, 1991tik 2003ra, eta Nafarroako foru parlamentari, 1991tik 1995era, eta, hark zioenez, nekazarien interesak defendatzen zituen.

Gainera, José Joaquín Pérez de Obanos Liso ezaguna zen, halaber, txirrindularitzarekiko zuen zaletasunagatik. Lasterketak bultzatu zituen bere lagun miretsi Miguel Induráinen aroaren aurretik, eta Tourra Nafarroara iristen zenerako kudeaketa bulego iraunkorreko zuzendari izan zen 1996an.

Jarduera multzo zabal horrek eta bete zituen lanpostu esanguratsuek Foru Komunitatearen ongizateari, proiekzioari eta ospeari nabarmenki lagundu diote, eta, ondorioz, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak José Joaquín Pérez de Obanos Liso jaunari, hil eta gero, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. José Joaquín Pérez de Obanos Liso jaunari, hil eta gero, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau José Joaquín Pérez de Obanos Liso jaunaren ahaideei jakinaraztea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0913013