48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

30/2009 FORU DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Alfonso Nieto Tamargo jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Aintzatespen instituzional gisa, bidezkoa da, aurten, 2009an, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" Alfonso Nieto Tamargo jaunari ematea, unibertsitate lan itzela egin baitu, bai ikertzaile eta irakasle esparruetan bai kudeaketa arloan.

Alfonso Nieto Tamargo Oviedon jaio zen 1932an, eta Zuzenbideko lizentziatura lortu zuen 1954an, bere hiriko unibertsitatean. Honako hauetan ere burutu zituen ikasketak: Sorbonne, Bartzelona eta Heidelberg. "Francisco Beceña" lizentziaturako sari berezia lortu zuen. Zuzenbideko doktorea da (Oviedoko Unibertsitatea, 1957) eta kazetaria izan zen, eta Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritza Institutuko zuzendari izan zen, 1969tik 1972ra, eta Informazio Zientzietako Fakultateko dekano, 1972tik 1974ra. Azkeneko urte hartan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Informazio Zientzietako Fakultateko Informazio Enpresako irakasle sartu zen, eta bi urte ondoren katedra lortu zuen. Fakultate horretan berean dekanoorde lanetan aritu zen.

1990ean, Nafarroako Unibertsitateko (Iruñeko kanpusa) Informazio Enpresa Departamentuko zuzendari kargua hartu zuen. Ondoren, irakaskuntzan eta ikerketan jarraitu zuen. Arlo horretan, irakasle bisitari izan zen Brasilgo, Argentinako eta Txileko unibertsitateetan, eta Komunikazio Instituzionaleko Ekonomiako irakasle Erromako Universidad Pontificia de la Santa Cruz delakoan. Estatu Batuetako Gobernuak, Estatuko Departamentuaren bidez, 21 unibertsitate estatubatuar bisitatzera eta kazetaritza enpresari buruzko hitzaldiak eta lezioak ematera bidali zuen. Eta Kiotoko (Japonia) Ikasketa Atzerritarren Unibertsitateak ere deitu zion, 40. urteurreneko ekitaldian parte har zezan (1987/VI/11).

Alfonso Nieto Tamargo Honoris Causa Doktore izendatu zuten, 2007ko apirilaren 16an, Universidad Pontificia de la Santa Cruz (Erroma) delakoaren Komunikazio Instituzionaleko Fakultatean. Honoris Causa doktoretza ere jaso zuen, Buenos Aireseko Universidad Austral delakoan, 2002an.

Alfonso Nieto Nafarroako Unibertsitateko errektoreorde izan zen, bi urtez (1977-1979), errektore izendatu zuten arte. 1991. urtea arte aritu zen errektore lanetan. 2002an Nafarroako Unibertsitateko Urrezko Domina jaso zuen.

Alfonso Nieto irakasleak ikerketa lan handia burutu zuen. Horren erakusgarri dira argitaratu zituen artikulu eta liburu ugariak. Aipatzekoak dira honako hauek: La Empresa Periodística en España (1973), La Prensa Gratuita (1984), Cartas a un empresario de la Información (1987), Concentración Informativa en España: Prensa diaria (1989), eta Empresa informativa (1993).

Nafarroako Gobernuak, aurten, 2009an, Alfonso Nieto Tamargo jaunari "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" eman nahi dio, unibertsitate lan itzela egin baitu, bai ikertzaile eta irakasle esperruetan bai kudeaketa arloan.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eta Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Alfonso Nieto Tamargo jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

Iragarkiaren kodea: F0913012