48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

29/2009 FORU DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Hermanitas de los Pobres Kongregazioari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Aintzatespen instituzional gisa, bidezkoa da, aurten, 2009an, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" Hermanitas de los Pobres Kongregazioari ematea, lan goresgarria egin baitu, bai Nafarroan bai beste toki batzuetan, adineko pertsona behartsuen arretan.

Hermanitas de los Pobres 1839an sortutako erlijio kongregazioa da. Bere eginkizun bakarra, esan den bezala, adineko pertsona behartsuen arreta da. Gaur egun, 170 urteko ibilbidearen ondotik, Hermanitas de los Pobres Kongregazioa bost kontinenteetako 30 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean.

Kongregazioa 1839ko urriaren 15ean sortu zuen, Saint-Servanen (Frantzia), Juana Juganek (gerora sor María de la Cruz). Gazte apala eta umila zen, baina nortasun handikoa, eta 1792ko urriaren 25ean jaio zen, Bretainiako Cancale herrixkan. Besteen premiekiko sentikortasun handia zuen eta goiz ikusi zuen behartsuenez arduratzeko premia. Horretan aritu zen atsedenik hartu gabe 1879an hil zen arte.

Kongregazioaren hasiera oso apala izan zen, baina Juana Juganek Hermanitas de los Pobres Kongregazioaren familia handiarengan kristau karitate handia eta zahar behartsu eta babesgabeekiko laguntza eta arreta erabatekoa pizten jakin izan zuen. Horiek ziren kongregazioaren helburua eta xedea.

Horregatik, Hermanitas de los Pobres Kongregazioak, erlijio ordena guztiek egiten dituzten ohiko botoez gain, laugarren botoa egiten du, arretarena, alegia, nork bere buruari uko eginez eta ilusio handiz. Hermanitas de los Pobres Kongregazioa dohainez baizik ez da bizi.

Kongragazioak Iruñean egiten du lan, duela 127 urtetik, eta, fundatzailearen espirituari jarraikiz, baliabiderik ez duten adineko pertsonez arduratzen da. Gaur egun, eta erabiltzen zuten eraikina 2007an eraitsi ondotik, horren ordezkoa izanen dena eraikitzen ari dira. 2010erako bukatzea aurreikusten da.

Bidezkoa da 2009an Nafarroako Gobernuak Hermanitas de los Pobres Kongregazioari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea, 127 urte baitaramatza Foru Komunitatean lan goresgarria egiten adineko pertsona behartsuen arretan.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea Hermanitas de los Pobres Kongregazioari.

2. Foru dekretu hau aipatu kongregazioari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0913089